Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ERREPUBLIKAREN ETA GOI-INPERIOAREN GARAIKO EGILE GREKO-LATINDARRAK

TIBULO (Albio Tibulo) (ca. K.a. 55 – K.a. 19).

Karguak eta lanbideak

Erromatar poeta eta militarra

Ibilbidea

Ez dakizkigu ez Albio Tibuloren praenomena, ez jaiotze-data zehatza, ezta jatorria ere. Dirudienez, bere bizitza laburra Erromaren eta Lazioko landa–jabetza baten artean eman zuen. Aitagabea zen, eta zaldunen ordenako familia dirudun batekoa. Tibuloren familia ideal errepublikanoen aldekoa zenez, zenbait jabetza konfiskatu zizkieten bigarren triunbiratuaren garaian. Bakezalea izan arren, Valerio Corvino Mesalarekin joan zen akitaniarren aurkako kanpainara (K.a. 29-28), eta harekin Ekialdean egiteko erasoaldi militar batera joateko ere prest zegoen, baina gaixotasun batek jota, ezin izan zuen borrokan parte hartu. Horazioren laguna zen Tibulo, eta bi elegia-liburu eta zenbait poema idatzi zituen, eta bere garaikoen miresmena eta aitortza lortu zuen idatzi horiengatik. Lehen liburuko zazpigarren kapitulua Tibuloren heroi Mesalaren omenez idatzitako gorazarrea da. Hor, zorionak ematen dizkio lortu berriko arrakastengatik, eta arrakasta horien artean, tonu poetikoan, gogoratzen du Mesalarekin jardun zuela Pirinioetako tarbeliar batzuen aurka —segur aski, komunitate hori gaur egungo Ipar Euskal Herriaren ingurunean zegoen—. Bigarren liburuko beste pasarte batean, arrakasta militar haren erreferentzia laburra egiten du berriz. Hona hemen aipatutako pasarte horiek eta dagokion itzulpena:

Hunc cecinere diem Parcae fatalia nentes / Stamina, non ulli dissoluenda deo, / Hunc fore, Aquitanas posset qui fundere gentes, / Quem tremeret forti milite victus Atax. / Evenere: novos pubes Romana triumphos / Vidit et evinctos bracchia capta duces; / At te victrices lauros, Messalla, gerentem / Portabat nitidis currus eburnus equis. / Non sine me est tibi partus honos: Tarbella Pyrene / Testis et Oceani litora Santonici, / Testis Arar Rhodanusque celer magnusque Garunna, / Carnutis et flavi caerula lympha Liger.

«Egun hori iragarri zuten patuaren hariak ehuntzen dituzten Parkek, jainko-jainkosek hautsi ezin dituzten hariak: egun horretan ihesarazi egingo zituela Akitaniako herriak, egun horretan dar-dar egingo zuela Atax ibaiak (Aturri ibaia), soldadu kementsuen armada batek garaituta. Iragarpenak bete dira: Erromako gaztediak garaipen berriak ikusi ditu, bai eta preso hartutako jeneralak ere, kateez lotuta. Eta zu, Mesala, garaipenaren erramua jantzita, zaldi distiratsuk tiratutako marfilezko gurdi batean zindoazen. Neu ere lagun izan nauzu ohore hori lortzeko bidean: tarbeliarren Pirinioak eta santonikoen ozeanoko hondartzak dira horren lekuko, bai eta Arar, Rodano bizkorra eta Garona zabala ere, eta Liger ibaia, karnutiar ilehorien ur urdinak»(1.7.1-12).

Gentis Aquitaniae celeber Messalla triumphis / et magna intonsis gloria victor avis, / huc ades adspiraque mihi, dum carmine nostro / redditur agricolis gratia caelitibus.

«Mesala, ospetsua zu Akitaniako herriak garaitzeagatik, garaipen horiekin zure arbasoak ondratu baitituzu. Zatoz hona eta inspiratu nazazu, denbora guztian, nire kantuaz eskerrak ematen baitzaie landako jainko-jainkosei» (2.1.33-36).

Tibulo gazte hil zen eta literatura-lan gutxi idatzi zituen; hala ere, Printzealdiaren garaiko poeta preziatuenetako eta ezagunenetako bat izan zen. Estilo xumea eta harmoniatsua erabiltzen zuen, eta eruditu ugarik miresten zuten, hala nola Horaziok, Kintilianok, Propertziok eta Ovidiok. Pirinioetako tarbeliarren aurkako kanpainaren aipamen laburra da Valerio Corvino Mesalak gidatutako kanpaina horri buruz iritsi zaigun testigantza bakarra. Erasoaldi hori Augustok kantabriarren eta asturen aurka abiatu nahi zuen gerraren aurreko prestaketan kokatu behar dugu. Erromatar agintarien aurka egiten zuen Akitaniako azken eremua menderatuta, princepsak atzeguardiaren segurtasuna bermatzen zuen, Kantauriar mendikatean gerra-ekintzak hasi baino lehen. Irabazi ondoren, Erroman garaipena ospatzera joan baino lehenago, Mesalak Urkulu mendiko (Orbaitzeta, Nafarroa) garaikurra eraikitzeko aginduko zuen, arrakastaren oroigarri. Pirinioetako tarbeliarrak garaitu eta kantabriar gerrak amaitu ondoren (K.a. 29-19), mendebaldeko Pirinioetako inguruko eremua Erromatar Inperioan integratu zen erabat.

Obrak

Cátulo / Tíbulo, Poemas / Elegías. Soler Ruiz, A. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Madrid: Gredos, 1993.

Larrañaga, K. (arg.): Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.

Bibliografia

Amela, L.: «Los trofeos de Pompeyo» in Habis, 32 (2001), 185.-202. or.

Fatás, G.: «Los Pirineos meridionales y la conquista romana» in Villar, F.; Untermann, J. (koor.): Lengua y cultura en Hispania prerromana: actas del V Coloquio sobre lenguas y culturas de la península ibérica: (Colonia, 25-28 de noviembre de 1989), Salamanca: Universidad de Salamanca, 1993, 289.-316. or.

Rico, C.: Pyrénées Romaines. Essai sur un pays de frontière (IIIe siècle av. J.-C. – IVe siècle ap. J.C.), Madrid: Casa de Velázquez, 1997.

Sayas, J. J.: «El territorio aquitano entre la asimilación romana y el mantenimiento de su especificidad» in Segundo Congreso General de Historia Navarra, 2, Conferencias y comunicaciones sobre Prehistoria, Historia Antigua e Historia Medieval, Príncipe de Viana, 14. eranskina, 53. urtea (1992), 153.-180. or.


Aipamen bibliografikoa

Lanz, J., “Tíbulo”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 45-46.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP