Ibilbidea
Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, Arabako historia politikoan eta instituzionalean iragana eta geroaren arteko mugarria izan zen 1876ko uztailaren 21eko Legea. Lege arau horrek ez zituen Foruak formalki ezeztatzen, zerga-salbuespena eta salbuespen militarra besterik ez, baina praktikan, 1877an hiru «Probintzia Baskongadoak» direlakoen instituzio tradizional guztiak eraitsi ziren (Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia, Aldundi Probintzial batek ordeztua). Foruzale intrantsigenteen erresistentziak, arabarren kasuan Domingo Martinez de Aragon foru garaiko azken diputatu nagusiak eta Mateo Benigno de Moraza Gorteetarako diputatuak ordezkatuta, ez zuen balio izan aldaketa hori eragozteko; gogoangarria izan zen, baina arrakastarik gabea, azken horrek Kongresuan Foruen kontserbazioaren alde hitzaldi baten bidez egindako aldarria.
1878an Kontzertu Ekonomikoa ezartzeak zerga-autonomia itzuli zien hiru probintziei, eta horri esker euskal probintzien espezifikotasuna mantendu zen, Borboien Berrezarkuntzako erregimena oso zentralista izan arren. Itundutako erregimena sendotzeak —zenbait aldiz berritua izan zen aldi honetan— Aldundi Probintzialak autonomia administratibo apur bat berreskuratzea ekarri zuen gainera. Bizkai eta Gipuzkoako kasuan ez bezala, Arabakoan Kontzertu Ekonomikoak eta harekin batera zihoazen berezitasunek —besteak beste, Miñoien erakundeak irautea— gerra zibilaren krisia gainditu zuten eta frankismoan mantendu ziren, Trantsizioan euskal autogobernua berreskuratzearekin bat eginez.
Baina, 1878 inguruan, oraindik denbora falta zen Kontzertua Canovas del Castilloren Gobernuaren behin-behineko kontzesiotzat hartzeari utzi eta berriz ere eskubide historikotzat interpretatzeko. Foruak galtzeak etsipen-sentsazioa eragin zuen elitearengan eta, beharbada, baita arabar gehienen artean ere. Horren ondorioz, hurrengo hamarkadetan Arabako pentsalarien, egunkarien, erakundeen eta alderdien etengabeko errebindikazioa izan zen Foruen berrezarpena, kolore guztietako prentsan foru-abolizioen urteurrenetan islatzen zen bezala. Dena den, talde politiko bakoitzak modu desberdinean, are kontraesankorrean, interpretatzen zituen galdutako Foruak: karlistentzat euskal gizarte tradizionala, Antzinako Erregimeneko Monarkia katolikoaren barruan, mantentzeko bermea baziren, errepublikanoentzat erregimen demokratiko bat ziren (are federala avant la lettre), eta sortzen ari zen euskal abertzaletasunarentzat euskal lurraldeen subiranotasun-kodeak, espainiar Estatuak manu militari ezeztatuak, Karlistaldien amaieraz baliatuz.
Gasteizen kasuan, faktore horiengatik eta beste batzuengatik «lilura galdutako hiri batez» hitz egin zen, Tomas Alfaro Fournierren esanetan. Arabako hiriburuan Foruen galerari kultura-oparotasuneko aldi baten (Iparraldeko Atenas) amaiera iritsi izanaren irudipena batu zitzaion; baina izan zituen galera nabarmenagoak ere, besteak beste, 1893an Gasteizko Kapitaintza Jenerala Burgosera lekualdatu zenean. Gainera, Arabak euskal probintzietako alaba txiroa izaten jarraitzen zuen, hurrenez hurrengo Kontzertu Ekonomikoetan Estatuari ordaindu beharreko kupoaren banaketak islatzen zuen moduan. Bizkaiaren eta, neurri apalagoan, Gipuzkoaren hazkunde bizkorraren ondoan, Araba ia batere ez zen hazi: 1860ko biztanle-kopurua, 96.000, errepikatu egin zen 1900ean; ondoren, hazkunde txiki bat izan zen, 1930ean 104.000 biztanlera iritsiz. Ia hazkunde guztia Gasteizen bildu zen, 32.000tik 40.000 pertsonara igoaz 1900 eta 1930 artean; aldiz, Arabako landa-eremuak biztanleak galdu zituen. Biztanle batzuek garapen ekonomiko handiagoko lekuetara emigratzen zuten, lan aldetik eta pertsonalki hobetzeko aukerak eskaintzen zizkieten lekuetara.
