Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA BISIGODOAK

TAJON(VII. mendea- 683. urte inguruan).

Karguak eta lanbideak

Braulioren ondorengoa Zaragozako apezpikutzan

Ibilbidea

Tajonen bizitzari buruz dugun informazioa urria da. Apezpiku izan aurretik, Tajon ziurtasunez identifikatu ezin dugun monasterio bateko presbiteroa eta abadea izan zen. 646. urtean, Erromara joan zen, ustez Txindasvinto errege bisigodoak bidalita, Gregorio I.a aita santuaren literatura-lanak kopiatu eta Hispaniara ekartzeko agindua betetzeko. Tajonen korrespondentziari esker, badakigu harremana zuela Eugenio Toledokoa eta Braulio Zaragozakoa apezpikuekin, eta Braulio hiltzean, Zaragozako apezpiku izendatu zuten Tajon bera. Zenbait kontzilio eklesiastikotara joan zen, hala nola Toledoko VIII. (653) eta IX. (655) kontzilioetara. XIII. kontzilioan (683), Tajonen ondorengo Valderedo aipatzen da; beraz, urte hori baino lehenago hilko zen Tajon.

Isidoro Sevillakoaren Sententiae ezagutzen zituen Tajonek, eta Gregorio I. aren Moralia in Iob laburbildu zituen, eta horiekin, bere Sententiarum Libri Quinque idatzi zuen, Tajonen obra landuena. Lan teologiko horren -hitzaurre moduan, Tajonek Ziriako Bartzelonako apezpikuari idatzitako epistola bat erabili zuen —Epistola ad Quiricum Barcinonensen antistitem—. Epistola horren edukia dela eta, historiografikoa dela esan daiteke. Izan ere, gutunean, Tajonek dio bere lanaren zati bat tyrannusFroiak Zaragoza 653an setiatu zueneko garaian idatzi zuela. Rezesvintoren aurka matxinatutako bisigodoa zen Froia, eta baskoien laguntza izan zuen. Tajonek dio Froiak eta Pirinioetan —Pyrenaeis montes— errekrutatutako baskoiek zeharkatutako lurraldeetan aurkitu zuten oro suntsitu eta arpilatu zutela, tenpluak barne, eta gatibu asko harrapatu eta kristau asko hil zituztela, kleriko asko tartean, eta Caesaraugusta hiri -garrantzitsua setiatu zutela. Azkenean, Rezesvinto erregea eta haren armada lurralde horretara joan ziren, matxinada zapaldu zuten, eta baskoiak garaitu zituzten.

Sententiae lanaren hitzaurre gisa erabiltzean, Tajonek nolabaiteko paralelismoa ezartzen du Zaragozako setioaren eta Joben historiaren artean, Bibliako pertsonaia horrek kanpotarren (gentes externae) erasoak ere pairatu zituelako: lehenbizi, kaldeatarren erasoak, eta, geroago, sabatarrenak. Halaber, pasarte hori aprobetxatzen du baskoi menditar eta gerrazalearen topiko literarioa errepikatzeko, eta baskoiak paganoak zirela ondorioztatzen du, Froiaren baskoiek elizen eta erlijiosoen aurkako erasoen xehetasunak azaltzean. Baskoi pagano eta basatien irudi hori are larriago bihurtzen da, errege zintzo eta errukior bat —halakoa da Rezesvinto Zaragozako apezpikuaren ustez— tronutik kendu nahi duen tirano baten jarraitzaileak direlako. Nolanahi ere, Tajonek, Isidoro Sevillakoaren lanetan ez bezala, dudarik gabe egiten du baskoien ahalmen militar eta politikoa benetan aztertzeko ahalegina. Izan ere, baskoiak gai ziren hiri handiei arazo larriak eragiteko eta Toledoko erresuma bisigodoko politikan esku hartzeko.

Obrak

Risco, M.: España Sagrada. Tomo XXXI. Contiene las memorias de los varones ilustres cesaraugustanos, que florecieron en los primeros siglos de la Iglesia: las noticias concernientes a las Iglesias, Muzárabes, Literatos, y Reyes de Zaragoza en los cuatro siglos de su cautiverio: y las obras del célebre Obispo Tajón, hasta hoy no publicadas, Madrid: Oficina de la Viuda é hijo Marín, 1776.

Bibliografia

Besga, A.: Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.

Lanz, J.: Dinámicas de enfrentamiento, colaboración y resolución de conflictos en el entorno circumpirenaico occidental (siglos ii a. C.-viii d. C.), doktorego-tesia, Gasteiz: UPV/EHU, 2017.

Madoz, J.: «Tajón de Zaragoza y su viaje a Roma» in Mélanges Joseph de Ghellink, 1 (1951), 345.-360. or.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J., “Tajon”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 123-125.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP