Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

SARRERA

Ibilbidea

Bigarren Karlistaldiaren bukaera traumatikoa izan zen Euskal Herrian, 1876ko uztailaren 21eko Legea onetsi izanaren ondorioz, derrigorrezko soldadutza eta zerga-sistema orokorra zabaldu baitzituen probintzia salbuetsietara. Egia esateko, hura ez zen Foruak deuseztatzeko lege bat izan, nahiz eta azkenean Foruen desagerpena izan zuen ondorio. Foru diputazioek —guztiak ere foruzale intrantsigenteen eskuetan— berehala esan zuten hura abolizio-legea izan zela, eta izen horrek ondotik ere iraun zuen, hein handian nazionalismoari esker. Gipuzkoako agintariek legeari kontra egin zioten, Bizkaikoek eta Arabakoek bezala, eta, ondorioz, ez zen egiterik izan bi aldeen arteko akordiorik. Horrenbestez, hura bezalako testuinguru hartan, 1877ko azaroaren 13ko Errege Dekretua aldarrikatu zen, hau da, Probintzia Baskongadoek Estatuko Ogasunari 1877-1878ko urtealdi ekonomikoan —higiezinetan, nekazaritzan eta abeltzaintzan— ordaindu beharreko kontribuzio-kupoa ezarri zuen Errege Dekretua, bai eta kupoa ordainarazteko modua ere. Dekretuak giroa are gehiago berotu eta jarrerak are gehiago gogortu zituen, hainbesteraino, non, Gobernuak, azkenean, foru diputazioak ezabatu eta, haien ordez, epaile batzordeak izendatu baitzituen, diputazio probintzial berriak errege dekretu bidez antolatzen ziren bitartean.

Tokiko botereetan halako ordezkapena egin izanaren ondorioz hasitako negoziazioek 1878ko otsailaren 28ko Errege Dekretua ekarri zuten eta, hari jarraikiz, Kontzertu Ekonomikoaren araubidea hasi eta Estatuko diru-kutxari ekarpena egin beharra betearazteko modua ezarri zen. Egia esateko, hitzarmena zortzi urterako egin zen, eta probintzia bakoitzak kupo bat ordaindu behar zuen, diputazio bakoitza berari zegokion dirua biltzeaz arduratuta. Behin aldi hori bukaturik, Estatuko Ogasunak hiru probintziak kontrolpean jartzeko asmoa zuen. Hori, ordea, ez zen inoiz gertatu. Horri esker, nola-halako autonomia fiskalari eutsi zioten, eta hura, denboraren joanean, kudeaketarako eta garapen ekonomikorako oinarrizko tresna izan zen. Horrenbestez, Kontzertua, hasieran, huskeriatzat edo «forutxo»tzat jo bazen ere, luza gabe Euskal Herriaren eskubide historikotzat hartu zen. Kontzertu Ekonomikoari emaniko gero eta eginkizun garrantzitsuago horrek bultzaturik, euskal agintariak Kontzertua hurrenez hurren berritzen saiatu ziren, harik eta 1937an agintari frankistek Gipuzkoarako nahiz Bizkairako ezabatu zuten arte, beren kausarekiko probintzia traidoretzat jo zituztelako.

Kontzertu Ekonomikoaren sistema berriak Euskal Probintzientzako ez beste inorentzako zerga-araubidea sustatu zuen, eta hura, azken buruan, enpresak kokatzeko pizgarria izan zen. Hau da, Kontzertu Ekonomikoak enpresa-ekintzaileen interesen aldeko esparru instituzionala sustatu zuen. Horrela, burgesia berri nagusiak bere interesen eta jardueren aldeko zerga-sistema bat ezartzeko baliatu zuen autonomia fiskala; izan ere, industriaren eta merkataritzaren gaineko zerga-presio txikia sistemaren ezaugarri deigarrienetako bat izan zen. Espainiako gainerako lurraldeetan ezarria zegoena baino are txikiagoa zen, berez txikia izanik ere. Horrek enpresei kostuetan aurrezpena ekartzeaz gain, tresna baliozkoa izan zen kapitala erakartzeko. Hau da, Kontzertuak, tokiko kapitalaren inbertsioaren sustapena ez ezik, kanpoko inbertsio zuzenaren etorrera ere bultzatu zuen. Eta are gehiago, fiskalitate apalagoari esker, kapitala gehiago metatzen zen eta, horren ondorioz, inbertsio-ahalmen handiagoa lortzen zen; inbertsioa, aldi berean, Kontzertuaren abantailez baliatzen zen. Azken buruan, zeharkako zergek nagusi izaten jarraitu zuten.

Autonomia fiskalari esker, beraz, diputazio probintzialek beren eskumen administratiboak handitu zituzten. Aldi berean, diputazioetan, munta handiko tirabirak gertatu ziren alderdien artean. Izan ere, indar politikoak berehala ohartu ziren erakunde hura kontrolatzeak zekartzan abantailez eta, horrela, lehia bizian aritu ziren hauteskundeetan. Probintziako erakundeak, Kontzertu Ekonomikoaren ondorioz zituzten eskuduntzak zirela eta, tresna ezin hobea izan ziren probintziako garapen ekonomikoa bultzatzeko, dela zerga-politika jakin bat eginez (arestian azaldu dugun bezala), dela Gipuzkoako ekonomiari berari on egingo zioten azpiegitura zehatz batzuk bultzatuz.

Hasieran, lehia hartan, karlismoak eta liberalismoak jardun zuten elkarren aurka, biak ere indar politiko handi eta nagusiak izan baitziren Gipuzkoako politikagintzan, mendearen erdialdeaz geroztik. 1879ko azaroaren 4ko Errege Dekretuarekin bat, Karlistaldia bukatu zenetik Euskal Probintzietan ezarria zegoen gerra-egoera kendu eta Konstituzioaren bermeak berrezarri ziren. Horrela, dekretuan xedatutakoarekin bat, euskal diputazioak 1877ko lege probintzialaren arabera berritu behar ziren, erresumako gainerakoak berritzen zirenean, hain zuzen. Hori ez zen 1880ra arte gertatu. Egia esateko, gerrak ez zuen indar korrelazioa aldatu probintziako ideologien artean; beraz, zatiketa politikoak gerra aurrekoaren oso antzekoa izaten segitu zuen. Izan ere, guztira 20 diputatu izanik, 11 liberal eta 9 karlista hautatu ziren. Liberalen gehiengoa, hortaz, doi-doia zen, ondoko urteetan bezala. 1882an, Diputazioa erabat berritu zen, hots, lau hautes-barruti ezarri ziren, bat orduko barruti judizial bakoitzeko, barruti bakoitzean lau diputatu hautatze aldera. Abenduaren 19ko El Urumearen arabera, bi indarrek zortzina eserleku lortu zituzten. Horrela, 1884an, diputatuak partzialki berritzeko hautes-sistema zela eta, Diputazioan karlistak nagusitu ziren, hain zuzen ere barnealdeko bi barrutitan egindako bozketei esker; Tolosan eta Bergaran, zehazki. Ramon Zabala Salazar hautatu zuten presidente, hau da, 1875eko diputazio karlistan kide izaniko jabe handi bat. Handik bi urtera, Azpeitiko eta Donostiako karguak berritu behar ziren, eta karlistek eta liberalek lau eta hiru postu eskuratu zituzten, hurrenez hurren. Orduan, 16 diputatu izanik, 11 karlista ziren, eta beste karlista nabarmen bat izendatu zuten presidente, Jose Maria Untzeta. Karlismoak, finean, artean ere indar handia zeukan gizartean, gerra galdu arren eta, hori ikusirik, liberalismoak erantzun irmoa prestatu zuen.

1888ko bozketa probintzialen karira, Gobernuak hautes-barruti berri bat sortu zuen, Irungoa, Donostiakotik bereizita. Helburua karlisten boterea higatzen saiatzea eta indar liberalek presidentzia hartzeko bidea erraztea izan zen eta, horretarako, hain zuzen, talde haiek berrantolatu ziren. Xede horrekin, izan ere, dinastikoek eta errepublikanoek koalizio liberala osatu zuten (Alderdi Liberala deitu zioten), hau da, handikien elkargune bat, sektore nagusia izan nahiak eta prozesu politikoa monopolizatzeko interes berdinak baturik, betiere eskura zeuden bitarteko guztiak baliaturik, Espainia osoan ezagutzen eta erabiltzen ziren hainbat ustelkeria-forma barne. Nolanahi ere, estrategiak funtzionatu zuen, koalizio liberal hura tresna eraginkorra izan baitzen; hauteskunde-emaitzei esker probintziako botere politikoaz jabetu baitziren hainbat urtetarako. Karlisten artean, gainera, integristen zatiketa gertatu zen 1888an, eta horrek hasieran kalte egin zien.

1888an era guztietako sektore liberalek eta errepublikanoek osatu zuten koalizioa, baina luza gabe talde batzuk koaliziotik atera ziren, garai hartako alderdi moten ondorioz, hain zuzen ere. Lehena ateratzen Alderdi Liberal Erreformista izan zen, Romero Robledok sortua, Canovasek gidaturiko Alderdi Kontserbadorean gertaturiko zatiketaren ondorioz. Gero, Ruiz Zorrillaren jarraitzaile errepublikanoak, irizpide politiko eta ideologikoetan bat ez zetozelako. Guztiarekin ere, kontserbadore talde handi baten irteerak izan zuen garrantzi handiagoa. Egia esateko, hasieratik beretik, Alderdi Kontserbadoreak bigarren mailako eginkizuna izan zuen koalizio barruan. Bada, Canovasen gobernuak proposamena egin zion koalizioari bere egin zitzan 1891ko Donostiako eta Bergarako barrutietako legegintza hauteskundeetarako hautagaitza kontserbadoreak, trukean neutraltasuna eskainita 1890eko amaieran egitekoak ziren hauteskunde probintzialetarako. Koalizioak proposamena ez onartzearen ondorioz, talde horrek alde egin zuen. Desertzioen eraginez, koalizioan liberal fusionistak eta errepublikano moderatuak baizik ez ziren gelditu, bai eta liberal kontserbadore independenteren bat ere. Aliantzaren bultzatzaile handien artean Fermin Calbeton, Benito Jamar eta, batez ere, Jose Matxinbarrena zeuden.

Laburbilduz, koalizio liberala, karlismoari bozketak irabazteko tresna eraginkorra izateaz gain, botere sozial handia izateagatik nabarmentzen ziren hainbat herritako pertsona ospetsuen elkargunea izan zen, izenez haratago. Gipuzkoako ekonomia modernizatzen ari zen hartan, gainera, botere sozialak are garrantzi handiagoa izan zuen. Azken buruan, esan liteke industrializazioren bidez osatzen eta finkatzen ari zen klase ekonomiko nagusi hark —burgesiak— sortu zuela koalizioa. Horregatik, aliantzaren bultzatzaileen artean baziren, batetik, aspalditik probintzia gobernatzeko taldeko kide izandakoak eta, orduan, industrializazio-prozesuan zihardutenak, eta bestetik, industrialariak, merkatariak edo profesional liberal berriak, azaleratzen ari zen gizarte berri haren balioekin bat zetozenak. Bultzatzaileek, hortaz, beren jarduera ekonomikoak eta politikagintzan zeramaten bidea uztartzeko xedea izan zuten.

Horrela, koalizio liberalean baziren jabe industrialak, hala nola Matxinbarrena, Benito Jamar edo Gregorio Manterola; finantzari industrialak, hala nola Brunet; industrialariak, hala nola Ruiz de Arkaute, Goitia edo orbeatarrak; bai eta Usabiagaren gisako negozio-gizonak ere. Burgesia industrial eta finantzari hori, dena den, talde nagusiaren barruko atal bat zen. Izan ere, merkatu nazionala mugatua zenez, eta Gipuzkoako industrializazioaren ezaugarrien ondorioz, ezin zuten toki gailenagoa hartu talde horren barnean. Hainbesteraino, non, beste gizarte-sektore batzuek eragin garrantzitsua izaten jarraitu zuten probintzia barruan; lurjabeek, hain zuzen ere.

Liberalismo barruko lehia hartan, esan behar da hala liberalek nola errepublikanoek Foruak deuseztatu izana leporatzen ziotela Canovasi, eta horrek batzuen eta besteen arteko harremana gaiztotu zuen gero eta gehiago. Horrela, Sagasta 1892ko abenduan gobernura iristearekin batera, itxaropen berriak piztu ziren euskal liberalismoan Foruak berrezartzeko aukeraz. Halakorik ez zen gertatu, ordea, eta giroa are gehiago tenkatu zen. Izan ere, etsipenak 1893ko abuztuaren 27an egin zuen eztanda, Donostian Foruen alde egindako manifestazioaren ondotik, gobernuburua hirian zegoen bitartean.. Izan ere, udal musika-bandako zuzendariak ez zuen «Gernikako Arbola» jo nahi izan, alkateak agindu omen zuelako ez zela egitarauaz kanpoko piezarik bat bera ere jo behar. Horrek haserrea piztu, jende askok Londres Hotelerantz jo (han, Sagasta ostatu harturik baitzegoen), eraikina harrikatzen hasi eta burdinsarearen gainetik jauzi egiteko imintzioa egin zuten. Azkenean, guardia zibilak esku hartu behar izan zuen, hiru hildako eta zauritutako asko eraginda. Ikuspuntu politikotik, koalizioa desegin zen, liberalak eta errepublikanoak elkarrengandik urrunduta. Orduan, kontserbadoreen aldia izan zen (Unión Vascongada alderdian bilduta); izan ere, beste indar batzuekin bat eginik (integristekin, batez ere), Donostiako Udalaz jabetu eta, kontserbadoreak gobernuan zeudela, diputatu nazional bat ere lortu zuten barruti horretan bertan. Azken batean, koalizio liberala desagertu zen urteetan, Unión Vascongadak protagonismo handia izan zuen.

Egia esateko, gisako hausturak karlismoari baizik ez zion mesede egin eta, arestian esan dugun bezala, artean ere probintziako leku askotan pisu handia zuen. Beraz, elkar aditzea beste biderik ez zuten izan, eraginari eutsi nahi izatekotan. Horrela, 1896ko hauteskunde orokorretan, liberal eta errepublikano batzuk berriro elkarrekin aurkeztu ziren Donostiako barrutian, baina bi indarrek ez zuten koalizioa berritu 1898ko hauteskundeak arte. Une hartatik aurrera, aliantza liberal-errepublikanoak Diputazioaz jabetzea lortu zuen. Egoera horrek, hala ere, ez zuen luzaz iraun. Izan ere, 1904ko bukaeran, koalizioa berriz ere desegingo zela sumatzen hasi zen, Liga Foral Autonomista sortu izanaren ondorioz, Kontzertu Ekonomikoa berritzearen testuinguruan eratua. Azken finean, Ligak beharturik, taldeen arteko harremanak berregokitu ziren eta, talde berriaren indarra ikusirik, aliantza liberal-errepublikanoa azkenean desegin zen. Mugimenduak hain izan zuen bultzada handia, non, koalizioko kide batzuk sartu baitziren; beste batzuk, ordea, ez, erakundeetatik bazterturik geldituta. Ligak, izan ere, integristak, liberal eta kontserbadore batzuk bildu zituen bere baitan, bai eta errepublikano jakin batzuk ere. Karlistek, hasieran ere parte hartu zuten arren, azkenean alde egin zuten.

Behin Kontzertu Ekonomikoa sinaturik, Liga Foral Autonomista desagertu egin zen; horrenbestez, 1907ko hauteskunde probintzialetan, koalizioa berriro osatu zen. Formula hura, ordea, ordurako higatua zegoen, eta porrot erabatekoa gertatu zen, baita haien aldekoak izan ohi ziren barruti batzuetan ere. Urte haietan, izan ere, askotan nagusikeriaz jardun zuten eta, gainera, probintziako baliabideak esku gutxi batzuetan egotearen ondorioz, etsai ugari sortu zitzaizkien. Ondorioz, 1907ko emaitzek aliantza hura amiltzeko zorian utzi zuten, eta Alderdi Liberal Dinastikoa sortu zen. Guztiarekin ere, 1909ko udal hauteskundeetan, hautagaitza bateratuak aurkeztu zituzten. Are gehiago, 1910eko orokorretan ere koalizioan aurkeztu ziren. Dena den, liberalek hautagai errepublikanoa bozkatzeko errezeloen ondorioz sortutako liskarrek ederki jarri zuten agerian liberalen eta errepublikanoen arteko ituna agortua zegoela. Hautagai errepublikanoak porrot eginik, botoa hari emateko hitza jan izana leporatu zieten liberalei, eta horrek guztiak aliantza hondatu zuen. Aipa dezagun, dena den, liberalen eta errepublikanoen arteko haustura eta mesfidantza hein batean ere zor zaizkiola Segismundo Moreten Gobernua urte hartako otsailean erori izanari eta, haren ordez, Jose Canalejas gobernuburu izendatu izanari, horrek errepublikanoak sakon atsekabetu zituelako. Horren haritik, ez dezagun ahaztu Moret hura errepublikano moderatuak erakartzen saiatu zela, Konstituzioaren artikulu batzuk birformulatzeko promesarekin, kultu askatasuna sartzeko eta Senatua demokratizatzeko.

Hausturak bultzada eman zion zenbait urte lehenagotik probintzian ezartzen ari zen indar-dinamika berriari. Izan ere, liberalismoaren eta karlismoaren arteko lehiak ezarritako haustura-lerro hartatik eskuinaren eta ezkerraren arteko enfrentamenduak ezarritako beste lerro batera pasatu zen. Hura bezalako bipolaritatean, erlijioak eginkizun erabakigarria bete zuen. Eskuinaren bloke berrian, karlistek, integristek eta kontserbadoreek parte hartu zuten, bai eta nazionalistek ere, eta gero, liberalek ere bai. Blokearen batasun gunea katolizismoaren defentsa izan zen, bai eta erlijioaren aurkako eraso orori aurre egiteko asmoa ere. Horren haritik, Lopez Dominguez liberala buru zuen gobernuak Elkarteei buruzko lege-proiektu bat Gorteetan 1906ko bukaeran aurkeztu izanak ikusgaitasun nabarmena eman zion bi blokeen arteko zatiketari. Izan ere, proiektuaren kontrako protesta-ekitaldia egin zen, karlistek, integristek, katoliko independenteek (Pikabea, kasu), kontserbadoreek (Satrustegi, adibidez) eta nazionalistek sustaturik, eta horri erantzunez, manifestazio bat egin zen, liberalek, errepublikanoek eta sozialistek antolaturik. Abian zen, beraz, Gipuzkoako panorama politikoaren zatiketa berria.

Eskuindarren artean zeuden hiru alderdietatik, onurarik handiena tradizionalistek jaso zuten, hau da, karlistek eta integristek. Haiek zuten indarrik handiena probintziako gizartean eta haiek hartu zuten boterea Diputazioan. Kontserbadoreen artean, izan zen berehala bloke katolikoarekin bat egin zuenik, baina, era berean, izan zen koalizio liberal-errepublikanoarekin lerrokatu zenik 1907ko hauteskundeetan. Zalantzarik gabe, aliantza horren porrot aipatuak bultzada ederra eman zien eskuineko indarrei. Eta garrantzitsua da adieraztea tradizionalistek nahiz nazionalistek Gipuzkoa modernizatzen ere lagundu eta hartan parte hartu zutela. Ez ziren inola ere alderdi anakronikoak eta ez zuten inola ere modernizazioa errefusatu, baizik eta harekin bat egin zuten. Horri gagozkiola, ez dugu ahaztu behar karlisten eta integristen artean enpresaburu kopuru handia zegoela, industrialariak, zehazki. Beraz, gai horretan bat zetozen liberalekin eta errepublikanoekin.

Moreten irteerak azken horien artean 1910ean eragindako hausturaren ondorioz, liberalek kontserbadoreekin ituna egiteko aukera baizik ez zuten izan, jakinik ere kontserbadoreek alderdi tradizionalistekin aliantzak zituztela. Bloke-politika hartan, eta errepublikanoekiko harremanak hain gaiztotuak egonik, liberalek egoera berria onartu zuten, pixka bat era lotsatian onartu ere, ziurrenera. Beraz, errepublikanoek ezkerrerako bidea irekia zuten eta, berehala, sozialistekin moldaturik. Gipuzkoa, hortaz, oso probintzia zatikatua izan zen politikagintzan XX. mendeko lehen hamarkadaz geroztik, muturreranzko joera agerian, eta tradizionalistek beren nagusitasuna ezarrita.

Hamarkada hartan aurrera eginik, dena den, laster beste eskari bat plazaratu zen. 1917an, Kataluniako burgesia beldur zen ez ote zen gizartean iraultza piztuko, Lehen Mundu Gerraren eraginez prezioetan izaniko igoeraren ondorioz eta aldaketa bat sustatzen saiatu zen, batetik, sistemaren beraren iraupena ziurtatzeko eta, bestetik, Kataluniarako autonomiari bidea emateko. Santiago Albaren gobernuak irabazi berezien gaineko zerga ezartzeko egindako proposamenaren aurkako protestaren karira, Francesc Cambo Lliga Regionalistako buruak hitzaldia eman zuen urte hartako apirilean Donostiako Arte Ederren Antzokian, eta haren hitzek oihartzun handia izan zuten. Ez alferrik, hitzaldiak mugimendu bat eragin zuen, eta euskal diputazioak autonomia eskatu zuten Gasteizen, uztailaren 16an. Adierazpen horri Diputazioen Mezua esaten zaio eta, hasieran, probintziako udal batzuen babesa jaso zuen; besteak beste, Donostiakoa eta Tolosakoa. Dena den, egun batzuk geroago, hilaren 27an, Gipuzkoako udalerrien batzar batek aho batez egin zuen bat Diputazioen eskariarekin, bai eta hura Gobernuari aurkeztearekin ere. Abendura arte, ordea, ez zen aurkeztu, hilabete haietako gobernu krisien ondorioz, gizarte egoera ere oso nahasia zen bitartean.

Izan ere, 1917ko abuztuan gertaturiko gatazka giro handia aipatu behar da, autonomiaren afera ere bigarren mailan uzteraino. Greba orokorra abuztuaren 13rako deitu zen (Donostiako Aste Nagusiaren hasiera egunean), baina aurretik ere lan-gatazkarik izan zen hiriburuan bertan, Pasaian eta Beasainen. Gero, okinen greba etorri zen abuztu hasieran, turismo-denboraldi betean, eta tranbia-gidariek ere grebara jotzeko mehatxua egin zuten. Abuztuaren 13ko greba orokorrak eragin txikia izan zuen Donostian, Martinez Anido gobernadore militarrak gerra-egoera ezarri baitzuen. Grebak eragin handiagoa izan zuen hainbat herritan, hala nola Beasainen (istiluak ere gertatu ziren) eta Eibarren (lan-uztea erabatekoa izan zen). Eibarko istiluek, gainera, hilaren 17ra arte iraun zuten; egun hartan, Castor Torre zinegotzi sozialista eta Arantzegi zinegotzi ohia atxilotu zituzten. Gipuzkoako beste buruzagi sozialista batzuek muga gurutzatzea lortu zuten, hala nola Guillermo Torrijosek, edo denboraldi baterako joan egin ziren, Toribio Etxebarria, kasu.

Hogeigarreneko hamarkadaren hasieran ere lan-gatazkak ugaritu ziren, eta 1920ko maiatzean jo zuten goia. Gizarte giro nahasiari krisi ekonomikoa gehitu zitzaion. 1921ean, adibidez, krisiak probintziako egitura ekonomikoaren bi sektorerik garrantzitsuenak jo zituen, hots, papergintza eta metalurgia. Urte hartan berean, atentatu batzuk ere gertatu ziren, anarkistei leporatutakoak, eta horrek egoera are gehiago nahasi zuen. Annualgo hondamendiak, gainera, haserre giro tenkatu hura areagotu zuen; guduaren lehen albisteak ekain bukaeran iritsi ziren. Gobernadore zibilak aurretiazko zentsura ezarri, eta Donostiako prentsak sumindurik erantzun zuen. Giro tenkatu hartan, gainera, Kontzertu Ekonomikoaren berrikuntza kokatu behar da, bai eta autonomiaren aldarrikapen berritua ere; horren ondorioz, 1923ko martxoan, Acción Fuerista izeneko alderdi politikoa eratu zen, arestian aipatu dugun 1904ko Liga Foral Autonomistaren antzekoa. Acción Fueristaren manifestua liberalek, errepublikanoek eta Gipuzkoako politikagintzako izen ospetsuek sinatu zuten, hala nola Rafael Pikabeak edo Luis Gaytan de Ayalak.

1923ko uda askoz ere lasaiagoa izan zen. Krisi ekonomikoa ia sektore guztietan gainditu baitzen, armagintzan izan ezik, eta gatazka sozialak nabarmen baretu baitziren.

Dena den, ezker erradikaleko indarrak agertu ziren politikaren plazan, hala nola komunistak edo anarkistak, eta bestelako jarrerak zekartzaten, sozialisten jarrera moderatuagoen aldean. Erronka, nolanahi ere, alderdi guztien batasuna lortzea izan zen Kontzertu Ekonomikoa babesteko; dena, ordea, bertan behera gelditu zen, Marokotik etortzen ziren albiste ikaragarrien, atentatuen (Zaragozako artzapezpikua hil zuten) eta gobernu-krisiaren ondorioz. Kolapsoa hain munta handikoa izan zen, non, irailaren 13an, Kataluniako kapitain jeneralak, Miguel Primo de Riverak, estatu-kolpea eman baitzuen, Berrezarkuntzaren sistema politikoari amaiera emanda. Hori bai, errege Alfontso XIII.aren onespenarekin: horrela, erregeak berak gobernu berria osatzeko enkargua eman zion.

Primok, berehala, bizitza politikoa suntsitzeko neurriak abiarazi zituen, Espainia bere onera ekartzen saiatze aldera. Haren iritziz, Berrezarkuntzako politikariek makal-makal eta jota utzi zuten herrialdea, eta horrelakorik ez zetorren bat Espainiak historian izaniko garrantziarekin. Horrenbestez, politikariak bazterrean utzi behar ziren eta, horretarako, lehenik militarren babesa bilatu zuen, eta gero, Unión Patrióticarena, hau da, nagusiki erregimenaren koadroak biltzeko asmoz pentsatutako alderdiaren babesa. Horrela, udalei dagokienez, 1923ko irailaren 30eko Errege Dekretuaren bidez abiarazitako kargugabetze olde etengabeak 1924ko martxoaren 8ko Udal Estatutua onetsi arte iraun zuen. Praktikan, zinegotziak gobernadore zibilek izendatzen zituzten, eta gobernuak politika otzana eta zentralizatzailea ezarri zuen.

1924ko urtarrilaren 12ko Errege Dekretuarekin bat, diputazioak desegin ziren, izan ere, gobernadore zibilek «izendatuko baitituzte diputazio bakoitzak izan behar dituzten bitarteko diputatu probintzialak». Dena den, diputazioa guztiak, salbu Arabakoa, Gipuzkoakoa, Bizkaikoa eta Nafarroakoa, ziur aski diputazio horiek Gobernuan eragin zuten presioagatik. Une horretan, iduri zuen egoera politikoa erregionalismoaren aldekoa izan zitekeela edota, nola-halako deszentralizazioaren aldekoa, behinik behin. Horren haritik, Primo de Riverak boterea hartu eta gutxira, antzinako probintziak ezabatzeko eta, haien ordez, eskualdeak eratzeko proiektu bat prestatzea edo ez izan zen mintzagai (eskualde gutxiago baina ahaltsuagoak). Testuinguru hartan, lau diputazioetako presidenteak Donostian bildu ziren 1923ko irailaren 24an, beren erregimen bereziak mantentzea erabakita eta jeneralarekin nork bere kasa hitz egingo zutela ebatzita. Primo de Riverak, biharamunean, estatutu-proiektu bat aurkezteko enkargua egin zien euskal diputazioetako presidenteei. Orduan, erabaki zen diputazio bakoitzak proiektu bat presta zezala, ondotik biltzeko eta testu bat adosteko. Zalantzarik gabe, Gipuzkoako Diputazioa ahalegindu zen gehien eginkizun hartan eta, hainbat hilabetetako lanaren ondorioz, Proyecto de Memoria al Directorio Militar izenburuko proiektua onetsi zuen urte hartako abenduaren 29an, Ignacio Perez Arregi diputatu integristak idatzia, erakundeko presidente Julian Elortza jaimistak eta Cesar Balmaseda mauristak lagundurik.

Proiektuak Foruen berrezarpenaz gain, Eskualde Kontseilu bat ezartzea aurreikusten zuen, Euskal Herriko erakunde gorena izan zedin eta, aldi berean, Nafarroa administrazio-entitate berrian sartzeko eskaera egin zuen. Arabako Diputazioak testua babestu zuen; ez, ordea, Bizkaikoak, Liga de Acción Monárquica kontserbadorearen mendean baitzegoen. Horrek polemika izugarria eragin zuen eta, azkenean, proposamena bazter utzi zen.

1924ko urriaren hasieran, Primo de Riverak adierazi zuen ez zuela Euskal Probintzietako eta Nafarroako foru-erregimen itundua urratzeko asmorik; oso garbi utzi zuen, gainera, Gobernuak eskualdeak berrantolatzeko bultzaturiko politikaren xedea administrazioaren erreforma hutsa zela, Estatuaren subiranotasuna den mendrenik ere higatu gabe. Agian, hori zela-eta, hainbat diputatu gipuzkoarrek urriaren 31ko saioan sinaturiko proposamenak Proyecto de Memoria al Directorio Militar proiektua aldatu beharra nabarmendu zuen, jada Región Vascongadaren eta haren baitako azpieskualde independenteen ideia hura bultzatu beharrik ez zegoela adierazita. Aski baitzen, hori bai, foru berrezarpena aldarrikatzea, eta batez ere, batzar nagusiak, baita une hartako erregimenarentzat ere. Gobernuak, egia esan, hiru diputazioekin Kontzertu Ekonomikoa berritzea besterik ez zuen onartu 1925ean. Gobernuak, hala ere, 1926an hirurak desegin zituen. Horrela, Gipuzkoako Diputazioaren abuztuaren 14ko saio berezian, Aldundiko idazkariak Enrique Chacón gobernadore zibilaren jakinarazpen bat irakurri zuen. Finean, gobernadoreak, bere ahalmenak erabiliz, zenbait diputatu probintzial kargugabetzea erabaki zuen, haien lege-agindua iraungia baitzen, 1921eko ekaineko hauteskundeetatik zetozelako. Haien ordez, diputatu probintzial berriak izendatu zituen, baina, kargugabetzeari erantzunez, Diktadura aurreko azken Aldunditik zetozen gainerako diputatuek ere dimisioa eman zuten. Chacónek, orduan, beste izendapen batzuk egin zituen, klase politiko berri bat boterean ezarrita.

Egia esateko, Diktadurak babes txikia aurkitu zuen Gipuzkoan, eta erregimenak sortutako Unión Patriótica alderdi berriak 10.000 kide inguru izan zituen doi-doi. Are gehiago, Bizkaian, arestian aipaturiko Liga de Acción Monárquica taldea ere alderdi berrian sartzearen aurka agertu zen. Guztiarekin ere, gizartean giro lasaia zegoen eta gerra ondoko krisi ekonomikoa gainditua zen eta, horren eraginez, Diktaduraren lehen urteek egoera ekonomiko ona izan zuten ezaugarri, hein handian Estatuaren inbertsio altuari eta protekzionismo handiari esker, betiere inbertsio handiak eta aurrekontu hedakorrak ahaztu gabe. Horrez gain, Gipuzkoari dagokionez, bi gauza gehitu behar dira: Kontzertu Ekonomikoa 1925ean berritu izana, arestian azaldu dugun bezala, eta Pasaiako portua hobetzeko lanak. Baina berrikuntza ekonomikoak gorabehera, eta gizartean bake giroa nagusi izanik ere, Primo de Rivera babesa galduz joan zen pixkanaka, harik eta erregeak berak jenerala abandonatu zuen arte, eta, horrek dimisioa ematera behartu zuen 1930eko urtarrilaren 28an. Paradoxikoki, Diktadurak Monarkia salbatu nahi izan zuen eta, hara, haren amaiera ekarri zuen.

Primo de Riverak Gobernua osatzeko aurkeztu zuen hirukotetik, Alfontso XIII.ak bere Etxe Militarreko burua aukeratu zuen, Damaso Berenguer jenerala. Bada, jeneralak berak otsailaren 18an jendaurrean aditzera eman zuen Konstituzioa berrezartzea izango zela lehen helburua, herri-subiranotasunaren adierazpenari men egiteko hitza emanda. Laster, ordea, haren asmoa asmo gelditu zen eta ez zuen esandakoa bete. Izan ere, gobernu berriak hartutako lehen neurrietako bat ekitaldi eta manifestazio politikoak debekatzea izan zen. Uda partean, ia sinesgarritasunik gabe gelditu zen. Are gehiago, une haietan, gero eta handiagoa zen Monarkiaren aurkako jarrera. Horren erakusgarri, hortxe dugu abuztuaren 17ko Donostiako Ituna. Izan ere, Gipuzkoako hiriburuan, oposizioko lider nagusiak bildu ziren (EAJ eta PSOE izan ezik, Prieto bere izenean bertaratu bazen ere), Errepublikaren etorrera planifikatzeko. Anfitrioia Fernando Sasiain donostiar errepublikanoa izan zen eta topalekua, berriz, Garibai kaleko Zentro Errepublikanoa. Bilera hartan, batzorde iraultzaile bat sortzea erabaki zen, greba orokorra prestatzeko eta, haren bidez, Monarkia amaitzeko. Mugimendu iraultzailea abenduan piztu zen, baina Jakako altxamendua eta Cuatro Vientosko gertakariak porrot hutsa izan ziren. Batzorde iraultzaileko kideak ere atxilotu zituzten edo ihes egin behar izan zuten.

Donostian, aipatu mugimendu iraultzailea Gobernu zibilari eraso egiten saiatu zen. Orduan, Maria Cristina Hotelaren parean zegoen. Ekintza Irungo talde batek egin zuen; haien artean, Antonio Ortega Gutierrez zegoen, hau da, probintziako gobernadorea izango zena. Bada, Gipuzkoako Plazan tiroketa gertatu zen eta, istiluen ondorioz, bi segurtasun-agente hil ziren eta Gipuzkoako errepublikanismoaren lider nagusiak atxilotu zituzten. Ez zuten, dena den, espetxean luzaz iraun. Izan ere, Gobernu berriak, Juan Bautista Aznar almirantea buru zelarik (1931ko otsailak 18), udal hauteskundeak egitea proposatu zuen apirilaren 12rako, ondoren Gorte konstituziogileetarako hauteskundeak burutzeko.

Formula horren bidez, Alfontso XIII.ak denbora irabazi nahi izan zuen, baina errepublikanoak hiri handietan nagusitu izanaren ondorioz, Monarkia erori eta Bigarren Errepublika ezarri zen eta, horrekin batera, presoen askatasuna ere bai.

Apirilaren 12ko hauteskunde-egunean parte-hartze handia izan zen, % 79tik gorakoa. Indar politikoak bozketa haiei begira jarriak ziren. Horrela, indar monarkikoek Eskuinen Batasuna osatu zuten, tradizionalistak ere bertan sartuta; nazionalistek, berriz, beren kasa aurkeztea erabaki zuten. Sozialistek eta errepublikanoek, berriz, ezkerreko koalizio bat eratu zuten, Donostiarako zerrendan PCE ere sartuta. Monarkikoek zinegotzi gehien eskuratu zituzten, hots, 530etik 185; gero, EAJk, 110. Tradizionalistek 70 zinegotzi, eta ezkerreko koalizioak, 100. Aipatu behar da errepublikanoen pisu politikoa nabarmen izan zela beren ardura politikoen pisua baino apalagoa. Izan ere, Donostiako alkatetzaz jabetzeaz gain (Sasiain buru izan zela), erakunde probintziala ere eskuratu zuten.

Apirilaren 22an, Gipuzkoako Diputazioaren botere-aldaketa gertatu zen. Horrela, ordura arteko Aldundia kargugabeturik, gobernadore zibilak bitarte baterako izendatutako (bozketarik egin gabe, beraz) Batzorde Kudeatzailearen eskuetan utzi zen agintea, probintziako administrazioaz arduratze aldera, betiere Errepublikaren Behin-behineko Gobernuak bezperan xedatutakoarekin bat. Gobernuarentzat, izan ere, aurreko Diputazioa kargugabetu beharra zegoen, Diktaduraren baitan izendatu zelako. Horregatik, Gobernuaren iritziz, Diputazioak Errepublika ekartzen lagundu zutenen eskuetan gelditu behar zuen, bitarte baterako bazen ere. Batzorde Kudeatzaileak bost kide izan zituen (errepublikanoak eta sozialistak baizik ez). Oso kopuru txikia, kideetako batek, Juan de los Toyosek, ohartarazi bezala. Hori dela eta, maiatzaren 22an, Ramon Maria Aldasoro gobernadore zibilak, hil hartako 14ko Dekretuarekin bat, beste bost kide izendatu zituen, betiere nazionalistak eta tradizionalistak kanpo utzita. Maiatzaren 28an, Jose Treku aukeratu zuten batzorde-buru eta 1932ko uztailera arte iraun zuen karguan, hau da, Batzordeko beste kide batzuekiko desadostasunak zirela-eta dimisioa eman zuen arte. Haren ordez, Luis Castro Casal aukeratu zuten buru.

Erregimen berriak aldaketa politiko handia eragin zuen Gipuzkoan. Izan ere, klase politiko berria probintziako erakunde garrantzitsuenetako batzuez jabetu zen, hala nola hiriburuko Udalaz eta Batzorde Kudeatzaileaz, arestian esan bezala. Baina, aldi berean, arazoak sortu, eta gorabeherek sistema demokratiko hasi berriaren ezarpena zaildu zuten. Izan ere, agintari berriek arazo larriei aurre egin behar izan zieten, hasieratik beretik, Adibidez, bai 1929ko kraketik eratorritako krisi ekonomikoari eta, ondorioz, baita Ipar Amerikako ekonomian gertaturiko depresioari ere. Egia da Espainia ez zela izan herrialderik kaltetuenetakoa, baina atzeraldi hura ere nozitu zuen. Diktaduraren politika ekonomikoa bertan behera uzteak eragin kaltegarria izan zuen euskal industrian, oro har, eta Gipuzkoakoan, bereziki, pizgarri publikoa eta muga-zergen bidezko babesa desagertu zirelako. Krisiak burdingintza, papergintza eta gisako sektore garrantzitsuak jo zituen. Horren ondorioz, berehala langile-langabeziak gora egin zuen. 7.000 langile inguru zeuden lanik gabe 1932an, hau da, probintziako langileen % 15etik gora. Langabezia arintzeko neurriak hartu baziren ere, hala nola herri-lanen sustapena, 1936ko maiatzean langabezia-tasa Gipuzkoako langileen % 20raino igo zen. Egoera hartan, ez da arraroa lan-gatazkek gorakada nabarmena izatea. Ikusten da sozialistak 1933ko irailean Gobernutik ateratzearekin batera areagotu zirela lan-gatazkak, bai eta Gipuzkoako UGTren erradikalizazioarekin batera ere, grebak ere proposatu baitzituen sindikatuaren Batzorde Exekutiboaren babesik gabe. Urriko Iraultzak (aurrerago izanen dut mintzagai) goitik beherako aldaketa eragin zuen. Izan ere, haren porrotaren ondorioz, hainbat neurri hartu ziren langile-erakundeen jarduera mugatzeko. Horrela, gehienen egoitzak itxiarazi eta sindikatu-buru batzuk ere espetxeratu zituzten. Horrek lan-gatazkak 1935ean jaitsi izana azalduko luke. Hurrengo urtean, dena dela, gatazka-giroa berriro areagotu zen, Fronte Popularra 1936ko hauteskundeetan nagusitzearen eta sindikatuak berriz ere jardunean hastearen ondorioz.

Errepublika jaio zenetik plazaratutako beste arazo handietako bat erlijioa izan zen. Izan ere, lehen hilabeteetan emaniko arauek sumina eragin zuten Gipuzkoako herritarren sektore zabaletan. Horri gagozkionez, aipatzekoak dira erlijio-ikurrak eskoletatik kendu izana, Mateo Muxika Gasteizko apezpikuaren erbesteratzea, edota 1931ko abenduan onetsitako Konstituzio errepublikanoan jasotako aspektuak; bereziki, 26. artikuluari zegokiona. Konstituzioa, izan ere, Estatuaren akonfesionaltasunaz mintzatzeaz gain, artikulu hartan honakoa ezarri zen: «erlijio-ordenak deseginda geratzen dira, baldin eta haien estatutuek, hiru boto kanonikoez gain, Estatuaren autoritate legitimoa ez den beste agintari bati obedientzia berezia ezartzen badute», jesuitei erreferentzia argia eginez. Eta gainerako ordenei ere «industrian, merkataritzan edota irakaskuntzan jardutea» debekatu zitzaien. Xedapenok inpaktu handia eragin zuten Gipuzkoako gizartean, katolizismoa oso errotua baitzegoen, eta biztanle bakoitzeko erlijioso-tasa eta erlijio-praktiken betekizun-tasa Espainiako batez bestekoaren gainetik zeuden. Zalantzarik gabe, Jesusen Lagundia kanporatzea xedatu zuen 1932ko urtarrilaren 23ko Dekretu hura kolpe latza izan zen, San Ignazio Azpeitian jaio baitzen eta Loiolako santutegia garrantzi izugarrizko erlijio- eta erromes-gunea zen Gipuzkoan. Horrez gain, Gipuzkoako alderdi nagusietako bik katolikotzat jotzen zuten beren burua, EAJk eta Elkarte Tradizionalistak. Hala ere, Bigarren Errepublikaren politika laikoen eta gizarte gipuzkoarraren arteko borroka ez zen beste leku batzuetan bezain nabarmena izan. Izan ere, katolizismoaren nagusitasunak eta abertzaletasunaren aldekoa zen elizjende sektorearen jarrera sozialek erlijio-gatazka arintzen lagundu zuten Gipuzkoan.

Hala ere, gatazkarik garrantzitsuena autonomiaren ingurukoa izan zen, arlo horretako aldarrikapenak hasieratik beretik sortu baitziren. Jose Antonio Agirre, EAJko eta Getxoko Ekintza Katolikoaren burua, adibidez, euskal udalen autonomia administratiboaren alde agertu zen. Gipuzkoan, ia aldi berean, Ignacio Zubizarreta Bergarako alkate nazionalistak «Bergarako Adierazpena» bultzatu zuen, «euskal errepublika aldarrikatzeko, gainerako errepublika iberiarrekin konfederatuta». Aldarrikapen autonomikoa, beraz, berriz ere mahai gainera itzuli zen. Hainbesteraino, non, 1931ko maiatzaren 2an, Indalecio Prieto Ogasun ministro sozialistak Bilbon adierazi baitzuen Behin-behineko Gobernuak «autonomia baskongadoa ezartzeko» borondatea zuela. Biharamunean bertan, Hezkuntza Publikoko eta Arte Ederretako ministroak, hots, Marcelino Domingo erradikal-sozialistak, gauza bera berretsi zuen Eibarren. Behin gaia plazaraturik, une hartatik aurrera bi mugimendu abiarazi ziren euskal autonomia lortzeko asmoz. Batetik, ezkerreko indarren menpeko Batzorde Kudeatzaileek bultzatutakoa eta, bestetik, nazionalisten ekimenez, udalek eta alkateek sustatutakoa, haien ustez udalak demokratikoki hautatutako erakunde bakarrak baitziren eta, horrenbestez, mugimendu hura gidatzeko egokiak ziren bakarrak.

Estrategia bikoitzaren ondorioz, ekainaren 14an, hots, legegintzako hauteskundeak izan baino lehenago, xede bereko bi batzar egin ziren, Autonomia Estatutuaren testu bat onesten saiatzeko, betiere Eusko Ikaskuntzak maiatzean landutako proiektua oinarri harturik. Batzar bat Lizarran egin zen eta, bestea, Donostian. Batzorde Kudeatzailearen ekimenez, Gipuzkoako hiriburuko Diputazioaren Jauregian 16 udal bildu ziren; haietariko 9k ordezkariak Lizarrako batzarrera ere bidalitakoak, eta 3, berriz, alkateen mugimenduari atxikitakoen zerrendan zeuden. Parte-hartzaileen artean, udalerririk jendetsuenetako batzuk zeuden: Donostia, Eibar eta Irun, adibidez. Bileran batzorde bat sortzea erabaki zen, Eusko Ikaskuntzaren proiektua aztertzeko eta, hala bazegokion, zuzenketak aurkezteko.

Bigarren batzarra Lizarran egin zen, udalen mugimenduaren ekimenez, eta udal eusko-nafar gehienek hartu zuten parte. Adibidez, Gipuzkoako hirurogeita hiru ordezkari bertaratu ziren. Han, Eusko Ikaskuntzaren testua onetsi zen, ekainaren 11ko Azpeitiko batzarrean erabakitako aldaketak barne. Gogoratu behar da alkateen mugimenduko batzorde gipuzkoarrak egin zuela bilera hura egiteko deia, Azpeitiko, Bergarako, Andoaingo eta Zumaiako alkateak batzordekideak izan zirela. Bilkuran, Gipuzkoako laurogeita bederatzi udaletatik laurogei egon ziren ordezkatuak eta, hartan, handik gutxira Lizarrako Estatutua esanen zitzaion testuaren gauzarik eztabaidagarrienak hitzartu ziren. Bereziki, orduan «erlijiozko zuzenketa» esan zitzaion hura. Harekin bat, etorkizuneko euskal Estatuak Egoitza Santuarekin konkordatu bat sinatzeko ahalmena izanen zuen, zertarako eta, hain zuzen ere, Behin-behineko Gobernuak erlijioaren aurka jo zuen erasoari aurre egiten saiatzeko, arestian esan bezalaxe. Azken buruan, Lizarrako testua udal eusko-nafarren hiru laurdenek onetsi zuten; ez, ordea, lau hiriburuek eta udalerririk garrantzitsuenek.

Bi bilerak egin ondoko igandean, ekainaren 21ean, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako lau Batzorde Kudeatzaileak Donostian bildu ziren, bakoitza bere kasa, Eusko Ikaskuntzaren testuaren inguruan egindako deliberamenduak aztertzeko. Batzorde Kudeatzaile bakoitzak bere zuzenketak aurkeztu zituen; horrenbestez, batzorde bat eratu, eta hark testua berehala bateratu zuen. Testu hura Batzorde Kudeatzaileek eramandako proposamena izan zen, probintzia bakoitzeko udalek onartu zezaten; eta gero, hauxe etorriko zen: «euskal herriko udal guztien behin betiko berrespena, batzar handi batean». Hala ere, Gorte konstituziogileetarako hauteskunde orokorren emaitzen zain egon beharko zen, estatutu-proiektua aurrera ongi nola eraman ikusteko.

Hauteskundeen lehen itzulia ekainaren 28an egin zen, eta gai autonomikoak garrantzi handia izan zuen. Horrela, Lizarrako Estatutuaren Aldeko Euskal Hautagaitzan nazionalistak eta tradizionalistak sartuta egon ziren. Bestalde, sozialistak eta errepublikanoak elkarturik aurkeztu ziren eta, haiekin batera, gainera, Euzko Abertzale Ekintza. PCE alderdia, berriz, bakarka aurkeztu zen. Euskal Hautagaitza delakoak hauteskundeak irabazi zituen, botoen % 57 eta lau diputatu eskuratuta; koalizio errepublikano-sozialistak, berriz, % 41 izan zuen, bi jarleku eskuratuta. Emaitza horiek ikusirik, eta borroka politiko-erlijiozko hura zela-eta uda oso gatazkatsua izan ondoren, irailaren 22an 400etik gora alkatek Lizarrako Estatutua Madrilera eraman zuten. Handik hiru egunera, Estatutua ukatu egin zen Konstituzioaren aurkakoa zelako, Gorteek onetsi baitzuten Espainia Estatu integrala zela, ez federala, eta autonomia erregionalak arautu zituen, gutxiengo eusko-nafarraren zuzenketa guztiak baztertuta. Horrez gain, Konstituzioaren 26. artikulu aipatuarekin ados ez zegoenez, urriaren 15ean protesta gisa gutxiengo hura Gorteetatik erretiratu zen; horrenbestez, hamabost diputatu haietatik bakar batek ez zuen Konstituzioa abenduan bozkatu.

Behin Konstituzioa onetsirik, autonomia-prozesuak berriro hasi behar izan zuen. Harako hartan, ordea, ibilbidea oso argi zegoen. Azañaren Gobernuaren dekretu batek Estatutua onesteko zer tramite bete behar ziren xedatu baitzuen. Proiektuaren testua probintzietako erakundeek prestatu behar zuten (arestian esan dugun bezalaxe, erakunde horiek ezkerreko indarren mendean zeuden), eta gero, udal eusko-nafarren batzarrak, herritarrek erreferendum bidez eta Gorteek onetsi. Gorteek, beren subiranotasunarekin bat, testua aldatzeko ahalmena izango zuten. Ezkertiarrek eta EAJk bide hura onartu zuten; karlistek, ez, ordea, eta azkenean, bide hartatik aldendu ziren.

Autonomia-prozesuari berreldurik, Gipuzkoako hirurogeita hemezortzi udalek lehen pausoa eman, 1932ko urtarrilaren 31n bilera egin eta Estatutuak Euskal Probintziak eta Nafarroa barnebildu behar zituela erabaki zuten. Handik hilabete batzuetara, beste bilera bat egin zen, harako hartan Iruñean, 324 udal eusko-nafarren ordezkariak elkartuta; haien artean, Gipuzkoako udal guztiak. Nafarroako udal gehienek Estatutuaren bideari uko egitea erabaki zuten, karlistek indar handia baitzuten, Euskal Probintziak bide hartan bakarrik utzita. Horrek berehalako ondorio politikoak eragin zituen; izan ere, Iruñeko batzarraren ondotik, hauteskundeak Gipuzkoan irabazi zituen koalizioa hautsi baitzen. Tradizionalistek Estatutua Errepublikari eraso egiteko bitarteko egokitzat joa zutenez, harekiko interesa galdu zuten. Hala eta guztiz ere, Estatutuaren bideak aurrera segitu zuen. Horrela, Kataluniako Estatutua 1932ko irailean onetsi izanak eta Niceto Alcala Zamora Errepublikako presidenteak Donostiara egindako bisitan Prietok esandako hitzek bidea erraztu zuten. Testua, halere, 1933ko abuztuaren 6ra arte ez zen batzar bidez onetsi Gasteizen. Xedatutakoaren arabera, hurrengo pausoa erreferenduma egitea zen, eta zehazki, azaroaren 5ean egin zen, hauteskunde orokorrak baino lehentxeago. Bizkaian eta Gipuzkoan hain erabatekoa izan zen Estatutuaren aldeko bozketa, non, iruzurrezko metodoak erabili zirela pentsa baitaiteke. Gipuzkoan, adibidez, % 89k eman zuen aldeko botoa. Araban, aitzitik, abstentzioa oso handia izan zen (% 41,5), karlismoaren pisuaren eraginez, batez ere.

1933ko azaroaren 19an, Bigarren Errepublikako bigarren hauteskunde orokorren lehen itzulia egin zen eta emaitzak 1931koez oso bestelakoak izan ziren, hala Espainian nola Gipuzkoan. Eskuineko indarrak Eskuinen Batasuna izeneko koalizioan elkarturik aurkeztu ziren, baina EAJ bere kasa. Ezkerreko indarrak ere bereizita aurkeztu ziren: PSOE, Koalizio Errepublikanoa eta Alderdi Komunista, baita Euzko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) ere. Harako hartan ere EAJk erabateko garaipena eskuratu zuen, sei jarlekuetatik bost lortuta, eta seigarrena, berriz, Ramiro de Maeztu eskuinen hautagaiari egokitu zitzaion. Botoa sakabanatzearen ondorioz, Gipuzkoako ezkertiarrak ordezkaririk gabe gelditu ziren Kongresuan, baina Batzorde Kudeatzaile Probintziala kontrolatzen jarraitu zuten. Izan ere, hura urrian berritu zen, Azañaren gobernua erori ondoren, baina Luis Castro Casalek segitu zuen erakunde-buru, eta joera ezberdineko errepublikanoek eta EAEko bi kidek osatuta egon zen. Sozialistak, beraz, erakunde probintzialetik at geratu ziren. Dena den, nazionalistak Batzorde Kudeatzailean sartu ez izanak arazoak sortu zituen; 1934an, batez ere.

Estatutuaren erreferenduma eta bozketak eginik, 1933ko abenduan Estatutuaren testua Gorteetan aurkeztu zen, Azañaren Gobernuaren dekretuak xedatu bezalaxe. Orduan, ordea, Kongresuaren osaera 1931koaz oso bestelakoa zen. Zentro-eskuinaren gehiengoa ez zen horren autonomia zalea, eta testua ez zen onetsi. Euskal Estatutua trabaturik gelditu zen, Jose Luis Oriol diputatu karlistak eta CEDAk Arabako auzia planteatzean. Haren interpretazioaren arabera, arabarrek Estatutua erreferendum bidez errefusatu zuten; horrenbestez, Araba autonomia-prozesutik ateratzearen alde agertu zen. Egia da proposamen hori ez zela onartu, baina autonomiaranzko bidea eragotzi zuen goitik behera, Gorteek ez baitzuten auzi hura ebatzi. 1934an Kongresuan izaniko eztabaidak EAJri erakutsi zion ezinezkoa zela Estatutua eskuinekin onestea. Horrek bultzaturik, munta handiko aldaketa egin zuen politikan uda hartan bertan, Gorteetatik erretiratu baitzen, Kataluniako Esquerra Republicanako diputatuei elkartasuna agertuta. Izan ere, Esquerrak gehiengoa zuela, Kataluniako Parlamentuak lege bat onetsi zuen «rabassaires» zirelakoen arazoa konpontzen saiatzeko, baina Konstituzioaren aurkakotzat jo zen. EAJ, gainera, Prietok gidaturiko ezkertiengana hurbiltzen hastea erabaki zuen.

Arazo nagusia, dena den, uda hartan bertan gertatu zen, euskal udalen gatazka plazaratu zenean. EAJren iritziz, Batzorde Kudeatzaileek ez zuten behar besteko autoritaterik Euskal Herriaren interesak defendatzeko; hain zuzen ere, bozketa bidez aukeratu ez zirelako. Gai hura uda hartan gertatutakoaren oinarrian egon zen egiazki, 140 diputatuk mozio bat aurkeztu zutenean Ardoaren Estatutua esaten zitzaiona indarrean sar zedin eskatzeko, Gorteek 1932an onetsia, alkoholei zerga-kenkaria ezartze aldera. Diputatu nazionalistek neurri hura salatu zuten, udal ogasunen aurka zihoalakoan eta Kontzertu Ekonomikoa urratzeagatik, eta hori egia zen. Hain zuzen, horrexek eragin zuen Gipuzkoako udalen eta Batzorde Kudeatzailearen arteko haustura. Udalek abuztuaren 12an Kontzertu Ekonomikoaren defentsaz arduratuko zen batzordeko kideak hautatzeko proposamena egin zuten, eta Gobernuak ezezkoa eman zuen. Egia esateko, hauteskunde probintzial ezkutuak egitea izan zen asmoa, zinegotziak hautesleak izan zitezen. Horrela, EAJ Batzorde Kudeatzaileaz jabetuko zen, autonomia-prozesua biziberritzeko.

Agintariek kontra egin bazuten ere (indar publikoak udalak okupatu eta zinegotziak atxilotu zituen), laurogeita lau udalek aukeraketa egitea lortu zuten. EAJk irabazi zuen hamar hautetsirekin, baina ezkerrak bederatzi erdietsi zituen (5 errepublikano, 3 sozialista eta EAEko 1). Gobernuak, erantzunez, Gipuzkoako udalak kargugabetu zituen. Udalek, orduan, Zumarragan irailaren 2an biltzea erabaki zuten. Batzar hartara, euskal nazionalistak, Indalecio Prieto bere izenean, abuztuaren 12an hautaturiko kideak eta alkate batzuk bertaratu ziren. Gobernadore zibilak berak gidaturik, segurtasun indarrak agertu ziren eta, ondorioz, batzarrak azkenean ez zuen erabakirik hartu. Aitzitik, irailaren 5ean, Sasiain Donostiako Udaletik kendu eta, haren ordez, Pedro Soraluze erregezalea izendatu zuten.

Hain uda gatazkatsuaren ondotik baretasuna berreskuratu bazen ere, lasaitasunak ez zuen luzaz iraun, urrian matxinada bat piztu baitzen, Alejandro Lerroux buru zuen Gobernuan CEDA sartzearen kontra zegoen Espainiako sozialismoaren sektore baten erradikalizazioaren ondorioz. Arestian aipatu dugun Urriko Iraultza izan zen eta, Gipuzkoari dagokionez, Eibarren eta Arrasaten izan zuen eraginik handiena, bi herrietan istilurik larrienak gertatu baitziren. Matxinoek, izan ere, Marcelino Oreja atxilotu zuten, hots, Unión Cerrajera de Mondragón (UCEM) enpresako Administrazio Kontseiluko presidentea eta diputatu karlista, eta, harekin batera, Dagoberto Rezusta diputatu probintziala eta UCEMeko kontseilaria, eta Ricardo Azkoaga UCEMeko administrazio-burua eta alkate ohia. Lehen biak hil zituzten, eta hirugarrenak ihes egitea lortu zuen. Egun hartan bertan, tropak Bilbotik eta Gasteizetik iritsi eta altxamendua zapaldu zuten, hamar hildako eraginda. Handik egun batzuetara, indar militarren eta grebalarien arteko tiroketa izan zen Pasaian, sei pertsona hilda. Hilaren 12rako normaltasuna berrezarri eta greba indargabetu zen, baina zapalkuntza berehala hasi zen langile-sindikatuen aurka, Euzko Langileen Alkartasuna sindikatu nazionalistaren aurka ere bai, grebarekin zerikusirik ez bazuen ere. Egoitzak itxi eta atxilotuei gerra-kontseilua egin zitzaien, 1936ko urtarrilera arte espetxeratuta. Fronte Popularrak irabaztearen ondorioz, dena den, Gobernu berriak amnistia eman zuen eta kondenak ez ziren bete (haietako batzuk heriotza-zigorrak).

1936ko otsailaren 16ko eta 23ko hauteskunde orokorretan, Espainiako gainerako lurraldeetan ez bezala, Gipuzkoan hiruren arteko lehia gertatu zen. Ezkerra Fronte Popularrean elkartu zen, Euzko Abertzale Ekintza eta PCE alderdiak barne. Eskuina, Iraultzakontrako Koalizioan, eta EAJ bakarka, zentroko espazioa hartu nahian. Azken emaitzekin bat, EAJk lau diputatu lortu zituen eta, Fronte Popularrak, bi. Espainia osoan gertatu zen bezala, Gipuzkoa ez zen une hartatik aurrera politikan eta gizartean piztutako gatazka-giro nahasitik at gelditu. Arlo politikoan, giroa batez ere falangistek tenkatu zuten, gutxi ziren baina istilu ugari eragin zituzten. Bestalde, sindikatuak berriz ere jardunean hastearekin, eta krisi ekonomikoaren zein gizartearen erradikalizazioaren ondorioz, gatazka soziala areagotu zen. Bitartean, autonomiaren auzia politikaren plaza erdira itzuli zen. Izan ere, ezkertiarrek otsailean irabazi ondoren, udaberri hartan bertan EAJ eta Frente Popularra elkarrengana hurbildu ziren, beren liderren bitartez, Agirreren eta Prietoren bitartez, alegia. Hurbiltzearen arrazoia Estatutua zen; harako hartan, Kongresuan azkar egin zuen bidea, Arabako auzia berehala moldatuta, eskuindarrak huraxe eragozten saiatu baziren ere. Uztailean, testua, Estatutuen Batzordeak laburtua eta adostua, prest zegoen Kongresuko osoko bilkurara eramateko. Parlamentuak, horrela, 1936ko urriaren 1ean onetsi zuen Euzkadiko 1936ko Autonomia Estatutua, behin Gerra Zibila hasia zela. Handik egun batzuetara, hilaren 7an, Gernikako Batzar Etxean, Jose Antonio Agirrek lehendakari karguaren zina egin zuen.

Bibliografia

AIZPURU, M., El Partido Nacionalista Vasco en Guipúzcoa (1893-1923), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2000.

ALONSO OLEA, E. J., El Concierto Económico (1878-1937). Orígenes y formación de un derecho histórico, Oñati: HAEE-IVAP, 1995.

— Continuidades y discontinuidades de la administración provincial en el País Vasco. 1839-1978. Una «esencia» de los derechos históricos, Oñati: HAEE-IVAP, 1999.

ARANA, I., El monarquismo en Vizcaya durante el reinado de Alfonso XIII, Iruñea: Universidad de Navarra, 1982.

AYERBE IRÍBAR, M.ª R., «Marcos Fernando Sasiain Brau. «Sangre, sudor y lágrimas» en la vida del único alcalde republicano de San Sebastián (1894-1957)», Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 45, (2012), 249-328. or.

BARRUSO, P., El movimiento obrero en Guipúzcoa durante la II República. Organizaciones obreras y dinámica sindical (1931-1936), Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1996.

— «Gipuzkoa en el siglo XX. De la modernización a la capitalidad cultural (1876-2016)», in ARAGÓN, A. eta ECHEBERRIA, I. (koord.), Síntesis de la historia de Gipuzkoa, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2017, 349-413. or.

BELAUSTEGI, U., Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2014.

CASTELLS, L., Fueros y conciertos económicos. La Liga Foral Autonomista de Guipúzcoa (1904-1906), Donostia: Haranburu, 1980.

— Modernización y dinámica política en la sociedad guipuzcoana de la Restauración, 1876-1915, Madrid: Euskal Herriko Unibertsitatea/ Siglo XXI, 1987.

— «La Bella Easo: 1864-1936», in ARTOLA, M. (arg.), Historia de Donostia-San Sebastián, Donostia: Nerea, 2000, 283-386. or.

DE LA GRANJA, J. L., Nacionalismo y II República en el País Vasco, Madrid: Siglo XXI, 1986.

— El Estatuto vasco de 1936: sus antecedentes en la República, su aplicación en la Guerra Civil, Oñati: HAEE-IVAP, 1988.

— República y Guerra Civil en Euskadi: del Pacto de San Sebastián al de Santoña, Oñati: HAEE-IVAP, 1990.

DE LA GRANJA, J. L.; DE PABLO, S. Y RUBIO, C., Breve historia de Euskadi, Barcelona: Debate, 2010.

DE PABLO, S.; MEES, L., El péndulo patriótico. Historia del Partido Nacionalista Vasco (1895-2005), Barcelona: Crítica, 2005.

DE PABLO, S.; MEES, L. eta RODRIGUEZ RANZ, J. A., El péndulo patriótico. Historia del Partido Nacionalista Vasco, I: 1895-1936, Barcelona: Crítica, 1999.

ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., La construcción de una nacionalidad vasca. El autonomismo de Eusko Ikaskuntza (1918-1931), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990.

FUENTE LANGAS, J. M.ª, La dictadura de Primo de Rivera en Navarra, Iruñea: Gobierno de Navarra, 1998.

GONZÁLEZ CALLEJA, E., La España de Primo de Rivera. La modernización autoritaria 1923-1930, Madrid: Alianza, 2005.

LARRÍNAGA, C., De la Diputación Foral a la Diputación Provincial de Guipúzcoa. Autonomía administrativa y modernización económica durante la Restauración (1875-1902), Donostia: Instituto Dr. Camino de Historia Donostiarra, 2006.

— Diputaciones provinciales e infraestructuras en el País Vasco durante el primer tercio del siglo XX (1900-1936), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2013.

LASALA Y COLLADO, F., Última etapa de la unidad nacional. Los Fueros Vascongados en 1876, Madrid: Real Academia de Ciencias Morales y Políticas, 1924.

LUENGO, F., La crisis de la Restauración. Partidos, elecciones y conflictividad social en Guipúzcoa, 1917-1923, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1991.

MONTERO, M., La construcción del País Vasco contemporáneo, Donostia: Txertoa, 1993.

OBIETA VILALLONGA, M., Los integristas guipuzcoanos. Desarrollo y organización del Partido Católico Nacional en Guipúzcoa (1888-1898), Donostia: Euskal Herriko Zuzenbidearen Histori Institutoa, 1996.

REAL CUESTA, J., Partidos, elecciones y bloques de poder en el País Vasco, 1876-1923, Bilbo: Universidad de Deusto.

— El carlismo vasco, 1876-1900, Madrid: Siglo XXI, 1985.

RODRÍGUEZ RANZ, J. A., Guipúzcoa y San Sebastián en las elecciones de la II República, Donostia: Instituto Dr. Camino de Historia Donostiarra, 1994.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP