Karguak eta lanbideak
Filologoa, historialaria eta arkeologoa. Hispanista
Ibilbidea
Wilhelm Schulten Bayer eta Konpainiaren kontseilariaren eta Amanda Klarenbachen semea izan zen. Göttingen, Bonn eta Berlingo unibertsitateetan ikasi zuen, eta bertan izan zuen irakasle Theodor Mommsen. Hogeita bi urte zituela, filologian doktoratu zen (1892). 1896tik hara, Antzinako Historiako irakasle aritu zen Göttingenen 1907ra arte. Urte horretan, Erlangengo Unibertsitateko irakasle berezi bihurtu zen, eta 1909an katedradun.
Latinez eta grezieraz heziketa ezinhobea zuen, eta era horretan hasi zitzaion Antzinaroari buruzko historialari aritzeko historia-bokazioa, baina inoiz ez zuen izan Arkeologia irakaslerik eta, leku askotan induskatu bazuen ere, ez zen inoiz arkeologoa izan. Horixe aitortu zuen arkeologoak berak, eta horixe ulertu zuten bere dizipuluek. Egia esan, gabezi hori betetzeko, ez zuen zalantzarik izan espezialista ezagunekin lan egiteko. Gainera, Espainian era horretako ikasketek ez zuten itzal handirik ere. Horrek, ordea, ez du balio behar Espainiako ekoizpen zientifikoarekiko eta ikertzaileekiko izan zuen mespretxuzko jarrera justifikatzeko, ez eta hura ezagutu zutenek dioten bezala, aiurri zakar eta bakartia bazuen ere.
Antzinaroarekin, bere aberrian izan zuen lehen harremana, Treverisen, baina ez zen benetan zaletu 1894ra arte: urte horretan, Alemaniako Inperioko Institutu Arkeologikoaren beka batek aukera eman zion urte osoz Italian, Grezian eta Ipar Afrikan bidaiatzeko. 1899an, Espainiara joan zen lehen aldiz, Prusiako Erresumako Instrukzio Publikoko Ministerioaren beka bati esker. Bertara itzuli zen 1902an, Numantziako aurriek erakarrita, eta hor indusketa-kanpaina batzuetan aritu zen 1905 eta 1914 bitartean. Gainera, Numantziari setioa jarri zioten kanpamendu erromatarrak ere deskubritu zituen. Emaitzak Munichen argitaratu ziren, lau liburukitan, Numantia. Die Ergebnisse der Ausgrabungen 1905-1912 izenburupean, eta sintesi bat, gaztelaniaz, Historia de Numancia, Bartzelonan (1945). Bere burua aztarnategiaren deskubritzaile gisa aurkezten bazuen ere, hori ez zen egia.
Lehen Mundu Gerrak eten egin zituen Espainian egiten zituen lanak, baina gatazka amaituta, itzuli egin zen. Kataluniako Ikasketen Institutuaren laguntzarekin, Espainiaren Mediterraneoko kostaldearen azterketa bat egin zuen Rufo Avenoren Ora Maritimaren edizio kritikorako, eta lan horixe bilakatu zen Fontes Hispaniae Antiquae-ren lehen liburukia (Bartzelona, 1922). Lan horrek Tartessosekiko interesa piztu zion, Hispaniako haren bigarren obsesioa. Mainake, Munda eta Segeda identifikatu zituen arren, ahaleginak ahalegin, ez zuen bere helburua lortu. Lehenengoetako bat Doñanan erromatarren garaiko aztarnategi bat induskatzea izan zen (Cerro del Trigo), eta horrek, beste ahalegin antzurekin batera, hainbat lan sorrarazi zituen, hala nola Tartessos: contribución a la historia más antigua de Occidente (1924) edo Los tirsenos en España (1940).
Ora Maritima-rentzat egin ikerketaren ondorioz, 1926an, Eusko Ikaskuntzarekin jarri zen harremanetan Higer lurmuturraren inguruan hainbat bisita eta indusketa egiteko, Venusi eskainitako tenplu hipotetiko baten bila, baina porrot egin zuen berriz ere. Haatik, 1927an, Revista Internacional de los Estudios Vascos-en (RIEV), 810. urtera arteko baskoiei buruzko ikerketa bat argitaratu zuen.
Ondoren, Cáceresko probintziatik igaro zen, eta bertan Castra Cecilia erromatar kanpamendua induskatu zuen (hiru kanpainatan: 1927, 1928 eta 1930). Cartagenara ere joan zen (1933), Mastia hiri tartesikoaren bila, atzeman ez bazuen ere, eta Kantabrian zein Palentziako iparraldean zehar ibili zen, Peña Amaya, Monte Bernorio eta Monte Cildá kastroak bisitatuz, Kantabriar Gerrak aztertzeko (K.a. 29 – K.a. 19). Bada, Los cántabros y los astures y su guerra con Roma (1943) liburua eskaini zion gai horri. Lan horrek, bestalde, eusko-kantabrismoaren teoria zalantzan jartzeko ere balio izan zuen, argudiatuz erromatarren aurreko bi herri horiek desberdinak zirela.
Iberische Landeskunde: Geographie des antiken Spanien lana ere egin zuen, Espainian Geografía y Etnología de la Península Ibérica izenburupean itzuli eta argitaratua (1959-1963).
Zientifikoki nartzisista izanik ere, ukaezina da lan handia egin zuela, bai landa-lanean, bai eskola-heziketari erreparatuz, Alemaniako historiografia Europako erreferentea zen testuinguruan. Haren Fontes gabe, Espainiako antzinako historiak ez zuen abiadurarik hartuko egin zuen bezala. Horren ifrentzuan, berriz, aipatu behar da Alemaniar Inperiotik eta geroko nazismotik hurbil kokatu zela (are, bada Lehen Mundu Gerran espioia izan zela aldeztu duenik), bai eta Espainia frankistatik ere, eta hori izan daiteke bizitzan gozatu zituen ohoreen arrazoia, neurri batean.
1905etik Espainiako Historiaren Errege Akademiako kide urgazlea izan zen. 1907an Alfontso XII.aren Ordenako Osoko Gomendioa eman zitzaion. 1940an, Francisco Franco diktadoreak Alfontso X.a Jakitunaren Ordenako Gurutze Handia eman zion eta, Hezkuntza Nazionaleko Ministerioaren bidez, 1945 eta 1950. urteen arteko dirulaguntza bat, 1954 eta 1955ean berritua. Bartzelonako Unibertsitateak honoris causa doktoregoa eman zion 1940an, hirurogeita hamar urte bete zituenean.
Zalantzarik gabe, Schulten bere garaiko semea izan zen, eta bizitza osoa, intelektuala behintzat, Espainiari eskaini zion. Hori eskertzekoa da, baina haren burua hainbeste gorestearen eraginez, bere aurkako literatura oldarkor bat harrotu zuen. Gainera, egun, auzitan jarri da haren etika profesionala (arkeologoa ala pirata espoliatzailea…?
Haatik, haren alde, esan behar da 1911ko Indusketa Legeak egun sinesgaitzak diren irizpideak zituela aurkikuntza arkeologikoen jabetzaz), bai eta haren postulatu historiografikoak ere, batzuetan argudio anakronikoen eta jarrera ideologikoen bidez defendatuak.
Obrak
«Das Territorium Legionis», Hermes, 29 (1894), 481-516. or.
«Die Landge-meinden im romischen Reich», Philologus, 53 (1894), 629-686. or.
«Die peregrinen Gauge-meinden des romishen Reiches», Rheinisches Museum für Philologie (1895), 489-557. or.
Die römischen Grundherrschaften. Eine agrarhistorische Untersuchung, Weimar: Felber, 1896.
«Romische Flurkarten», Hermes, 33 (1898), 534-565. or.
«Flurteilung und territorien in den rosmiche Rheinlanden», Bonner Jahrbücher, 103 (1898), 12-41. or.
«Eine neue Römerspur in Westfalen», Bonner Jahrbücher, Heft, 124 (1917), 88-108. or.
Hispania (Geografía, Etnología, Historia), Barcelona: La Academia de Serra y Russell, 1920. Berrarg. Sevillan: Ed. Renacimiento, 2004 eta 2016.
Tartessos. Ein Beitrag zur ältesten Geschichte des Westens, Hamburg: Friederichsen, 1922, 2. arg., Hanburgo: de Cram, de Gruyter & Co., 1950. Gaztelaniaz, laburpena in Boletín de la Real Academia de Córdoba de Ciencias, Bellas Letras y Nobles Artes, 3, 7 (1924), 5-28. or. Lehen argitaraldi osoa, «Tartessos: contribución a la historia más antigua de Occidente», Revista de Occidente, 1 (1923), 67-94. or. Bigarren argitaraldia, emendatua, in Madrid: España-Calpe, 1945 y 1971. Revista de Occidente, 124 (1973), 67-94. or.; Córdoba: Almuzara, 2006; Sevilla: Renacimiento, 2006.
Idyllen vom Lago Maggiore, Erlangen: Palm und Enke, 1922, 3. arg., 1953.
Numantia. Die Ergebnisse der Ausgrabungen 1905-1912, Munich: 1914, 1927, 1929 eta 1931, 4 libk. Gaztelaniaz, Historia de Numancia, Barcelona: Bosch, 1945; New York: Arno Press, 1975; Iruñea: Urgoiti, 2004.
(ed.), Avieni Ora maritima (Periplus Massiliensis saec. vi a. C.), Fontes Hispaniae Antiquae, 1. libk., Barcelona: Bosch, 1922, 2. arg. 1955ean.
«Die Inseln der Seligen», Geograph Zeitschrift, 32 (1926), 229-247. or.
Sertorius. Leipzig: Dieterich, 1926. Gaztelaniaz, Quinto Sertorio, Barcelona: Bosch, 1949; Sevilla: Renacimiento, 2013.
Viriatus, Neue Jahrbücher für das klass, Altertum, 1917; Viriato, Boletín de la Biblioteca de Menéndez Pelayo, II. urtea (1920), Oporto, 1927; Alacant: Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes, 2019.
«Venus marina», RIEV, 18, 3 (1927), 373-380. or.
«Las referencias sobre los vascones hasta 810 después de J. C.», RIEV, 18, 2 (1927), 225-240. or.
Geschichte von Numantia, Munich: Piloty & Loehle, 1933.
Masada, die Burg des Herodes und die römischen Lager, Leipzig: Hinrichs, 1933.
«Tartessos y la Atlantida», Rheinisches Museum für Philologie, 88 (1939), 326. or. eta hur.
«Los tirsenos en España», Ampurias, 2 (1940), 33-54. or.
«Castros prerromanos de la región cantábrica», Archivo Español de Arqueología, XV (1942), 1-16. or.
Los cántabros y astures y su guerra con Roma, Madrid: Espasa-Calpe, 1943. Berrarg. 1962, 1969an eta Santanderren: Libª. Estudio, 2000.
«Cartagena en la antigüedad», Boletín Arqueológico del Sudeste Español, 3 (1945), 254-265. or. Berrarg. Cartagenan: Áglaya, 2004.
Cincuenta y cinco años de investigación en España, Reus: Rosa, 1953.
Iberische Landeskunde. Geographie des antiken Spanien, 2 libk., Estrasburgo: Heitz, 1955-1957. Gaztelaniara itzulia: Geografía y Etnografía Antiguas de la Península Ibérica, Madrid: Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Instituto «Rodrigo Caro» de Arqueología, 1959, 2. arg., 1974.
Bibliografia
GARCÍA BELLIDO, A., «Adolf Schulten», Archivo Español de Arqueología, 33, 101-102 (1960), 222-228. or.
GÓMEZ GONZALO, M.ª P., Las controversias generadas en torno a las investigaciones de Adfolf Schulten en Numancia. Doktorego-tesi argitaragabea, Univ. de Barcelona, 2015. Online kontsulta daiteke: https://www.tesisenred.net/handle/10803/394085#page=1.
MASSÓ, J., eta TAJUELO, M.ª E. R., Adolf Schulten en Reus y Tarragona: el legado Salvador Vilaseca, Madrid: Ergástula, 2011.
PASAMAR, G., eta PEIRÓ, I., Diccionario Akal de historiadores españoles contemporáneos, Madrid: Akal, 2002, 578-579. or.
SCHULTEN, A., Cincuenta y cinco años de investigación en España, Reus: Rosa, 1953 (autobiografia).
TORREGARAY, E., «Schulten y la búsqueda de un templo de Venus en el Cabo de Higuer», Luis de Uranzu Kultur Taldea, 20 (2000), 89-115. or.





