Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUROPAKO ERROMESAK ETA BIDAIARIAK

TOURNAY, Jehan de(Tournay, XV. mendea).

Karguak eta lanbideak

Merkataria eta bidaiaria

Ibilbidea

Valenciennes hiriko merkatari bat izan zen. Hiri hori Nord-Pas-de-Calais eskualdean dago, Eskalda ibaiaren ertzean. Ez dago hari buruzko datu biografikorik. 1488.-1489. urteetan erromesaldi bati ekin zion Jerusalemera, Erromara eta Compostelara joateko. Bere jaioterritik otsailaren 25ean atera zen, garizumako lehen astelehenean. Harekin batera honako hauek ere joan ziren: haren anaia Valencienneseko Saint Jean elizako abadea, Jehan le Liepvre, Pierre de Lonnain, haren lagun eta presbitero Guillaume eta beste adiskide batzuk. 1489. urtean itzuli ziren, urte bat eta erdiko erromesaldiaren ondoren.

Lehenbizi Jerusalemera eta Erromara abiatu zen, eta handik Santiago de Compostelara joatea erabaki zuen. Lagunak utzi eta Gillaumerekin bakarrik jarraitu zuen. Boloniarako bidea hartu zuen, Alpeak Mont Gènevretik zeharkatu zituen, Aixera iritsi zen eta, ondoren, Marseillara; han, Sainte Beaumera joan zen Maria Magdalena gurtzeko. Handik Tarascon hirira iritsi zen, Santa Marta beneratzeko, eta Nîmes, Montepellier eta Tolosatik igaro zen. Pirinioak Orreagatik zeharkatu zituen eta, Nafarroako Bidea ibili ondoren, Donejakue bide frantziarretik jarraitu zuen Leóneraino, handik Oviedora abiatu zen, Salbatore gurtzeko, eta Ganbera Santua bisitatu zuen. Iparraldeko Bidetik jarraitu zuen 1488ko amaiera aldean Santiago de Compostelara iritsi arte. Katedralean, elizako aldare nagusiaren atzeko aldean konfesatu ziren aldare txiki baten ondoan, eta, gero, zurezko eskailera txiki batetik igo ziren Done Jakueren irudia zegoen lekuraino. Irudiak koroa bat zuen eta Jehanek, eskuetan hartu, eta buruan jarri zuen. Gainera, apaiz bati honako hau entzun zion: «gorpua (Done Jakuerena) aldare nagusian hilobiratuta dagoela sinesten ez duenak alferrik egin du erromesaldia». Horrek kontuzko arazo bat sorrarazi zion Tournayri, Tolosan Apostoluaren erlikiak beneratu baitzituen, benetakotzat hartuz. Auzia ebazteko, pentsatu zuen «gorpua Tolosan zegoela, eta burua Compostelan».

Santiago de Compostelan bi egun eman ondoren, bide beretik itzuli zen Burgoseraino eta Frantziarantz abiatu zen «San Adrian menditik»; Auverniako bidelagunek, berriz, Orreagako bidea aukeratu zuten. Tournayk aurrera jarraitu zuen eta Bordele, Blaye, Poitiers, Port-de-Piles, Amboise, Blois, Orléans eta Parisetik igaro ondoren, Valenciennesko bere etxera heldu zen 1489ko martxoaren 7an, larunbatean. Sekulako poza hartu zuen: «Jainkoak bakarrik daki zer-nolako poza sentitu nuen! […] eta horrela itzuli nintzen nire etxera, eta, Jainkoari esker, han zeuden emaztea eta amaginarreba, osasun onez».

Bidaiariaren kontakizuna bizia da eta, zenbaitetan, nobela-itxura hartuz, xehetasun asko ematen ditu. Adibidez, Santiago de Compostela hiritik gertu gaua sartu zitzaion baso batean, eta aterpe emateko eskatu zion egurgile bati, eta lumazko ohe bat eskatu zion lo egiteko: «Je luy demanday au mieulx que je peuz sy nous aurions ung lict de plumes pour nous coucher et il dict que ouyl car nous estions tout mouillez». Egurgileak baietz erantzun zion, eta afari arin baten ostean, «egurgileak sarde bat hartuz, eta bi idiren ondoko lastoan sartuz […] gure ohea prestatu zuen, zaldientzako etzaleku egingo balu bezala»; bi erromesak han etzan ziren, eta idiek gau osoa haiek usaintzen eman zutenez, ez zuten begirik bildu. Halaber, kontakizunean, tarteka, aterpetxeen harrerari eta ezaugarriei buruzko oharrak ageri dira. Harrigarria iruditzen zaio ardoa jositako ahuntz-zahagietan sartzeko ohitura: «eta atzeko hankatik ateratzen da barruko ardoa». Beste gai askoren artean, hau ere aipatzen du: «herri osoan, etxe batera iristen zarenean, eta ogia, ardoa, okela edo beste zerbait nahi baduzu, zuk zeuk bilatu beharko duzu, bizitokian ez baituzu ezer izango, etzateko ohea izan ezik, eta zorionekoa izango zara ohe bat baduzu, hemengo gehienek ez baitute».

Hala ere, Espainiako jendearen adeitasuna eta laguntza erakusten duten egoerek, batzuetan, aipatutako eragozpen horiek orekatzen dutela ematen du.  Esaterako, kontatzen du apaiz batek eguneko eskaintzak eman zizkiela eta, horri esker, otordu handi bat egin zutela, zeukaten gose handia asetzeko: «eskaintza guztiak mahai gainean jarri genituen eta otordu ederra egin genuen; ardo ona edan genuen eta saltxitxa bikainak jan genituen», Burgosen oinetako batzuk eman zizkieten «lodiak, gogorrak eta sendoak», oinak minbera baitzituzten. Tournayk Bideari buruz kontatzen dituen zorigaitzak gorabehera, zailtasunei lasai eta irmo egiten die aurre. Besteak beste, gau ilunetan eta leku zailetan bizi izandako eguraldi txarreko egoerak aipatzen ditu, hala nola Cebreiron elurretan bidea egin beharrekoa: «hanken erdiraino sartzen ginen elurretan. Belaunetaraino gutxienez hondoratzen ginen beti, askotan giltzurrunetaraino, eta, orduan, batak besteari pordoia ematen zion, elkarri ahalik ondoen laguntzeko».

Nafarroan egindako bideari dagokionez, Donapaleu, Izura eta Donibane Garazitik igarotzean, behin eta berriz kexatzen da ordaindu beharreko zergez. Gero, Orreagako mendira iristen denean, aipatzen du lehen lau legoak onak direla igotzeko, baina bosgarrena oso gogorra, nahiz eta zoragarria den hainbeste elurrekin. Gudua egin zen ordokitik igaro zen eta Orreagako elizara iritsi zen: «ederra da eta harrizko ganga-egitura du, eta aldareko mahaia zilarrezkoa da. Errolanen adarra eta Olivierren korneta erakutsi zizkidaten, marfilezkoak biak. Kanpoaldean, bi hilobi daude burdin hesiz inguratuta, eta bertan zaldun batzuk daude lurperatuta». Bezperetara joan ziren eta organoz lagundutako  presbiteroen kantuak entzun zituzten, baina organoa ikusi gabe. Honako hau aipatzen du: «elizan bederatzi lanpara daude, eta bat Maria Ama Birjinaren irudi baten ondoan, ezkerraldean. Ospitalea ikusi nuen, atsedena hartu nahi duten bidaiarientzako lekua. Eta elurte handia botatzen duenean, hiru egunez har dezakete ostatu bertan. Han egon ondoren, Rainceval (Orreaga) herri txikira joan nintzen lotara; oso ostatu ona genuen han, eta ospitaletik ordu erdira zegoen».

Hurrengo egunean, Iruñera abiatu ziren. Hiri nahiko handia dela aipatzen dute, Nafarroako Erresumako garrantzitsuena, baita aski ona eta ondo hornitua zegoela ere. Hiritik bi legoara hiribildu txiki batean lo egin ondoren, Lizarrako bidea hartu zuten. Lizarra suntsituta eta suak hartuta zegoen gerren ondorioz. Gero, Los Arcosera abiatu ziren, harriz betetako bide batetik, mendien eta lautaden artean. Handik, Logroñora joan ziren, Gaztelako herrialdean.

Jehan de Tournayren «egunkari» hori eskuizkribu bat da, eta erromesaldiei buruzko kontakizun-bilduma bat osatzen du. Louis de la Fontainek —Wicart zuen ezizena— kopiatu zituen kontakizun horiek 1549an, Récits de Pèlerinage izenburupean. Itsasoz haraindiko hiru bidaia biltzen ditu: Eustache de la Fosse-ren, Monseko magistratu George Lengherand-eren eta Jean de Tournayren bidaiak. Hiru bidaiari horietatik, Tournay soilik joan zen Compostelara; haren erromesaldiaren kontakizun osoak hasierako 315 folio betetzen ditu, eta Compostelarako ibilbideak eta Frantziatik egindako itzulerako ibilbideak azken hogeita hamar folioak hartzen dituzte (269v-315r fol.).

Obrak

Récits de Pèlerinage, Valenciennes, 1549, Louis de la Fontainek kopiatua; Wicart zuen ezizena. Valenciennes, Bibliothèque Municipale, Ms. 493, 1.-315. fol.

Le voyage de Jean de Tournai de Valenciennes à Rome, Jérusalem et Compostelle. RMBLF. 2012ko apirilak 15. Transkripzioa: Blanchet-Broekaert, F.: http://lodel.irevues.inist.fr/saintjacquesinfo/(2018ko abuztuaren 30ean egindako kontsulta). Frantses modernorako itzulpena, sarrera eta oharrak: D. Péricard-Méa.

Bibliografia

Iglesias Villaverde, X., «Jean de Tournay», Xacopedia,http://xacopedia.com/Jean_de_Tournay (2018ko irailaren 3an egindako kontsulta).

Jacomet, H., «La peregrinación de Jean de Tournay, burgués de Valenciennes, entre 1488 y 1489», Moralejo, S., eta López Alsina, F. (argk.), in Santiago, Camino de Europa. Culto y Cultura en la Peregrinación a Compostela, Santiago de Compostela: Xunta de Galicia, 1993, 450.-451. 

Aipamen bibliografikoa

Jusué Simonena, C., “Tournay, Jehan de”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 351-353..

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP