Karguak eta lanbideak
Historialaria eta akademiko ilustratu
Ibilbidea
Alsaziar historialari ospetsuak Estrasburgoko Unibertsitatean egin zuen lan, eta han, Historiako, Zuzenbideko eta Erretorikako eskolak eman zituen, eta Johann Wolfgang von Goethe poetaren irakasle izan zen. Tronugabetutako Nafarroako errege-erreginen eskubidea aldarrikatu zuen nazioarteko azken egilea izan zen. Argudio hori Estrasburgon 1720an argitaratutako Diatriba de origine, Fatis et Successione regni Navarrae ad nostra usque Tempora lanean garatu zuen. Liburu horretan, Nafarroako Erresumaren politika- eta erakunde-bilakaera aztertu zuen, ix. mendetik xviii. mendera bitarterako aldia hartuta, Frantziako erregeek Nafarroaren gainean zituzten erreklamazioak zilegiak zirela frogatzeko, Espainiaren konkistaren kontra egiteko. Lan horretan, zenbait egilek —batez ere, Theodore Godefroy-k, Arnaut Oihenartek, Auguste Gallandek eta Pierre Dupuy-k— 1629tik 1659ra bitarteko aldian idatzitako lanak bildu eta aztertu zituen Schoepflinusek. Testu hori egile horren lehenbiziko obra handietako bat izan zen.
Schoepflinusen lanaren aurrekari zuzena Ondorengotza Gerra (1707-1713) da. Gerra horretan, Borboiko etxekoek garaitu zuten, eta horrekin batera, Nafarroako tituluei buruzko frantziar doktrina amaitu zen. Nafarroako Erresumako Diputazioak Karlos II.aren testamentuan Filipe Borboikoaren aldeko ondorengotza obeditu zuen, eta Nafarroako errege ere aldarrikatu zuten (Filipe V.a). Nafarroako eliteen arrazoi ekonomikoez gain, Diputazioaren erabakiaren beste arrazoi bat zen Filipe Joan Albretekoaren eta Katalina Foixkoaren tronurako eskubideen oinordekoa zela.
Horrez gain, beharrezkoa da Schoepflinusen lana —frantziar menekoa zen— Ondorengotza Gerra amaitzeko sinatutako itunaren testuinguruan kokatzea. Utrechteko Itunetik aurrera, Filipe V.ak eta haren ministro Alberonik Italiako lurraldeak erreklamatu zituzten, eta, horregatik, Espainiak Sardinia eta Sizilia konkistatu zituen. Espainiaren erabaki horri aurre egiteko, Ingalaterrak, Herbehereek, Austriak eta Frantziak Aliantza Laukoitza osatu zuten, eta, 1718ko abenduan, Frantziako tropak Nafarroan sartu ziren, Beratik, eta Gipuzkoako Hondarribia eta Donostia hartu zituzten. Alsaziar historialariak testuinguru horretan idatzi zuen Nafarroaren gaineko eskubide historikoei buruzko bere lana, nahiz eta, handik gutxira, Filipe V.ak Italian zituen helburuak zapuztu ziren.
Schoepflinusi esker, Nafarroaren auzia modu esplizituan aztertzen duen lan bat dugu, xviii. mendeko historialari ilustratu ospetsuenetako baten ikuspegitik. Egile horren eragina Estrasburgotik harago iritsi zen, eta garaiko beste egile batzuekin izan zuen korrespondentzia —diplomazia- eta kultura-gaiei buruzkoa, batez ere— lagungarria izan da Ilustrazioaren garaia irudikatzeko. Korrespondentzia izan zuen Alemaniar jatorriko egileekin, eta horien artean, zenbait fraide agustindar, Martin Gerbert eta Rustenus Heer nabarmentzen dira. Schoepflinus Zientzietako Akademia Palatinoaren lehenbiziko ohorezko presidentea izan zen, eta, besteak beste Alsatia diplomatica (Estrasburgo, 1772- 1775) eta Historia Zaringo-Badensis (Karlsruhe, 1763-1766) lanak idatzi zituen. Nafarroari buruzko testua argitaratu eta mende bat geroago, Angel Sagaseta Ilurdotzekoa sindikoak eta 1828ko Iruñeko Gorteek latinera itzuli zuten.
Obrak
Diatriba de origine, Fatis et Successione regni Navarrae ad nostra usque Tempora, Argentorati (Estrasburgo): Dulsseckeru, 1723.
Bibliografia
Bcogler, B.; Voss, J. (zuz.): Strasbourg, Schoepflin et l’Europe au xviiie siecle, Bonn: Bouvier, 1996.
Floristán Imízcoz, A.: «Memorias de la conquista de Navarra hacia 1612 y 1712. La identidad navarra antes de la polémica de Amayur (1921-1931)» in Memoria y Civilización, 15 (2012), 11.-29. or.
Monreal Zia, G.; Jimeno Aranguren, R.: Textos histórico-jurídicos navarros. II. Historia moderna, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011, 199.-200. or.
Voss, J.: Jean-Daniel Schoepflin (1694-1771): un Alsacien de l’Europe des Lumieres, Bar-le-Duc: Société Savante d’Alsace, 1999.
Aipamen bibliografikoa
Álvarez Berastegi, A., “Schoepflinus, Ioannes Danielus“, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 713-714.





