Karguak eta lanbideak
Tratularia, numismatikoa, arkeologoa, Akizeko Merkataritza Epaitegiko epailea, Frantziako Arkeologia Elkartearen Landetako ikuskatzailea
Ibilbidea
Emile Marie Taillebois 1841eko apirilaren 18an jaio zen, Aubeko departamenduan dagoen Villenauxe izeneko herri batean (Frantzia). Aita, Joseph Nicolas Taillebois (1804-1874), Parisetik etorria, notarioa izan zen Villenauxen, eta ama, Zenaciude Truelle (1817-1862), Troyes hiritik zetorren (Aube). Buruargia zen eta jakin-mina zuen. Horregatik eta aitak natur zientziei eta arkeologiari buruz eman aholkuei esker, berehala agertu zuen interesa eskualdeko eta tokiko kulturen gainean eta, batez ere, arkeologiaren gainean. Pariseko merkataritza-etxe batean ikasi zuen. «Liburutegiko sagu» peto-petoa zen, numismatikari eta arkeologiari emana, museoen eta liburutegien bisitaria. Bada, 1866an, «Frantziako Arkeologia Elkartea eta Numismatikako Elkartea» sortzen parte hartu zuen Parisen. Hiru urte geroago, 1869an, Landetako departamenduko Akizera hirira lekualdatu zen, Frantzia hegoaldean. Hor, negoziatzaile-lanetan aritu zen, baina geroago Akizeko Merkataritza Auzitegiko epaile eta presidente ere izan zen. 1871ko azaroaren 15ean ezkondu zen Hagetmaun (Landak) Marie Marguerite Dulaurekin (1852-1893), eta hiru alaba izan zituzten: Marguerite (1872-1925), Blanche (1874-1925) eta Henriette (1880-1973).
Bi elkarte eruditu eta zientifiko sortu zituen: 1876an, «Borda Elkartea» Akizen (1887tik 1892ra), eta 1878ko irailean, «Corrèzeko Zientzia, Historia eta Arkeologia Elkartea». Gainera, hainbat elkarte eruditutako kide izan zen eta, besteak beste, hauexek nabarmendu ditzakegu: 1879an, «Aubeko Elkarte Akademikoa» (bere sorterriko departamenduan); 1883an, «Frantziako Antigoalekoen Elkarte Nazionala»; 1885ean, Gaskoiniako Historia Elkartea; 1889an, «Historia eta Zientzia Lanen Batzordea»; Madrilgo Historiaren Errege Akademia; eta Belgikako Zientzia, Letra eta Arte Ederren Errege Akademia. Frantziako Arkeologia Elkartearen Landetako departamenduko ikuskatzailea izan zen, eta 1888an, Isabel Katolikoaren Errege Ordenako zalduna izendatu zuten.
1879an, Le Trésor de Barcus. Découverte de 1750 deniers celtibériens en argent argitaratu zuen eta, 1885ean, Eugène Dufourcet (1839-1900) eta Léo Testutekin batera (1849- 1925), Les tumulus des premiers âges du fer dans la région sous-pyrénéenne. Hala ere, parte hartu zuen lan garrantzitsuena L’Aquitaine historique et monumentale izan zen, 1890tik 1893ra Eugène Dufourcetek, Georges Camiadek (1845-1906) eta berberak hiru liburukitan argitaratua.
1892ko abuztuaren 25ean hil zen Bagnères-de-Bigorren (Pirinio Garaiak) berrogeita hamaika urte zituela, eta Akizen lurperatu zuten.
Obrak
Le Trésor de Barcus. Découverte de 1750 deniers celtibériens en argent, 2. arg., Dax: Imp. de J. Justère, 1879.
Recherches sur la numismatique de la Novempopulanie, depuis les premiers temps jusqu’à nos jours, Dax: Imp. de J. Justère, 1883, 56. or. («Mémoires du congrès scientifique de Dax»eko laburpena).
Recherches sur la numismatique de la Novempopulanie (suite), Dax: Imp. de J. Justère, 1884, 88 or.
TESTUT, L-rekin, Les tumulus des premiers âges du fer dans la région sous-pyrénéenne, Dax: Imp. de J. Justère, 1885.
POYDENOT, H.-rekin, Bibliographie pour le congrès archéologique de Dax et Bayonne, Caen: H. Delesques, 1888.
Poids monétiformes et autres poids inscrits du Midi de la France: numismatique, variétés inédites, 3e liste, Dax: Imp. H. Labèque, 1889.
Recherches sur la numismatique de la Novempopulanie, depuis les premiers temps jusqu’à nos jours 3e partie, Dax: Imp. H. Labèque, 1889.
Deux objets d’art ibériens, Caen: H. Delesques, 1890, 1892.
DUFORCET, E., eta CAMIADE, G.-rekin, L’Aquitaine historique et monumentale, I. libk., Dax: Imp. H. Labèque, 1890.
— L’Aquitaine historique et monumentale, II. libk., Dax: Imp. H. Labèque, 1896.
— L’Aquitaine historique et monumentale, III. libk., Dax: Imp. H. Labèque, 1897.
Restitution des archives anglo-françaises de la tour de Londres, proposition faite par M. Émile Taillebois, Brive: Imp. de M. Roche (datarik gabe).