Nekazaritzak Arabako aberastasun-iturri nagusia izaten jarraitzen zuen. Arabako Errioxako mahastien garapena nabarmentzen zen hor, 1860ko hamarkadan, bertako ardoen kalitatea hobetzeko Aldundiaren ekimen baten bidez «Medoc arabarra» sartu ondoren. Gainera, urte horietan nekazaritza-ekoizpenaren hazkunde orokorra ere izan zen, batez ere Lehen Mundu Gerraren testuinguruan, makineriaren eta patata eta erremolatxaren laborantza intentsiboa sartu izanari esker. Industrializazioa motela izan zen, Gasteizko enpresa gutxi batzuetara, orokorrean txikiak, eta lurraldeko nukleo isolatu batzuetara mugatuz; besteak beste, Araiako Ajuria y Urigoitia metalurgika eta Maeztuko asfalto-fabrika. Izatez, XX. mendeak aurrera egin arren, Gasteizek probintzietako hiri txiki bat izaten jarraitu zuen, hirugarren sektorean oinarritutako ekonomiarekin. Ez ziren modernizazioarekin zuzenean lotura zuten zerbitzuak, hala nola, kuartel militarrak, etxe-zerbitzua eta erlijio-etxeak. Zentzu horretan, Kapitaintza Jenerala Burgosera lekualdatzea hiriarentzat galera handitzat hartu zen, herri-protesta bat ere antolatu zelarik; horri esker, hiriari beste kuartel batzuekin ordaindu zitzaion, besteak beste. Bestalde, Gasteizek 1862an ezarritako Diócesis Vascongada delakoaren egoitza mantendu zuen, hiru probintzien gaineko eskumenarekin. Estamentu militarrarekin batera, gotzaindegiak joera baketsua eman zion hiriari, «arrantxoz eta ur bedeinkatuz bustitako hiriarena». 1900ean Banco de Vitoria bankua sortzeak teorian suposatu zuen garapen-aukerak ere ez zuen ekarri berekin Gasteizko ekonomiaren eraberritze eraginkorrik. Bertako burgesiaren kapitalaren zati handiena ez zen industrian inbertitu, balore seguruagoetan baizik; besteak beste, zor publikoan eta onibar urbanoetan.
Ikuspuntu sozialetik ere XIX. mendeko azken hereneko eta XX.eko lehenengoko Arabako egoera oso desberdina zen Bizkai eta Gipuzkoako zati askotako bizitasunaren aldean, eta antz handiagoa zuen Nafarroakoarekin. Landatar mundua nahiko egonkor mantendu zen, nahiz eta modernitatea pixkanaka sartzen joan zen, komunikabideak perfekzionatu ziren heinean (errepideak hobetzea eta Aldundiaren ekimena izandako Ferrocarril Vasco-Navarro trenbidea). Gasteizen bizitasun handiagoa nabaritu zen XX. mendea aurrera joan zen heinean. Langile-mugimenduaren garapena motela izan zen, hirian ia ez baitzegoen benetako fabrikarik, lantegi txikiak baino ez, eta hasiera batean neurritasuna izan zen ezaugarri. 1897an sortu zen zenbait lanbidetako lehenengo sozietatea eta 1900ean izan zen nabarmentzeko moduko lehen greba, zurgintzako langile-talde bati eragin ziona. Fabrika sendoagoak ezarri zirenean (besteak beste, Ajuria y Aranzábal metalurgika), tokiko atalak agertzen hasi ziren sindikatuetan: UGT, CNT, katolikoak eta, geroago, ELA-STV euskal nazionalista. Beste euskal hirietan ez bezala, anarkosindikalismoak indar handia izan zuen Gasteizen, eta Bigarren Errepublikaren hasieran sindikatu indartsuena izatera iritsi zen, Arabako Errioxako zenbait eskualdetara zabaltzeaz gain. ELA-STV ere, nahiz eta beranduago ezarri, baliatu zen sindikatu katolikoen krisiaz, azkar zabaltzeko, eta 1936 inguruan probintziako sindikatu oparoena izatera iritsi zen.
Testuinguru hori kontuan izanda, masa-gizarte berriaren berezko aldaketak apurka sartzen joan ziren hiriburuan eta, askoz neurri apalagoan, probintzian. Horrela, 1896ko lehenengo emanaldi zinematografikoen ostean, oraindik ere ibiltariak, ikuskizun herritarra bihurtu zen zinema berehala; film-emanaldietara espresuki zuzendutako aretoak ireki ziren eta, geroago, ibilbide luzea izan zuten enpresak, hala nola, VESA (Vitoriana de Espectáculos S.A.). Kirol modernoaren iritsiera ere —ohitura tradizionalekin, adibidez pilotarekin, bateragarria zena— aldaketa sozialen prozesu horretan kokatzen da.
Gasteizen atletismoa, mendizaletasuna, txirrindularitza eta tenisa praktikatzen hasi ziren; azken hori, beste kirol batzuk ez bezala, hasieratik egon zen irekia estutasunik gabeko klaseetako emakume gazteei. Sport delakoa hasieran praktika izan zen, eta ondoren ikuskizuna, aldi berean balio izan zuelarik gizarte-kohesiorako eta klaseen bereizketarako: adibidez, Vitoria Club-ek bertako eliteak biltzen zituen. Atzerapenarekin izan bazen ere, futbola berehala bilakatu zen masa-kirol nagusia; horren mugarri izan zen Deportivo Alavés-en sorrera 1921ean, hiru urte beranduago Mendizorrotzako estadioa inauguratu zuena. Ildo beretik, beste sozializazio-gune batzuk agertu zirela aipatu behar da (tabernak, musika modernoko aretoak, etab.), taberna herrikoiekin eta gutxi gorabehera aristokratikoak ziren zirkulu eta kasinoekin batera bizi izan zirenak; baita modan eta emakumeen gizarteko zereginean izandako aldaketak ere, oso gutxika bada ere protagonismo handiagoa hartzen joan zirelarik Araban.
Oraindik denbora pasako zen irratigintza, masa-gizartearen garapenaren beste funtsezko elementu bat, Araban agertu arte. Lehen irrati propioa, Radio Vitoria, ez zen 1934ra arte sortu, nahiz eta hamarkada bat lehenagotik Arabako irrati-entzuleek Estatuko eta nazioarteko beste irrati batzuk entzuten zituzten. Hala ere, aurretik sortua zegoen prentsa, eta hiriburu handietako egunkarietatik oso urrun izan arren, dagoeneko moderno eta herritartzat har daiteke. XIX. mendeko eliteentzako prentsa edo El Anunciador Vitoriano (1878-1898) aldizkariaren gisako bitarteko ereduak atzean utzita, garai hartako Gasteizko bi egunkari handiak agertu ziren: hasieran liberala eta ondoren errepublikanoa izan zen La Libertad (1890-1937) eta Heraldo Alavés (1901-1932) katolikoa, ondoren, zalantzarik gabe karlista zen Pensamiento Alavések (1932-1967) ordezkatu zuena.
Igarotze aldi bat zenez, komunikabide berri horien etorrerak ez zuen erabateko haustura ekarri XIX. mendeko berezko kultura-hedapenarekin. Dena den, erakunde batzuk, besteak beste, Gasteizko Unibertsitate Librea eta Cervantestar Akademia desagertu egin ziren; beste batzuk, Ateneoa adibidez, krisian sartu ziren. Gauza bera gertatu zen aldizkari kulturalekin; besteak beste, Fermin Herranen Revista de las Provincias Euskaras (1878-1881) aldizkariarekin. Nabarmendu beharra dago XIX. mendeko arabar kultura osatzen lagundu zuten idazle, historialari eta legelariek prentsa herritarrerako jauzia eman zutela, dibertsio modernoetako protagonista izan zirela eta masa-kirolaren garapenean aktiboki parte hartu zutela; besteak beste, horrela gertatu zen Alfaro Fournier eta Apraiz familiekin. Eulogio Serdanen semea bera kirol-kazetaritzan ibili zen profesionalki. Era berean, Maitane Ostolazak Gipuzkoako kasurako frogatu duen moduan, aldi horretan Araban elizkoitasun handia mantentzea ez zen modernizaziorako oztopo izan. Klero sekularrak nahiz erlijio-ordenek lagundu zuten —beren ikuspuntu ideologikotik— hezkuntza hobetzen, ikerkuntza arkeologiko eta historikoan, nahiz kirolean. Adibidez, Gasteizko Apaizgaitegitik, egin zuen bere lan arkeologiko eta etnografikoa Jose Miguel Barandiaranek. Beste apaiz batzuekin batera Idearium (1934-1935) aldizkaria sustatu zuen, soziologia erlijiosoari buruzko ikerketetan aitzindaria.
Testuinguru horretan, Elizbarrutiko Apaizgaitegia, Bizkai eta Gipuzkoako ikasle asko hartzen zituena, euskararen garapenerako punta-puntakoa izan zen Araban, euskaldunen proportzio txikiena izan zuen euskal probintzian. XX. mende hasieran euskara gaur egungo Aramaio eta Legutio udalerrietan (orduan Aramayona eta Villarreal de Alava) soilik mantentzen zen sendo, eta desagertzeko zorian zegoen Araba iparraldeko beste herri isolatu batzuetan. Dena den, mendearen lehenengo herenean Araban euskara sustatzeko ekimen batzuk agertu ziren. Funtsezkoa izan zen 1918an sortutako Eusko Ikaskuntzaren Arabako sailaren lana; haren altzoan Baraibar Taldea sortu zen 1928an, probintzian euskara sustatzeko berariazko eginkizunarekin. Elizgizon mordoxka batez gain, Arabako lehenengo abertzaleen ahalegina nabarmendu behar da, tematurik baitzeuden euskal nortasunaren funtsezko ataltzat jotzen zuten hizkuntza berreskuratzean. Dena den, ikusmira zabalagoko ahalegina zen; hori erakusten digu, talde hori izendatzeko, Araban egindako ikerketa filologikoengatik nabarmendutako Federico Baraibar monarkiko kontserbadorearen izena aukeratzeak (Gasteizko alkate eta Berrezarkuntzan zehar Aldundiko presidente izatera iritsi zen).
Ikuspuntu politikoan ere, esparru ekonomiko eta sozialean gertatzen zen moduan, Araba desberdina zen kostaldeko bi euskal probintziek zeukaten bizitasunaren aldean. Bigarren Errepublika arte zail da Bizkaiari XIX. mende amaierarako, sozialismoaren eta abertzaletasunaren agerpenarekin, ezartzen zaion moduko triangelu politiko bati buruz hitz egitea. Eta azkenean EAJk eta ezker errepublikano-sozialistak zeregin garrantzitsua izaten hasi zirenean, haien presentzia beti izan zen Bizkai eta Gipuzkoan baino txikiagoa.
Orokorrean, Berrezarkuntzan zehar Araba politikoki nahiko geldi mantendu zen; horrela erakusten dute txandaketa baketsuaren sistema nahiko leial aplikatu izanak, eta XX. mende hasierakoa baino XIX. mendekoa dirudien familia- edo ugazaba-jauntxokeriaren gatibu zen barruti batek 1923 arte irauteak. Alderdi Kontserbadorea eta Liberala handikien alderdiak ziren; ia ez zuten antolakuntzarik eta afiliaziorik, eta bezeria mugatu bat ezartzera mugatzen ziren, horrela, horiekin probintziaren gaineko kontrol politikoa eta hauteskundeetakoa ziurtatzen saiatzen zirelarik. Txandakako alderdi bati edo besteari atxikitzea, batzuetan, gehiago izaten zen adiskidetasun edo bezero pertsonalaren zorizko arrazoien ondorio, desberdintasun ideologiko sakonena baino. Indar herritar handiagoa izan zuten —nahiz eta biek izan arazoak eta zatiketak urte haietan— karlismoak, 1881etik bizitza politikora itzulitakoa eta buruzagi garrantzitsuena Ramon Ortiz de Zarate izan zuena, eta errepublikanismoak, buruzagi nagusi Ricardo Becerro de Bengoa izan zuena. 1876tik gizonezkoen sufragio unibertsala 1890ean ezarri arte, Arabako bi hautesbarrutietako (Gasteiz eta Amurrio) emaitzek leialtasunez jarraitu zituzten Espainiako emaitza orokorrak, txandaketa baketsuaren sistema beteaz horrela. Salbuespen bakarrak hiriburuan izan ziren, jauntxo-sistemak ez baitzuen horrenbesteko kontrolik; horrela ikusten zen udal hauteskundeetan, sektore herritarrek (errepublikanoak eta karlistak) aukera gehiago baitzuten beren benetako indarra hautestontzietan baliarazteko.
1890eko hauteskunde-legeak, gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri zuenak, ez zuen aldaketa handirik eragin errolda-sufragiopean egindako hauteskundeen ezaugarrietan, batez ere Amurrio eta Guardiako barrutietan (azken hori hauteskunde-erreformaren urte berean sortua). Arabako emaitzen txandaketarekiko leialtasuna 1923 arte mantendu zen orokorrean, nahiz eta Berrezarkuntzako sistemaren desagertzea karlisten eta errepublikanoen agerpenean islatzen hasi zen, batez ere, modernizazioari irekixeagoa zen Gasteizko barrutian. Gasteizeko nolabaiteko eraberritze politikoaren aurrean, egoera desberdina zen beste barrutietan; izan ere, landa-eremuak izanik, jauntxokeriak indar handiagoz iraun ahal izan baitzuen. Amurriokoan, Urquijoko markesen familiak, finantza-erakundeekin erlazionatutako handikiak, nagusitasun ia osoa izan zuen. Urkixotarren jokaera, handikien beste familiekin gertatzen ez zen bezala, beregaina zen, ez baitzuten ez kontserbadoreen, ez liberalen aldeko jarrera hartzen, baina monarkiko alfontsotar, espainiar eta katolikotzat jotzen zuten bere burua. Urkixotarren Amurrioko barrutiaren gaineko nagusitasuna ez zen gutxitu denbora igaro ahala, aldiz, mende hasieratik probintzia osora zabaldu zen, Aldundiaren gaineko kontrolaren bidez, horko kargu nagusiak Amurrioko ordezkari urkixotarren esku izaten baitziren.
Sistemaren desegitea udal-mailan nabaritu zen bereziki Gasteizen: 1890 eta 1923 artean, zinegotzien % 44 karlistak izan ziren, % 23 errepublikanoak, % 14 liberalak, % 13 kontserbadoreak, % 3 abertzaleak, % 2 integristak eta % 1 sozialistak. Argi dago, beraz, Berrezarkuntzaren sistematik at zeuden alderdien gailentasuna, nahiz eta horiek ez ziren —Bilbon gertatu zen moduan adibidez— masa-politika egiteko beste modu batekin identifikatzen zirenak (PSOE eta EAJ), baizik eta karlistak —izaera herritarra izan arren, ideologiagatik politikaren demokratizazioaren aurka zeudenak— eta errepublikanoak. 1911 arte ez zen PSOEko lehenengo zinegotzia aukeratu Gasteizen, eta 1920 arte itxaron behar izan zen udalean lehen zinegotzi abertzaleak ikusi ahal izateko. Gasteiz bezalako hiri batean karlismoa bezalako indar atzerakoi batek —XIX. mendera begira gehiago zegoena eta landa-ingurunearekin identifikatu izan dena— jasotako babes handiak adierazten du hiri horren izaera berezia, neurri handi batean Iruñakoaren antzekoa, tradizioarekiko finkatuago mantentzen zena, nahiz eta bere esparru ekonomiko eta sozialean aldaketa txiki batzuk gertatu.
Berrezarkuntzaren krisiaren testuinguruan, baina baita probintziako hiriburu batean karlisten ezohiko nagusitasunarenean ere, ulertu behar da 1914tik aurrera Gasteizen datismoa agertu izana, hurrengo urtean Alianza Patriótica Alavesa-ren sorrerak sendotua. Indar bizien eta talde politiko antikarlisten (alfontsotarrak, independenteak, errepublikanoak eta, hasiera batean, baita sozialistak ere) metaketa zen, Eduardo Dato Iradier buruzagi kontserbadore nabarmena Gasteizko diputatu aukeratzeko asmoz. Garai hartan Ministro Kontseiluko presidentea zenari (eta amaren aldeko familia gasteiztarra zuena) barruti seguru bat eskaintzearen truke, hiriak maukak eta abantaila materialak lortu nahi zituen, goi-instantzietan babesle bat zuten beste herri batzuek egiten zuten moduan. Mugimendu vitorianista (Gasteizen aldekoa) zen, izaera desmobilizatzailea zuena, zentzu demokratizatzailean sistemari izerdi berria emateko edozein saiakerarekin talka egiten zuena. Datismoak, arazo handirik gabe lortu zuen Gasteizko Udalaren kontrola eta Dato Arabako hiriburuko diputatu hautatzea, 1921ean hil zen arte. Baina, era berean, datismoaren amaierak kontrolik gabeko egoera ekarri zuen, Berrezarkuntzaren behin betiko krisia iragarri baitzuen Araba mailan.
Hain zuzen, Primo de Rivera jeneralaren estatu-kolpea begikotasunez hartu zuen, edo behintzat gaitz txiki gisa onartu zuen, Arabako gizartearen gehiengoak, zeren espero baitzuen irtenbide autoritario batek behin betiko konpontzea Alfontso XIII.aren Monarkia sartu zen irtenbiderik gabeko egoera. Diktaduran, tokiko erakundeak gobernadore zibilen kontrolpean izan ziren, baina porrot egin zuten erregimen berriak sustatutako erakunde politikoak (besteak beste, Unión Patriótica, Primo de Riveraren alderdi bakarra) biziberritzeko ahaleginean. Gasteizko Udala, ezegonkortasun izugarria ezaugarri nagusi zuena, eraberritzearen adibide bihurtzerik ere ez zuten lortu, nahiz eta diktadoreak hori nahi izan politika zaharraren ospe eta ustelkeriaren aurrean. Neurri onbideratzaile bakanetakoa Gasteizko udalbatzaren historian lehenengo emakume zinegotziak izendatzea izan zen. Praktikan, diktaduran zehar desagertu egin ziren alderdi dinastikoak, eta haietako buruzagi gailen batzuek (besteak beste, Gabriel Martinez de Aragon, Jose Otalora eta, geroago, Luis Dorao) Monarkiaren ontzia albo batera utzi eta ideal errepublikanoen alde jarri ziren.
Primo de Riveraren aurkako taldeek ia ez zuten estutasunean jarri diktadura probintzian, baina horrek kale egin zuen Berrezarkuntzako sistemaren alternatiba bat eraikitzeko garaian. Diktadoreak 1930eko urtarrilean dimititu zuenean, herrestan berekin eraman zuen gero eta ospe txarragoa zuen Monarkia. Urtebete geroxeago, ia hiriburu espainiar guztietan ezkerrak irabazitako udal-hauteskundeen ostean, Bigarren Errepublika aldarrikatu zen 1931ko apirilaren 14an. Aldi demokratiko bat hasi zen horrela, eta tempo politikoa bizkortu egin zen. Toki guztietan bezala, Araban ere arazo ugari izan ziren bosturteko errepublikanoan, 1930eko hamarkadako krisi ekonomikoaren, nazioarteko egoera tirabiratsuaren eta Errepublika demokratiko batek beharrezko dituen babes sendoen ezaren ondorioz, eta askok uste zuten hori gainditu egin behar zela, eskuinetik edo ezkerretik, diktadura atzerakoi edo faxista baten bidez edo iraultza sozial baten bidez.
Araban, nahiz eta tradizionalki izaera kontserbadorekoa izan, Errepublika itxaropenez hartu zuten biztanle gehienek. Demokratizazioak bizitza politikoaren goraldia ekarri zuen, hasieran ezkerreko alderdi eta sindikatu ezkertiarren hazkundearekin (PSOE, CNT, UGT eta zenbait talde errepublikano). Ikuspuntu sozialetik, CNTren hasierako goraldiak gatazka asko eragin zituen —haietako batzuk gogorrak— Errepublikaren lehenengo aldian, baina ondoren itzaltzen joan ziren, egoera sindikala pixkanaka baretzen joan zelako. Erregimen berria aldarrikatu ostean, ezkerrak gehiengoa lortu zuen Gasteizko Udalean, Teodoro Gonzalez de Zarate errepublikanoa alkate zela, eta Gobernu errepublikano-sozialistak izendatutako Aldundiaren Batzorde Kudeatzailea kontrolatu zuen Teodoro Olarte alderdikidea lehendakari zela. 1931ko hauteskunde konstituziogileetan garaipen historikoa lortu zuen errepublikano eta sozialisten arteko koalizioak Araban. Hala ere, erregimen berriaren neurri erreformista batzuekiko etsipenak (batez ere, izaera laikokoak) eta ezkerraren batasun ezak, horren gainbehera eta eskuin antierrepublikanoa sendotzea ekarri zuen lehen biurtekoak aurrera egin ahala.
Hain zuzen ere, 1931n kolapsoaren ertzean geratu ostean, aurreko aldietan probintzian gehiengo izandako sektore kontserbadoreak zutitu egin ziren berriro. Ez zen dagoeneko Berrezarkuntzako alfontsotar dinastikoen liberalismo neurritsua; igaroa zen haien garaia. Gainera, Euskal Herriaren berariazko egoera ez zen mesedegarria eskuin katoliko posibilistarentzat (Gil Roblesen CEDA), haren espazio politikoa EAJk estaltzen baitzuen neurri handi batean; baina ezta eskuin muturreko faxistentzat ere (Falange Española de las JONS (Juntas de Ofensiva Nacional-Sindicalista)), tokiko tradizioari arrotza zela ikusten baitzen. Araban Errepublikaren izaera demokratikoaz baliatu zena, Berrezarkuntzako jauntxo-sistemaren aurrean, jatorri herritarreko eta tradizio historikoan sustrai sakoneko talde bat izan zen. Karlismoari buruz ari gara; birsortutako Elkarte Tradizionalistaren, eta Hermandad Alavesa tokiko adarraren, inguruan berrantolatu zen. Jose Luis Oriol Uriguen buru izandako urte horietan, Elkarte Tradizionalista probintziako alderdi politiko nagusia izan zen eta 1933ko Gorteetarako hauteskundeetan erabateko garaipena lortu zuen. Oriol lehen postuan geratu zen 1936ko hauteskundeetan ere, Fronte Popularraren garaipen orokorraren aurrean. Azken hauteskunde horietan, CEDA lehenengoz agertu zen Arabako politikan, emaitza onargarria lortuz, ordura arteko ibilbidea kontuan izanez gero. Hala ere, ez zen denborarik izan eskuin moderatuago batek Elkarte Tradizionalistari espazio hori lehiatu ziezaiokeen ikusteko. Aldi hartarako, karlismoa kezkatuago zegoen Errepublikaren aurkako altxamendu bat prestatzeaz, eta denbora zeraman beren miliziak (erreketeak) armaz hornitzen; horiek giltzarri izan ziren 1936ko uztaileko estatu-kolpeak Araban garaipena izan zezan.
Azkenik, bosturteko errepublikanoa abertzaletasunaren gorakadaren lekuko izan zen, tradizioz Bizkaian eta Gipuzkoan baino gutxiago sartu zen Arabako lurralde historikoan. EAJ irmo zabaldu zen probintziaren iparrean, baina bere eraginarekiko uzkurragoak ziren eskualdeetan ere sartu zen. Karlismo indartsua inoiz gainditzerik lortu ez bazuen ere, 1933ko hauteskunde orokorretan bigarren indarra izan zen eta Francisco Javier Landaburu Gorteetarako Arabatik hautatutako EAJko lehenengo diputatua izaten ikusi zuen. Dena den, abertzaletasun arabarra krisian sartu zen ondoren eta gerra zibila hastean, oraindik guztiz suspertu gabe zegoen. Izan ere, haren ibilbidea lotuta egon zen Euskal Herrirako autonomia Estatutua lortzeko prozesuarekin, eta horren aurrean Arabak bere jarrera izan zuen, neurri batean, Nafarroak eta kostaldeko bi probintziek mantendutakoaren tarteko zerbait.
Arabako berezitasun hori dagoeneko azaleratu zen 1917-1919an, autonomiaren aldeko lehen mugimendua izan zenean; baina mugimenduak huts egin zuen, Espainiako arazo erregionala konpontzeko Berrezarkuntzaren gaitasun ezagatik. 1931n, Errepublikak Kataluniako autonomiari helduko ziola hitzeman zuenez (1932an haren Estatutua aldarrikatzean gauzatu zena), euskal auziari ekiteko garaia ere iritsia zirudien. Hala eta guztiz ere, barneko eta kanpoko arazo ugariren ondorioz, euskal Estatutua ez zen 1936ko urria arte onartu, jadanik gerra zibila hasia zela. Prozesu autonomikoaren ia hasieratik nabaritu zen sentimendu arabazale bat; Araba txiki, pobre, nekazari eta gaztelaniadunaren aurrean —interpretazio horren arabera— Bizkaia gainpopulatu, industrial, abertzale eta euskalduna nagusitzea ahalbidetuko zuen autonomia baten beldurrean islatua. 1932ko ekainean Nafarroa euskal Estatututik irten ostean, Oriolek uste izan zuen, hiru probintzietako proiektu batean Araba babesgabe aurkituko zela. Horrela, karlismoa arabazaletasunaren eta antiseparatismoaren (autonomiarekiko gaitzespenarekin bat zetorrena) aldeztaile bihurtu zen. Biraketa tradizionalistaren ondorioz, 1933ko azaroko erreferendumean Estatutuaren aldeko sostengua beste bi probintzietan baino askoz txikiagoa izan zen Araban. Arabako auziari buruzko Gorteetako bigarren biurtekoko eztabaidek Estatutuaren izapide parlamentarioa gelditu zuten; horien artean nabarmena izan zen Ramiro de Maeztu arabarraren, Gipuzkoako diputatu monarkikoaren, esku-hartze espainolista eta Estatutuaren aurkakoa. Hori guztia gero eta testuinguru tirabiratsuagoan gertatu zen, 1934ko Kontzertu Ekonomikoaren babeserako udal-mugimenduaren eta urte bereko urriko iraultza sozialistaren ondorioz.
1936-1939ko gerra zibilarekin amaitu zen 1876an hasitako «euskal aniztasun politikoaren zikloa» deitu izan dena. Araba aniztasun horren partaide izan zen, aldi horretako historialari, legelari eta pentsalari politiko arabar nagusien biografiek islatzen duten moduan. Hala ere, aniztasun hori Bizkai eta Gipuzkoakoaren desberdina izan zen, eta neurri batean Nafarroakoaren antzekoa, alde kontserbadoreenen nagusitasunaren, baita kontrako egoera orokorretan ere, eta ezker errepublikano-sozialistaren eta abertzaletasunaren indar txikiagoaren ondorioz.
Bibliografia
ALFARO FOURNIER, T., Obra completa sobre Vitoria de Tomás Alfaro Fournier (hurrengo liburukiak ditu: Vida de la ciudad de Vitoria, Una ciudad desencantada eta Una ciudad desencantada. Segunda parte), Antonio Rivera (arg.), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1995.
DE LA GRANJA, J. L., DE PABLO, S. eta RUBIO POBES, C., Breve historia de Euskadi. De los fueros a nuestros días, Barcelona: Debate, 2020.
DE PABLO, S., La Segunda República en Álava. Elecciones, partidos y vida política, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1989.
— En tierra de nadie. Los nacionalistas vascos en Álava, Gasteiz: Ikusager, 2008.
DÍAZ HERNÁNDEZ, O., En los orígenes de la autonomía vasca. La situación política y administrativa de la Diputación de Álava (1875-1900), Bilbo: HAEE-IVAP, 1995.
— Los marqueses de Urquijo. El apogeo de una saga poderosa y los inicios del Banco Urquijo, 1870-1931, Iruñea: EUNSA, 1998.
RIVERA BLANCO, A., La ciudad levítica. Continuidad y cambio en una ciudad del interior (Vitoria, 1876-1936), Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1992.
— La utopía futura. Las izquierdas en Álava, Gasteiz: Ikusager, 2008.
— (zuz.): Historia de Álava, Donostia/Gasteiz: Nerea/Arabako Foru Aldundia, 2003.
RIVERA BLANCO, A. eta DE PABLO, S., Profetas del pasado. Las izquierdas en Álava, Gasteiz: Ikusager, 2014.





