Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA BISIGODOAK

SISEBUTO(VI. mendea- 621).

Karguak eta lanbideak

Errege bisigodoa, 612-613tik hil arte (621)

Ibilbidea

Familia bisigodo boteretsu bateko kidea zen, eta Gundemar erregearen ondorengoa izan zen 612-613an. Idatzizko iturrien arabera, Sisebuto oso gizon elizkoia izan zen, eta hari zor zaio Toledoko Santa Leokadia elizaren eraikuntza. Erlijio-suharrak bultzatuta, juduen aurkako zenbait lege aldarrikatu zituen erregealdiaren hasieran, eta judu asko kristautzera behartu zituen. Neurri horiek ez ziren eliz-agintarien gustukoak izan —Sevillako apezpiku Isidoro zegoen agintari horien artean—. Errege berria bizantziarren aurkako kanpainen buru jarri zen. Bizantziarrek, hain zuzen, Balear uharteak eta Iberiar penintsulako hegoaldeko eta hego-ekialdeko kostaldeko lur-zerrenda handi bat zituzten mendean aurreko mendearen erdialdetik. Erregeak bere balio militarra frogatu zuen, Málaga konkistatu baitzuen eta Inperioko tropak Iberiar penintsulatik behin betiko bidaltzeko zorian egon baitzen. Ekialdeko Erromatar Inperiokoen aurkako gerra-ekintzez gain, erregearen tropek asturen eta rucconesen matxinadei ere aurre egin behar izan zizkieten (Isid. Hist. Goth. 59). Rucconesak asturen ondoko herria ziren, sueboen aurka ere arituak. Fredegario deiturikoaren Kronikaren arabera (Chron. 4.33), godoen armadek Cantabria probintzia ere mendean hartu zuten, duke franko baten administrazioaren mende zegoena (uste da Antzinate Berantiarreko Kantabriak Kantabria Klasikoaren zati bat eta hego-ekialderanzko luzapen bat hartuko zituela, Toloño mendilerroa erreferentziatzat hartuta).

Sisebuto errege bisigodo kultuenetakotzat hartzen da, haren literatura–ekoizpenagatik, eta Isidoro Sevillakoarekin harreman estua izan zuelako. Komunikazio arina izan zuen Sevillakoarekin, eta pentsatzen da apezpikua gutxienez De natura rerum edo Liber rotarum izeneko obra idaztera bultzatu zuela. Lan horretan, apezpikua munduaren funtzionamendua azaltzen saiatu zen, astronomiako eta meteorologiako gaiak sartuta. Sevillako apezpikuak, lana amaitu ondoren, erregeari dedikatu zion, eta, erregeak, hori eskertzeko, 61 bertsoko olerki bat idatzi zion, latindar hexametrotan. Olerki hori Isidororen obra bateko osagai gisa iritsi da gurera: Epistola Sisebuti regis Gothorum missa ad Isidorum de libro rotarum (Carmen de Luna, Astronomicum edo Praefatio Liber Rotarum ere esaten zaio). Poeman, erregea eguzki- eta ilargi–eklipseen kausak argitzen saiatzen da, baina guri honako aipamen hau interesatzen zaigu: laster, elurretako baskoien eta kantabriarren aurkako —usque niuosus cum tenebat Vasco nec parcat Cantaber horrens— kanpaina bat egitea pentsatzen ari zela itsasoz —trans Oceanum— (6.-8. bertsoak).

Sisebutoren poemari esker, badakigu bere agintaldian agian baskoien aurkako gerraren bat gertatu zela. Baliteke erregeak bere asmoak inoiz ez gauzatzea, edo erregearen osteko iturriek erasoaldi hori ez aipatzea, porrota izan zelako. Halaber, posible da erregeak bere poeman baskoiak aipatzea bere obra dotoretzeko, mendiko baskoi barbaroen topiko literarioa erabiliz. Nolanahi ere, erregearen adierazpena egia izanez gero, hori izango litzakete godoek baskoien aurka itsasotik egindako eraso bati buruzko lehenbiziko albistea (eta bakarra).

Obrak

Fontaine, J. (arg.): Isidore de Seville. Traité de la nature, suivi de l’épitre en vers du roi Sisebut à Isidore, Bordeaux: Féret et fils, 1960.

Bibliografia

Besga, A.: Domuit vascones: el País Vasco durante la época de los reinos germánicos. La era de la independencia (siglos v-viii), Bilbo: Astarloa, 2001.

García Moreno, L. A.: Historia de España visigoda, Madrid: Cátedra, 1989.

Moreno, E.: «Los vascones de la Literatura Latina tardía (siglos iv-vii)» in Andreu Pintado, J. (koor.): Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2009, 261.-290. or.

Thompson, E. A.: Los godos en España, Madrid: Alianza, 1985.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “Sisebuto”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 117-118.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP