Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE IRUÑEKO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Iruñeko Erresuma ernamuindu eta garatzen hasi zen urteetan, kulturgintzarako baldintza ezin hobeak osatzen hasi ziren. Izan ere, ix. mendean, eta x.ean, batez ere, Penintsulako iparralde kristau guztian, lurralde bakoitzeko memoria historikoarekin lotutako ekoizpena suspertzen hasi zen, hainbat arrazoi izan zirela medio, hala nola nolabaiteko egonkortasun politikoa lortu izana, elizako bizitza berrantolatu izana, mozarabiarrak erresuma jakin batzuetan kokatu izana eta Pirinioez haraindiko eskualdeetan hezitako jendea etorri izana. Gero eta ohikoagoa izan zen kodexak lurraldeen artean trukatzea, eta bereziki garrantzitsua bai monasterio handiek bai apezpikutegi batzuek betetako eginkizuna, egiazko guneak izan baitziren garai hartako prestakuntza intelektuala lantzeko. Horrela, poliki-poliki, irakaskuntzak monasterioetan eta katedral jakin batzuetan garatu, liburuak ekoiztu, eta kopistak harat-honat ibili ziren etengabe; hitz batez, hura benetako kultura- eta hezkuntza-mugimendua izan zen, oso egokia Goi Erdi Aroko lehen bi mendeetan eskuizkribuetan zegoen ia erabateko hutsunea betetzen joateko. Bisigodoen tradizio aberatsak indarberritzearekin batera, Galia karolingioan gertaturiko berritasunak sartu ziren, betiere mundu mozarabiarraren ekarpen urriak baina berritzaileak gutxietsi gabe. Idazketaren eta liburu-teknikaren garapen-hasiera ikusgarriaren ondorioz, liburutegi garrantzitsuak antolatu ziren —San Eulogiok Leiren eta Siresan bisitatu zituenak, adibidez—, eta haietan, lekua izan zuten bai garai klasikoko egile handiek, bai Agustin, Jeronimo eta gisako Elizako gurasoen obrek, bai eta bisigodoen garaiko egile handiek ere.

Iruñeko monasterio handiek eskolak zituzten eta, eskola haietan, monjeak oinarrizko eliz eginkizunetarako prestatzen ziren. Haietako gutxi batzuk notario izateko ere prestatzen ziren, eta beste batzuk, beste pauso bat eman, eta eskribau aritu ziren lanean, liburuak kopiatzen, hain zuzen. x. mendean, aldaketa garrantzitsu bat gertatu zen. Izan ere, beste egile batzuen obrak transkribatu edota kopiatzen zituzten eskribauekin batera, egile batzuk beren lanak hasi ziren idazten, Iruñeko lehen eskuizkribuetan jasota dagoen bezalaxe. Prozesu horren guztiaren adibide garbia da Albeldako San Martin monasterioan (Errioxa) gertatutakoa, errege Antso I.a Gartzezek sortutakoa (924), liburu asko kopiatu baitziren, haietako zenbait eder-ederrak, miniatura guztiz aberatsez hornituak daudelako. Adibidez, Albeldan gordetako kodexen artean, Ildefontsoren De perpetua uirginitate Mariae lanaren ale bat zegoen. Hain zuzen ere, Godeskalko apezpikuak ale horren kopia bat egitea eskatu zuen, monasterio horretara iritsi zenean, Compostelara erromes zihoala. Halaber, De uiris illustribus saila zeukaten, hots, Jeronimo, Genadio, Isidoro eta Ildefontsoren obren bilduma, betiere Brauliok eta Julianek egile haien lanei buruz egindako eranskinekin batera. Baina kopia soiletatik nork bere obrak idaztera egindako jauzi hori bikain mamitu zen Albeldako monasterioan, hantxe idatzi baitzen Códice Vigilano edo Albeldense eskuizkribu aparta, Iruñeko errege-familiaren gorazarretan ondua. Erregetza sortu berriak, hortaz, tresna egokiak baliatu zituen bere memoria biltzeko; adibidez, gisa horretakoak dira Genealogías de Roda eta Anales Pampilonenses direlakoak, biak ere beste leku batzuetako izkribu–kopiatzaileek onduak. Iruñeko lehen errege-dinastiak, halaber, Leodegundia andrearen eztei-abestia eta Iruñeko laudorioa zaindu zituen arreta handiz, bi-biak lan bitxiak baitira egiazki baina aldi berean arras miresgarriak.

Bibliografia

Bango Torviso, I. G. (zuz.), Sancho el Mayor y sus herederos. El linaje que europeizó los reinos hispanos. II, Iruñea: Nafarroako Ondare Historikoa Zaintzeko Fundazioa, 2006, 2. libk.

Jimeno Aranguren, R., «Sustrato cultural de la Vasconia altomedieval», RIEV Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria , 44. libk., 2. zk. (1999), 441.-454. or.

Lacarra, J. M.ª, Historia política del reino de Navarra. Desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. I, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1972.

Martín Duque, A. J., «Del espejo ajeno a la memoria propia», Martín Duque, A. J. (zuz.), in Signos de identidad histórica para Navarra, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1. libk., 1996, 21.-50. or.

Monreal Zia, G., eta Jimeno Aranguren, R., Textos histórico-jurídicos navarros. I. Historia Antigua y Medieval, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2008.

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Introducción”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 149-150.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP