Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA MUSULMANAK

SARRERA

Ibilbidea

Al Andaluseko historia zuzeneko nahiz zeharkako iturrien bitartez ezagutzen dugu. Denboraldi luze hori egutegi musulmanaren ii. mendean eta egutegi kristauaren viii.ean hasi zen. Iturri arabiar, kristau, andalustar eta magrebtarrek gertakarietara hurbiltzeko bidea ematen digute, eta gertakari horiek oro kontrastatuz, mundu konplexu bat azaltzen zaigu, botere-goseak bultzaturiko borroka etengabean ziharduena. Iberiar penintsulako lurraldean barrena izaniko hedapen-prozesuan, musulmanak goiz iritsi ziren baskoien herrialderaino (bilād al-Baškūns, bilād Bambalūna eta bilād Alaba). Garai hartan, musulmanek eta kristauek, elkarren kontra borrokatu, eta gogor egin zioten elkarri, lurraldea tinko menderatzeko eta burujabetzari irmo eusteko. Erasoaldi etengabeen artean, batzuk edo besteak aldi baterako nagusitzen ziren, eta galtzaileak, zergak ordainduz, irabazleen nagusitasuna aitortu, eta nolabaiteko mendetasunean bizi ziren. Egoera horrek x. mendearen lehen laurdeneraino iraun zuen. Bitarte horretan, lurralde horiei «gerra-lurralde», dar al-ḥarb, izena eman zitzaien, hala kroniketan nola geografia-obretan. Handik aurrera, esan daiteke ez zituztela bizikidetza baketsuko lurraldetzat jotzen, hots, kapitulazioak beharturik, tributu pertsonalak nahiz lurraldekoak ordaintzera behartutako lurraldetzat; aitzitik, islamaren lurraldeetatik (dar al-islam) kanpo gelditu ziren, Al Andaluseko lurraldetik kanpo, alegia.

Omeiatarren gaineko kronikak iii./ix. eta v./xi. mendeen artekoak dira, eta taifen garaiko kronikarienak, berriz, v./xi. mendekoak. Bada, mende haietan ere, Goi Erdi Aro kristauaren kronika, kodex eta genealogia asko agertu ziren. Historialariek datu anitz egiaztatu dituzte iturri kristauetan nahiz musulmanetan ikertuta. Batzuen eta besteen obrek gertakari berberak aztertu dituzte, noiz sakonean, noiz azaletik, eta horrek bi dimentsioko irudi gutxi-asko zorrotz bat osatzeko bidea eman digu garai hartako gertaerei buruz. Horrela, Al Andaluseko ikuspegia biltzen duten testuei atsekabea darie, iparraldeko herrien eta jendearen erresistentzia ikusita, jende indartsua eta suhar-suharra baitzen, bai eta orografiak sortzen zituen zailtasunak ikusita ere; hortaz, jendearen eta geografiaren ezaugarriek islamaren lurralde-egonkortasuna eta nagusitasun politikoa zaildu eta eragotzi zituzten. Hiŝām I.a (788-796), Ḥakām I.a (799-822) eta ‘Abd al-Raḥmān II.a (822-852) agintari musulmanen agintaldietan, hainbat erasoaldi gertatu ziren Zaragozako nahiz Arabako lurretan, Bermudo I.aren (788-791), Alfontso II.aren (791-842) eta Ramiro I.aren (842-850) erresumak mehatxupean utzita.

Garai hori baino lehen, izan zen Al Andaluseko egoera ezagutu eta hartaz ere idatzi zuen egile arabiarrik, Mediterraneoko arro guztian barna ibilitako jendearen eta bidaiarien testigantzak entzunda, eta albiste-bildumarik ere idatzi zen. Egileetako bat, konparaziora, AbūḪa’far Muḥammad b. Ḫarīr b. Yazīd al-Ṭabarī historialari eta Koranaren iruzkingilea izan zen (Āmul, 224-5/839. urteko negua, eta Bagdad 310/923. urtea). Historia edo Muhtasar ta’rīj al-rusul wa-l-mulūk wa-l-hulafā izenburuko lana ondu zuen, gerora Abū l-Ḥasan Arīb Sa’īd al-Kātib al-Qurṭubī kronikari kordobarrak (980an hila) Muhtasar Ta’rīj al-Tabari izenburuko lanera kopiatua. Lan garrantzitsua da, kalifa abbastarren eta Magribekoen historia azaltzen baitu, 902. urtetik 932ra bitarte azaldu ere, musulmanek Iruñearen kontra egindako erasoaldien berri emateaz gainera. Lehen egile horiek emandako albiste- eta datu-sorta handi hura denboran zehar gorde zen, bai eta ondotik etorritako egileek idatzitako lanak ere, jakintza eta kultura bai idatziz (riwayāt) bai ahoz (samā’) zabaltzeko eta erakusteko ohiturari jarraikiz.

Bibliografia

Barrau-Dihigo, L., «Recherches sur l’histoire politique du royaume asturien (718-910)», in Revue hispanique: recueil consacré à l’étude des langues, des littératures et de l’histoire des pays castillans, catalans et portugais, 52. libk., 121. zk. (1921), 1.-360. or.

Larrea, J. J. eta Lorenzo, J., «Barbarians of dār al-islam: the upper march of al-Andalus and the Wester Pyrenees in the eighth and ninth centuries», in Vannini, G., eta Nucciotti, M. (argk.), La Transgiordania nei secoli xii-xiii e le «frontiere» del Mediterraneo medievale, Oxford: BAR, 2012, 277.-288. or.

Lévi-Provençal, E., «La conquista y el emirato hispano-omeya», in Historia de España, IV.España musulmana hasta la caída del califato de Córdoba (711-1031 de J. C.), Madrid: Espasa Calpe, 1976, 3.-53. or.

Lorenzo Jiménez, J., eta Pastor, E., «Al-Andalus ¿en la periferia de Vasconia?Sistemas de dominación de bilād Banbalūna y de Alaba wa-l-Qilā en la octava centuria», in Quirós Castillo, J. A. (koor.), Vasconia en la Alta Edad Media, 450-1000: poderes y comunidades rurales en el norte peninsular, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2011, 55.-69. or.

Viguera Molins, M.ª J., «Fuentes de al-Andalus (siglos xi y xii). I: Crónicas y obras geográficas», in Codex aquilarensis: Cuadernos de investigación del Monasterio de Santa María la Real, 13. zk. (1998). Zk. monografikoa: Valdés Fernández, F. (koor.), La península ibérica y el Mediterráneo entre los siglos xi y xii (I), 10.-32. or.

Aipamen bibliografikoa

Martínez Almira, Mª. M. “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 161-162.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP