Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

URDANETA, Andres (Ordizia, 1508 – Mexiko, 1568). I

Karguak eta lanbideak

tsasgizona, kosmografoa, soldadua, korrejidorea, monje agustindarra eta kronista

Ibilbidea

1508an sortu zen Ordiziako familia aberats batean, eta lehenengo aldiz agertu zen agirietan Juan Sebastian Elkano eta beste hainbat gipuzkoarrekin itsasoratu zenean, Molukak uharteetara zihoan espedizio batean, Jofre García de Loaysaren aginduetara.

Bidaia hartatik Relación edo kontakizun luze bat utzi zuen idatzita, bertan jasoz hamar urte luzeko itsasaldiko gorabehera guztiak, Pazifikoko indigenekiko topaketak eta portugesekiko istiluak. 1538an, itsasaldi hartatik itzuli eta bi urtera, berriz ere itsasoratu zen, Pedro de Alvaradoren ondoan, eta orduan hasi ziren Ameriketako haren ibilerak. Han, Antonio de Mendoza erregeordearen gerrako kapitaina izatera iritsi zen, Galizia Berriko errepresioan parte hartuz (1542). Korrejidorea ere izan zen, zerga biltzailea, eta 1550etik 1552ra Guachinango hirian ustiatu zituen meategien jabe ere bai. Hurrengo urtean San Agustinen ordenan sartu zen, Mexikoko Jesusen Izenaren Komentuan. 1564an, Miguel Lopez de Legazpiren espedizioan abiatu zen Filipinetara, inondik ere, handik Amerikarako itzulerak planteatzen zuen arazoa argitu nahian, izan ere, behin baino gehiagotan porrot eginda zeuden nabigazio hura osatzeko saioak. 1565eko ekainaren 1ean ipar Pazifikorantz abiatu zen eta urte hartako urriaren 8an iritsi zen Acapulcora, eta horrenbestez burutu zuen itzulera haren auzia, eta bidea zabaldu zion handik aurrera Acapulco eta Manilaren artean sortuko zen merkataritzari. Mexikon hil zen 1568ko ekainaren 3an.

Beste nabigatzaile eta itsasgizon asko bezala, nobela osatzeko moduko bizitza eraman zuen, ordurako «globala» zen agertoki batean. Horregatik, haren bizitzari erreparatuta, argi ikusten da espedizio haiek munduan barna izan zuten eragin kultural, ekonomiko eta geopolitikoa, betirako aldatu baitzen harreman politikoen logika. Euskal inguruneari bakarrik erreparatuta, ez dirudi kasualitatea denik xvi–xvii. mendeetako diskurtso foralaren egile nagusietako asko (Garibai, Poza, Etxabe, Martinez de Isasti…) kanpotik idaztea, eta Monarkia Katolikoaren enpresa berriekin erlazionatutako eginkizunetatik. Eta ez da kasualitatea izango, ezta ere, xvi. mendeko bigarren hamarkadatik, Magallanes-Elkanoren espedizioaren itzuleratik, hain zuzen ere, eta Karlos V.aren inperioa itsasoz beste aldean hedatu ondoren, Bizkaiak eta Gipuzkoak berehala saiatzea posizioak finkatzen. Posizioak finkatzeko beharrezkoa zen foruen berrespena, eta hori lortzen saiatu ziren. Beste helburu bat kaparetasuna lurraldeari lotua zela adieraztea izan zen, eta hori ere lortu zuten.

Urdaneta errenazimentuko gizon petoa zen, hainbat alderditatik ikusita. Oso erlijiosoa zen, baina aldi berean ekintza-gizona, eta harentzat ez zegoen kontraesanik fedearen eta ezagutzaren artean, ez eta fedearen eta gizakiaren borondatearen artean ere. Behatzaile handia zen, ez zuen errefusatzen ideien trukaketa, ez zientzia gizonekin, —batez ere San Agustinen Ordenan sartu ondoren— ez eta luma zerabiltenekin ere, esaterako Gonzalo Fernández de Oviedo kronistarekin. Monarkia Katolikoaren zerbitzari, ez zien muzin egiten zerbitzu militar, ekonomiko nahiz ebanjelizatzaileari, haren ustez kontraesanik gabe osatzen baitzuten eman beharreko zerbitzua. Argi erakutsi zuen, halaber, zabaltzen ari zen errealitate global horretan nolako eragina izaten zuten familiarteko harremanek nahiz herrikidetasunak. Beste euskaldunekiko harreman estuak izan zituen bizi guztian; haietako zenbaiten testamentuetan ageri izanak erakusten du herrikide haiekiko izan zuen harreman hurbila. Eta etxe nahiz familia barneko tratuan ere antzematen da. Konfiantza osoz utzi zuen Ordiziako familiarekin Moluka uharteetatik ekarri zuen Grazia alaba, eta halaxe eraman zuen berarekin Mexikora bere iloba Juan Otxoa Zabala.

Haren Relación lanak alderdi horien lekukotasun bikainak uzten ditu, eta horregatik hartzen da xvi. mendeanerrealitate geopolitiko eta espazio global berria zabaltzeak izan zituen ondorioei buruz euskaldunek idatzi zituzten iritzien adibidetzat.

Portugesek bere Relación lana kendu zioten Urdanetari 1536an, eta horren ondorioz haren bertsio laburtua erredaktatu behar izan zuen, eta ahoz eman behar izan zuen han gertatutakoari buruzko testigantza. Hemen jatorrizkoaren berri bakarrik jaso dugu. Gainerako aldaeren gaineko informazioa topatuko du interesa duen irakurleak, haren jaiotzaren bostehungarren urteurrenaren ospakizunen karietara 2008-2009an argitaratu ziren lanetan.

Obrak

Relación del viaje de la Armada del comendador García de Loaysa a las islas de la Especiería o Malucas en 1525 y sucesos en ella acaecidos hasta el de 1535, Eskuizkribua, Biblioteca de Palacio, Madrid, Sección Manuscritos, 1465 zk., 17.-75. folk. Argitalpena: Cárdenas de la Peña, E., Urdaneta y el «tornaviaje», Mexiko: Secretaría de Marina, 1965, 5. dok, 201.-232. or. Rodríguez Rodríguez, I., Historia de la provincia agustiniana del Santísimo Nombre de Jesús de Filipinas, Manila, 1978, XIII. libk., 1. dok, 3.-187. or. Uncilla y Arroitajauregui, F. de, Urdaneta y la conquista de Filipinas. Estudio histórico, Donostia: Probintziaren Inprimategia, 1907, I. eranskina, 317.-430. or. Transkripzio hau Bernardo Martinez Noval monje agustindarrak idatzi zuen Archivo Histórico Hispano-Agustiniano izeneko aldizkariaren hainbat zenbakitan: 1. (1914), 2. (1914), 3. (1915) eta 4.ean (1915).

Bibliografia

Cuevas, M., Monje y marino. La vida y tiempos de Andrés de Urdaneta, Mexiko: Layac, 1943.

De Miguel Bosch, J. R., Urdaneta en su tiempo, Ordizia: Udala, 2008.

Gil, J., Mitos y utopías del descubrimiento. 2. El Pacífico, Madrid: Alianza, 1989.

Itsas Historia eta Kultura Institutoa, Andres de Urdanetaren jaiotzaren V. Urteurrena. Hitzaldi Zikloa, Koaderno Monografikoa 58 zk., Madrid: Ministerio de Defensa, 2009ko urtarrila.

Rodríguez, I., y Álvarez, J., Andrés de Urdaneta agustino: en carreta sobre el Pacífico, Valladolid: Estudio agustiniano, 1992.

Truchuelo, S. (arg.), Andrés de Urdaneta, gizon modernoa, Ordizia: Udala, 2009.

Unsain, J. M. (arg.), Euskaldunak eta Pazifikoa. Omenaldia Andrés de Urdanetari, Donostia: Untzi Museoa, 2009.

Aipamen bibliografikoa

Achón Insausti, J. A., “Urdaneta, Andrés”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 431-433.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP