Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA MOZARABIARRAK

SARRERA

Ibilbidea

Arabiar hispaniarrek hainbat izen erabili zituzten mozarabiarrei esateko, Al Andalusen bizi ziren kristauei, alegia; besteak beste, dimmi, ayami, nasrani eta rumi. Mozarabiar terminoa arabieratik dator, mustaʿrab, eta pertsona arabiartua esan nahi du. Dimmi terminoa, bestalde, mozarabiarren lege-estatusari zegokion (baita juduen lege-estatusari ere) eta «sinesgabea» esan nahi zuen. Belaunaldi berriak etorri ahala, mozarabiar gehienak islamiartu ziren; musulman berrioi muladi esan zitzaien.

Erkidego mozarabiarrek beren ondasunak, erlijioa, kultura, zuzenbidea eta erakundeak mantendu zituzten, dotrina musulmanak Liburuko jendeen erlijio-praktikak errespetatu beharra ezarri baitzuen, baldintzapean, betiere. Liburuko jendeak Jainkoaren errebelazioa jasotako gizon-emakumeak ziren; kristauak eta juduak, hain zuzen. Askatasun horiek, dena den, mugak zituzten; izan ere, Al Andaluseko kristauek, gizarte-maila apalagoa izatera pasatzeaz gain, murrizketa nabarmenak pairatu zituzten, hala nola elizbarruti aunitz desagertu izana, tenplu berriak ezin eraiki izana edota liturgia-ospakizun jakin batzuk debekatu izana.

Botere musulmanak mozarabiarrei eskainitako babesaren ordainez, bi tributu ordaindu behar izan zituzten: batetik, yaray zeritzon lurralde-zerga, eta, bestetik, yizya edo kapitazioa, hau da, hogei urtetik berrogeita hamarrera bitarteko pertsona bakoitzak urtero ordaindu beharreko zerga. Dena den, haurrak, adinekoak, emakumeak eta behartsuak bi zerga horiek ordaintzetik salbuetsiak zeuden.

Mozarabiarrek beren eliz agintariak eta agintari sekularrak izan zituzten, baina Estatu musulmanak izendatu behar zituen. Horrela, aginte musulmanak, zenbaitetan, eliz agintari gorenak izendatu zituen zuzenean eta, nolanahi ere, emirrak nahiz kalifak beren aldeko pertsonak jartzen saiatu ziren Kordobako apezpikutzan. Kontrola hainbesterainokoa izan zen, non, Kordobako 852. urteko kontzilioaren deialdia, konparaziora, emirrak berak eskaturik egin baitzen. Agintari sekularren artean, berriz, comesak(kondea) gobernu-ardura zuen bere gain, eta erkidego kristauaren gaineko erantzulea zen aginte musulmanaren aurrean; exceptor (mustajriŷ) delakoa tributuak biltzeaz arduratzen zen, eta judex edo zentsoreak (qādī al-ʿaŷam) eginkizun judizialak betetzen zituen, baina auzitan zebiltzan bi alderdiak kristauak ziren kasuetarako baizik ez. Izan ere, kristauen eta musulmanen arteko auziak kadiaren edo epaile musulmanaren (șahib al-šurta) aurrean ebazten ziren. Epaile mozarabiarrek Liber Judicum liburuko arauekin bat jokatzen zuten. Kristauen eta musulmanen arteko auziak, ordea, legedi islamiarraren arabera eta epaile musulmanen aurrean ebazten ziren.

Mozarabiarrek kargu publikoak bete ohi zituzten administrazio musulmanean, garrantzi txikiko postuetan, betiere. Hori dela eta, viii. mendean, administrazio-eginkizunetan aritu ziren, baina Al Andalus gero eta gehiago islamiartu zen neurrian, era horretako lanak urritu eta erabat desagertu ziren.

Erkidego mozarabiarren askatasunak ix. mendean hasi ziren urratzen, Eulogio Kordobakoak gidaturiko martiri-altxamenduak gertatu zirenean (851 eta 859), hau da, omeiatarren garaian. Gertakari dramatiko haiek larriki kaltetu zuten musulmanen eta kristauen arteko bizikidetza eta, horren ondorioz, mozarabiar asko Penintsula iparraldeko erresuma kristauetara bizitzera joan ziren. Gero, almorabideek eta almohadeek xi. eta xii. mendeetan eragindako aldaketa politiko latzaren ondorioz, bukatu egin zen Al Andaluseko mozarabiarrekiko tolerantzia; gero eta mozarabiar gutxiago ziren, gainera. Orduan, gertakari latzak gertatu ziren, hala nola mozarabiar olde handia 1126an Afrikako iparraldera deportatu izana; deportazioaren ondorioz, ez zen kristaurik gelditu hirietan.

Mozarabiarren idazkiei dagokienez, ikusten da haien literatura- eta historiografia-lanen egileek ongi ezagutzen zituztela Elizako gurasoen teologia- eta apologia-liburuak, bai eta egile klasikoen, bizantziarren nahiz bisigodoen lanak ere. Jakintza hura guztia, lehenik, elizgizon izan nahi zutenek jasotzen zuten, Elizak bisigodoen garaian antolatutako eskoletan, zehazki. Idazketa eta irakurketa lantzeaz gain, Bibliari buruzko ezagutza praktikoak erakusten zitzaizkien. Bestalde, Albaro Kordobakoak Juan Sibiliakoarekin izandako gutun-harremanari erreparatuta, badakigu gogoz ahalegintzen zirela liburuak eskuratzen. Eulogio Kordobakoak, adibidez, ahalegin handia egin zuen Leireko San Salbatore nafar monasterioko liburu-bilduma bat bere lurraldera eramateko. Kodex mozarabiarren azterlanetatik, gainera, badakigu kristandadeko Ekialdetik ere ekarri zirela liburuak, edota liburu anitz aldatu zirela Toledotik Kordobara, ix. mendean. Egile mozarabiarren idazlanetan, haien tradizio bereziaren aldarrikapena ageri da, bai kulturari, bai erlijioari dagokiona. Egile horien artean daude Albaro Kordobakoa, Eulogio Kordobakoa, Juan Sibiliakoa, Sanson abadea eta Toledoko Mauro presbiteroa.

Obrak

Testua gaztelaniaz

Jimeno Aranguren, R., “Introducción”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Diccionario de historiadores, juristas y pensadores políticos de vasconia, T. I, Marcial Pons, Madrid, 2019, pp. 177-179.

Bibliografia

Aillet, C., Les mozarabes. Christianisme, islamisation et arabisation en péninsule Ibérique (ixe-xiie siècle), Madrid: Casa de Velázquez, 2018.

Benavides-Barajas, L., Los mozárabes y muladíes, Granada: Dulcinea, 1995.

Colbert, E. P., The martyrs of Córdoba. A study of the sources. A dissertation (850-859), Washington: The Catholic University of America Press, 1962.

Del Río Martín, J., eta González Jiménez, M. (argk.), Los mozárabes: Una minoría olvidada, Sevilla: Fundación El Monte, 1998.

Nieto Cumplido, M., Historia de Córdoba: Islam y Cristianismo, Córdoba: Monte de Piedad y Caja de Ahorros de Córdoba, 1984.

Simonet y Baca, F. J., Historia de los mozárabes de España: deducida de los mejores y más auténticos testimonios de los escritores cristianos y árabes, Madrid: Viuda é hijos de M. Tello, 1897. Berrargk. Historia de los mozárabes en España, Madrid: Turner, 1983; Madrid: Editorial Maxtor, 2005.

Zenbaiten Artean, in Studia historica. Historia medieval, 27 (2009). Alea gai honi eskainita dago: «Los Mozárabes: entre la Cristiandad y el Islam».

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Introducción”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 177-178.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP