Karguak eta lanbideak
Gutun-trukea, 463tik 465era bitartekoa, Hilario aita santuaren eta Tarraconensis probintziako apezpiku metropolitano Askanioren artean. Gutun horietan, Silvano Calahorrako apezpikuak haren nagusiekik
Ibilbidea
463. urte aldera, Askaniok, Tarraconensis probintziako apezpiku metropolitanoak, gutun bat idatzi zion Hilario aita santuari, bere izenean eta probintziako gainerako apezpikuen izenean, aita santuaren arbitrajea eskatuz, Calahorrako apezpiku Silvanok jokabide matxinatua zuelako, probintziako eskualde urrunenean eta periferikoenean —in ultima parte nostrae Provinciae constitutus—. Epistolan, Askaniok dio Silvanok, zazpi edo zortzi urte lehenago, apezpiku bat —-episcopus— izendatu zuela —ez ditu aipatzen ez apezpiku horren izena, ez apezpikutza—, agintari eklesiastikoen baimenik gabe eta zegokion komunitateak —populis— eskatu gabe. Beste apezpikuek kargu hartu zioten Calahorrakoari, modu onean —fraterna et pacifica posse admonitione—, eta episcopus berriaren izendapena onartu zuten. Hala ere, urte batzuk geroago, Silvanok gauza bera egin zuen berriz ere, beste barruti bateko presbitero bat apezpiku ordenatu baitzuen apezpikutegi bererako, legez kanpo, eta, gainera, izendatutakoaren gogoz kontra. Caesaraugustako episcopusak Silvano salatu zuen, eta probintziako apezpikuek Aita Santuari esku hartzeko eskatzea erabaki zuten, Silvanoren erabaki bidegabeak baliogabetu zitzan. Hurrengo urtean, erantzunik jaso gabe zeudenez, Askaniok eta gainerako apezpikuek, gutun bat bidali zioten Hilariori, Bartzelonako apezpiku zenduaren ondorengotza bereziaren berri emateko eta hartutako erabakia berresteko eskatzeko, eta gutun horren amaieran, adierazi zioten harrituta zeudela, oraindik ez zutelako jaso Silvano apezpikuaren kasuaren inguruan lehenago bidalitako gutunaren erantzunik.
Askaniori erantzuteko atzerapenaren arrazoia zen Hilario aita santuak gai hori 465eko azaroaren 19an Santa Maria Nagusian egindako Erromako Sinodoan azaldu nahi zuela. Bilera horretako aktetan, irakur daiteke aita santuak arazoaren berri eman ziela bertaratutakoei, Tarraconensis probintziako apezpiku metropolitanoak bidalitako gutunak irakurrita. Urte horretako abenduaren 30ean, Hilariok Askaniori idatzi zion, eta jakinarazi zion Ebro ibaiaren haraneko civitates batzuetako honorati eta possessores batzuek (aristokratak eta jabe handiak) sinatutako gutun batzuk —litera— ere jaso zituela, beren bertsioa azalduz. Besteak beste, hiri hauek aipatzen ditu: Turiasonensium (Tarazona, Zaragoza), Cascantensium (Cascante, Nafarroa), Calagurritanorum, Varegensium (Varea-Logroño), Tritiensium (Tricio, Errioxa), Liviensium (Herramélluri, Errioxa) eta Verovicensium (Briviesca, Burgos). Gero, aita santuak onartzen du Silvanoren portaera ez zela egokia izan, ez zituelako ezarritako arauak bete. Nolanahi ere, garaietako koiunturazko premiak —temporum necessitas— kontuan hartuta, Hilariok Calahorrakoari barkatzea erabaki zuen, hark ordenatutako apezpikuak onartuta, baina apostolu dohatsuaren arauen eta Nizeako kanonetan ezarritakoaren kontrako ekintzarik berriz ez egiteko baldintzaz.
Silvano Calahorrakoaren kasua azaltzen duten dokumentuetan, sumatu daiteke Ebro ibaiaren goi-haranean eta erdiko haranean ondo koordinatutako eta kohesionatuko noblezia- eta klero-sare boteretsu bat zegoela eta sendotu zela, eta Calagurriseko apezpikutegia zela sare horretako ardatza. Halaber, dokumentu horiek adierazten dute kristautasuna errotuta zegoela lurralde horretan v. menderako. Asko idatzi da Silvanok apezpiku ordenatutakoen apezpikutegiari buruz, bai eta Silvanok Tarraconensis probintziako apezpiku metropolitanoarekiko independentziaz jarduteko arrazoiei buruz ere. Dena dela, ziur dakiguna da Calahorrako diozesiak, in ultimae parte nostrae Provinciae zegoenak, oso egoera berezia zuela: probintziaren bazterrean, mugan, zegoen kokatuta, eta, gainera, bagauden mugimenduak, sueboen erasoaldiak eta bisigodoen esku-hartze armatuak pairatu zituen zuela gutxi.
Obrak
Larrañaga, K.: Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta agiriak, Donostia: Kriselu, 1988.
Ruiz de Loizaga, S.; Díaz Bodegas, P.; Sainz Ripa, E.: Documentación Vaticana sobre la Diócesis de Calahorra y La Calzada-Logroño (463-1342), Logroño: Instituto de Estudios Riojanos, 1995.
Segura Munguía, S.: Mil años de historia vasca a través de la literatura greco-latina. De Aníbal a Carlomagno, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1997.
Bibliografia
Castellanos, S.: «Aristocracias y dependientes en el Alto Ebro (siglos v-viii)» in Studia historica. Historia medieval, 14 (1996), 29.-46. or.
Escribano, M. V.: «La iglesia calagurritana entre Ca. 457 y 465: El caso del obispo Silvano» in Ministerio de Cultura (arg.): Calahorra: bimilenario de su fundación: actas del I Symposium de historia de Calahorra, Madrid: Subdirección general de arqueología y etnografía, 1984, 265.-272. or.
Espinosa, U.: Calagurris Iulia, Logroño: Colegio Oficial de Aparejadores y Arquitectos Técnicos de La Rioja; Ayuntamiento de Calahorra, 1984.
Larrañaga, K.: «En torno al caso del obispo Silvano de Calagurris: Consideraciones sobre el estado de la iglesia del alto y medio Ebro a fines del imperio» in Veleia, 6 (1989), 171.-192. or.
Aipamen bibliografikoa
Lanz, J., “Silvano Calahorrako Apezpikuaren Kasua” Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 95-96.





