Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

SORALUCE BOLLA [SORALUZE BOLLA], Pedro Manuel (Donostia, 1857ko urtarrilak 1 – Donostia, 1919ko abenduak 19).

Karguak eta lanbideak

Historialaria eta Donostiako Udal Museoaren kontserbatzailea

Ibilbidea

Nicolas Soraluze Zubizarreta historialariaren eta Josefa Bolla Domecken semea izan zen. Pedro Manuel Soraluze trantsiziozko figura izan zen antikuarioaren eta historialari profesionalaren artean, bai toki mailan, bai eskualde mailan.

Gipuzkoako Monumentu Batzordeko kidea izanik, historiaurreko eta erromatar aztarnategiak industen aritu zen, atzerriko ikerlarien arreta erakarrita.

Historiaren (1886) eta Arte Ederren (1890) Errege Akademietako kide urgazlea izan zen. Historiaren Errege Akademiaren bilkuran parte hartu zuen, 1898ko apirilaren 22an, Gipuzkoako arkeologia-aurkikuntza batzuk aurkezteko.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarte berriko kide urgazlea izan zen aldetik, idazkari jardun zuen Atzera begirako Arte eta Historia Erakusketan (1899), bai eta Argazki, Zeramika eta Miniatura Erakusketan ere (1900), Donostian.

Bere merezimenduak aintzat harturik, Udalak Donostiako Udal Museo berriaren kontserbatzaile ofizial izendatu zuen, 1901eko otsailaren 26an. Museoa 1902ko urriaren 5ean inauguratu zen, Alfontso XIII.a bertan zegoela.

1909an, harrespil sorta bat aurkitu zuen Oiartzundik hurbil (Gipuzkoa). Garai hartatik, Telesforo Arantzadirekin aritu zen lankidetzan eta, 1916an, Bartzelonako katedraduna Jose Miguel Barandiaran gaztearekin jarri zuen harremanetan. Jarduera haiek zirela eta, Udal Museoko Euskal Etnografia eta Antropologia atalak garatu ziren.

Soraluze Eusko Ikaskuntzaren I. Biltzarraren antolatzaileetako bat izan zen, Oñatin (Gipuzkoa) 1918ko irailean egindakoa eta lan bat aurkeztu zuen, hil ondoan argitaratua. Handik urtebetera, 1919ko azaroaren 5ean, Udalak Donostia Hiriko kronikari izendatu zuen, gai historikoetan egindako aholkularitza-lana aitortzeko.

Obrak

(Hautaketa). 

ARZAC, A.-rekin, «Dos exploraciones arqueológicas en el valle de Oyarzun», Euskal-Erria, XXIX (1893), 331-337, 365-372, 392-401. or. [faks. berrarg.: Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1979].

— «Arqueología guipuzcoana: Hernani», Euskal-Erria, XXX (1894), 340-343, 377-382, 442-448, 507-512, 572-576. or. XXXI (1894), 172-176, 277-282. or. [faks. berrarg.: Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1979].

«Cartas inéditas referentes al sitio, bombardeo y destrucción de San Sebastián», BRAH, XXX (1897), 353-380. or.

«Arqueología romana de Guipúzcoa», BRAH, XXXIII (1898) 107-114. or.

«El Teniente Coronel don Félix de Zuaznabar y Mendizábal», Euskalerriaren Alde, XI, 214-216. or. (1921), 380-387, 422-429, 450-455. or. [faks. Berrarg.: Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1974].

Bibliografia

FORNELLS, M. et al., San Telmo: crónica de un centenario, Donostia: Michelena, 2002.


ITURRIAK

DONOSTIAKO UDAL ARTXIBOA eta SAN TELMO MUSEOA. 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP