Karguak eta lanbideak
Estatu idazkaria
Ibilbidea
Francisco Policarpo de Urquijo abokatu arabarraren eta Maria Andresa Ramona de Muga Acha bizkaitarraren semea. Aitaren aldetik, Llagunotarrak senide zituen, Monarkiaren administrazio taldeko kide nabarmenak. Biz- kaiko Jaurerrian zenbait kargutan aritu ondotik, Francisco Polikarpo abokatu bihurtu zen Madrilgo Kontseilu Nagusietan, eta familia Gortera bizitzera aldatu zen. Bertan egin zituen Mariano Luisek lehen ikasketak: zortzi urterekin San Anton ikastetxeko eskolapioekin, eta hamabirekin Santo Tomas ikastetxeko dominikoekin. Hamalau urte bete zituenean, Salamancako Unibertsi- tateko arte fakultatean hasi zen. Garai horretan, erregalismoaren gune intelektual aipagarria zen, bertako irakasle batzuek ekonomia politikorako zuten joeragatik, eta Urquijorengan eragin handia izan zuen, bere biografoetako askok adierazi izan duenez. Egoera ekonomiko kaskarragatik, Mariano Luisek 1791. urtean bukatu behar izan zituen bere ikasketak, Filosofian, Legeetan eta Kanonetan batxiler maila erdietsita, soilik praktikarako.
Urte horretan bertan, Madrilera itzuli zen. Oso ongi posizionaturik, Salamancan egindako harremanei esker, gizarte giro berezietan murgildu zen eta garai hartako pertsonaia ospetsuak ezagutu zituen. Solasaldi horien in- guruan, Voltaireren La muerte de César lanaren itzulpena egin zuen, oso komedia ezaguna, eta, hasieran, Espainiako antzerkigintza aldatzeko proposamenak biltzen dituena. Lan horrek zalaparta handia sortu zuen, eta Urquijo erreformismo ilustratuaren baitan kokatu zuen. Inkisizioak fedegabea izatea leporatu zion, baina, Estatuko idazkari zen Arandako kondearen bitartekaritzari esker, ez zuen kondena larriegirik jaso. Izan ere, Arandak Estatuko idazkaritzako bederatzigarren ofizial izendatu zuen 1792an. Aragoiarra Manuel Godoyrengatik aldatu zutenean, Urquijok, bere karguari eusteaz gain, gora egin zuen, 1794an, bigarren ofizial izatea lortu baitzuen.
Gobernu berriarekiko gertutasunak eta bere lanerako grinak lagundurik, urte horretan bertan, Mariano Luis de Urquijo Maltako Ordenan sartu zen, eta haren aita Francisco Policarpo etxeko eta gorteko alkate izendatu zuten. Londresko legazio idazkari izendatu zuten, eta han bizi izan zen 1796. urtera arte. 29 urte besterik ez zituenean, 1798an, Karlos III.aren Ordenan sartu zen. Kabinetea aldatuagatik ere, Francisco Saavedraren alde, gora egiten jarraitu zuen, Batavia Errepublikako (Holanda) enbaxadore bihurtzeko. Gainera, zen- bait arrazoirengatik, bera izan zen Estatu idazkariaren papera de facto bete zuena, hots, Espainiako Monarkiaren kanpo politikaz arduratu zen. Historia- lari askok jakitera eman duenez, hura izan zen, oro har, mende hartako ka- binete ilustratuenetako bat, agenda erreformista nabarmena baitzuen. Berri- kuntza aipagarrienetakoa 1799ko Dekretua izan zen, erregeari eta apezpikuei aita santuaren aurrean autonomia kuota esanguratsuak ematen zizkiena. Nolanahi ere den, Frantziako Kontsulatuarekin eta Vatikanoarekin izandako ha- rreman zailek, eta barne oposizioak, boterea berreskuratu nahian zebilen Manuel Godoy tarteko, Urquijoren gainbehera eta Bilbon erbesteratzea eragin zuten. Ordura arte geldiezina zirudien ibilbidea eten egin zen, hortaz.
Diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta, Urquijo Iruñeko espetxera eraman zuten 1801ean. Sei hilabete igarota, zigorra aldatu eta Bilbora bidali zuten erbesteraturik. Bertan, ohore handiak jaso zituen: bi urtez alkate izan zen, Bizkaiko ahaldun nagusi, Probintziako Aita, Euskalerriko Adiskideen Elkarteko merezimenduko kide… Paradoxikoki, berak hartu zuen, 1803an, Bilboko alkatetza Godoyren izenean.
1804an Zamakolada lehertu zen Bilbon. Urquijoren aita, Jose de Mazarredo (lehena erretiratzera behartua eta bigarrena ere Bilbon erbesteratua) eta hirurak kalte handiagoak saihesten saiatu ziren bitartekari lana eginez. Hala eta guztiz ere, gobernuak hautaturiko epaileek matxinada bultzatu zutela ebatzi zuten eta beste erbestealdi bat ezarri zieten. Urquijo eta bere aita Logroñora joan ziren 1805ean, baina urtebetera Bilbora itzultzea lortu zuen. Bertan idatzi zuen Apuntes para la memoria sobre mi vida política, bere burua zuritzeko asmoz idatzitako dokumentua, egindako kudeaketari gorazarre egiteko eta bere etsaiak erasotzeko erabilia.
1808an, Escorialeko matxinadak Carlos IV.ari eta Godoyri boterea kendu zien. Koroatu berria zen Fernando VII.ak aurreko gobernuak kondenatu, erbesteratu eta preso hartutako guztiei amnistia eman zien, Urquijo tartean. Gauzak horrela, errege berriari bere Apuntes igorri zion. Urquijo erregearekin Gasteizen elkartzeko hautatu zuten. Helburua, erregea Napoleonekin Baionan elkartu baino, erresuma barrenean gera zedin lortzea zen. Proposamena aintzat hartu ez, eta, azkenean, erresumatik kanpo abdikatu zuen. Frantziako enperadoreak Urquijo deitu zuen, eta solasaldi luzea izan zuten. Bilbotarrak, Madrilen maiatzaren 2an gertatua jakin zuenean, matxinada «ankerkeriaren eta basakeriaren» ondorio izan zela esan zuen.
Napoleonek Espainian dinastia berri bat ezartzeko zuen asmoak Urquijo erakarri zuen, gobernu erreformista berpizteko aukera izan zitekeelakoan. Baionan izen hori zeraman konstituzioa idatzi zuen biltzarreko kide izan zen, eta esku hartze nabarmena izan zuen. Urquijo kontserbadore agertu zen Euskal Herriko foruak gordetzeari zegokionez, nahiz eta zenbait ekimen erreformista ere aurkeztu zituen; hala nola, nobleziaren pribilegioak edo erreforma erlijioso batzuk bertan behera uztea.
Izan ere, bere gain hartutako kargu guztietan, foru ordenamendua mantentzearen alde egin zuen beti, baita Gobernutik egitura juridiko hori zalantzan jarri zen garai korapilatsuenetan ere. Baionan, Urquijok berak idatzitako Informe izeneko txostena igorri zion enperadoreari 1808ko ekainaren 5ean. Bertan, ordena militarren erregulazioaz, justizia epaitegien berrantolaketaz eta eskubide feudal eta jurisdikzionalak bertan behera uzteaz hitz egiten zen. Azken puntu horren barnean, lurraldeak homologatzeko orduan arduraz jokatzea aholkatzen zuen, Euskal Herriko egoera berezia kontuan hartuz. Baionako biltzarreko idazkari zen aldetik, zenbait ahaldunekin aritu zen elkarlanean; besteak beste, Jose Maria Yandiola (Bizkaikoa), Jose Maria Lardizabal y Oriar (Gipuzkoakoa), edo biltzarreko presidente zen Miguel Jose Azanza nafarrarekin. Ekimenak arrakasta izan zuen, eta Foruak mantentzea lortu zuten, behintzat, Gorteak deitu arte. Orduan, eztabaidagai izan ziren, Konstituzioa- ren 144. artikuluak argi jasotzen duen bezala.
1808an, Mariano Luis de Urquijo bere ibilbidearen gailurrera iritsi zen, Jose I.aren Estatuko ministro-idazkari izendatu baitzuten, eta erregearengandik gertuen zegoen pertsonetako bat izan zen, bere grina erreformista eta obedientziarengatik hautatua. Maria Victoria Lopez Cordonek jasotakoaren arabera, erregealdi guztian harturiko neurri esanguratsuenetan eragina izan zuen. Esaterako, bera agintean zela egin ziren Elizaren erreforma eta laguntzaile josefindar nagusiak aberastu zituen josefindarren desamortizazioa.
Urquijo Jose I.arengandik gertu mantendu zen. Erregea Napoleoni lagun- tza eskatzeko Frantziara abiatu zenean, harekin joan zen, eta bere ondoan egon zen Andaluziako kanpaina arrakastatsuan eta baita Valentziako erretre- tan ere. Hain gertuko laguntzailea izanagatik, Espainiako Errege Ordenako zaldun izendatu zuten (1809), eta kantziler nagusi izatera iritsi zen. 1812an Urrezko Toisonaren Ordenan onartu zuten. 1813an, Jose I.ak behin betiko Frantziara alde egin behar izan zuenean, Urquijo ere berarekin joan zen.
Pauen espainiar erbesteratuak ebakuatzeko lanetan aritu zen, eta handik Parisera abiatu zen. Bere ondasun guztiak konfiskatu zituzten, jabetza higiezin ugari eta 379 aleko liburutegi aparta ere galdu zuen, agintari bezala zituen interesen erakusgarria zena. Frantsestuen joerari jarraituz, bilbotarrak memoriala igorri zien Fernando VII.ari eta zenbait gizon handiri, bere jarrera zuritu asmoz eta bere aginduetara izan zirenei barkamena eskatuz.
Bera berrezarritako Frantzian egotea ez zela herrialdearentzako arriskutsua frogatu ondoren, errefuxiatu estatusa onartu zioten eta, harekin batera, zegokion pentsioa eskuratu zuen. Ez da bere jardun politikoaren berririk, 1817an Parisen hil zen arte. Pere Lachaiseko luxuzko hilobi batean lurperatu zuten.
Bere oroimena erreibindikatu zen, 1820an, ezagutzen ez den autore batek argitaraturiko hileta laudorio batean. Urte batzuk geroago, 1879an, bere izena eman zitzaion Urquixo zumarkaleari, Bilboko kale esanguratsuenetako bati. 1888an erbestealdi guztian zehar berarekin eramandako Apuntes lana Biblioteka Nazionalari dohaintzan eman zitzaion, eta 2010ean Aleix Romero Peñak editatu zituen.
Obrak
La muerte de César. Tragedia francesa de Mr. de Voltaire: traducida en verso cas- tellano y acompañada de un discurso del traductor sobre el estado actual de nuestros teatros, y necesidad de su reforma, Madril: Don Blas Román, 1791.
Apuntes para la memoria sobre mi vida política, persecuciones y trabajos padecidos en ella. ROMERO PEÑA, A. (arg.), Logroño: Siníndice, 2010 [1806].
Informe de Mariano Luis de Urquijo al primer proyecto de Constitución de Bayona (1808ko ekainaren 5ean igorria). FERNÁNDEZ SARASOLA, I. (arg.), La Constitución de Bayona (1808), Madril: Iustel, 2007, 200-204. orr.
Bibliografia
GONZÁLEZ OLIVER, J., Calles y rincones de Bilbao, Bilbo: Bilboko Udala, 2007. Online edizioa: http://www.bilbaopedia.info/alameda-urquijo (2019ko uztai- laren 30ean kontsultatua).
LÓPEZ-CORDÓN CORTEZO, M.ª V., «Un ilustrado en la encrucijada: Mariano Luis de Ur- quijo», VV.AA., Nuevos Extractos de la RSBAP, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldun- dia, 2013, 15-70. orr.
MONREAL ZIA, G., «Los fueros Vascos en la Junta de Bayona de 1808», Revista Interna- cional de los Estudios Vascos, 4 libk. gehigarria (2009), 255-276. orr.
ROMERO PEÑA, A., Reformar y gobernar. Una biografía política de Mariano Luis de Ur- quijo, Madril: Siníndice, 2013.





