Ibilbidea
1876an gerra karlista amaitu, eta garai berri bat hasi zen Euskal Herrian edo, hobe esateko, Hego Euskal Herrian. Karlosen jarraitzaileen porrotak ondorioak ekarri zituen. Gerraren sorburuak, sorburuek, kausak, kausek, iritzi, azterketa eta gogoeta ugari eman zituzten, eman dituzte, eta emango dituzte. Beti komeni da egiarantz hurbiltzea eta, hartara, hobe zehaztuko dugu gerra hori dinastia baten, erlijioaren edo foruen aldekoa izan ote zen… edo denetatik pixka bat. Batzuetan, ez da erraza jakiten gauzak zergatik hasten diren, ez eta zergatik jarraitzen duten ere, edo zergatik bukatzen diren. Gerrak aldatu egiten dira, eta horiek elikatzen dituztenen arrazoiak ere ez dira bat eta bera: gerra urrunetik sentitzen duen pertsona batenak, lubakitik bertatik hura pairatzen duenarenak, bi aipatzearren.
Gerraren jatorria hizpidea jarri zuen alde bateko zein besteko eta Ebroz alde bietako pertsona garaikideen artean; haren amaiera, berriz, arraza-zigortzat jo zuten hegoaldeko Baskoniako sektore ugarik. Karlistek horixe sentitzeak ez gaitu harritu behar: gerraren sorburua foruei buruzkoa izan edo ez, foruek balio izan zuten xingarrak hauspotu eta haiei gori-gori eusteko. Beste aldetik ikusia, berriz, liberalen artetik, erregimen pribatiboaren defentsa karlisten aitzakia besterik ez zen beharbada, propaganda hutsa, foruak kolokan ez zirenean. Haiek liberalak ziren, eta foruen aldekoak. Horregatik, Hego Euskal Herriko liberalek sentitu zuten galdu egin zutela irabazitzat zeukaten gerra.
Foruak borrokaren hasieran egon ez baziren, amaieran bederen egon ziren. Gainera, beste zerbaiten sorburua izan ziren. Foruen alde edo ez alde egoteak bertakotasuna aldarrikatzen zuen mugimendu bat hauspotu zuen, Zazpiak Bat osoa elkartzera heldu zena. Mugimendu hori abian jarri zuten nafarrek idatzi zuten bezala, beharbada bakarrik garaiko aldaketek berez ekarriko zuten euskalnafar kulturaren loraldi literario eta zientifikoa, baina era hain negargarrietan gertatu izan ez balitz, ez zen garatuko «malenkonia sendaezin» edo «amorru isilarazi» batez.
Pizkunde hori elite kultural batek ekarri zuen, Europako zientzia historikoaren aurrerapenaren eta Espainiako erakunde historikoen aldaketen epelean ernaldua, XIX. mendearen azken herenean umotua eta 1876an gerra amaitutakoan loratua. Elite horretako asko Espainiako Historiaren Akademiako urgazleak izan ziren, eta aitortza akademikoa zein instituzionala zuten, bai eta kanpokoa ere. Hartara, kanpotik Baskoniara hurbildu ziren ahotsekin buruz buru jarri ahal izan ziren harremanetan; izan ere, ahots horiek bertako autoreak eta horien jakituria ezagutu nahi zituzten. Bertako eliteak atzerriko pertsonaia askorekin izan zuen dialogo pertsonal eta intelektual horren bitartez, konplizitateak sortu ziren eta desadostasunak utzi zituzten agerian, baina batez ere nabarmendu zen bazutela elkarren berri jakiteko beharra.
Garai berriak elite hori izan zuen protagonista, talde-zentzua izan zuen Euskal Herriko lehendabiziko elitea. Haren barnean, bertako kide nabarmenenak, hala kuantitatiboki nola kualitatiboki, jabetu ziren pizkunde berri horretan aitzindari-lanean ari zirela. Bukatzeko, Europa aztoratzen ari zen aldarrikapen-mugimendu bateko beren lurraldeko ordezkaritzat zeukaten beren burua. Haiek hurbildu zituzten iparraldeko eta hegoaldeko Baskonia, eta hura bat eginik aurkeztu nahi izan zioten munduari. Bultzada horretan, iparraldeko senideen eredua eta babesa izan zuten lagun; izan ere, kultura-arloko haien azterketek, lanek eta dibulgazioak lankidetzarako eta ezagutzarako bide berriak zelaitu zituzten.
Mugimendu global horretan, bestearen bultzada eta eredua bilatu zuten, baina gainera, bestearentzako bultzada eta eredu bilakatu ziren, beharbada urrunetik besteen zailtasunak lausotzen direlako. Norbere tokiko ezaugarrien azterketa berpizteak ez zuen eragotzi Baskoniaz kanpora gure lurraldeari buruzko azterketarik egitea. Haiek ongi zekiten hori; izan ere, azterketa horiexek baliatu zituzten beren tesien arrazoiaren defentsan.
Ez zegoen itzulbiderik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-abolizioak eta Nafarroako 1841eko Legearen kontrako erasoak garai bati eman zioten hasiera, XIX. mendea zipriztindu zuen Erromantizismotik gero eta urrunagoa. Modernitateak bere legeak zekartzan, eta nahitaezko bihurtu zen erabaki bat hartzea, jatorriak argitzea, eta etorkizunak aukeratzea. Betiko maitasunak argitzeko eta hautatzeko prozesu horretan, askok ñabardurak ahaztu zituzten, eta alde batekin bat egin zuten. Ezer ez zen berdin izango gehiago. Ez zegoen itzulbiderik. Apustu bat egin zen etorkizun saihestezinak iragana guztiz estal ez zezan, bazetorren etorkizunean iraganari toki bat egokitzearen alde. Gerra amaitutakoan, gudua xehetasunetan borrokatu zen, burua altxatzen edo burua makurrarazten duten horiek. Dena kutsatzen amaitzen duten xehetasunak dira, norbera garaile edo garaitu aurkezteko modua ematen dutenak.
Beharbada horregatik, Baskoniak atzerritarren interesa pizten jarraitu zuen arren, ez zen berdina. Jada ez zen hain beharrezkoa garaitzea eta konbentzitzea, hegoaldeko Baskoniari buruzko kezkan Espainiako aldean hainbestetan hauspotu zen bezala. Borroka handia erabakita, politika alde batera gera zitekeen, inoiz ez desagertu, tokia utziz historiari, azterketa sosegatuagoari, ez hain gozakaitzari. Mende berrian, historia, arkeologia, hizkuntza eta beste ikasketetan aurreratu, horiek arautu, finkatu eta profesionalizatu egin ziren, eta hori ere lagungarri suertatu zen hurbilpen lasaiagoari eta ez hain interesatuari bultzada irmo bat emateko.
Mende baten amaierako eta hurrengoaren hasierako ataka erabakigarrian, batez ere bi tokitatik izan genituen begirada arrotzak. Pirinioez iparraldera zein hegoaldera Baskonia jada egonkorturik, Espainian eta Frantzian bildu zen batez ere batzuetan etxetzat eta bestetan arrotzagotzat hartzen zen tokiari buruzko interesa. Datozen orrialdeetan, Penintsulako hogeita hemeretzi ahots bildu ditugu. Nabarmentzekoa horien artean, sei katalanak direla jatorriz, emakume bakarra ere barne.
Euskaltasunari buruzko arretan, ia parean dituzte hogeita bederatzi ahots frantses. Gainerako zazpi erreferentziek, tartean direla hiru aleman eta bi ingeles, agerian uzten dute gure auzotarren arreta jaso dugula ia osorik.
Ahotsen hirugarren taldeak, geografiaz zein politikaz urrunagoak, pisu txikiagoa du, eta nabaritu daiteke horregatik ere bestelako interes bat duela Baskonian. Irudiko luke garai berrien zeinuak, ez hain erromantikoak, eta desberdin izatearren galdutako gerrak, bestearenganako erakarmena galarazten zutela. Irudiko luke lehengo lilurak atzera egin zuela eta interesa salbuespena zela, urria eta, batzuetan, anekdotikoa. Banakotasuna desagertzean… edo gutxitzean, atzerriko begiradek muga berriak eta beste lurralde batzuk bilatzen zituzten.
Frantses hurbilpenak jauzi kualitatiboa egin zuen, zientzia historikoaren garapena finkatuz. 1821ean, Luis XVIII.ak École National des Chartes sortu zuen, artxibategi, liburutegi eta museotako kontserbadoreak hezteko. Une horretan, Erromantizismo horrek Erdi Aroa deskubritu zuen, baina gainera historia berritzeko premia ikusi zuen, artxiboak, eskuizkribuak eta askotariko hizkuntzak zuzenean aztertuz, tradizioa eta jakituria bereiziz. Profesional berrien ordua izan zen, dokumentuen eta eskuizkribuen zientzian heziak. 1868an, Napoleon III.aren dekretu inperial batek École Pratique des Hautes Études ezarri zuen. Helburua zuen mundu akademikoan ikerketa sartzea eta heziketa akademikoa sustatzea, ikerketaren bidez.
Historia-ikerketek Achille Luchaire eta Arthur Giry Iruñera ekarri zituen 1881ean. Bada, Nafarroako Artxibo Nagusiko dokumentuekin liluraturik geratu ziren. Giryk, École National des Chartesko lehendabiziko promoziokoak, nafar funtsen azterketa bultzatu zuen bi erakunde frantses haietako bere jarraitzaileen artean. Jean Auguste Brutails eta Léon Cadier, urrunerago gabe, 1880ko hamarkadan bertan heldu ziren Iruñera. École National des Chartes eta École Pratique des Hautes Études, era horretan, hispanismo frantses berrituaren buru bihurtu ziren, eta historiografia nafar berria finkatu zuten.
Desdevises du Dezért normandiarra École Pratique des Hautes Étudesko diplomatua izan zen ere, eta 1886an Nafarroako Artxibo Nagusia bisitatzeko bekaduna. Bada, berak uztartu egin zituen Pariseko heziketa akademikoa zein unibertsitatea eta hiri buruzagi frantsesaz kanpotik zuen eskarmentua. Hispanista itzaltsu horrek, metodo positibistan eta iturrien erabilera oparoan oinarrituz, antzeko ondorio erromantikoak atera zituen hegoaldeko Baskoniaz hura aztertu zuenean: foru oasi bat zela Espainiako axolagabekeriaren aldean.
Pariseko erdigune horretatik at, baina historiografia modernoaren sorreran funtsezkoa, Prosper Boissonadek Nafarroari buruzko azterketak egin zituen. Historiaren abangoardian kokatua eta, Desdevises du Dezértekin batera, beste hispanista frantses handia kontsideratua, Paue, Simancas eta Iruñeko artxiboen aberastasunaren berri zabaldu zuen, bai eta Nafarroako Erresumaren independentzia galerari buruzko alimaleko bibliografia frantsesaren berri ere. Haren tesia, Histoire de la réunion de la Navarre à la Castille. Essai sur les relations des Princes de Foix-Albret avec la France et l’Espagne (1479-1521), 1893an argitaratua, ezin besteko erreferentzia bilakatu zen Nafarroaren konskistari buruz, bai eta nafarrentzat ere. 1921ean Amaiurri buruzko polemika harrotu zenean, alde banatan Victor Pradera eta Erresuma zaharreko ia intelektual guztiak zituela, historialari frantsesaren lana aterpe bilakatu zen batzuentzat zein besteentzat. Aztertutako gertaerekin zuen distantzia pertsonalak eta profesionalak, bere ikerketen seriotasun eta sendotasunak eta irrika europarrak ezinbesteko irakurgai bihurtu zuten norbere tesiak babestu eta kontrakoenak indargabetzeko orduan.
Pere Bosch i Gimpera katalanak, 1941etik Mexikora erbesteratuak, Pirinioez hegoaldeko historiografia profesional berria adierazten du. Historialaria, arkeologoa, antropologoa izan zen, bai eta historiaurrelari ere, eta euskal herri eta hizkuntzaren jatorria aztertu zuen. Ildo profesionalago horretan kokatu behar da Maria Comas Ros, katalana ere bai eta emakume bakarra, eta Antonio Rubio y Lluch bartzelonarra, Valladoliden jaioa, erakutsi ziguna Grezian nafarrak zebiltzala Karlos II.a Gaiztoaren erregealdian. Beste katalan batek, Jose Maria Millàs Vallicrosak, mundu arabiar eta juduari erreparatu zion bere azterketetan, bai eta Nafarroari ere.
Meyer Kaserling jada 1861ean bilakatu zen aitzindari, Nafarroako judutegiaren gaineko bere ikerketen bidez. Beste autore arrotz batek, Jose Amador de los Riosek, germaniarrari erantzun zio 1875-1876ean, eta eztabaida hori lagungarri suertatu zen Nafarroako juduen historiari buruzko azterketa abian jartzeko.
Akademiatik urrunago, berriz, espainiar interesak edo interes ezak jauzi egin zuen premia politikoei arreta jartzetik premia juridikoei jartzera. XIX. mende amaieran Kode Zibila bateratzea gudu-zelai bihurtu zen. 1876an gerra amaiturik eta armen akuiluz batasun konstituzionala segurtaturik, isuritako odola lege bihurtzea zen garrantzitsua. Batasunaren gorespenak uniformitatea baizik ez zezakeen ekarri, desiratua edo beldurrez hartua.
Mendeen joanean, hizkuntza, erlijioa eta, are, etnia bateratzen joan ziren: hizkuntza bakarra, kredo bakarra eta herri bakarra. Bideak ez ziren izan berdinak Pirinioez iparraldera edo hegoaldera, baina helmugan gogo berbera zegoela zirudien. XIX. mendea eta bere nazionalismo erromantikoa bateratze lan hori burutzera zetozen, baina iragan Erdi Aroari eta haren dibertsitate aberasgarriari buruzko lilura ekarri zuen, halaber. Borroka hori, batzuetan, baioneta kolpez ebatzi zen, eta irabazleak bere arauak eta legeak ezarri zituen: legea.
1885ean, Grazia eta Justiziako ministroak, Francisco Silvelak, Oinarrien Lege egitasmo berri bat aurkeztu zuen Gorteetan hurrengo Kode Zibila erredaktatzeko. Bertan, aurreikusten zen Kode berria egindakoan indarrean jarraituko zutela foru zuzenbideetako legeek, foruek, foru-xedapenek, usantzek, ohiturek eta doktrinak. Beraz, Kodea osagarria izango zen Zuzenbide Propioa zuten lurraldeetan, bai eta Erromatar Zuzenbideak eta Eliza Zuzenbideak arautzen zituzten gaietan ere.
Kode Zibila, azkenean, 1888-1889an onartu zen, eta Espainiako Estatu liberalaren zuzenbide-antolamenduaren iturrien sistema diseinatu zuen. Kodeak hauexek zituen Zuzenbidearen iturriak: lehendabizi, legea eta, legerik ezean, tokiko ohitura eta, bi horien ezean, Zuzenbidearen printzipio orokorrak, jada 1882ko Egitasmoan aurreikusiak. Baztertu egin zen jurisprudentzia.
Testu berriak jarraipena eman zion ohiturari foru-zuzenbideetan oinarriturik, ezartzen baitzuen foru-zuzenbideko probintziek eta lurraldeek «oraingoz bere osoan eutsiko diote»la beren zuzenbideari eta, beraz, Kodearen argitalpenak ez du aldatuko haien araubide juridikoa, idatzizko edo kontsuetudinario. Izan ere, Kodea indarrean izango zen «beren lege bereziak dituzten [probintzien eta lurraldeen] zuzenbideen zuzenbide osagarria izateko». Kode Zibil hori, bada, arau bihurtuko zen foru-zuzenbideak arautzen ez zituen alderdi guztietan, ohiturara edo zuzenbidearen printzipio orokorretara jo baino lehen.
Kodea ondu zuen batzordean Burgosko Alonso Martinez zegoen, Berrezarkuntzako gizon erabakigarrietako bat. Bizkaiko Foru Aldundiaren abokatu-lanetan aritua zen bere ibilbide profesionaleko lehendabiziko urteetan, eta haren lana ezinbestekoa izan zen Espainiako Zuzenbide Estatua sendotzeko pauso berri horretan.
Federico Barrachina alacantarraren obrak nabarmendu du batez ere Zuzenbide Komuna eta Foru Zuzenbidea bateratzeko kodegintzak ezin zuela ekarri zuzenbide eta herri batzuek besteak asimilatzea. Antzeko ildotik, Manuel Duran i Bas katalanak Foru Zuzenbideak goretsi zituen, ez hainbeste salbuespentzat hartuz nola Gaztela barneko Zuzenbide desberdintzat, eta hispaniar monarkiaren aurrekotzat. Zuzenbide horiek Zuzenbide komuna ziren beren lehengo nazionalitateetan. Bakarrik Espainiako herrien instituzio zibilak errespetatuz saihestu ahal izango zen separatismoa. Batasun soziala ezin zen inposatu.
Aditzera eman da Burgosko Benito Gutierrez izan zela 1889ko Kode Zibilaren zati handi bat ondu zuenetako bat. Gutierrezek bazekien Foru Zuzenbideak iraun egingo zuela Kode Zibilean, modu batera edo bestera, horretan ondo integraturik, dela gehigarri gisa, dela salbuespen bidez. Ulertu zuen foru-legediak ez zirela «zuzenbide zaharkitu bat», ez eta museoko pieza ere. Aldiz, toki aberats eta jendetsuetako orduko legeria zen, ezagutzera eman beharrekoa; izan ere, «batasun nazionalak harreman komunak sortzen ditu, eta denok, beraz, denok gaude interesaturik zuzenbide horiek aplikatzeko». Zuzenbide horiek laudaturik ere, pentsatzen zuen Gaztelar Zuzenbideak behar zuela Kode berriaren euskarri. Haren inguruan harilkatu behar ziren foru-legeak, horiek «osoki» gaitzetsi gabe.
Sanchez Roman valladolidtarrak ere argi zuen. Batasun juridikoaren defendatzailea zen, eta adierazi zuen «zerbitzu nazional biziki garrantzitsua» zela. Luis Silvela madrildarrak, aldiz, foru-lurraldeei Gaztelar Zuzenbidea etengabe inposatzearen kontra agertu zen. Biek ere bi antolamenduak, ezinbestean, elkarrekin existitzearen alde egin zuten: legeria bakoitzak bere tokia behar zuen antolamendu juridikoan.
Lege batzuk besteei gailentzearen defentsa, elkarrekin existitzea edo haietako baten bat desagertzea pragmatismo eta konbentzimendu kontuak ziren, hor artean nonbait. Kode berriak batasuna salbatzea nahi zen, eta ahots arrotzak askotarikoak ziren, inposiziotik hasi eta errespeturaino. Batasunak zatiketa ekar zezakeen, eta zatiketak, berriz, batasuna.
Noski, Oinarrien eta Kode berriaren erredakzioak batez ere beren Foru Zuzenbidea zuten lekuak aztoratu zituen. Alde instituzional eta juridikoenean, 1889an Nafarroako Aldundiak iritzia eskatu zion Iruñeko Abokatuen Elkargoari Kode Zibileko artikuluetan 1888ko maiatzaren 11ko oinarriei eman zitzaien garapenaren gainean, 1841eko abuztuaren 16ko Legeari eragiten zioten neurrian. Bada, Elkargoaren irizpenak ondo laburbildu zuen legeria bereziko lurraldeek errealitate juridiko berriaren kontrako jarrera izango zutela.
Erantzunean, Elkargoak berehala zerrendatu zituen Nafarroako Zuzenbidearen iturriak: Espainiako Gorte Nagusietan 1841etik bozkatutako lege zibilak, salbu eta espresuki lege berezietako lurraldeetan ez aplikatzeko zehaztuak; Gorte horietan, 1841 aurreko garai konstituzionaletan bozkatutako lege zibilak; Nafarroako Erresumak 1724tik 1828ra bozkatutako zortzi koadernoetako legeak; Nafarroako Novísima Recopilación bildumako legeak, Nafarroako Gorteek 1512tik 1716ra bozkatuak; Foru Orokorra argitaratu ondoren Gorte horiexek bozkatutako legeak, artean ere aplikatu beharrekorik balego; Foru Orokorra; Erromatar Zuzenbidea, osagarri gisa, eta haren ondoren, osagarri ere, Kode Zibila.
Ondorioz, nafar abokatuek idatzi zuten Kode Zibil horrek bakarrik atariko tituluaren eta haren lehen liburuaren beste xedapenak egiten zituela nahitaezko Erresuma osorako; gainerakoetan, berriz, foru-lurraldeei dagokienez, bakarrik osagarri deklaratzen zuela Kodea eta, are, beste kode osagarrien osagarri eta, beraz, ezin zen orokortzat hartu. Izaera ez orokor, osagarri, partzial eta mugatua edukiagatik, abokatu horiek berehala ohartarazi zuten Kode Zibil hori Nafarroan ezartzean haren legeria guztia aztoratuko zuela, bai eta suntsituko ere, neurri handi batean.
Nafarroak lortu behar zuen Lege Itunduko 2. artikulua errespetaraztea, artikulu horrek bermatzen baitzuen justizia-administrazioak legeria bereziaren arabera jarraitzea harik eta «Erresumako probintzia guztietako askotariko lege pribatiboak kontsideratuz Monarkia arautu behar duten Kode nagusiak eratzen diren arte». Bakarrik era horretan geratuko zen salbu mugagabeki Zuzenbide zibil pribatibo osoa. Hori ere, ordea, ez zen zuzena. Gobernuak artikulu horixe alega zezakeen Kode orokor bat ezartzeko, foruen errespeturik gabe. Eta gehiago ere bai. Estatu nazionalaren burujabetza zela eta, ez zuen artikulu horren beharrik ere. Horren froga onena zen Gobernuak Eskualde Zuzenbidea ukatu berri zuela, deklaratu zuenean indarrean zegoela harik eta aukera politikoaren zain hura abolitzen zuen arte.
Gainera, Iruñeko Abokatuen Elkargoaren iritziz, Oinarriak garatu zituen Kodeak gehiegikeriaz jokatu zuen eta ez zen zorrotza izan haiekin. Kodearen askotariko atalen arteko erlazioa zela-medio, eta onarturik Kodearen xedapen batzuk osagarriak zirela (logikoa den bezala, nafar zuzenbidea ez baitzen nahikoa eta erromatarrak ez zuen kasuistika guztia aurreikusten), haren eraginak paso egingo zuen arazoaz, eta «joera inbaditzailea» erraztu.
Hori gutxi balitz bezala, nafar legedia geldiaraztera behartzen zuen, ohitura utzi egiten baitzion Zuzenbidearen iturri izateari, tradizioaren kontra. Horixe zen, hain zuzen, bere nortasun juridikoa salbatzeko zirrikitu bakarra. Ondorioa argi zegoen. Legeria propioa krisialdi batean besterik ezin zen erori. Kode Zibilaren zuzeneko edo zeharkako eraginak kolokan jarriko zituen. Gainera, justizia-auzitegien osaerak Kodearen alde ebatziko zituen gatazka gehienak, denak ez baziren.
Gaia ezin garrantzitsuagoa zen. Azaltzen zutenez, lege zibilak ziren garrantzitsuenak; izan ere, haien mende zegoen herriaren gizarte-egoera. Iruñeko Abokatuen Elkargoak amaitzen zuen esanez Nafarroak gauza handiak eta onak galdu zituela mendearen joanean, baina beste lege horiei esker eutsi ziola bere nortasunari. Orain, berriz, «aizkora berdintzaileak» enborraren sustraia bera jarri zuen mehatxupean. Agintariek, «izan denari uko egin nahi ez dion herri baten izenean», erreklamatu behar zuten Nafarroan ez zedila Kode Zibila aplikatu, edo behar bezala eralda zitezela haren hainbat artikulu.
Katalanak ere beren legeriaren alde mobilizatu ziren, pauso berri bat emanez katalanismo politikoa finkatu eta definitzeko bidean. Politikak legea egiten baitu, eta legeak politika. Juan Iturralde nafarrak espero zuen kasu egingo zietela Pirinioez beste muturreko biztanleen erreklamazioei. Idatzi zuenez, uniformitatea politikan txarra da, bai, baina are okerragoa legeria zibilean. Bi herrialdeek beren legegintza atribuzioak galdu zituzten eta, beraz, geldiaraziak zituzten beren lege zibilak, eta ez ezin zituzten eraldatu beharrizan berrietara egokitzeko. Legeria propioak ez zien jada garai berriei osoki erantzuten, baina hari eutsiz gero, bazen esperantza; aldiz, lege arrotzak onartuz, ez. Hautu horixe egin zuen Kataluniak, eta Nafarroak horixe bera hautatu behar zuen. Dirudienez, Iruñeko Abokatuen Elkargoak antzeko argumentuak baliatu zituen Kode Zibil berriari aurka egiteko.
Zuzenbideak bere iturriak behar zituen ez hiltzeko. Hala hegoaldeko Baskonian nola Katalunian, iturri hori agorturik zen, eta gorde zenak jada ez zuen balio, gero eta gutxiago balio zuen. Hala ere, hari eutsi behar zitzaion. Sakonean, legegintzarako gai zen bertako botere baten aldarrikapena besterik ez zen, borroka bat garai berrietara egokituz bertako Zuzenbideari eusteko eta hobe eguneratzeko. Botererik gabe, ez dago legerik ere ez.
Aldiz, jada ez zegoen botererik ere ez, edo gutxiago zegoen. Iturraldek, Abokatuen Elkargoak baino instituzionaltasun gutxiagoz, kritikatu egin zuen «batasuna eta uniformitatea» nahasten zirela eta, horretarako, historian eta legerian bilatu zutela, ahaztuz legeak ohituren isla zirela, mendeen eta arbasoen jakituriaren obra, eta amesten zutela familiaren eta jabetzaren antolamendua eraldatzea, Gaztelakoari asimilatzeko. Gainera, uniformitate hori hizkuntzan ere bilatu zuten, «zertarako eta denek berdin pentsatuko zuten une irrikatua heldu bitartean, gutxienez, denak era berean espresa zitezen».
Lege-batasunak beste batasun batzuk ekartzen zituen, eta beste batasunek legea. Ez omen zen batasuna uniformitatearekin nahasi behar, baina nafar foruzaleek ez zuten nahi ere batasun nazionala eta batasun politikoa nahasterik. Ezagutzen zuten zein zen aldea. Batasun nazionalak arbasoen espainiar aberria ekartzen zuen gogora, Nafarroan nafarrek eta Probintzia Baskongadoetan baskoek agintzen zuten garaia. Ariman funtsatzen zen aberriaren batasun hori nahi zuten, ez muturreko legeetan, erregelamenduetan eta uniformitate bidegabeetan oinarritutako batasunik. Horregatik, foru osoak erreklamatzen zituzten, bateragarri aberriaren batasunarekin, eta bateraezin batasun nazional dontsu harekin. Uko egiten zioten batasun nazionalaren fetitxe horri, adierazten zituelako «tirania, uniformitatea, zentralizazioa, periferiaren zapalketa, erdialdearen pribilegioak, nazionalitatea osatzen zuten herrien eskubideen ukapena». Kontra egin behar zitzaion indarrean zen batasun-politikari, ahalegintzen baitzen denek «gauza berdinak ordu berean eta modu berean» egin zitzaten.
Atzerriko haizeek indartsu eta hainbat norabidetan jotzen zuten, bai eta hemen ere. Nazionalismo batzuen aztoramendua, beste batzuen kemena, Mundu Gerra Handia, Espainiako Gerra Zibila eta geroko diktadura eta Bigarren Mundu Gerra, esate baterako, Baskoniak munduarekin eta bere buruarekin zuen harremanaren kausa eta ondorioa izan ziren.
Politika handiak eta haren adierazpen odoltsuenek uniformitatearen alde jokatzen bide zuten. Mundu gerrek eta kanpoko etsai komun baten kontra borrokatzeak areagotu egin zuten iparraldeko Baskonian Frantziako partaide izatearen sentimendua. Instituzioen babesik gabe, aspaldi galduak baitziren, bertako hizkuntzak eta kulturak babes ezegonkor bat eman zuten asimilazioa osoa bilaka ez zedin. Hori izan zen iragan loriatsuaren azken aterpea, bi aberrien maitasuna bateraezintasunik gabe errazago uztartzeko baliagarri. Aterpe horrek, halaber, balio izan zuen zerbait berriaren ernamuina gorde eta elikatzeko, kulturatik eszenategi politikoa zipriztinduko zuena.
Hegoaldeko Baskonian ere izan ziren gerra deklaratu eta isilak. Sarritan, etsai komunik gabeko gerrak ziren, etsaia norbera zelako, eta garaileak zein garaituak izan zituzten. Norberarena defendatzeak, norberarena elkarrekin defendatzeak, nahiz eta bertako erakundeak eduki, eta botere galdu berriaren oroitzapenak betiereko afektuak aukeratzeko beharra ekarri zuen. Aldiz, historia desberdinek etorkizun desberdinak elikatu zituzten, ez bakarrik Pirinioen alde bateko zein besteko lurraldeena. Hegoaldean ere, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, alde batetik, eta Nafarroak, bestetik, bide desberdinak hartu zituzten, eta horrek zapuztu egin zuen 1876ko karlistaldiaren amaierak ekarritako hurbilpena.
Era berean, euskal nazionalismoa agertu zen, beste leku txiki batzuetan bezala, urrutirago gabe Katalunian, eta jauzi egin zuen nazionalismoen eszena handira. Estatu handiak sortzen ari ziren nazionalismoek edo nazionalismoak sortzen ari ziren estatu handiek beste zerbait nahi zuten tokiekin egin zuten topo: kontrapisu edo kontrabotere bat. Dialektika horretan, eragile berri hark sentimenduak aztoratu zituen, eta karta berdinekin jokatzeko eta beste aldeari maila berean begiratzeko beharra mahaigaineratu zuen. Bidegurutzean, bidegurutze berrian, bideak hautatu beharra suertatu zen, bide desberdinak. Garai berriek, gainera, irabazleen aldera eraman zituzten batzuk, eta garaituen aldera besteak, nahiz eta azkenean denek galdu. Kontua zen orainak iragana errespetatuko zuen etorkizun batera eramatea. Ahalegin horretan, leku bakoitzak, pertsona bakoitzak, bere hautua egin zuen, hautua egiten jarraitzen du.
Ahots arrotzek, bestearen ahotsek, urrunetik geure burua ezagutu eta identifikatzeko balio dute. Balio dute hobe ezagutzeko zerk elkartzen gaituen, eta zerk banatzen, geure burutik eta besteengandik. Hain zuzen, ondoren zerrendatzen diren pertsonaiek ispilu hori piezaz pieza eraikitzen dute. Ikus dezagun, bada, geure burua.
Bibliografia
COLEGIO DE ABOGADOS DE PAMPLONA, Dictamen formulado por el Ilustre Colegio de Abogados de la M. H. ciudad de Pamplona acerca del Código civil, Iruñea: Imp. Provincial a cargo de V. Cantera, 1889.
«Une institution au service de l’histoire et du patrimoine depuis 1821», École Nationale des Chartes. Online arg.: http://www.chartes.psl.eu/fr/rubrique-ecole/institution-au-service-histoire-du-patrimoine-1821 (2021eko martxoak 8).
École Pratique des Hautes Études. Online arg. https://es.other.wiki/wiki/Ecole_Pratique_des_Hautes_Etudes (2021eko martxoak 8).
ITURRALDE Y SUIT, J., «La política foral en Cataluña: IV y último», Lau-Buru, 1885eko apirilaren 29a eta «Carta de un regionalista a La España Regional», Lau-Buru, 1886ko uztailaren 23 eta 24a.
«El espíritu euskaro», Lau-Buru, 1882ko martxoaren 19a.
«La guerra a la centralización», Lau-Buru, 1882ko ekainaren 4a.
«El gran fetiche», Lau-Buru, 1884ko urriaren 9a.
NIEVA ZARDOYA, J. L., La idea euskara de Navarra, 1864-1902, Bilbo: Fundación Sabino Arana = Sabino Arana Kultur Elkargoa, 1999.
SERNA VALLEJO, M., «La Codificación civil española y las fuentes del Derecho», AHDE, LXXXII (2012), 11-36. or.





