Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARAGOIKO KOROAKO EGILEAK ETA OBRAK

TOMIC, Pere (Pedro Tomic, Pere Tomich) (Bagá, Bartzelona, XV. mendea – 1481 baino lehenago hil zen).

Karguak eta lanbideak

 Historialaria

Ibilbidea

Zaldun eta historialari katalana, eta Piróseko eta Mataplanako baroierrietako prokuradorea. Aristoteko gazteluko (Urgell Garaia) gaztelujauna izan zen 1446-1447. urteetan.

Historias y conquistas de los reyes de Aragón y condes de Cataluña lana idatzi zuen. Bagán amaitu zuen, 1438an, eta Johan Rosembach-ek argitaratu zuen lehen aldiz, Bartzelonan, 1495eko ekainaren 4an, Històries e Conquestes dels Reys de Arago e Comtes de Barcelona izenburuaz. Geroago, lana moldatu eta zabaldu zuten, eta berriz argitaratu zuten, 1519. eta 1534. urteetan, Histories e Conquestes del reyalme Darago e principat de Cathalunya izenburuaz. Lan horre-tan, 1516. urtera arteko gertaerak ageri dira. Gaztelaniara eta italierara itzuli zuten 1719an, eta, 1886an, berriz argitaratu zen.

Lana Zaragozako artzapezpiku Dalmau Murri eskaini zion, eta aristokrazia militarrak Aragoiko eta Kataluniako historian izandako funtsezko eginkizuna azpimarratzen du. Aragoiko Koroako gerretan, itsas gerretan batez ere, parte hartu zuten Aragoiko, Valentziako eta Kataluniako nobleziako kideen izen–zerrenda luzeak daude.

Pere Tomicen lanak interes handia du, ikuspegi-aldaketa garrantzitsua islatzen baitu, intentzionalitateari dagokionez. Egileak erregeen gestak eta herrialdearen loriak lotzen ditu; hau da, historia ofiziala lotzen du Aragoiko eta Kataluniako nobleziaren historiarekin eta tradizioekin, oro har, eta, zehazki, Tomicen noble patroi eta babesleen balentriak nabarmentzen ditu, Pinós i Mataplana leinukoenak, hain zuzen ere. Bestalde, lana historia orokor bat egiteko ahalegina da, denboren hasieratik. Horretarako, egileak Bibliako Hasiera liburuko kontakizuna hartzen du oinarritzat —Jainkoak gizakia eta mundua nola sortu zituen kontatzen da liburu horretan—, eta horrekin hasten du lana. Lehenbiziko kapituluetan, gertaera eta izaki mitologiko ugari aipatzen dira, hala nola Jupiter eta Juno jainko-jainkosak, Herkules, Helena Troiakoa, Paris (Troiako errege Priamoren semea), etab. Gero, Kataluniako eta Aragoiko historia aztertzen du, batez ere, eta, kontakizunean, gertaera historikoak nahasten dira, bai kondairazko elementuekin, hala nola Galcerán Pinóskoaren elezaharrarekin, bai naturaz gaindiko elementuekin, hala nola ehun dontzeilen erreskatearekin —San Estebani esleitutako miraria da—. Lanean, halaber, Iberiar penintsulako eta penintsulatik kanpoko beste lurralde batzuei buruzko aipamenak eta informazioa daude.

Nafarroako Erresumari dagokionez, lehen aipamenak XII. eta XIII. kapituluetatik aurrera ageri dira (eta ez XI. kapitulutik aurrera; hala adierazten da lanaren 1495eko Tabula edo aurkibidean, baina hori okerra da). Kapitulu horietan, hau aipatzen da: musulmanek Penintsula konkistatu ondoren, Aragoiko mendietan babesa hartutako kristauek Gartzea Semenez —Tomicek dio bisigodoen errege-leinukoa zela— Sobrarbe eta Ribagorzako lehen erregetzat hautatu zutela, haren ondorengoa Gartzea Enekoez izan zela, eta Gartzea Enekoezek Iruñea konkistatu zuela eta Nafarroako errege egin zela. Nafarroari buruzko aipamenak daude 48. kapitulura arte. Hor, Joan II.a aipatzen da, Nafarroako (1425) eta Aragoiko (1458) erregea.

Obrak

Històries e Conquestes dels reys de Aragó e comtes de Barcelona compiladas per Pere Tomic, Barcelona: Johan Rosembach, 1495 (jatorrizkoa Biblioteca de Catalunya liburutegian dago). Erreprodukzio digitala, Biblioteca Virtual Cervantes liburutegian dago.

Berrarg. faksimilea: Histories e conquestes dels Reys d’Aragó e Comtes de Catalunya, Bartzelonako argitalpenaren arabera:: Imprenta de Carles Amoros Provençal, 1534, J. Sáez Ricok egindako aurkibideekin, Valencia: Imp. Ambar, 1970.

Berrarg. Historias e conquestas dels Reys de Arago e de lurs anteçessors, los Comtes de Barcelona; compiladas per Mossen Pere Tomic; affegida la historia del Rey de Hespanya Don Ferrando, Barcelona: La Renaixensa, 1886.

Berrarg. Històries e conquestes del realme d’Aragó e Principat de Catalunya. Introducció, transcripció, notes i index a cura de Joan Iborra, Catarroja, Barcelona: Afers, 2009.

Bibliografia

Bacells, A. (arg.): Historia de la historiografía catalana, Barcelona: Institut d’Éstudis Catalans, 2004.

Estrella, J. E.: «Reseña del libro de P. Tomic, Històries e conquestes del realme d’Aragó e Principat de Catalunya (Afers, 2009)» inRevista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca, 16 (2011), 298.-300. or.

Iborra, J.: «De la crónica dinástica a la intervención aristocrática: Fonts orals i escritees de les histories e conquestes de les histories e conquestes de Pere Tomic» in Recerques: Història, economia i cultura,40 (2000), 15.-40. or.

Aipamen bibliografikoa

Noain Irisarri, J.J,  “Tomic, Pere”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 334-335.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP