Karguak eta lanbideak
Vagad, Gualberto Fabricio de (Zaragoza, xv. mendea). Fraide beneditarra eta Aragoiko kronikari nagusia
Ibilbidea
Zaragozako Santa María de la Fe monasterioko fraide beneditar zistertarra. Aragoiko erregeen kronika idatzi zuen. 1499an argitaratu zen kronika hori; beraz, Vagad Aragoiko Erresumako lehen historialaritzat hartzen da. Lanak Sobrarbeko Erresumaren kondairazko sorreratik (724) Alfontso V.a erregearen heriotzara arte hartzen du (1458). 1466an, Joan II.a erregeak errege–kronikari izendatu zuen, eta, geroago, Fernando Katolikoak Erresumako «kronikari nagusi» izendatu zuen. Crónica Erresumako diputatuek eskatuta idatzi zuen, eta, horregatik, Vagad Jerónimo Zuritaren aurrekari zuzenentzat hartzen da. Vagadek, Crónica de los reyes de Aragón idazteko, garaiko artxibategi garrantzitsuenetako jatorrizko iturri asko kontsultatu zituen —San Juan de la Peña monasterioa, San Victorián monasterioa, Pobleteko monasterioa, etab.—, baina, hala ere, lanak iritzi eta alegiazko elementu ugari ditu, bai eta akatsak eta okerreko ikuspuntuak ere, egilearen hispaniar-aragoiar grinaren ondorioz. Hala, Maximiliano enperadorea espainiarra zela dio, eta don Julian konde traidorea, berriz, italiarra. Halaber, Valentziaren konkista dela eta, Jakue I.a Aragoikoa erregearen eta Cid Campeadorren artean egiten duen paralelismoan, meritua kentzen dio Cidi Jakue I.aren aldean.
Aragoiko erregeen kronika lanak oso gorespenezkoa eta hagiografikoa da, eta, sarritan, zenbait monarkaren bertuteak eta adorea neurriz kanpo nabarmentzen dira, monarka horiek Antzinaroko Greziako eta Erromako agintari nabarmenenekin parekatu nahian. Gertaera historikoen kontakizunean, gainera, honako hauek sartu zituen: alegiazko gertaerak, jainkozko izaki eta elementuen agerpenak (hala nola Pilarreko Ama Birjinaren agerpena; Gurutzeko Ama Birjinaren agerpena; Konstantino enperadoreak izandako agerpena, guduan garaipena lortuko zuela iragartzeko; etab.), eta santuek (San Jurgi, Done Jakue, eta beste batzuk) Aragoiko erregeen alde egindako mirarizko esku-hartzeak, musulmanen aurkako borrokan.
Bestalde, gertaera historikoak azaltzean, lanaren ikuspegia erabat aragonesista da. Izan ere, Ribagorzako eta Sobrarbeko lehen monarken historia jorratzean —lurralde horietatik Nafarroarantz hedatzen dira errege horiek; lehenbizi, Zangoza, eta, geroago, Iruñea hartuta—, Vagadek lehentasuna ematen die Aragoiko subiranoei Iruñeko erregeei baino, nahiz eta Iruñea garrantzi eta biztanleria handiagoko eremua den, Ribagorza eta Sobrarbe baino. Halaber, Eneko Aritza aragoiarra zela dio —Sobrarbeko bosgarren erregea izan zela dio, Gartzea Semenez, Gartzea Enekoez, Orti Gartzez eta Antso Gartzez erregeen ondoren—. Hain zuzen ere, Aragoiko mendietakoa zela adierazten da, nafar jatorrikoa zela dioten kronikei egiazkotasuna ukatuz. Vagadek Eneko Aritza Bigorrako konderrikoa (Frantzia) zela dio, eta Kantabriako dukeen leinukoa. Vagadek defendatzen zuen Nafarroako Erresuma Antso Nagusiarekin hasi zela. Antso Alvearrek Vagaden Corónica lana ezeztatu zuen, Genealogía lanean.
Obrak
Crónica de Aragón, Zaragoza: Pablo Hurus, 1499. Arg. faksimilea: Corónica de Aragón. Edición facsimilar de la obra realizada por Gauberto Fabricio de Vagad, Zaragoza: Cortes de Aragón, 1996.
Bibliografia
Ayerbe-Chaux, R.: «La apología de Aragón en la Corónica de Vagad» in Symposium, 33 (1979), 197.-214. or.
Fernández Clemente, E.: «Introducción a la historiografía aragonesa» in Enciclopedia Temática de Aragón, IX. libk., Zaragoza: Moncayo, 1995, 537.-600. or.
Galán Lahoz, A.: Imprenta e identidad aragonesa: análisis de la Crónica de Aragón de Fray Gauberto de Vagad (1499). Graduko memoria, Zaragoza: Facultad de Filosofía y Letras, Universidad de Zaragoza, 2016.
Hirel-Wouts, S.: Les origines du royaume d’Aragon dans l’historiographie de l’Est péninsulaire (1369-1499), Paris: Université Paris IV, 2006.
Leoné, S.: Los Fueros de Navarra como lugar de la memoria, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005.
Lisón Tolosana, C.: «Vagad o la identidad aragonesa en el siglo xv (Antropología social e Historia)» in Revista Española de Investigaciones Sociológicas, 25 (1984), 95.-136. or.
Tena Tena, P.: «Gualberto Fabricio de Vagad» in Diccionario Biográfico- Español, Madrid: Real Academia de la Historia. Onlineko argitalpena: http://dbe.rah.es/biografias/48359/gauberte-gauberto-gualberto-fabricio-de-vagad (2018ko abuztuaren 20an egindako kontsulta).
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., Noain Irisarri, J.J, “Vagad, Gualberto Fabricio de”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 335-336.





