Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

TUTERAKOA, Gilen (Guilhelms de Tudela) (Tutera, Nafarroa, XII. mendea – 1214 geroag.). Idazle eta kanonigoa Saint-Antonin-en-Rouergue (Okzitania, Frantzia)

Karguak eta lanbideak

Testua gaztelaniaz

Escritor y canónigo de Saint-Antonin-en-Rouergue (región de Occitania, Francia)

Ibilbidea

Tuteran jaio zen, eta Montabaun hirian bizi izan zen hamaika urtez; 1210ean han zen artean. Ondoren, Bruniquel herrira joan zen eta Balduinen zerbitzura hasi zen lanean; Raimundo V.a Tolosakoa kondearen seme gazteena zen Balduin. Simon Monfortekoak Saint-Antonin-en-Rouerge herria beregantu ondoren (1212), kalonjentza bat jaso zuen hango kolegio-elizan, Thédise maisuaren (ondoren Agdeko gotzaina) eta Godofredo Poitierskoaren (Raimundo VII.a izango zenaren tutorea) babesari esker. 1210 eta 1214 artean idatzi zuen gurutzada albitarrari buruzko cansó edo poemaren lehen zatia. Maisu titulua eskuratu zuen, erakutsitako jakinduriaren aitortza gisa, ausaz. Cansó lan horretan adierazten denez, geomantzia menderatzen zuen, eta, horri esker iragarri bide zuen gurutzadek eragindako suntsiketa. Bestalde, sarri aipatzen ditu beste zenbait gesta-kanta, hala nola Gesta Karoli Magni ad Carcassonam et Narbonam, Chanson d’Antioche, Roman de Troie, Raoul de Cambrai eta abar, eta trobalari-lirikaren berezko baliabideak erabiltzen ditu; horrek guztiak adierazten du latinezko literaturen, eta, bereziki herri-literaturaren ezaguera zabala zuela. Zenbait galizismo sartu arren, okzitaniera erabat menderatzen zuela erakutsi zuen. Garai hartan, loraldi betean zen okzitaniera, eta erreferentziazko hizkuntza zen gainerako literatura erromantzeentzat. 1214ko otsailean, Balduinen heriotza tragikoaren ondoren, desagertu ziren Gilen Tuterakoari buruzko albisteak ere.

Haren lan bakarra gordetzen da: aipatutako La Chanson de la Croisade Albigeoise. Gaur egunera ale bakarra iritsi bada ere (Frantziako Liburutegi Nazionalekoa), Erdi Aroan asko zabaldu zen, eta hainbat aldiz kopiatu eta eraman zuten prosara. Simón Monfortekoak kataroen aurka gidatutako gurutzadaren inguruko gertakariak kontatzen ditu cansó poemak. Gilen Tuterakoak osatutako zatia (lehen 2.749 bertsoak), Inozentzio III.aren 1208. urteko gurutzada-aldarrikapenarekin abiatzen da, eta, bat-batean bukatzen da, Petri II.a Aragoikoak Raimundo VI.a koinatuari gurutzatuen aurka laguntzeko erabakiarekin. Egileak gurutzatuen alde egin zuen nabarmen, eta haien garaipena zalantzarik gabe Jainkoak emandako laguntzaren emaitza izan zela adierazi zuen; orobat, modu bortitzean egin zien eraso herejeei. Hala ere, azpimarratzekoa da laudorioak izan zituela Okzitaniako jaun batzuentzat ere, hala nola Raimundo VI.a edo Raimundo Roger Trencavelentzat. Poemaren balio artistikoa eta literarioa gorabehera, narratutako gertaerak leial agertzeagatik goraipatu izan da cansó lana, eta zenbaitetan kronika garaikide batzuk baino iturri fidagarriagoa izan da. Egile anonimo batek eman zion jarraipena obrari, baina lehen zatiarekiko aldeak nabariak dira hala estiloari nola edukiaren muinari dagokienean.

Poeman, gatazkaren alde bietan izan ziren hainbat nafar aipatzen dira: Antso VII.a, haren arreba Zuria, Iruñeko artzapezpikua, Martin Erriberrikoa (hau ere Balduin Tolosakoaren zerbitzura egon zen), Petri Nafarroakoa, Bernardo Nafarroakoa eta gurutzatuen aurka Tolosa eta Penne d’Agenais babesteko borroketan izan ziren tropa mertzenarioak. Aipatzekoa da xii. mendearen amaieraz geroztik, Pirinioez bestalde nafarren presentzia areagotzen joan zela. Halaber, Frantziako Midi eskualdearen eta Nafarroaren arteko harremanak onak ziren, eta areago estutu ziren Antso VII.a Azkarraren eta Raimundo VI.aren alaba Konstantziaren arteko ezkontzarekin.

Ez dago Gilen Tuterakoak idatzitako beste obren berririk, baina kantu epiko hori nolako azkartasunez eta distiraz ondu zuen aintzat hartuta, eta, areago, okzitanieraz idatzi zuela jakinda (ez zuen ama hizkuntza), pentsatzekoa da ez zela hura izan bere lehen lana. Esanguratsua da, halaber, Navas de Tolosako gudua (1212) oroituko zuen beste kantu bat osatzeko asmoa adierazi zuela.

Obrak

Chanson de la Croisade contre les Albigeois, xiii. mendea. Edizioak: Meyer, P. (arg.), La Chanson de la Croisade contre les Albigeois commencée par Guillaume de Tudèle et continuée par un poète anonyme. Éditée et traduite pour la Société de l’Histoire de France, Paris: Renouard, 1875-1879, 2 libk. Martín-Chabot, E. (arg. eta frantseserako itzulpena), La Chanson de la Croisade albigeoise éditée et traduite, Paris: Les Belles Lettres, 3 libk., 1957-1961.

Bibliografia

D’Heur, J. M., «Notes sur l’histoire du manuscrit de la Chanson de la Croisade albigeoise et sur queques copies modernes», in Annales du Midi, 85 (1973), 442.-450. or.

Guillén Sangüesa, J., «Guillermo de Tudela y “La canción de la cruzada contra los albigenses”», in Revista del Centro de Estudios Merindad de Tudela, 14 (2006), 103.-138. or.

Tudéle, G., Chanson de la Croisade Albigeoise, Paris: Librairie Générale Française, 1989.

Aipamen bibliografikoa

 Ilundain Chamarro, J., “Tuterakoa, Gilen”, Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, Jimeno Aranguren, R., (dir),  pp. 246-248.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP