Ibilbidea
Bizkaiak industrializazio bortitza, azkarra eta trinkoa jasan zuen, batez ere 1876az geroztik. Horrek prozesu modernizatzaile bizkorra ekarri zuen, klase herritarraren bizi baldintzak okertzea, bereziki langileenak, eta gizartearen hierarkizazioa areagotzea. Horrekin batera, immigrazio prozesu handia antzeman zen Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean sortutako fabriken eta mehatzeen alderdira buruz: Sestao, Barakaldo, Portugalete, Santurtzi, Muskiz, Abanto-Zierbena eta Ortuella. Aldi berean, produkzio bizimodu tradizionalaren krisia gertatu zen, eta Ameriketara bideratutako migrazio nabarmena eragin zuen, nagusiki Argentina eta Uruguaira. 1876ko legeak ekarritako aldaketa instituzionalak krisialdia eta kultura aldaketak ekarri zituen, eta euskararen ahultzeak identitate krisi larria ekarri zuen. Horixe izan zen euskal foruzaletasun eta abertzaletasunaren sorburua. Alde positibo bat ere izan zuen horrek: Bizkaia Europa hegoaldeko lurralde dinamiko, berritzaile eta ideia zein jarduera modernoekiko irekienetakoa bihurtu zen, eta eraikitako Bilbo hiria bere inguruko garatuenen parekoa izatea lortu zuen.
1876an Karlistaldia bukatu zenean, eta foru legediak burdin minerala esportatzeari jartzen zizkion trabak gainditurik, industrializazioaren oinarria mineral horren esportazio masiboa izan zen, batez ere Ingalaterrara. Meatokiak 24 kilometro inguruko luzera zuen, Basauriko San Prudentzio mehatzean hasi eta Ortuella, Somorrostro eta Alonsotegitik igaro ondoren Muskizko Pobeña-Kobarongo barruti meatzarian bukatzen zen, Kantabriako mugatik gertu. Bi meatoki garrantzitsuenak Matamoros eta Trianokoak ziren. Hiru elementuri esker errazagoa zen eskala handiko ustiapena: kanpoan, aire zabalean erauz zitekeen, meatokiak oso aberatsak ziren eta minerala Bessemer labe berrietan erabiltzeko egokia zen. XIX. mende bukaeran 20.000 bat meatzarik egiten zuten lan eskualde horretan. Burdina ustiatu eta esportatzea Bizkaiko industriaren ardatz bihurtu zen, eta hainbat konpainia handi ezarri ziren Bizkaian, besteak beste Orconera Iron Ore (1873) eta Franco-Belga (1876). 1871-1875 bosturtekoan 243.720 tona ustiatu zituzten, eta 1889-1890ean 1.899.142. Aldiz, 1897-1898an, 5.209.958 izan ziren eta % 90 inguru esportatzeko erabili zen, nagusiki Ingalaterrara. Izan ere, Bizkaiko «hazkunde» industrializatzailea Ingalaterrarekiko erabateko menpekotasunari loturik egon zen, ez soilik burdin mineralaren esportazio handi horien helmuga izateagatik, baizik eta, ontzien itzulerako bidaia probestuz, Galesetik ikatz mineral asko inportatu zelako, eta, horri esker, Bizkaian siderurgia industria modernoa sortu ahal izan zen. Prozesu industrializatzaile horrek bizitzaren alderdi guztietan izan zuen eragina: politikan, demografian, kulturan, gizartean eta, nola ez, ekonomian.
1876tik 1936ra doazen urteetan produkzio sektore bakoitzak ekonomia osoari egiten zion ekarpenaren ehunekoari begiratuta, argi ikus daiteke industriak Bizkaiko ekonomian eskuratu zuen protagonismoa. 1860an, lehen sektorea jaun eta jabe zen % 62,3rekin, bigarrenak % 15,3 zuela. Berrogeita hamar urte geroago, 1910ean, ehuneko horiek % 34,7 eta % 37,2ra aldatu ziren hurrenez hurren. Hurrengo urteetan, joera geroz eta nabarmenagoa bilakatu zen: 1930erako lehen sektore bizkaitarraren ekarpena % 21 besterik ez zen, eta industriarena % 46,5. Jakina, ehuneko horiek askoz ere harrigarriagoak ziren Bilbon: 1930ean, lehen sektorea % 1,4 besterik ez zen, industria % 48,4 eta hirugarren sektorea zen garatuena % 50,2rekin.
Boluetako Santa Anako labe garaia irekitzearekin batera hasi zen Bizkaiko siderurgia modernoa, oraindik ikatz begetalarekin funtzionatzen zuen arren. 1855ean, Karmengo Andra Mariren fabrika inauguratu zuten Barakaldon, eta dagoeneko ikatz minerala zerabilen. 1880an Basamortuko San Frantziskorena sortu zen (Mudela bezala ezaguna). Hala ere, Bizkaiko industria siderurgikoaren mugarria 1902an Bizkaiko Labe Garaiak sortzea izan zen. Oparotasun ekonomikoaren, garapen industrialaren eta hazkunde demografikoaren garaia 1910-1920ko hamarkadetakoa izan zen, bereziki Lehen Mundu Gerrako urteak, 1914-1918, Espainiak gerra horretan hartutako jarrera neutralak lagunduta. Zenbait urtez hazkunde moderatua izan ondoren, hurrengo hamarkadaren hasieran, 1929ko krisialdiak eragina izan zuen Bizkaian, batez ere Bilbon, eta ondorio ekonomiko larriak izan zituen, baina batez ere sozialak, langabeziak nabarmen egin baitzuen gora.
Bizkaiko industrializazioa nagusiki siderurgiari loturik agertu arren, beste sektore batzuk ere kontuan hartu zituen, besteak beste ontzigintza, metalurgia, zementua, irina, etab. Adibidez, 1879 eta 1918 artean zazpi fabrika handi ezarri ziren Sestaon, lau industria sektore desberdinetakoak: siderurgikoa (San Francisco, 1879; La Vizcaya, 1882); metalurgikoa (La Iberia, 1888; Aurrera, 1885; Babcock-Wilcox, 1918); ontzigintza (Astilleros del Nervión, 1888) eta zementua (Cementos Portland, 1899). Bizkaian, garrantzi handia izan zuen lehergailuen fabrikazioak ere. 1872. urtean Sociedad Española de Dinamita sortu zen Galdakaon, eta hori arduratu zen Espainiako zazpi dinamita eta metxa fabrika Unión Española de Explosivos funtsean elkartzeko operazioaz. Aseguruen alorrak garapen handia izan zuen, nahiz eta, hasieran, soilik itsas trafikoari lotutako gaia izan. 1900. urtean Seguros Aurora sortu zen, eta 1929an Banco de Bilbaoren sarean sartu zen. 1901ean La Polar aseguru etxea sortu zen, Banco de Comercio-rekin lotua, gerora Bilbokoan sartu zen arren. 1905ean, SURNE sortu zen, bidaiari eta ordezkariei zuzendutako Mutualitate Laguntza Erakundea, eta 1918an Bilbao aseguruak, Jose Maria Soroaren gidaritzapean. Hasieran itsas trafikoa aseguratzen aritu zen, eta ondoren sute, bizitza, lan-istripu eta abarrekin hasi zen.
Era berean, Bilbo finantza-sektorearen garapenaren gune garrantzitsuenetakoa izan zen. 1856an, bankuen legea aldarrikatuz, Espainiako Bankuak ordura arte zuen sektorearen monopolioa bertan behera geratu zen. Lege horren pean, eta urtebete beranduago, bertako kapitalarekin Banco de Bilbao sortu zen. Banku horren sorrera oso adierazgarria izan zen. Urte horietan, Frantziako Crédit Mobilier-ek sukurtsala ireki nahi zuen Bilbon, bertako industrialarien laguntzarekin. Hala ere, kapitalista bilbotar nabarmenetako batzuek, Merkataritza Batzordearen baitan, euren kapitala jartzea erabaki zuten, haien banku independentea sortzeko. Hala, Hiribilduko industria eta merkataritza enpresa garrantzitsu gehienak Banco de Bilbao sortzeko elkartu ziren: Epalza, Ybarra, Zubiria, Zabalburu, Aguirre, Uhagon, Mac Mahon, etab. Hasieran, 1891. urtean sortutako Banco de Comercio izan zen lehiakide nagusia, baina 1901ean xurgatu zuen. Bestalde, urte hartan bertan Banco de Vizcaya sortu zuten Bilbon; 1903an Banco Vascongado-rekin bat egin zuen, eta, 1915ean, Jacquet e Hijos banku bilbotarra xurgatu zuen. 1918an Madrilgo Luis Roy Sobrino bankua erosi zuen, eta bertan ireki zuen bere lehen sukurtsala Madrilen. 1935ean 75 sukurtsal zituen Euskal Herrian, Katalunian, Valentzian eta Madrilen. Gainerakoan, 1887ko saiakeraren ondoren, Bilboko Udal Aurrezki Kutxa sortu zen, eta 1920an Bizkaiko Aurrezki Kutxa. 1891. urtean Bilboko Burtsa ezarri zen, aurretik ere modu informalean funtzionatzen zuen arren. 1901. urte aldera, bertan sortutako entitateak eta kanpokoen sukurtsalak gehituta, guztira 35 banku eta truke etxe zeuden Hiribilduan.
Bizkaiko industrializazio eta urbanizazioarekin batera, komunikazioek hazkunde handia izan zuten, bereziki trenbideak. Prozesua 1876a baino lehen hasia zen, baina urte horretan izan zuen bultzadarik esanguratsuena, batez ere 1880. hamarkadan. Bilboren, meategien eta kanpoko portuen inguruan trenbide sare trinkoa sortu zen honako lineak lotuta: Bilbo-Tutera Mirandatik (1863an inauguratua); Bilbo-Muskiz (1865); Bilbo-Durango (1882); La Robla-Balmaseda (1884); Bilbo-Areeta (1887); Bilbo-Portugalete (1888); Durango-Zumarraga (1889); Areeta-Plentzia (1893); Bilbo-Sondika (1895),
Lutxana-Mungia (1896), Bilbo-Santander (1898), Durango-Elorrio (1903), etab. Bizkaiko ekonomiarentzat ezinbestekoa izan zen Kanpoko Portua ere, 1906an eraikia, Evaristo de Churrucaren proiektuari esker.
Merkataritza ere modernizatu zen. XIX. mendearen erdialdetik denda handiak agertzen hasi ziren, saltoki handien aitzindari, eta bertan jantziak eta bestelako objektuak saltzen ziren. Amann saltokiaren kasua da interesgarrienetakoa, Bilboko Belosti kalekoa. Denda hori alemaniar jatorria zuen Emiliano Amann Palmek (Bilbao, 1822-1892) sortu zuen 1864an, eta, hil zenean, bere seme-alaben esku geratu zen. Eraikineko hiru solairu erabiltzen zituen, eta 26 sail edo atal izatera iritsi zen: jostailuak, altzariak, janaria, ardoa, dekorazioa, paper-denda, kirol-gaiak, etab. «Gran Bazar Moderno» bezala agertzen zen iragarkietan eta epeka ordaintzeko aukera eskaintzen zuen. 1929ko krisiak gainbeheran jarri zuen eta 1940. hamarkadan itxi zuten. Harrigarria da zeinen goiz inauguratu ziren Bilbon horrelako saltoki handiak, are gehiago beste herrialde batzuetako aitzindarien datari begiratuta: Frantzian Le Bon Marché (1852), Printemps (1865), La Samaritaine (1869) eta Galeries Lafayette (1889); Ingalaterran Harrod’s (1874); eta Ipar Amerikan Sears Roebuck (1886).
Aztertzen ari garen garaian, izugarria izan zen Bizkaiko biztanleriaren hazkundea. 1877an, 189.954 biztanle zituen, 1900. urtean 311.361, eta 1930ean, dagoeneko, 485.205. Esan liteke, beraz, mende erdi inguruan, Bizkaiak bere biztanle kopurua bikoiztu zuela. Biztanleriaren hazkunde horren atzean, industrializazioak ekarritako migrazio korronte handiak zeuden. Paradoxikoki, Bizkaiko landa eremuetako biztanleriaren zati handi batek Ameriketara emigratzen zuen bitartean, immigrazio korronteak are etorkin gehiago ekarri zituen industrializatutako eskualdeetara espainiar Estatutik; nagusiki Gaztelatik, baina, batez ere, aldameneko Burgos probintziatik. 1910. eta 1920. urteetako erroldetan, adibidez, Bizkaiko biztanleriaren % 27 probintziatik kanpo jaioa zela jaso zen. Migratzaileen urteko tasa oso altua izan zen 1878-1887 (% 14,04), eta 1888-1900 artean (% 12,6); ondoren, % 4 ingurura jaitsi zen.
Garai horretako Bilboko urbanizazio prozesuaren alderdirik adierazgarriena da hiri merkatari txiki bat izatetik, funtsean Iraultza Industrialetik eratorritako ekoizpen ekonomiari lotutako metropoli izatera igaro zela. Merkataritza jarduerari eutsi ez ezik, zabaldu ere egin zuen eta bestelako zerbitzuak eskaintzeari ere ekin zion, finantzekin lotuta batez ere. Horren ondorioz, eta lan indarra behar zuenez, erakarpen demografikoko gune bilakatu zen. Hazkunde geografiko etengabea izan zuen, lurraldeak bata bestearen atzetik anexionatzen baitzituen, eta zabalgunea eraikita, bertako urbanismoak jauzi kualitatiboa (eta kuantitatiboa) eman zuen.
Bilboko espantsionismoa geldiezin bihurtu zen. Alde batetik, alboko udalerriak anexionatzeagatik, eta bestetik hiriaren eta demografiaren dinamismoagatik, Bilbo nabarmen hazi zen 1870-1936 aldian. 1870ean aldameneko Begoña eta Abandoko elizateen zati bat anexionatu ziren, eta 1877an Bilbok 32.734 biztanle zituen, Bizkai osoko % 17,2. Bilboko urteko immigrazio tasak oso altuak ziren, esaterako, % 36,3 1878-1887 aldian. 1890ean Abando osoki anexionatu zen eta 1890. urtean Bilbo 83.306 biztanle izatera igaro zen, Bizkaiko herritarren % 26,7. 1925ean Deustu eta Begoña guztiz anexionatu ziren eta baita Erandioko zati bat (1940an, osoki anexionatu zen). 1930ean 161.987 biztanle zituen Bilbok, Jaurerriaren heren bat. 1940rako, aldiz, 195.186, garai hartan egindako anexioak zirela medio. Labur esateko, hirurogeita hamar urtetan, Bilboko biztanleen kopurua sei bider hazi zen, eta bere hedadura geografikoa ia egungo 40 km2 izatera iritsi zen. Biztanleria dentsitatea oso altua izan zen beti, baina garai horretan, azalera handitu arren, biziki egin zuen gora. 1877an Bilbok 550 biztanle/km2 zituen, eta 1900. urtean kantitate hori ia hirukoiztu zen kilometro karratuko 1.400 biztanle baitzeuden. Nolanahi ere den, 1940an kopurua oso altua zen, 3.282 biztanle/ km2 izatera igaro baitzen. Horrek osasungintza eta elkarbizitza arazo ugari sortu zituen.
XIX. mende hasieratik, estutasun urbanistikoa nabaria zen Hiribilduko Zazpikaleetako Erdi Aroko inguru meharrean. Madrilen, 1860an, Carlos Maria de Castrok aurkeztutako zabalgune plana onartu zuten, eta, urte horretan bertan, baita Ildefonso Cerdak Bartzelonan aurkeztutakoa ere. 1864. urtean onartua izan zen Antonio Cortazarrek Donostian aurkeztutakoa. 1861. urtean, hiri-zabalguneak ahalbidetuko zituen legea onartzen saiatu ziren, eta orduko hartan blokeatuta geratu zen arren (1864ra arte ez zen onartu), akuilu izan zen Bilbok berea egiteko planak has zitzan. 1862an Amaldo Lazaroren zabalgune proiektua aurkeztu zen, Abandoko 229 hektareatan, baina «utopikotzat» hartu eta bertan behera geratu zen. Egoera politikoa eta, batez ere, Karlistaldia izan ziren proiektu berria onartzeko eragozpen nagusiak. 1876an, beste proiektu bat aurkeztu zuten bi ingeniarik eta arkitekto batek: Pablo de Alzolak, Ernesto Hoffmeyerrek eta Severino de Achucarrok. Askoz ere xumeagoa zen eta 154 hektarea hartzen zituen. Kale Nagusia (On Diego Lopez Harokoa) zuen ardatz. 1896rako zabalgunea txiki geratu eta gehiago zabaldu behar izan zen. Enrique Epalza udal arkitektoak proiektu bat ondu zuen, baina ez zen aurrera atera. 1907an Federico Ugalderen zabaltze proiektua onartu zen, 1876koaren izaera kontserbatzailearen ildotik. Zabalgunea alde zaharrari loturik geratu zen arren, Isabel II.aren zubiaren eta Geltoki kalearen bitartez (egun Areatzako zubia eta Nafarroa kalea), laster hirigune autonomo bihurtu zen, zazpi kale zaharretatik bereizia, eta askotan antagonikoa. Izan ere, ordezkaritza politiko-administratiboak (udala, diputazioa), sozialak (Bilbaina Elkartea) eta ekonomikoak (Banco de Bilbao) Zazpikaleetatik Zabalgunera aldatu ziren berehala. Herritarren dentsitatean zegoen kontrastea oso handia zen batetik bestera; hala, 1915ean San Frantzisko auzoan hektareako 1.385,4 biztanle zeuden, eta Kale Nagusian 190,5. Finean, gizarte patriarkal eta merkatariarena zen Zazpikaleetako Bilbo, eta zabalgunekoa igotzen ari zen burgesia kapitalistarena.
Baina Zabalguneko Bilbo kapitalista alde batera utzita, bai Hiribilduak eta baita Bizkaia osoak ere gizarte eta urbanismo arazo larria zuten klase herrikoien etxebizitza zela-eta, bereziki, Nerbioi ertzeko fabrika eta meatzaritza eremuetan pilatutako langile etorkin kopuru izugarriagatik. Oro har, Bizkaiko langileen etxebizitza arazoari emandako irtenbideek planifikazio falta handia, inprobisazioa, aberasteko nahia eta espekulazioa erakutsi zuten, eta, ondorioz, kalitate tekniko eta estetikorik gabeko eraikuntzak egin ziren, osasungaitzak eta deserosoak.
Guztiarekin ere, langileen etxebizitza beharrei erantzun arrazionalago, orekatuago eta ordenatuagoa ematen saiatu ziren egitasmo ugari ere sortu ziren. Horietako bat Patronalaren paternalismoaren baitan: industrialari batzuek auzo «higieniko», «moderno» eta «osasungarriak» eskaini nahi zizkieten beren langileei, Ingalaterrako Ebenezer Howard lorategi-hiriaren ereduari jarraituz. Esaterako, horietako bat Irala Barri auzoa da, Juan Jose de Irala enpresariak sortua, ogiaren punta-puntako merkataritza-gune baten jabea, 1902an sortutako Harino Panadera enpresarena hain zuzen ere. Federico Ugalde eta Enrique Epalza arkitektoen laguntzarekin, lorategidun etxe xume baino duinak zituzten hamabost kale eraiki zituen, halako kutsu britainiarrarekin. Bertan, tabernak debekatuta zeuden, baina kirol instalazioak, eskola, ekonomatoa eta doako osasun arreta eskaintzen zituzten. 1916an hasi ziren Irala Barri eraikitzen, eta 1918an Bilboko erdigunearekin bat egin zuen tranbia baten bitartez.
Auzo horren ondoan, Alemaniako hirigintza langilean oinarritutako bat sortu zen, hura ere oso interesgarria: Torre Urizar. Ricardo Bastidak diseinatu zuen, 275 etxebizitza zituen guztira, eta 1919an hasi ziren eraikuntza lanak, Udal Etxe Merkeen Batzordearen bitartez. Orientazioak, diseinuak eta eraikin blokeen arteko plaza zabalek bermatzen zuten auzoaren izaera higienikoa. Etxe Merkeen legedia 1911. urtean jarri zen indarrean Espainian (Bretainia Handian eta Frantzian egindakoaren bidetik), 1921ean eman zitzaion jarraipena, eta 1925ean burutu zen. Lege horien babesean, horrelako eraikin herrikoiez osatutako auzo ugari sortu ziren Bizkaia industrializatuan. Oso garrantzitsua izan zen 1914an sortutako Barakaldoko eta Sestaoko Etxe Merkeen Batzordea. Bizkaiko Labe Garaien laguntza izan zuen, eta 1916 eta 1918 artean langileentzako bi etxebizitza multzo eraiki zituen Barakaldon. Bizkaia osoan ere horrelako sustapen gehiago izan ziren: Sestaon, Zallan, Portugaleten, Arrigorriagan…, eta, nola ez, Bilbon, horrelako dozena erdi bat auzo sortu baitziren.
Hamarkada horietan guztietan gizarte hierarkiaren araberako espazio segregazio prozesua areagotu zen. Bilbo zaharrean merkatariak, menestralak, arrantzaleak, artisauak eta abar elkarrekin bizi ziren Zazpikaleetako eremu txikian. Industria garaiko Bilbo hirian, aldiz, gizarte talde bakoitza auzo jakin batean ezarri zen, bereizita. Hala, burgesia txikiak eta ertainak zabalgunea beretzat hartu zuten bitartean, langileak eta artisauak Irala Barri eta Torre Urizar auzoetan bizi ziren edota Olabeagan zein Atxurin. Langile eta meatzariak, jakina, Barakaldo, Sestao, Ortuella eta antzeko fabrika eta meategien inguruan pilatzen ziren. Gainerakoan, oligarkia enpresarialak bizileku iraunkor bat sortzeko proiektua bultzatu zuen, eskuinaldeko eremu saneatu batean, Getxoko udalerrian. Tokiari izen adierazgarria eman zioten euskarazko «negu» hitz orokorra eta mendebaldeko hizkeretako «uri» (hiri) hitzak elkartuz: Neguri. 1900. urtetik aurrera, askotariko «neo» estiloetako jauregiak eraiki zituzten aberatsentzako lorategi-hiriaren ereduari jarraituz, Bretainiako gustuarekin bat. Hasierako promotorea Maximo Aguirre izan zen; hareatza eta padura ez-emankorrez osatutako eremu bat erosi, eta bertan Estatu osoko auzo esklusiboenetako bat sortu zuenean. Nolanahi ere den, Neguri plutokrazia bizkaitarrak zuen boterearen erakusgarri bilakatu zen, luxua eta nabarmenkeria nagusi ziren etxe handiekin.
1876-1936 aldian, enpresa burgesia sortu zen Bizkaian eta gora egin zuen gizartean, azkar, eta etengabe, bertako ekoizpen baldintzetara egokitutako negozio dibertsifikatuei esker. Hala, «enpresa kapitainak» sortu ziren eta hainbat alorren alde egin zuten apustu: trenbideak, metalurgia eta siderurgia, bankuak, elektrizitatea, paper fabrikak, makineria, higiezin agentziak, meategiak, lehergailuak, etab. Enpresa handi horien administrazio kontseiluetan abizen berak ageri dira behin eta berriz, eta enpresen kontrola haien esku geratu zen azkenean: Uhagon, Amann, Epalza, Aguirre, Ybarra, Martinez Rivas, Zubiria, Urkixo, Gandarias, Mac-Mahon, Sota, Berge, Zabalburu, Chalbaud, Echevarrieta… eta beste gutxi batzuk gehiago. Enpresari mota horren prototiporik behinena Victor Chavarri izan zen (Portugalete, 1854-Marsella, 1900), bere lagunek «Lehoi» esaten zioten. Ia aipatutako alor guztietan inbertitu zuen, eta, gainera, esku hartze politiko garrantzitsua izan zuen Bizkaian eta Espainian. Chavarri «La Piña» hauteskunde elkarte monarkiko-dinastikoko buru izan zen 1897tik aurrera, enpresari bizkaitar gutxi batzuek osatutako taldea. Muga-zergen politika protekzionistaren defentsan, enpresaburuen artetik Victor Chavarri izan zen irabazlea, teorikoki, Pablo de Alzola ingeniariaren laguntzari esker.
Enpresari horietako batzuk kaudimendun oinarri ekonomikoak zituzten hasieran, gehienetan, merkataritza eta lur-sailen errentatik lortutakoak; beste batzuk, ordea, jatorri apalekoak ziren, eta egoera berriak eskaintzen zituen aukerak baliatuz, enpresa industrial handiak sortu zituzten. Horren adibide argia Federico de Echevarria da (Bilbo, 1840-1932): bere aita Alde Zaharreko latorrigile xumea zen; 1867an, Federicok zerbitzu telefonikoaren emakida eskuratu eta etekin handiak lortu zituen. Irabazitakoa Echevarria S.A. sortzeko erabili zuen, Begoñako ijezketa enpresa, eta ordutik siderurgiaren alorrean gora egin zuen etengabe.
Arrakasta handiko hainbat enpresari bizkaitar Monarkiaren eta Dinastiaren aldeko ildo politiko nagusitik aldendu ziren, eta sistemarenaz besteko ideologiekin uztartu zuten euren enpresa-jardun handia. Hala egin zuten Horacio Echevarrietak (Bilbo, 1870 – Barakaldo, 1936) adibidez, meatzaritza, higiezin, garraio, ontzigintza eta abarretako negozioetan parte hartu zuen errepublikanoak; Ingalaterrarekiko salerosketan aditua zen Ramon de la Sota Llano (Castro Urdiales, 1857 – Getxo, 1936), ontziak eraiki eta konpontzen zituen Euskalduna Konpainiaren sortzailea (1900) eta aberastasun handi baten jabe zena, Sagarminagaren Euskalerria Elkarteko izatetik Euzko Alderdi Jeltzaleko militante izatera igaro zen.
Asoziazionismo patronalak garrantzi handia bereganatu zuen Bizkaian. 1880an Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera sortu zen, enpresarien interesak defendatzeko. Aurrerago, 1886an, Bilboko Meatze Zirkulua iritsi zen, meatzariekin zituzten lan-harremanak arautzeko helburuarekin, eta, 1894. urtean, Bizkaiko Ekoizleen Liga, politika protekzionista baten alde gobernu espainiarrari presioa egiteko. Urte batzuk geroago, 1900ean, Ontzigileen Elkartea eratu zen, eta, 1912an, merkataritza alorrean, Bilboko Merkataritza Batzordea, gerora, Bilboko Merkatarien Gunea deitu zena. 1898an Bizkaiko Industria Gunea sortu zen, ugazabei lan-harremanen inguruko aholkuak emateko, langileen aldarrikapenak eta eskakizunak geroz eta ugariagoak baitziren.
Etengabe hazten ari zen langile klaseari dagokionez, hasieran eman zituen urratsek ez zuten etekinik eman. Industria eremuetako bizi-baldintzak penagarriak ziren: etxebizitza prekarioak, meategietan ezarritako nahitaezko barrakoi eta kantinen sistema (company towns delakoak), soldata baxuak, lan-istripuak, higiene baldintza eskasak, uraren kutsadura, elikadura kaskarra… Horrek guztiak atzerapen handia ekarri zuen langile klasearen bizi kalitatean. Hilkortasun tasa, umeena batez ere, oso altua zen. Eskualde meatzari eta industrial batzuetan, hilkortasuna % 50era iritsi zen, Bizkaiko landa eremuetan zegoenaren bikoitza. Bizi itxaropenaren datuak argi erakusten du bizi baldintzak zeinen muturrekoak ziren. Adierazle horrek behera egin zuen batez ere 1877-1900 aldian, eta aurreko nekazari-gizarte tradizionalaren garaian nahikoa baxua zen. Hala, 1877an, Barakaldon, bizi itxaropena hogeita hemezortzi urtekoa zela uste da, baina 1890ean izugarri jaitsi zen, hogeita lau urte eskas izateko. 1910era arte ez zen berrogeita bi urtera igo, eta 1950ean berrogeita hamarrera iritsi zen.
Handik gutxira, langile eta meatzariak beren eskakizun sozioekonomikoak aldarrikatzeko antolatzen hasi ziren. Horren ondorioz, 1890etik 1911ra bitarte gatazka ugari izan ziren Bizkaiko meatzaritza eta industria eskualdeetan.
Hasieran, elkarte sozialistek, beren jarduera politikoaz gain, sindikatuen egitekoez arduratu ziren. Izan ere, PSOEren lehen kongresuan, kideentzat nahitaezkoa zen UGTn ere militatzea, militantzia bikoiztea alegia, eta hala izan zen 1990. urtera arte. 1886an Bizkaiko lehen elkarte sozialista sortu zen Bilbon; haren atzetik heldu ziren Ortuellakoa, Sestaokoa, Zugaztietakoa… eta Enkarterriko eta Nerbioi ezkerraldeko industria eta meatzaritza eskualdeetara zabaldu zen laster. 1900. urtean, 10 elkarte sozialista zeuden Bizkaian. Mugimendu sozialista horren lehendabiziko burua Facundo Perezagua izan zen ezbairik gabe (Toledo, 1860 – Bilbo, 1935). 1890. urtean izandako meatzarien grebak garrantzia handia izan zuen Bizkaiko sozialismoa sendotzeko eta buruan jartzeko bidean. Urte horretan bertan sortu zen Bizkaiko Federazio Sozialista, indarrean zeuden elkarte guztien bilgunea. Perezaguaren babespeko lehen sozialismo bizkaitar horren politika erabat langileen aldekoa izan zen, eta burgesiarekiko konfrontazioa lehenetsi zuen, grebaren bitartez (1890, 1892, 1903, 1906 eta 1910). Estrategia politikoari dagokionez, urte horietan zatiketa gertatu zen euskal sozialismoaren baitan, indar aurrerakoi burgesekin elkarlanean aritzea zela-eta. Alderdiaren zuzendaritzagatik Perezaguarekin lehian zebilen Indalecio Prieto (Oviedo, 1883-Mexiko, 1962) langileengandik apur bat aldentzen zen ildo baten aldekoa zen, moderatuagoa, eta, batez ere, errepublikazaleekin elkarlanean arituko zena. 1914az geroztik, bere estrategia nagusitu zen eta Perezaguaren tokia bereganatu zuen; ez hori bakarrik, zenbait urtez alderditik kanporatu zuen, 1915etik 1919ra bitarte, hain zuzen ere. 1921ean, Perezaguak Espainiako Langile Alderdi Komunista sortu zuen zatiketako kide izan zen, azkenik, Espainiako Alderdi Komunista (PCE) izan zena.
Sindikalismo sozialista 1888an sortutako Unión General de Trabajadores (UGT) delakoaren bitartez bideratu zen. UGT XIX. mendeko azken hamarkadan ezarri zen Bizkaian. Mantso baina etengabe hazi zen, eta ondorengo urteetan bereganatu zuen protagonismoa erakutsi zuen. 1893. urtean bakarrik 511 afiliatu zituen, 1900ean 1.253, 1921ean 21.500 eta 1936ra iritsi orduko 30.000tik gora ziren.
1918-1923 aldia, hots, Lehen Mundu Gerra bukatu zenetik Primo de Riveraren estatu kolpera doazen urteetan, langile istilu ugari izan ziren Bizkaian: 258 greba, horietako batzuk nahiko biolento eta erradikalak.
1911n, Euskalduna ontziolako langileen inguruan Solidaridad de Obreros Vascos (SOV) sindikatua sortu zen, euskal jatorria zuten langileak elkartzeko helburuarekin, etorkin gehienak UGT eta CNTn afiliatzen baitziren. ELA, hasieran, EAJri loturik zegoen. 1929an lehen kongresua antolatu zuten Eibarren, eta, ordurako, 6.200 afiliatu zituen Bizkaian. 1936an 18.000 inguru ziren, erdia Bilbokoak. Lehendabiziko urteetan, izaera mutualista zuen nagusiki, baina 1914az geroztik ildo sindikalista aldarrikatzaile eta borrokalariago batera aldatu zen. Gasteizko bigarren kongresuan, 1933an, sindikatuaren izena aldatu eta Solidaridad de Trabajadores Vascos ezartzea erabaki zen, egokiagotzat jo baitzuten, langileek, nekazariek eta arrantzaleek bartan bat egiten baitzuten. ELAren ideologia aldarrikatzen zuten printzipioekin bat, Nazioarteko Sindikatu Kristauarekin bat egin zuten urte horretan bertan. Izan ere, Elizaren gizarte doktrinatik gertukoa zen, gizarte klaseen arteko armoniaren alde eta marxismoaren klase borrokaren kontzeptuari uko eginez. Bere ideologo nagusietako bat Policarpo Larrañaga apaiza izan zen, «don Poli». Era berean, elizgizonak izanik ere, euskal sindikalismoan eragin handia izan zuten Alberto Onaindiak eta Jose Ariztimuño «Aitzol»ek.
Bizkaian indar gutxiago izan zuen Confederación Nacional del Trabajo (CNT) zentral anarko-sindikalistak, 1931n 1.902 afiliatu baitzituen.
Batzuetan, garai historiko bat eta bere mekanismo sozial eta sentimentalak ezagutzeko saiakera historiografikoetara jotzeaz gain, probetxugarria da eleberri on bat irakurtzea. Mundu Gerraren eztanda ekonomikoaren aldiak, 1914-1918, gizarte mugikortasunak, bat-bateko aberastasunak, hazkunde politikoak eta abarrek Bilbori zer ekarri zioten ulertzeko, oso baliagarria da Juan Antonio de Zunzunegui idazle falangistaren (Portugalete, 1901-1982) El Chiplichandle (acción picaresca) eleberria (1940). Bertan, Joselin izeneko pikaroaren bizitza eta gorabeherak kontatzen dira. Lehen Mundu Gerra bitartean ontzi hornitzaile aritu eta gero (ship-chandler, hortik izenburua), azkenean Soriako gobernadore zibil bihurtu zen 1934-1936ko Bigarren Errepublikako biurtekoan. Era berean, irakurtzeko modukoa da Vicente Blasco Ibañez errepublikanoaren El intruso (1904) (bertan jasotako pertsonaia asko benetako pertsonengan oinarriturik daude, esaterako, Areilza doktorearengan edo Victor Chavarri plutokratarengan). Bizkaiko hazkunde industrializatzailea eragin zuten gizarte eragileak aipatu zituen bertan: meatzariak, langileak, kapitalista handiak, bankariak, kapatazak eta «sudurluzeak». Azken horiek Deustuko Unibertsitateko jesuitak ziren, emakumezkoen kontzientzien bitartez, senarren erabaki politikoetan eragiten saiatzen baitziren.
Gizonen gizarteratzea taberna eta txakolindegietan gertatu ohi zen batez ere Bilbo inguruko elizateetan (garai horretako lehen hamarkadetan, behinik behin); nagusiki, Begoña, Deustu eta Abandon. Gainera, sexu ezberdinetako dantzarien arteko kontaktua ekidin nahi zuen XVIII. mende bukaerako eta XIX.aren hasierako oldarraldi moralizatzailea gaindituta, erromeriek eta dantzek garrantzi handia izaten jarraitu zuten. Aldundiak sustatutako ikerketa batek erakusten duenez, 1869. urtean, Bilboko hiri-eremuan (inguruko elizateak kontuan hartu gabe) 130 taberna eta 13 kafe zeuden. Aisialdi establezimenduen sare trinkoa, beraz, Hiribilduko biztanleria eta hedadura kontuan hartuta.
Erromeriez den bezainbatean, oso garrantzitsuak izaten jarraitu zuten aisialdirako eta herritarren gizarte harremanetarako, berezkoa zuten nekazal giroko izaera beste konplexuago batengatik aldatuta izan zen arren. Ospe handia izaten jarraitu zuten honakoek: San Blasak Abadiñon; San Antonioak Urkiola (Durango) eta Atxurin (Bilbo); San Pedroak Deustu eta Bermeon; Madalenak Elantxobe eta Bermeon; Begoñako Andre Mariak; San Bizenteak Abando eta Barakaldon; San Roke(txu)ak Artxandan (Begoña), Balmasedan eta Portugaleten; San Miguelak Arretxinagan (Markina-Xemein); San Faustoak Basaurin, etab. Interesgarria da oso, XIX. mendetik aurrera zeharo aldatu zela erromeria horien izaera. Antzina, gehienek izaera guztiz nekazaria zuten eta dantza askatua egiten zen. Hasieran txistu eta danbolinaren doinuak ziren, geroago akordeoiarenak, baina, nola edo hala, jaiaren erlijiozko izaerak bere horretan iraun zuen. 1860. hamarkada aldera, gutxi gorabehera, herribilduetako klase herrikoiak (eta baita klase ertainak ere, nolabait), Durangokoak, Balmasedakoak eta Bilbokoak bereziki, inguruko eremuetara gerturatzen hasi ziren horrelako jaialdietan parte hartzeko, eta, garraioak hobetu ahala, geroz eta urrutiago joaten hasi ziren. Erromeriek giro tradizionala galdu zuten eta «hiritartzeko» joera hartu zuten, masa-fenomeno bihurtu arte. Entzutetsuenetan, behinik behin, ohikoa zen pertsonak milaka elkartzea. Musika instrumentu berriekin jotako polka eta habaneren doinuak baliatuz lotuta dantzatzen hasi ziren orduan. 1880ko hamarkadarako, ohikoa zen erromerietan bandak, txarangak eta fanfarreak aurkitzea, musika tradizionalagoen kalterako. Ospakizunen iraupena bi edo hiru egunez luzatu zen, eta, horrez gain, «zortziurrena» ospatzen zen. Geroz eta maizago, jaia eta azoka uztartzen hasi ziren, eta jatekoa eta edatekoa, eta are arropak edo erremintak saltzen zituzten «txoznak» agertu ziren. Gero eta gehiago, jendeak erromeria berbenaren sinonimotzat hartzen zuen. Gehienetan, jaiaren izaera profanoa nagusitu zen.
Garaiko burgesiaren eta aristokraziaren soziabilitatean, «urak hartzeko» modak aipamen berezia merezi du. Euskal kostaldean enporio turistikoak sortu ziren itsasoan bainuak hartzeko; lehenik Biarritzen, gero Donostian eta geroago Zarautzen eta Lekeition. 1852 eta 1914 artean, euskal kostaldea Europako klase agintariarentzat turismorako eta gizarte harremanetarako erreferente bihurtu zen. Gainera, barnealdeko ur sendagarrien iturburuei esker, hainbat bainuetxe eraiki ziren Alzolan, Betelun, Zestoan, Kanbon, Fiteron edo Urberuagan. Bizkaiko kostaldean, Lekeitiokoaz gain, bainuetxe ugari sortu ziren Nerbioi itsasadarraren inguruan, dagoeneko existitzen ziren Santurtzi, Portugalete eta Getxoko hondartzak baliatuta. 1868an Baños de Mar Bilbainos etxea martxan jarri zen, geroago Abrako Itsas Kluba izan zena. Bilbo herri horiekin lotzen zuten trenbide eta tranbiak inauguratzearekin batera, horrelako proiektuek egonkortzea lortu zuten 1870 eta 1880 hamarkadetan. Hala, 1877an Portugaleteko Bainu Etxea inauguratu zuten. Urbanizazioak, industrializazioak eta kanpoko portuaren garapenak, kostaldeko betelanekin batera, hareatzak suntsitzea ekarri zuten eta horrekin batera Santurtzi eta Portugaleteko turismoaren gainbehera. Jarduera hori Ereagako hondartzara mugitu zen orduan, eta, bertan, La Perla bainuetxea eraiki zen 1886an. Denborale batek suntsitu zuen eta, haren ordez, Igeretxe bainuetxeak egin ziren 1912an. Bizkai barnealdeko bainuetxeen artetik, gorago aipatutako Markinako Urberuaga izan zen ospetsuenetakoa, 1869an sortua. Oro har, bainuetxeek kasinoak, kirol instalazioak hotelak eta abar eskaintzen zituzten.
Gainerakoan, sozializazio burgesak eremu esklusiboak izan zituen klubetan eta elkarteetan, Erresuma Batuko ereduari jarraituz. El Sitio Elkartea liberal bilbotarrek Karlistaldiaren garaian izan ohi zituzten mahai-inguruetan sortu zen, batez ere 1873-1874 arteko setioan. Bere bidea 1875ean hasi zuen ofizialki eta egoitza Bidebarrieta kalean ezarri zuten. Liburutegi oparoa zuen eta kontzertuak, hitzaldiak, jarduera kultural eta politikoak antolatzen zituzten, gogo bereziz 1836 eta 1874ko setioen bukaera (abenduaren 25ean eta maiatzaren 2an), Mallonako hilerrira prozesio herritar bat eginez. Elkarteak izaera burges nabarmena zuen, eta hasieran joera askotako liberalak biltzen zituen, baina pixkanaka errepublikazaletasunerantz aldatu zen, mugimendu hori nagusi izan baitzen Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean. Plutokrazia bilbotarraren beste bilgune bat Klub Nautikoa izan zen, urte luzez Arriaga Antzokiaren solairuartean egon zena. 1879. urtean Fidel de Sagarminagak sortutako Euskalerria Elkartea, Areatzakoa, 1902an desagertu zen. Hasieran, aisialdi eta kultura elkartea zen, beren jardunak kutsu politiko euskaltzale eta foruzale nabarmena zuen arren. Besteren artean, Euskal jaiak bultzatu zituen. Bilbaina Elkartea 1839an sortu zen Ingalaterrako kluben ereduari jarraikiz, izpiritu liberalarekin, baina bere bazkideen artean eztabaida politikoa baztertuz. Burgesia aberatsenari «irakurketa eta aisialdia» bultzatuko zituen espazio bat eskaintzea zen haien helburua. 1913an, Hiribilduak zabalgunerako jauzia eman zuenean, Bilbainak Plaza Barriko egoitza utzi, eta Nafarroa kalean eraikitako berri eta bikainera aldatu zen. Lehen momentutik hasita, bazkideek diru kopuru handiak erabili zituzten koadroak eta liburuak erosteko eta aldizkarietako harpidetzak ordaintzeko. Hala, elkarteak 40.000 liburu inguru biltzen dituen liburutegia dauka egun, sekulako pinakoteka (Arteta, Guiard, Losada, Aranoa, Maeztu…) eta, ziurrenik, Euskal Herriko hemerotekarik aberatsena. Bilbainak bere tertulia ere izan zuen.
Izan ere, hamarkada horietan, kafeak eta bertan egiten ziren solasaldiak funtsezkoak izan ziren burgesiaren sozializazioan. Solasaldi horiek antolatzen ziren lokaletan sarrera ukatzeko eskubidea ezarria zuten, eta menpeko gizarte-mailetako kideekin erabili ohi zuten. Bilboko solasaldirik ospetsuena Lion D’Or kafekoa izan zen. Zabalgunean zegoen, Kale Nagusiaren hasieran. Enrique Areliza doktoreak eta Pedro de Eguillorrek zuzentzen zuten eta Hiribilduko intelektual guztiak bertaratu ohi ziren: Joaquin Zugazagoitia, Sanchez-Mazas, Felix de Lequerica, Ramon Olascoaga, Calle Iturrino, Antonio Zunzunegui, Jesus de Sarria, Jacinto Miquelarena, Fernando de la Quadra Salcedo, Indalecio Prieto, etab. Bere urterik gogoangarrienak 1920ko urte zoroak izan ziren; ondoren, asko Madrilera bizitzera joan ziren eta solasaldiak indarra galdu zuen.
Kafetegiez den bezainbatean, Bilbok asko izan zituen: Suizo, Brillante, Boulevard, Café Concierto, Café Cantante de la Victoria, Granja, Iruña, etab. Horietako askotan solasaldiak eta barietate ikuskizunak uztartzen zituzten, kafetegi vienarren eredua jarraituz.
Musika eta parrandari lotutako elkarte berezi askoa izan zen Kurding kluba (1894-1908): «Bilboko familia hoberenetako» gazteak biltzen zituen elkartea zen. Euren gurasoak dirua oparo irabazten zuten bitartean, haiek kontzertuak, jaiak, irakurketak, solasaldiak eta abar antolatzen zituzten, eta, edan ere, edaten zuten. Izan ere, elkartearen izen ofiziala El Escritorio zen, baina denek Kurding bezala ezagutzen zuten, gaztelerazko «curda» ‘mozkorra’ hitzaren sustraiarekin sortutako anglikanismoa, hau da, mozkorraldia. Bere bazkideetako batek, Jose de Oruetak, gazte moderno eta zoro horien jardueren gorabeherak xeheki jaso zituen bere memorietan. Emiliano Arriagak «elkarte umoretsu eta modernoa» esaten zion. Klubaren partetan Zuloaga, Guinea eta Losadaren koadroak zituzten eskegita. Kurdingekoek konpartsa bat antolatu ohi zuten inauterietan eta jaietan ateratzen zen erraldoietako baten jabeak ziren: Don Terentzio. Kurdingekoek oso ekimen interesgarria bultzatu zuten: 1896an Bilboko Elkarte Filarmonikoa sortzea. Antzeko elkartea zen Lorategi kaleko Saguzar, nahiz eta bertan gizarte maila guztietako kideak elkartzen ziren eta, Kurdingekin alderatuta, askoz herrikoiagoa zen. Misiolari batzuek garizuman egindako sermoi sutsuen ondotik, bi elkarteek itxi behar izan zuten, «infernuaren bezpera» zirela esan baitzuten. Indalecio Prietok zioenez, Zingira kalean solasaldi errepublikanoa antolatu ohi zen.
Herritarren sozializazioak ere bere toki propioak izan zituen. Alde batetik erlijioarekin lotutakoak zeuden, nagusia Eskolen eta Langile Patronatuaren San Vicente Paul Fundazio Katolikoa. 1887an sortu zen, Iturribide kalean, eta Eliza katolikoak Bizkaian egindako gizarte ekintzaren adibiderik interesgarriena izan zen. Bere helburua langileen artean erlijio eta moralitate katolikoa sustatzea zen, heziketa profesionala eta aisialdi aukerak eskainiz. Bilbokoaren ondoren, antzeko elkarteak sortu ziren Bizkaiko hainbat herritan: Sestaon, Deustun, Gallartan, Zugaztietan, Boluetan, Erandion… Iturribideko patronatuaren baitan, lehendabiziko sindikatu konfesionalak sortu ziren. Fundazioak aisialdia, heziketa, erlijio zerbitzuak eta antolaketa eskaintzen zizkien langileei. Garai hartan, moralitatearen beste muturrean barietateen lokalak zeuden beren vaudeville eta kabaret ikuskizunekin, hala nola, Bailen kaleko Vega pabilioia eta, batez ere, San Frantzisko kaleko Vizcaya areto ospetsua (1910). Vega pabilioian barietateak eta zine emanaldiak uztartzen zituzten. Las Columnas eta Romea bezalako kafe antzokietan ere barietateak eskaintzen zituzten.
Musika hedadura handiko praktika kulturala izan zen Bizkaian, Bilbon bereziki. Hura lantzen zuten elkarte ugari sortu ziren, eta gizarte maila altuko kideek oso gustuko zuten musika gauak antolatzea. 1852 eta 1856 artean, Elkarte Filarmoniko bat izan zen, Nicolas Lesdesma buru. 1896an izen bera zuen beste bat sortu zen, Emiliano de Arriagaren gidaritzapean. 1877 eta 1882 artean Bizkaiko lehen musika akademia zabalik egon zen, eta 1902an kontserbatorio bezala ireki zuten berriro. 1922an Bilboko Orkestra Sinfonikoa sortu zen. 1884an Bilboko laukoteen elkartea sortu zen, eta, besteren artean, Arriagako Juan Crisostomoren oinordetza musikala hedatzen aritu zen, Jarduera koralaz den bezainbatean, 1886an Bilboko Orfeoia eratu zen, gerora, Bilboko Koral Elkartea izan zena, eta 1926an Schola Cantorum Santa Cecilia.
Kultura adierazpenak eta transmisioa ere zeharo aldatu ziren. Lehenik eta behin, aldizkarien areagotze izugarria nabarmendu beharra dago. Karlistaldiaren ondoren, prentsaren garapena oztopatzen zuen zentsura gogorra ezarri zen, baina, 1883an Inprenta Polizia Legea ezarri, eta balizko prentsa delituak legeria arruntaren esku geratu ziren. Horrek bultzada handia eman zion Bilboko kazetaritzari, bai politikoari eta baita enpresarenari ere. 1879an, Bilbon, sei aldizkari zeuden, eta 1920rako kopurua 20ra igo zen. Hala sortu ziren El Cántabro (1878), El Nervión (1891), El Progreso (1891), Bizkaitarra (1893), La Lucha de Clases (1894), Euskalduna (1896), Baserrittarra (1897), El Liberal (1901), La Gaceta del Norte (1901), El Pueblo Vasco (1910), Euzkadi (1913), La Tarde (1914) edo Hermes (1917). Prentsa Bilbo ingurura hurbildu zen. Gainerako Bizkaiko herri eta hirietan, argitalpenak sortzeko saiakera gutxi batzuk besterik ez ziren egin: Durangon, Portugaleten eta Urduñan esaterako, baina oso bide laburra egin zuten, eta ezin izan zuten aurrera egin. El Duranguések, esaterako, urtebete iraun zuen: 1891-1892. 1892. urtean, Bilbon zortzi egunkari zeuden: bata errepublikanoa, La República (1890); beste bat demokrazia eta gobernuaren aldekoa, El Porvenir Vascongado (1881-1897); El Basco (1884) karlista; La Unión Vasco-Navarra (1880-1894) foruzalea; Monarkiaren aldeko bi, El Nervión (1891-1936) eta El Diario de Bilbao (1888); era azkena katolikoa, La Tradición Eúskara (1891). Salmenta eta eraginari zegokienez, El Noticiero Bilbaíno guztien gainetik zegoen (1875-1937), foruzalea, kontserbadorea, euskaltzalea eta Sagarminagaren Euskalerria Elkartearen hedabidetzat hartua zen.
Gainerakoan, aldizkari gehiago sortzearekin batera, bakoitzaren ale kopuruak ere nabarmen egin zuen gora eta geroz eta gai gehiago lantzen ziren; Hala, aldizkari satirikoak agertu ziren, eta baita erlijioari, kirolari eta ekonomiari buruzkoak ere. Excelsior (1924-1931), gerora Excelsius (1931-1937) egunkariaren kasuak aipamen berezia merezi du. Estatu espainiarrean argitaratu zen lehendabiziko kirol egunkaria izan zen. Hedapen handia izan zuen, eta Alejandro de la Sota zen zuzendaria, EAJren planteamendu politikoetatik gertukoa. Azkenik, gogoan izan beharrekoa da patronal handiak zuen prentsaren gaineko kontrola, eta hala, beren interesen aldeko iritzia zabaltzeko tresna ezin egokiagoa bihurtu zen: El Nervión gandariatarrena zen, El Pueblo Vasco ybarratarrena, La Gaceta del Norte Urkixorena eta abar.
Arteek garapen handia izan zuten Bilbon XX. mende hasieran. 1900 eta 1910 urteen artean, euskal artisten kolektiboak sorkuntza artistikoa eta bere salmenta sustatzea erabaki zuen, eta arte modernoko sei erakusketa antolatu zituen horretarako. Arte ederren zirkulu bat sortzeko asmoak porrot egin eta gero, Euskal Artisten Elkartea sortu zen (1911-1936). 1919an «nazioarteko lehen margo eta eskultura erakusketa» antolatu zuen, eta 1920an bere aldizkari propioa sortu zuen: Arte Vasco. Ziurrenik, Bilboko garapen artistiko berritzaile horrek ez luke lortu zuen arrakasta lortuko bertako burgesia industrial eta finantzarioaren laguntzarik gabe. Arte babesle bezala, burgesiak Elizaren eta Nobleziaren tokia hartu zuen XIX. mendean. Frantziako edo Kataluniakoaren moduko protagonismo nabarmenik eskuratu gabe, Bizkaiko eta, bereziki, Bilboko burgesiak mezenasgo rola hartu zuen bere gain, artistei lanak eskatuz edo pentsioak esleituz, atzerrian, batez ere Parisen, ikas zezaten. Hala, banka, industria, merkataritza eta nazioarteko komertzioa kontrolatzen zuen burgesia horren zati batek, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Diputazioak bezala, kulturarekiko jakinmina zuen, eta beren gizarte estatusa sendotzeko artea erabiltzen zuten, margolanak eta arkitektura batez ere. Bertako artistek osatutako «euskal eskola» kementsuaren bilduma pribatu esanguratsuak eskuratu zituzten: Alberto eta Jose Arrue anaiak, Gustavo de Maeztu, Julian de Tellaeche, Nemesio Mogrobejo, Aurelio Arteta, Valentin eta Ramon de Zubiaurre, Dario de Regoyos, Adolfo Guiard, Francisco [Pancho] Bringas, Ignacio Zuloaga, Juan de Echevarria y Zuricalday, Francisco Iturrino, Pablo Uranga, Nicolas Lekuona, Antonio Guezala, Manuel Losada… Bizkaiko Diputazioak, familia burges horien menpean baitzegoen, nolabaiteko mezenasgo kulturala eskaini zuen, hainbat artistari atzerrian ikasteko diru laguntzak eman baitzizkion, lehiaketak eta erakusketak antolatu, eta noizbehinka hainbat obra ere erosi zituen, aurrekontuek eta gorabehera politikoek hartarako aukera ematen zutenean.
Gutxiengo aditu, kosmopolita eta arteen bultzatzaile horretako kideen artean, hainbat izen entzutetsu ageri dira: Ramon de la Sota, Casilda de Iturrizar, Enrique Areliza, Eduardo Landeta, Manuel Maria de Gortazar, Horacio Echevarrieta… baina batez ere Laureano de Jado. Arte bilduma handia bildu zuen, eta bere donazioa Bilboko Arte Ederretako Museoaren oinarria ezartzeko ezinbestekoa izan zen. Museoa 1908. urtean sortu, eta 1914ean inauguratu zen. Bestalde, Arte Modernokoa 1924an sortu zen. Bi instituzioek 1945ean bat egin zuten, egungo Arte Ederretako Museoa sortzeko. Hiri esanguratsuetan, eta are gehiago Bilbo bezalako hiri «moderno eta kulturadun» batean horrelako museo bat egotea ezinbestekoa zela sentitzen zuten, bai, instituzioek, eta baita bildumazaleek ere. Eraikitzen hasteko behar zen dirua Laureano de Jado filantropoak jarri zuen, gorago esan dugun bezala. Hasierako bultzadan lagun izan zituen Manuel Losada eta Juan Carlos de Gortazar margolariak. Hainbat instituziok ere parte hartu zuten, museoarentzako diru-funtsak bideratuz: Gernikako Batzar Etxeak, Arte eta Lanbideen Eskolak edota Bilboko Kontsulatuak, besteak beste. Aldi berean, Arte Modernoko Museoa elikatzeko Euskal Artisten Elkarteko funtsak erabili ziren, Diputazioak 1919ko erakusketa internazionalera aurkeztu ziren artistei erositako lanekin batera. Museo horretako piezak soilik «arte modernokoak» ziren, eta Arte Ederren Museokoak, aldiz, dohaintza bidez jasotako XIII. mendetik hasi eta XX.era artekoak. Arte Ederretako Museoak argi erakusten du gerra aurreko burgesia bilbotarrak egindako kulturaren eta modernitatearen aldeko apustua.
Bizkaiko eta Bilboko burgesiak kulturarekiko zuen interesa, aldi berean jardun ekonomikoa politikarekin eta kulturarekin uztartuz, argi irudikatzen du bertako pertsonaia batek: Francisco Zabalburu Basabe (Bilbo, 1826-Madril, 1897). Madrilen eta Sorbonan jaso zuen abokatu heziketa, eta lurjabea izanik, askotariko industria, merkataritza, banku eta trenbide jardueratan aritu zen; diputatu eta senataria izan zen eta aldi berean arteen mezenasa (adibidez, Julian Gayarreri lagundu zion), historialari afizionatua, euskaltzalea (Vinsonen laguntzailea) eta batez ere liburuzale amorratua. 18.000 liburuki bildu zituen bere bilduman, hasieran bere Bilboko etxean, «Villa Mena», eta gerora Madrilgo jauregian, 1877an bertara joan baitzen bizitzera.
XX. mende guztian zehar gizarte maila guztietan nagusi izan zen aisialdi elementuetako bat, zinema izan zen. Barrakari ibiltarien eskutik iritsi ziren Bilbora Lumiere anaien filmen lehendabiziko emanaldiak. Enrique Farrusen horietako bat izan zen, eta 1898an, olanez egindako azpiegitura bat eraiki zuen Kale Nagusian, bere burua Ferrusini zinematografoa bezala aurkeztuz. Berehala hasi ziren areto finkoak irekitzen, zenbaitetan barietateekin edo antzerkia eskaintzen zituzten lekuetan. 1901-1926 aldian horrelako areto asko ireki ziren Bilbon. Lehenetako bat Bilbao Zinematografoa izan zen; izen hori erabili zuen XX. mende hasieratik. Haren ondotik iritsi ziren Filarmonika Zinema (1904); Olimpia Areto Zinematografiko Nagusia (1907), gerora Gran Via Zinema izan zena; Trueba Zinema Areto eta Antzokia (1913); Campos Eliseos Antzokia (1902) 1915ean hasi zen filmak ematen; Gayarre Antzokia (1916); 1916an koliseo antzoki bezala irekitako Albia Koliseoa, zinema, antzerkia eta opera uztartzen zituena; Buenos Aires Antzokia (1925), Ideal Zinema (1926); etab. Bilbok 45 areto izan zituen aldi berean emanaldiak eskaintzen.
Irratia izan zen XX. mende hasierako beste masa-hedabide handia. Irratigintza 1920an hasi zen, eta 1922 BBC (British Broadcasting Corporation) aitzindaria sortu zen. Handik gutxira hasi ziren lehendabiziko irrati emanaldiak Bizkaian. Lizentziarekin emititu zuten lehendabiziko irratiak Radio Club de Vizcaya, 1924an hasi zen, eta 1925ean Unión Radio Asociación de Vizcaya (Radio Vizcaya) izan ziren. 1927an elkartu eta Radio Bilbao sortu zuten.
Arreta eskatzen dute XIX. mendeko azken hamarkadan sartu ziren hainbat kirol moderno, denborak aurrera egin ahala masa-fenomeno bilakatu baitziren, eta, gehienetan, ordainpeko ikuskizun. Bizkai eta Ingalaterraren arteko harreman estuak Erresuma Batuan 1880 hamarkada aldera sortutako kirol bat inportatzea ekarri zuen. Izan ere, bizkaitar asko joaten zen Ingalaterrara ikastera, eta teknikari britainiar askok lan egiten zuen Bizkaian, batez ere meatzaritzarekin lotutako jardueretan. Kontua da, ingelesen beste ohitura batzuen artean, garaian bolo-bolo zebilen jokoa hedatu zela: footballa. 1892az geroztik, Bizkaian bizi ziren britainiarrak Lamiako inguruko (Leioa) zelai batean aritzen ziren futbolean, aurrerago «ingelesen zelaia» bezala ezagutua. 1894an bertako jokalariekin jokatzen hasi ziren, eta 1898tik aurrera Athletic izeneko klub baten baitan elkartu ziren. 1902an, Lamiakon ordaindutako partidak antolatzen hasi ziren, eta, sarrera eskuratzeko, 30 zentimo pezeta ordaindu beharra zen. 1903an Bilboko Athletic klubak, Madrilen bizi ziren euskal ikasleen eskutik, hiriburu horretako egoitza sortu zuten, eta 1921ean Madrilgo Atletico izatera igaro zen. Bilboko Athletic Bizkaiko nortasun eta izaera modernoaren funtsezko elementu bat izan zen, eta, egun ere, bada. Futbol jardunaren gune-gunea Getxo izan zen. 1900 eta 1903 artean, Bilbao Football Club izan zen bertan, azkenean Athleticek irentsi bazuen ere. Bere jokalari gehienak britainiarrak ziren. 1909an Arenas Football Club sortu zen, Getxoko Arenas bezala ezagunagoa, eta 1927an Getxo Kirol Kluba, Algorta auzoan. Nerbioiko ezkerraldean ere futbol klub esanguratsuak sortu ziren, hala nola, 1917an sortutako Barakaldo Futbol Kluba.
Goiz irudi lezakeen arren, 1885ean Club Velocipedista de Bilbao sortu zen Bilbon. Jasotakoaren arabera, 1887an udalak baimena eman zuen Bolantin zelaian txirrindularitza lasterketa bat antolatzeko. 1896an Bilboko Belodromoa inauguratu zen, Autonomiaren eta San Mames Zumarkalearen artean, baina laster espekulazio urbanistikoaren menpe erori zen. 1904an Bilboko Txirrindulari Elkartea sortu zen, Bilbon bizi zen ingeles batek hala eskatuta: Roger Moser. Bizkaiko Federazio Atletikoa 1905ean sortu zen, eta bertako txirrindulariak, bularrean izar more bat jantzita zutela, Espainiako Elkarte Belozipedoak antolatutako lasterketetan parte hartu zuten, arrakasta handiz parte hartu ere. 1920ko hamarkadan, Bizkaian eta Euskal Herri osoan, txirrindularitzak jarraitzaile asko zituen: masa-fenomeno bihurtua zen. Arrakasta horren mugarria 1924an iritsi zen, Excelsior kirol egunkariak lehendabiziko Euskal Itzulia antolatu zuenean. Garai hartan Excelsior Sari Nagusia izena zuen, eta hiru etapa egin zituen, Bilbo, Iruñea eta Donostia lotzeko. Geroago, eta 1936ra arte, beste hainbat edizio antolatu ziren, gehienak lau etaparekin, Gasteiz ere hartuta.
Hasieran, pirineismoa eta, hortaz, mendizaletasuna soilik eliteen kontua ziren. Bizkaian, jarduera horren aitzindariak Fernando Luis de Ybarra eta Gregorio de la Revilla izan ziren, Anetora igo baitziren 1869 eta 1880an hurrenez hurren. Biak ala biak Bilboko industria eta politikarekin lotutako familia garrantzitsuetako kide ziren. Hala eta guztiz ere, mendizaletasuna laster hedatu zen, eta hasikinetan zen abertzaletasunak nolabaiteko kutsu politikoa eman zion. Lehendabiziko mendizale taldeak (Txakur Txiki, Arin Arin, Betikuak, Azartubak) Bilboko Euzko Gastediren (Juventud Vasca) baitan sortu ziren, 1904an sortutako gazte elkarte abertzalea. Talde horiek 1908an elkartu ziren Euzko Mendigoxale Bazkuna sortzeko. 1921ean, Eli Gallastegik zuzendutako zatiketaren ondoren, Mendigoxale Batza bihurtu zen. Mendi irteerak politika abertzalearen propagandarako eta euskal kultura sustatzeko testuinguru ezin hobea ziren. 1931. urtean lau eskualdeko elkarte sortu ziren Euzko Mendigoxale Batzaren (EMB) inguruan. 1932an Mendigoxale eta Jagi-Jagi astekariak agertu ziren EMBren hedabide bezala. Azken horren orrialdeetatik, Eli Gallastegik EAJren lerro autonomista kritikatu zuen, estrategia independentista baten alde eginez. Azkenean, 1933an baja eman zuen alderdian eta mendigoxaleak EAJren diziplinatik aldendu ziren. Orduan, beste EMB bat sortu zen, izen ofizial berberarekin, jagi-jagi bezala ezagutzen zituzten arren. Guda zibilaren garaian, jagi-jagik bi batailoi antolatu zituen: Lenago-il eta Zergatik ez?. Mendian zuten eskarmentuagatik, Gorbeia mendia defendatzea egokitu zitzaien.
Gainerakoan, soilik kirolari loturiko Bilboko mendizaletasunak Club Deportivo Bilbaoren mendi sailaren eskutik eman zituen lehen urratsak, 1912an. 1924an Euskal Herriko Alpinismo Federazioa eratzen lagundu zuten, 1940an geroztik Euskal Herriko Mendi Federazioa izan zena.
Mende aldaketaren inguruan gertatutako mentalitate aldaketaren erakusgarri, eta hirietako soziabilitatearen elementu garrantzitsuenetakoa alkohol produktu berritzaile bat kontsumitzen hastea izan zen: garagardoa. Hasieran, eliteek bakarrik hartzen zuten, kosmopolitismo eta modernitatearen adierazle. Herritarrek ardoa eta txakolina hartzen jarraitzen zuten, baina 1920ko hamarkadan kontsumoa geroz eta gehiago zabaltzen hasi zen, uda garaian besterik ez bazen ere. Hasieran, taberna gutxi batzuetan hartzen zen garagardoa, eta horietako asko produktu horretan espezializatuak ziren. Aldiz, XIX. mende bukaeran kontsumitzeko modu berri bat nagusitu zen: garagardo-lekuak. Kanpoan zeuden tokiak ziren, gehienetan produktuaren fabriken ondoan, hiri-periferian eta normalean urtaro zehatz batzuetan bakarrik irekitzen zuten. Txakolinaren tokia hartu zuen, bilbotarrek beren aisialdian hura kontsumitu ohi zutelako Bilbo inguruko elizateetan.
1860tik La Cervecería izenez ezagutzen zen zelai bat erabili ohi zen Deustun, produktu hori kalean kontsumitzeko. 1886an Jose Schumannek Salve garagardo fabrika sortu zuen Bilbon, izen bera zuen zubiaren ondoan. Eguraldi atsegineko hilabeteetan, mahaian jarri ohi zituen fabrikaren ondoko larreetan. 1894an Vascongada garagardo fabrika sortu zen, eta hasieran Foruen kalean zegoen, 1896an San Mames Zumarkalearen ondoko La Cerca lursaileko lorategietara aldatu ziren, gero Etxetxua plazara, eta handik Basurtura. 1907. urtean, Bilboko ostalari eta merkatari talde baten ekimenari esker, Gaseosa Bilbaína fabrika sortu zen, eta 1912an La Vizcaína izatera pasa zen. Fabrika hori Errekaldeberrin zegoen, Iturrigorri iturburuaren ondoan. Lehenetakoa izan zen bere botiletan «koroa-tapoia» erabiltzen, gutxienez 1925etik. Baina alor horretan arrakasta gehien lortu zuena Cervecera del Norte izan zen: 1912an Baltasar de Amezola y Aspizuak sortu zuten, politikoki EAJri lotutako enpresaria, eta 1911n probintzia diputatu izandakoa. Fabrika Basurtun zeukan, eta bere inguruan aisialdi eta atsedenerako gunea sortu zuen, nagusiki garagardoa edateko. 1914an mahaiak zituen gune bat egokitu zuen eta kiosko bat eraiki zuen edaria saltzeko. Hurrengo urtean 2.500 mahai zeuden bertan. 1923an estalitako pabilioiak eraiki zituzten helburu berarekin: «iparralde lorategiak». Instalazioen osagarri bi bolaleku eta frontoi bat jarri zituzten, kontzertuak antolatu, dantzaldiak, txori kantarien lehiaketak… edozer ahalik eta garagardo kontsumitzaile gehien erakartzeko. 1934an La Vizcaína eta Cervecera del Nortek bat egin zuten.
Aztertzen ari garen garaian, Bizkaiak izugarrizko aldaketa izan zuen hizkuntza eta eskolarizazioari zegokienez. Lurralde horretako 1860ko erroldan jasotakoaren arabera, analfabetismo tasa oso altua zen, % 76, Espainiako batez bestekoaren antzekoa. Alde handia zegoen generoaren arabera, biziki altua baitzen emakumeen artean. Guztiarekin ere, hurrengo hamarkadetan lehen mailako hezkuntzak egindako aurrerapausoei esker, nabarmen egin zuen behera analfabetismo tasak. 1887an irakurri eta idazteko gai ez zirenen ehunekoa % 54,7 zen, 1900. urterako % 46,7 eta 1930ean % 27,3. Gizon eta emakumeen arteko aldea ere geroz eta txikiagoa zen. Analfabeto kopuruak altua izaten jarraitzen zuen, baina emandako aldaketa oso esanguratsua da: Alfabetatze maila ia irauli egin zen, populazioaren laurdena alfabetatua izatetik, kopuru hori alfabetatu gabekoena izatera igaro baitzen laurogeita hamar urtetan.
1868an bizkaitarren % 81 euskal hiztunak zirela kalkulatzen da, horietako gehienak elebakarrak, hots, euskaraz gain bestelako hizkuntzarik ezagutzen ez zutenak. 1876az geroztik, hainbat faktorek eragin zuten euskararen ezagutzaren gutxitzea: derrigorrezko zerbitzu militarra, Bizkaiko landa eremutik Amerikara migratzen zuten herritarren korronteak eta eremu industrial eta meatzarietara iritsitako etorkin gazteleradunak. Bizkaiko hiri- eta landa-eremuen arteko hizkuntza polarizazioa geroz eta nabarmenagoa egin zen: bere hiri nagusia, Bilbo, argi eta garbi erdaldundu zen. Resurreccion Maria de Azkueren kalkuluen arabera, 1898rako bilbotarren % 25 euskaraz mintzo zen; eta 1920ko erroldak % 20 zirela jasotzen du. Ekialdeko eta erdialdeko Bizkaian, aldiz, euskal hiztunen ehunekoa % 85 eta % 90 artekoa zen oraindik. Bi prozesuak, hezkuntzaren orokortzea eta euskararen atzerakada, elkarri loturik daude; hots, lehenak aurrera egin ahala, besteak atzera egin zuen, eskola gaztelania hedatzeko eragile bezala planteaturik baitzegoen.
Hala ere Diputazioak ere landa-eremuko analfabeto tasa jaisteko ekimena martxan jarri zuen, baina euskararen ezagutza mantentzeko asmoz. 1919an auzo eskolak deitutakoak sortu zituen, guztira 120 inguru Bizkaiko luze-zabalean. Luis Eleizalde izan zen horien inspektorea, eta beren izaera elebidunari eustea izan zen bere helburu nagusia. Aurrerago, Liga de Acción Monárquicak Diputazioaren kontrola eskuratu zuenean, euskarak nabarmen egin zuen behera. Horretarako erabilitako aitzakia euskarazko liburuek haurrei Espainiaren batasunaren kontrako ideiak eragiten zizkietela izan zen. 1923tik aurrera, Primo de Riveraren diktadurak iraun bitartean, are gehiago jaitsi zen euskarak eskola horietan zuen presentzia.
XX. mende hasierara arte, euskara Lehen Heziketako eskoletan nola edo hala babesten zuten, eta haur elebakarrei ezagutza gazteleraz transmititzeko pentsatutako sistema batean nolabaiteko arrakastaz txertatzeko aukera ematen zieten bi hezkuntza elementu mantendu ziren: udalek beren eskoletako irakasleak hautatzeko eskumena zuten eta doktrina kristaua euskaraz ematen zen. Antzina, euskal udalek ordaintzen zioten eskolako irakasleari, eta, hortaz, hura hautatzeko eskubidea zuten. Gauzak horrela, elebidunak izan zitezen saiatzen ziren, ikasle elebakarrak hobeki integra zitezen; Bizkaian, esaterako, gehiengoa ziren. Bestalde, erlijio heziketa euskaraz egiten zen. 1900eko uztailaren 21eko Errege Dekretuaren bidez, irakasleen soldata ordaintzeko beharra udaletatik Estatura pasa zen, eta, ordutik aurrera, Estatuak izendatzen zituen. Nafarroa izan zen bere irakasle propioak hautatzeko eskumena mantendu zuen bakarra. 1910eko ekainaren 8ko Errege Dekretuaren bidez, eskola pribatu eta publikoak «Nazio eskola» izatera igaro ziren. Horren ondorioz, Probintzia Baskongadoetan irakasleen % 60 baino gehiago kanpotarrak zirela ematen du, eta, noski, ez zekiten euskaraz. Era berean, Romanones kondeak bultzatutako 1902ko azaroaren 21eko Errege Dekretuak jasotzen zuenez, katixima gaztelania ez zen hizkuntza batean erakustea «nazioaren hizkuntza ez ezagutzea dakar, eta horrek kalte handia dakarkie aberriaren interesei». Horiek horrela, eskoletan euskara erabiltzeko azken zirrikitua ere itxita geratu zen ordutik aurrera.
Bigarren mailako hezkuntzari dagokionez, edo, nahi bada, unibertsitate aurrekoa, Urduñako Jesusen Lagundiko ikastetxeak lurraldeko sei eliteak sortzeko izan zuen zeregin garrantzitsua gogoratzea komeni da. 1679an ireki zituen ateak, Juan de Urdanegi bertako indiano aberatsaren dohaintzari esker. Bigarren aroan, 1870-1932, ospe handia eskuratu zuen, Bizkaiko familia aberatsek beren semeak hezteko hautatzen zuten ikastetxea izan baitzen. Ez dirudi, beraz, kasualitatea ondoko ataletan aipatuko diren pertsonaia askok bertan ikasi izana.
Bilbo eta Bizkaiarentzat ez ezik, Baskonia osoaren garapen ekonomiko eta kulturalarentzat garai horretako oztopo larrienetako bat unibertsitaterik ez izatea zen. 1901ean Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea behin betiko itxi eta gero, Euskal Herrian ez zegoen goi mailako ikasketak egiteko aukerarik, eta, hortaz, Salamancara, Madrilera, Parisera edo Bordelera bidalen zituzten beren seme-alabak horretarako aukera zuten familiek. 1873an Tomas Jose Epalzaren alargun bihurtu zenean (Banco de Bilbao-ko kide sortzailea), Casilda de Iturrizar (1818-1900) Bizkaiko pertsonarik aberatsenetakoa bihurtu zen, eta hainbat egitasmo filantropikotan jardun zuen; Basurtuko Ospitale zibiletik hasi, Tivoliko eskola publikoak edota Erruki Etxea bezalakoak. Bada, 1880ko hamarkadan, Epalzaren alargunak bertako patrizioen egitasmo batean parte hartu zuen Bilbon unibertsitate bat sortzeko. Jesusen Lagundiari eskatu zitzaion hura kudeatzea. Deustuko Unibertsitatea 1886ko ikasturtean inauguratu zen. 1916an, Berangoko Pedro eta Domingo Aguirre indianoren ekarpenari esker, Deustuko Unibertsitate komertziala sortu, eta bere ikasketak zabaldu zituen. «Komertziala» izan zen Estatu osoan ekonomia eta enpresen zuzendaritza ikasketak eskaini zituen lehen unibertsitatea.
Gainera, industrializazioak sortutako heziketa beharrei erantzuteko, beste erakunde batzuk ere sortu ziren. Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babespean (eta baita hainbat enpresariren laguntzarekin ere), 1897an Bilboko Ingeniarien Eskola sortu zen eta haiei esker mantendu zen irekita. 1913an Bilboko Atxuri auzoan meatzeetako Kontramaisu eta Fakultatiboen eskola sortu zen.
Gaia aldatuz, «erlijioaren auzia» deitutakoak ondorio latzak izan zituen Baskonian, eta, bereziki Bizkaian. Funtsean, bizitza publikoa ulertzeko bi modu bateraezinen arteko talka zen: batek Estatu konfesionalaren eta Elizaren pribilegioak mantentzearen alde egiten zuen; besteak, aldiz, Estatuaren eta Elizaren errotiko bereizketa aldarrikatzen zuen, eta, horri loturik, kontzientzia eta kultu askatasuna. Batzuek erlijioa bizitza publikoari zegokiola uste zuten, eta politikarako ere baliatzen zuten; beste batzuek, aldiz, norberaren bizitza pribatuari zegokiola uste zuten, eta horrek bi taldeen arteko tirabirak sortu zituen. Nolanahi ere, erlijioaren auziak gizarte tentsio larriak sortu zituen eta bizitza publikoaren polarizazioa eragin zuen. Gai horri zegokionez, indar politikoak ere bi bloke handitan banaturik zeuden: klerikalak (integristak, karlistak, Mauraren jarraitzaileak, euskal nazionalistak…) eta antiklerikalak (errepublikanoak, sozialistak eta anarkistak). Hartaz, erlijioaren auziak jarrera politikoetan eragina izan zuen hainbat materia garrantzitsutan, hala nola, Lizarrako Autonomia Estatutuaren aldeko EAJren eta karlisten arteko koalizioan.
1930eko hamarkada iristerako, Bizkaia euskal lurralde sekularizatuena zen. 1931ko udan, Errepublika aldarrikatu berritan, sintomatiko xamarra da Ama Birjina hainbat herritan agertu izana: Nafarroako Mendigorrian, Arabako Gaubea ibarrean (Espejo eta Gaubean) eta, nola ez, Gipuzkoako Ezkion, guztietan ezagunena. Azken hori «errebelazio» eta guzti iritsi zen, handik bost urtera anaien arteko gerra bat hasiko zela iragarri baitzuen. Bizkaian ez zen Ama Birjina agertu, baina, berdin-berdin, erlijioak eragin handia izan zuen arlo politikoan. 1903an Errituen Kongregazio Sakratuak Begoñako Andre Maria Bizkaiko zaindari izendatu zuen. Hasieran, ospakizun nagusiak Bilbon egin nahi zituzten, eta Aldundiak dirulaguntza handia eskaini zuen. Udalak, ordea, dirulaguntzari uko egin zion, Perezagua eta Carretero zinegotzi sozialistek hala eskatuta, eta ospakizunak probintziako beste herri batzuetara aldatu zituzten. Tronurapenaren egunean, ordea, 1903ko urriaren 11, liskar handiak izan ziren katolikoen eta antiklerikalen artean; hainbat irudi itsasadarrera bota zituzten eta hildako bat eta hainbat zauritu egon ziren. 1920an, Jesusen Bihotz Sakratuari monumentu bat eraikitzeko dohaintza anonimo bat izan zen. Jesuiten babesarekin, eta diru bilketa herrikoi bati esker, proiektua aurrera atera zen, eta 1927an inauguratu zuten. Hasieratik proiektuak ezkerreko indarren onarpen frontala izan zuen, eta, 1933an, sozialista eta errepublikanoen aldeko botoekin, Udalak eraistea onartu zuen, baina errekurtso baten bitartez atzeratu, eta, azkenerako, sekula ez zen egin.
1876an, azken Karlistaldia bukatuta, oraindik konpontzeko zegoen hiru euskal probintzietako Foruen erreforma, 1839rako aurreikusia zegoen arren. Garai horretan Gobernuarekin negoziatzeari uko egin zioten, Esparterok 1841ean egindako kimaketa burututzat hartzen zuela egiaztatu baitzuten. Gobernu Zentralak ez zuen inolaz ere onartuko euskaldunen nahia, esan nahi baita desagerrarazitako instituzioak 1839ko hasiera puntura itzuli eta negoziazioa hutsetik hastea.
Azken Karlistaldiak aukera eman zion Madrilgo Gobernuari Foruen statu quoa onartzen zuen egoera gainditzeko. Ordura arte gizartean errotutako autogobernu baten aurka jotzeko beldur zirelako errespetatu zituzten, baina, Karlistek herritar asko matxinada armatuan parte hartzera bortxatu zituztenean, Gobernuari bidea zabal utzi zioten Foruen kontra jotzeko. Hortaz, Karlistak izan ziren hiru probintzietako erakundeek izan zuten kalte erantzule nagusiak. Armak hartu zituztenean, ez zituzten foruen defentsa edo mantentzea kontuan izan. Fakzioaren kide ospetsu baten adierazpen bat oso ezaguna da, eta bertan argi antzeman daiteke erlijiozko zioa zeinen erabakigarria izan zen: «Salba dezagun Erlijioa, Foruak hilko badira ere».
Gudaren azken fasean, Estatuko goi instantziek matxinadaren eta foruen arteko lotura nabarmendu zuten. Azkoiengo adierazpenean (1875eko urtarrila), Alfontso XII.ak, tronua hartu berri, karlistak herrialdeko ordezkari egin zituen honakoa adierazi zuenean: «utzi armak eta berehala berreskuratuko dituzue nire amaren aginte makilaren pean hogeita hamar urtez izan dituzuen abantailak». Urte bereko uztailean, ordea, Canovasek erregearen hitzari muga jarri zion. Esan zuenez, erregeak aipatu zuena nafarren erregimenaren antzeko zerbait eskuratzeko aukera zen. Hilabete baten buruan, gobernu arau batek matxinatuen eta Foruen arteko harreman nabarmena ezarri zuen. 1875eko abuztuaren 11ko Errege Dekretuaren hitzaurrean, 100.000 gizoni armak hartzeko deia egiterakoan, honakoa zioen: «Nazioaren eta Erregearen Subiranotasuna eskuratu nahi duten pertsonek, nahikoa lotsagabe ez izaki, eta gainerako Nazioan beste errege bat inposatu nahi dute, beren anai-arrebei eskaini beharreko dohain, zerbitzu eta tributu bakarra hori balitz bezala. Guztion aberriari erregea paratzeko pribilegioa haiena balitz bezala, orain arte munduan bere interesak eta ohorea defendatzeko soldadurik eta dirurik eskaini ez dioten horiek berek».
Gorago aipatu dugun bezala, Canovasek erreforma egiteko egoera ezin hobea zuen momentu horretan. 1876ko otsailaren 23ko guda bukatutakoan, Baskonia armadarekin okupatu eta, azken finean, autoritate militarren agindupean jarri zuen, herrialdeari prentsa askatasuna bezalako berme konstituzionalak kentzearekin batera. Gobernuak Foruen kontrako kanpaina bortitz bati bide eman zion Estatu osoan barrena. Behin Parlamentua irekita, Sagastaren aldeko liberalek Foruak bide exekutibotik indargabetzea eskatu zioten Canovasi eta bere Gobernuari. Ministroen Kontseiluko presidenteak erreforma ahalik eta lasterren burutu nahi zuen arren, egoitza parlamentarioan egin nahi zuen, eta, formalki besterik ez bazen ere, 1839ko Legean jasotako prozedurari jarraikiz. Bestalde, euskal alderdiari ez zion arretarik kendu, eta etorriko ziren eztabaidetan Nafarroak bere neutraltasuna mantenduko zuela bermatzeko lanean aritu zen. Bi eskualdeen auzi forala bereizteko beharra zuen. Nafarroara bidaiatu zuen eta aldundiari eta parlamentariei honakoa ohartarazi zien: baldin eta Gobernuak Probintzia Baskongadoei buruz hartutako erabakien aurka gerra ekintzaren bat antolatzen bazuten, berrogeita bateko erregimena arriskuan jarriko zuten. Ez hori bakarrik, hiru probintzietako diputatuei ere zuhurtzia eta kontrola eskatu, eta argi utzi zien berak proposatutakoaz bestelako irtenbideak kaltegarriagoak zirela geratzen ziren foraltasun apurrentzat. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputatu eta senatariek Parlamentuan egin zezaketen Foruen defentsa mugatzea zen Canovasen helburua. Hala ere, argi zuten Gorteak oso toki zaila zirela beraientzat.
Abolizio prozesuaren lege-esparruari dagokionez, Canovasek Konstituzioaren testu berriaren tramitazioa 1876ko udaberrian hasi zuen, gerra bukatu eta gutxira. Aurkeztutako proiektua, aurreko konstituzio testuak bezalaxe (1812, 1837, 1845 eta 1869), ez zuen ezer ere aipatzen euskal Foru Erakundeak gordetzeari buruz, ez salbuespen orokor bezala, ez eta erakunde zehatzen bati zegokionez, eta ezta salbuespen militar edo fiskalaz ere. Bere doktrinari jarraituz, idatzitako Konstituzioak Espainiako konstituzio historikotik errespetatu beharreko elementu bakarrak erregea eta Gorteak ziren. Izan ere, testuak batasun konstituzionalari arreta berezia eskaini zion, nahiz eta Foruak bermatzen zituen 1839ko urriaren 25eko Legeak ezarritako oztopoak indarrean jarraitzen zuen. Hala, Canovasek konstituzio proiektuarekin batera, Foruak sakonki eraldatuko zituen lege proiektu berezi bat idatzi zuen, hasieran gehiegi iragarri ez bazuen ere. Gorteetan, presidenteak bere alderdi kontserbadore berriaren babesa zuen, hauteskunde konstituziogileetan erabateko garaipena eskuratu eta gero. Gutxiengoaren babesa zuen Sagastaren alderdi konstituzionalak ere bat egiten zuen Canovasen asmo indargabetzailearekin, baina hori baino gehiago, Foruak berehala eta errotik indargabetzearen alde egiten zuten. Bi ganberetan kontrako jarrera nabarmenik ez zuenez, Gobernuko presidenteak proiektuarekin aurrera egiteko aukera zuen. Horrek ez du esan nahi Gobernuak ez zuenik ad hoc sortutako iritzi publikoaren babes eta presiorik. Hala eta guztiz ere, ez zuen nahi, oro har, aurretik zegoen legediarekin ez betetzea lepora ziezaioten, eta indarrean zegoen urriaren 25eko Legean jasotzen zenez, Foruak erreformatzeko prozedurak diputazioekin «entzute» saio bat izatea eskatzen zuen. Baskonian uste zabaldua zen lege horrek Gobernua aldundiekin negoziatzera behartzen zuela, baina Canovasek 1876an egin zuen interpretazioaren arabera, entzute bat egitea besterik ez zuen eskatzen, bestelako ondoriorik gabe.
Kontua da, argitara eman gabeko lege proiektu indargabetzailea Gorteetan aurkeztu aurretik, 1876ko apirilaren 6ko Errege Aginduaren bitartez hiru Aldundiei dei egin ziela eta ondoren Nafarroari, euskal foruen «auzi konstituzional eta administratibo larria» konpontzeko. Deialdia Baskoniako posizioa indartzeko baliatu zuen, eta hiriburuak Gasteizen, Donostian eta Bilbon ezarri zituen, kapitaintza garnizioak bertan kantonaturik baitzeuden. Horrekin, foru organoen kontrol militarra ziurtatu zuen. Canovasen eta probintzietako hamaika ordezkarien arteko lau bilerak maiatzaren 1, 7, 12 eta 14an egin ziren, eta, baldintza politikoak kontuan hartuta, aurreikus zitekeen norabidea hartu zuten. Kontseiluko presidenteak ezer baino lehen batasun konstituzionalaren doktrina printzipioarekin bat egitea eskatu zien euskal ordezkariei, eta, printzipio horrekin bat egiten bazuten, erreformaren xehetasunak azalduko zizkien. Ordezkariek, ordea, Canovasek eskuartean zuen sekretupeko erreforma proiektua lehenago ezagutu nahi zuten, eta alde batek ere ez zuen amore eman: ordezkariek ez zuten presidenteak nahi zuen konstituzioaren batasun printzipioa onartu, eta hark ez zien bere proiektua erakutsi. Beraz, negoziazioa hasi ere ez zen egin. Tramitea beteta, Canovasek bere Foruen erreformarako Lege proiektua aurkeztu zuen Senatuan, maiatzaren 18an.
Esan dugunez, Canovasek lau foru probintzien arteko elkartasuna ekidin behar zuen, eta, horretarako, halaber deituak izan ziren Nafarroako ordezkariak neutralizatzea ezinbestekoa zen. Gainera, Nafarroako 1841eko Lege Itundua puntu garrantzitsu batean aldatzeko bidea prestatu behar zuen, ziurrenik probintzia Diputazioarekin aurrez adostuta. Momentuz erreinu zaharreko gauzak bere horretan utzi nahi zituela adierazi zuen: ez zuen legea ukituko, Nafarroak batasun konstituzionala onartu zuelako. Ekarpenaren zenbatekoa egokitzearekin nahikoa zuen, eta apirilaren 22an Gorteetan indarrean jarri zen Aurrekontuen Legearen 24. artikuluaren bidez igo zuen. Bestalde, oso esanguratsua izan zen, hiru probintzietako indargabetze arazoaren muinari zegokionez, Gorteetako eztabaida batean Gobernuko presidenteak emandako hitzaldia. Bere doktrina argi eta garbi adierazi zuen: Estatuaren borondatea beste edozeinen gainetik zegoen, eta baita 1841eko abuztuaren 16ko Nafarroako Lege Itunduan jasotakoaren gainetik ere. Edozein harremanetan Estatua nagusi zelako printzipioa ezarrita, gainerako hiru probintzien foru estatusa eztabaidatzeko prest zegoen, haietan batasun konstituzionalak erabateko aginterik izan ez arren.
Foruen erreformaren, edo, hobe esan, indargabetzearen testua maiatzaren 18an aurkeztu zen Senatuan. Bi ganberetatik iragan eta gero, ia ez zuen aldaketarik izan, aurretiazko pertzepzio-entzunaldiek kale egin zuten arren. Batasun konstituzionala Baskoniara hedatu zuen (1. art.), bertako biztanleak armen zerbitzuan parte hartzera derrigortu zituen (2. eta 3. artikuluak), eta, bere ondasunen arabera, Estatuaren gastuetan parte hartzera behartu zuen. Batzar Nagusien eta foru diputazioen biziraupenari ez zion heldu, gutxi-asko adostutako balizko erreforma bat izan zezaketelako. Nabarmentzekoa da zeinen erabakigarria izan zen etorkizunean proiektu indargabetzaileak Canovasi eman zion legeak ezartzeko aparteko eskumenezko ahala. Ministroen Kontseiluko presidentea legeak ezarritako muga guztien gainetik geratu zen. Hau da, euskaldunen ikuspegitik, hiru probintziek ez zuten foru sistemari eusteko inolako heldulekurik. Canovasek nahi zuen bidetik eraman zezakeen prozesua: Foruak guztiz indargabetu zitzakeen, edo, nahi izanez gero, malguago jokatu, gerora, Kontzertu Ekonomikoarekin egin bezala. Canovasen abiapuntua Proudhonen la force prime le Droit esaldia zen, baina Gorteetan birformulatu, eta indarra Zuzenbidearen jatorri bezala aurkeztu zuen eta derrigortzea Estatua sortzeko elementu erabakigarritzat hartu.
Uztailaren 4an batu zen Senatuko Foru Batzordearen proiektuaren gaineko eztabaidara, eta sona handikoa izan zen arren, ez zuen testuan eraginik izan. Canovasek gehiengo zabala zuela aipatu dugu, eta Foruak besterik gabe deuseztatu nahi zituen gutxiengo bati muga jartzera ausartu zen. Gobernuko presidenteari egozten zitzaizkion botere bereziek erresistentziak eragiten zituztela, izan, egia da, are bere talde parlamentarioan ere. Kongresuan, alderdi konstituzionaleko kide Gonzalez Fiorik honako zuzenketa aurkeztu zuen: «aurrerantzean Espainiako probintzia guztietan indarrean dauden lege politiko, administratibo eta ekonomikoak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian ezarriko dira», eta Gobernuak, gehienez ere, bi urteko epean homologatu behar zituen. Zuzentzeko ez ziren nahikoa betebehar militar eta ekonomikoak: Espainiako herriak erabateko berdintzea eskatzen zuen. Zuzenketa horrek eragindako eztabaidak auziaren funtsa eta alde bakoitzaren posizionamendua ezagutzeko aukera eman zuen.
Canovasek agindutakoari jarraituz, alderdi kontserbadorearen izenean hitz egin zuten diputatuek agerian utzi zuten alor administratiboan hiru probintzientzat zenbait emakida zeudela, batez ere Batzarrak, Aldundiak eta beren konpetentzietako batzuk mantentzearekin zerikusia zuten gaietan. Nondik zetozen kontuan hartu beharra zegoela esan zuten, eta batasun konstituzionala praktikan jartzeko modua malgua izan behar zela. Argi zegoen, talde parlamentarioaren diziplinak ezarritako erreserbak gorabehera, gehiengoaren diputatu asko ados zeudela gutxiengoaren kideek esaten zutenarekin, halakorik adierazi ez arren. Gutxiengoaren sektoreak beren akatsa aurpegiratzen zien, uste baitzuten Gobernuaren asmoa hiru probintziak Estatuarentzat onargarria zen egoera batera eramatea zela, 1841eko Nafarroaren estatusaren antzekoa (probintzia horretako biztanleek ez zutela zegokiena ordaintzen aldarrikatu zuten). Presidenteari leporatu zioten Espainiako gehiengoak Foruak erabat indargabetzeko zuen nahia ez errespetatzea. Foruek klerikalismo absolutistaren iritzia babesten zutela zioten, eta gatazkaren oinarrian zeudela. Probintzietan nagusi zen izpiritu autonomikoa errotik atera behar zen, dagoeneko bi guda zibil eragin baitzituen.
Gutxiengoak aldarrikatzen zuen erabateko abolizioaren aldeko argumentu eta proposamenek bere diputatuak kutsa ez zitzaten saiatu zen Canovas. Horretarako hondarrera jaitsi zen azalpenak ematera. Gorteek Gobernuari emandako botereen eskuordetza Baskonian egin beharreko aldaketaren konplexutasunak hala eskatuta gertatu zen: Foruak dagoeneko Erdi Aroan existitzen ziren, Aro Modernoan eta Garaikidearen zati batean indarrean egon ziren, momentu horretara bertara arte, eta errege espainiarrek XVI. mendetik ordura arte zin egin zituzten. Azken hamarkadetako gobernuek onartuak izan ziren; esaterako, 1872ko Zornotzako Itun berriaren oinean bertan aurki zitezkeen orduko hartan hain kritikoa zen Sagastaren alderdi konstituzionaleko kide ospetsu askoren sinadurak. Baita adierazpen berri, ia garaikide batean ere, Gobernuak Foruak onartu, edo behintzat toleratu zituena: momentu hartan indarrean zegoen 1869ko Konstituzioa. Gorteak lasaitzea lortu zuen, batasun konstituzionala Baskoniaraino hedatuko zelako, «denborarekin egindako lana delako, nazionalitateen sorkuntza legearen eta elkartzeko printzipioaren bitartez». Foruen muina laster aldatuko zen, hots, Baskoniak gizonak eta dirua eman beharko zituen, gainerako probintzia espainiarrek bezala, baina muturrera iritsi gabe, 1839ko Legean jasotako formalitateak jarraituz. Egia da Gobernuak inoiz baino botere handiagoa zuela Probintzia Baskongadoetan egin behar zuena egiteko, baina «Espainiako gobernuei eta nazioari etorkizunean eta beste batzuen eskuetan arazo handiak izan zitezkeenak» ekidin nahi zizkien.
Nahiz eta, aurreikus zitekeen bezala, Canovasek bere gehiengo parlamentario zabalari esker Gonzalez Fioriren zuzenketa bertan behera uztea lortu zuen, horrek bilkuran aldarrikatu ahal izan zuen, zuzenbideari zegokionez, Foruak gehiegikeria hutsa zirela eta euskal liberalek nazioari eta 1839ko Legeari barre egiten ziotela. Gauza bera leporatu zien maiatzean Canovasek deitutako entzutean izan ziren aldundien ordezkariei. Baskonian iskanbila sortu zen Esparterok eta Marotok 1839an sinatutako akta publikoki erre zutenean eta Bergarako Besarkadaren omenezko monumentua suntsitu zutenean. Probintzia Baskongadoen kemenarekin argi ibili behar zen. Eta, foru sistemari gorazarre eginez, Manuel Rodriguez Ferrerren Los vascongados liburuaren hitzaurrea idatzi zuen Canovasen aurrean prest egon beharra zen. Gonzalez Fiori diputatu konstituzionalistaren ustez, Foruak indargabetzea nazio mailako auzia zen, Gorteetan eragina zuena, baina ez hala Gobernuan, aldebikotasunerako joera baitzuen.
Euskal diputatuek, aldiz, Foruak defendatu eta justifikatzeko aro garaikidean sortutako diskurtso tradizionalari eutsi zioten eztabaidan. Argudio horiek bereziki agertu ziren Mateo de Moraza arabarraren hitzaldi luzean. Baina beste era batera eta arreta handiz justifikatu zuten foru erregimen berria: juridikoki garrantzitsua zena longissimi temporis eskuratze-preskripzioan jasota zegoen, Zuzenbide unibertsalaren oinarriak aldatu ezean, eztabaida ezina zen titulu legala. Agerian utzi zituzten erregearen zin egite eta berrespenak, epaitutakoaren balioa eta euskal herritarrek Koroaren asmoei emandako laguntza eta zerbitzuak, eta baita kostaldean eta Frantziako mugan Monarkia defendatzeko atsedenik gabe egindako lana. Defentsaren ardatza, batez ere, indarrean zegoen 1839ko Legea izan zen. Guztiarekin ere, aurrez galduta zegoen eztabaida parlamentarioa zen. Nolanahi ere den, Parlamentuko talde euskaldunarentzat Gorteek onartutako foruen indargabetzea ez zen, inondik ere, bidearen bukaera. Euskal gizarteak aldarrikatzen jarraitu behar zuen, eta hala egin zuen.
Bertako liberalek eragina izan zuten euskal parlamentariek eta, gerora, diputazioek eztabaidetan izan zuten jarrera neurritsu eta ezin zuzenagoan. Haien ustez, Gobernuak jarrera onbera eta eskuzabala izango zuen 1876ko uztaileko Legea ezartzerakoan. Oraindik buruan zuten hiru urte atzerago, 1873an, Canovasek berak esandakoa, hots, Foruak ere kontuan hartu behar zirela erregimen konstituzionalaren eta foralaren arteko «nazio adostasuna» lortzeko, eta, lortzekotan, akordioa denontzat onuragarria litzatekeela. Are gehiago, Legea eztabaidatu zenean, Canovasek ganbera guztietan argi utzi nahi izan zuen bere jarrera neutroa, eta egin zituen hainbat keinurekin aditzera eman zuen adostasuna lortzeko Gorteek ematen zioten boterea erabiliko zuela. Baina gerra bukatu zenean, senatari, diputatu eta agintari foralek ikusi ahal izan zuten indargabetze prozesua gidatzen zuen Canovas horren jokaera Gobernuko presidenteari zegokiona zela, eta, erregimen orokorra ezartzerakoan, ganberan indar eskubidea aldarrikatu zuela.
Hasieran, euskal aldundiek eskua luzatu zioten Gobernuari, eta, ordainetan 1876ko iraileko Batzar Nagusiak egiteko baimena jaso, eta foru aldundia berritzeko erabili zuten. Egun batzuk geroago, aldiz, urriaren 4an, Gernikako batzar horrek berak adierazi zuen, Gobernuak benetako negoziazio bat onartu arte, instituzio guztiak 1839ko egoera berera itzuli behar zirela. Botere zentralak, orduan, lege indargabetzailea ezartzen laguntzeko agindu zien aldundiei, modu zorrotzean. Horiek, baina, kargu berria hartzerakoan Foruaren hobe beharrez jardungo zirela zin egin zuten, eta, hortaz bi aukera besterik ez zituzten: dimititzea ala Madrilek agindutakoa bete. Legea ezartzea eta karguan mantentzea bateraezinak zirela ulertuta, makilak eman zituzten.
Argi zegoen blokeo egoera hori gainditzeko bide bakarra Batzar Nagusi berriak izendatzea zela. Dimititu zuenaren lekua hartuko zuen aldundi berria osatu behar zen, eta Canovasen neurri indargabetzaileekin jarraitu beharreko bidea marraztu. Izan ere, 1877ko apirilean, setio egoeran egindako bilerak ez zuen herrialdea egoera korapilatsu hartatik ateratzeko ahalmenik. Gobernua zelatan zegoen, eta, hilaren 26an, erresistentzia zantzu bat hauteman zuen momentuan bertan, batzarrak desegin zituen Batzarraren Foru Batzordeak erresoluzio zirriborro bat idatzi zuelako. Gobernuak bere horretan jarraitu zuen, eta 1877ko maiatzaren 5eko dekretu baten bidez, beste aldundi bat izendatu zuen, hori bai, probintziala. Urte horretan bertan, Gipuzkoan eta Araban bide bera jarraitu zuten: Gobernuak bertako Batzar eta foru aldundiak desegin zituen, eta, han ere, nahieran hautatu zituen.
Hain zuzen ere, 1877ko maiatzean hasi zen euskal klase politikoaren banaketa. Ordura arte ez zen funtsezko ezberdintasunik Gobernuak trantsigente eta intrantsigente deitutakoen artean. Izan ere, orduko hartan, desadostasun bakarra gobernuaren presioari erantzuteko moduaren baitakoa zen. Bereizketak geroz eta indar gehiago hartu zuen eta hurrengo bi hamarkadetan egonkortu zen, elkarren ondotik etorritako hainbat gertakariren ondorioz: lehenik eta behin, gorago aipatutako Batzar Nagusien desegitea eta probintzia diputazioak ezartzea; ondoren, liberal dinastikoak eta, beren erara, karlistak bildu zituzten estatu alderdiek Baskonian izan zuten jokaera. Berrezartzearen lehen fasean, modu kriptikoan aritu ziren errepublikanoak eta sozialistek hainbat udalerritan ordezkaritzak eskuratu zituzten. Guztiek parte hartu zuten tokiko, probintziako eta Gorteetako hauteskundeetan. Alderdiak hedatu ahala, gerra aurretik foru erregimenak laguntzen zuen batasuna desagertuz joan zen.
Bizkaiko liberalismoak erregimen orokorra onar zezan, erabakigarria izan zen probintzia diputazioa izendatzeko modu berria. Batzar Nagusiek alderdi oinaztar eta ganboatarreko ordezkarien bozkak jasotzeko erabiltzen zuten zaku sistema baztertu zuten. Baskonian Berrezartzearen hauteskundeen legea ezartzea, alderdi dinastikoen txandaketa erregimenarekin batera, Estatuko hauteskundeetan izan ohi ziren mores ustelak ekarri zituen. Alderdiek erabakitzen zituzten zinegotzi eta alkateen hautagaitzak eta baita Gorteetako ordezkarienak ere. Hala, encasilladoa, kazikismoa eta horrek eragindako tokian tokiko azpijokoak, botoen salerosketa eta are hauteskundeen iruzurra eta errepikatzea ere agertu ziren Jaurerrian. Gobernadore zibilak, gobernazio ministroaren izenean, herriko eta probintziako hautetsien jarduna kontrolatu eta udalak zelatatzen zituen. Sagarminaga politikari eta historialariak adierazi zuenaren arabera, hauteskundeen inguruan kultura politikoak jasandako aldaketak oso iritzi negatiboa eragin zuen herrialdean. Bestalde, probintzia diputazioak, hala sortu baitziren, Batzar Nagusien kontroletik at geratu ziren, oztopo deserosoa baitzen probintziako agintarientzat.
Izan ere, alderdien txandaketan, laurogeiko hamarkadan Sagastaren fusionistak (handik gutxira liberalak soilik) esku egon ziren Diputazioa eta Bilboko Udala, eta laurogeita hamarrekoan liberal kontserbatzaileenean —industrialari dinastikoak—. Argi dago Diputazioa politika, ekonomia eta administrazioa kontrolatzeko bitartekoa zela, eta bere funtzioaren garrantzia eta botereak gora egin zuela Kontzertu Ekonomikoak sinatu eta gero. Aurrerago ikusiko ditugu txandaka zebiltzan alderdiez bestelako indarrek aurrera egiteko izan zituzten zailtasun handiak. Sozialistak azkar ezarri ziren Bizkaiko industrialdeko udal alorrean (lau zinegotzi lortu zituzten Bilbon 1891. urtean), karlistak, zenbait herri eta landa-gunetan. Euskal nazionalistek, gainerako indar politikoekin bat egiten ez zutenez, 1898an aurkeztu zuten euren lehendabiziko hautagaitza, gizartean agertu eta gutxira. 1899. urteko hauteskundeetan nola-halako arrakasta lortu zuten, hainbat udalerritan.
Baskonian erregimen orokorra ezarri ondotik Bizkaiko diputatu eta senatariek bizi izan zuten marko politiko-instituzionalari buruzko ohar batzuk egitea merezi du. Probintzia Diputazioa marko horren barnean aritu zen Berrezarkuntza guztian zehar, eta ez da ahaztu behar Kontzertu Ekonomikoa ere indarrean zegoela.
Jakina denez, Berrezartzea Alfontso XII.aren (1875-1885) eta Augsburgeko Maria Kristinaren (1885-1902) aginteei dagokien garaia da nagusiki, baina Alfontso XIII.aren erregealdia ere hartzen du, 1923an Primo de Riveraren Diktadura ezarri arte. Azpimarratzekoa da erregimenaren izaera autoritarioa, Koroaren eta botere exekutiboaren kontrola nagusitu baitzen, hainbat alderditan hauteman daitekeen bezala: errolda-bozkaren eraginez, Senatua ez zen aurrekoa bezain ordezkagarria izan, eta Kongresuak erregearen eragina zuen, hauteskunde sistema zela-eta. 1876ko Gorteak eratzaileak izan ziren, eta diputatuen % 85 ministro izan zen —alderdi liberal kontserbadorekoak—. Beren printzipio eta idealak Sagastaren alderdi konstituzionalak hautatutakoen antzekoak ziren, nahiz eta, askatasunari dagokionez, azken horiek arduratsuagoak izan. Kontuan izan behar da Canovasek ondu zuen Konstituzioa 1845eko moderatuan oinarritua zela. Erregeari botere zabala ematen zion, arlo militarrean batez ere. Oso esanguratsua da hori, armadak kontserbadurismoranzko joera hartu baitzuen. Alfontso XII.ak, Maria Kristinak eta, ondoren Alfontso XIII.ak Konstituzioak ematen zien boterea baliatuz, agintean zegoen alderdia kontrolatzen zuten, nahiz eta, finean, horrek Gobernuaren alde egiten zuen, de facto Gorteen gainetik jarri baitzen eta Ganberak disolbatzeko eskumena lortu baitzuen. Gobernu autoritarismoa indartu egin zen Berrezartzearen lehendabiziko hauteskunde legeei esker: 1879ko inprentakoa, 1870eko biltzekoa edota elkarteena. 1881era arte alderdi legal eta ilegalak zeuden eta bi alderdi politiko handienak ez ziren 1885eko El Pardoko Itunera arte finkatu, orduan instituzionalizatu baitzen haien arteko txandakatzea. Batetik kontserbadoreena zegoen, nagusiki latifundista eta errentatzaileek osatua, eta bestetik, liberalena, profesionalak, merkatariak eta industrialariak biltzen zituena. Hurrengo hamabost urteetan, eta Canovas eta Sagasta hil arte, sistema bi alderdietako sortzaileen zuzendaritzapean egon zen. Handik aurrera, Kuba galdu eta gero ministro krisialdiak eta alderdi hegemonikoen banaketak bata bestearen atzetik iritsi ziren.
Estatuak erregimen orokorra Baskoniaraino hedatu zuenean hasitako autonomia boterea berreskuratzeko nolabaiteko alderantzizko prozesuari buruz ohar gutxi batzuk egitea komeni da. Galdu berri zituzten Foruak ordezkatzeko, Estatuak izaera fiskala eta administratiboa zuen Kontzertu Ekonomiko bat ezartzea adostu zuen hiru probintziekin. Kontzertua beren esku zegoenez eta haiek kudeatzen zutenez, eliteak errazago egokitu ziren egoera berrira. Lehen Kontzertua, 1878ko otsailekoa, 1887 eta 1894ra arte luzatu zen. Handik gutxira, mantendu eta defendatu beharreko zerbait balitz bezala hartu zuten boterean zeuden indar politikoek, eta baita sortzen ari zen euskal nazionalismoak ere. Izan ere, hirugarren berritzea hurbildu ahala, 1904. urtean, hiru diputazioek euskal bateratzea eta Foruak aldarrikatu zituzten. Urte bukaeran Gipuzkoako Liga Foral Autonomista sortu zen, herrialde guztira hedatzeko asmoz. 1906an Kontzertua hogei urterako berritu zen, baina argi zegoen autonomia gisako estalki batekin babestu beharra zegoela.
XX. mendearen bigarren hamarkadan, herrialdeak Konstituziotik eratorritako autonomia baten bidea hartu zuen, titulu historikoek, probintziako foruzaletasunak eta tradizioaren inertziek sortzen zituzten kontraesanen gainetik. Aipatzen ari garen hiru edo lau probintzien amankomuneko autonomismo horrek, batez ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar geruza batzuetan onartzen hasia zen eskualde edo nazio kontzientzian zuen oinarria. Zenbait eragilek bide horretan bultzatzen zuten. 1914ean Eduardo Dato Gobernuko presidenteak Kataluniako mankomunitatea sortzeko baimena eman zuen: autonomien aurreko erakunde antzeko bat, eskumen edo zergarik gabea. Aurrerago sendotu zela esan liteke, probintzia diputazio katalanei zegozkien zerbitzu propioak borondatez jaso zituenean. Mankomunitate horren lorpenak ikusita, antzeko probintziaz gaindiko erakunde baten beharra zegoelako ideia zabaltzen lagundu zuten. Guztiarekin ere, norabide horretan erabakigarriena 1917ko udako krisialdi ekonomiko, politiko eta konstituzional larria izan zen: abuztuko greba orokor politikoa eta Kataluniako krisialdia konpontzeko asmoz Estatuaren eta eskualdeen arteko botere banaketaz aritu ziren bi batzar parlamentarioak —Kongresua eta Senatua itxita zeudela—. Bestalde, euskal nazionalistek itxaropena zuten Lehen Mundu Gerraren eta Woodrow Wilsonen Adierazpenaren bidetik Europako estatuen mapa berrantolatuko zela. Jakina, propaganda nazionalistaren eraginkortasuna loturik zegoen deialdi bakoitzean hobeak ziren hauteskunde emaitzekin, dagoeneko Bizkaiko Diputazioan sartzea lortu baitzuten. Arrazoi horiek guztiek nazionalitate tituluari balioa ematen zioten, Estatuaren Konstituziotik eratorritako autonomia berezi baten iturri bezala, eta, zenbait sektoretan, are autodeterminazioaren justifikazio gisa ere.
Deskribatu den testuinguru espainiar orokorra eta prozesu katalanaren ildoa, Baskoniako berezitasunarekin batera, 1917ko udan hasitako atal luze bat azaltzeko baliagarriak dira. Urte hartako uztailaren 16an, Bizkaiko Diputazio nazionalistak hala eskatuta, hiru probintzietako diputatuen batzarra egin zen Gasteizen, Gobernuko presidenteari zuzendutako mezu bat onartzeko asmoz. Probintziarteko komisio baten esku utzi zen testua, eta Carmelo de Echegarayk idatzi zuen. Autonomiaren auzia gizartean hain errotuta zegoenez, aisa uler daiteke hurrengo bi hilabeteetan Bigarren Errepublikaren aldeko udal mugimenduari bide eman zion mobilizazio handia. Erakundeei zuzendutako kontsultak izan ziren, eskualdeka deitutako udal bilera eta batzarrak, pertsonaia esanguratsuen adierazpenak eta baita Gorteetako diputatuei luzatutako deialdiak. Eskubide historikoak ukaezinak eta ezinbestekoak zirela uste zuten gizarte talde handiak sortzen hasi ziren. Nolanahi ere den, 1917ko espainiar kultura politikoan Foruak berrezartzea ezinezkoa zenez, gehienez ere autonomia lor zitekeela sinetsita zeuden. Egokiena aldeko koiuntura politikoa baliatzea zen, indarrean zegoen legediaren barruan, eskumen zabalak zituen eskualde autonomiko bat sortzea. 1917ko abenduaren 19an, Ladislao de Zabalak, Gipuzkoako Diputazioko presidenteak, testua irakurri zuen Gobernuko presidente zen Manuel Garcia Prieto liberalaren aurrean, Eduardo Dato arabarraren ondorengoa baitzen.
Mezuak lehen aldiz jaso zuen, esplizituki eta testu ofizial batean, euskal eskualde kontzeptua autogobernuaren jabetza zuen subjektu bezala. Urrats handia zen Baskoniaren instituzionalizazioarentzat. Testuak jasotakoaren arabera, Aldundiaren arrazoibidea 1878az geroztik indarrean zegoen Kontzertu Ekonomikoetan zuen oinarria. Hala ere, horren ondoren, mezu horretan bertan eskualde mailan autonomia handiagoa eta kontzertukoak baino eskumen gehiago zituena ezartzea proposatzen zuen: izan ere, Estatuari funtzio publiko guztiak eskatu zizkioten, kanpo harremanak, gerra eta itsas-armada, zor publikoa, aduanak, moneta, pisu eta neurriak eta posta eta telegrafoak izan ezik. Horrez gain, sartu ere sartu zuten gorago aipatu dugun hirugarren maila utopikoaren aipamena, hots, berezko instituzioak berrezartzearena, Estatuaren batasun politikoak indargabetutako subiranotasun forala eskuratzea baitzekarren. Bertan aipaturik ageri zen egungo autogobernuaren zabalkuntza eskakizunaren justifikazioa. Testuan, eskubide historikoen erreserba klausula bat ageri da, berezko botere propioaren eskaerari eskainia. Antza denez, eskualdeko autonomia eskaera «Bizkai, Gipuzkoa eta Arabaren izenean hitz egin zuten Batzarrek aldiro eskatu dituzten eskubide historikoak alde batera utzi gabe» egina baitzen.
Probintzien arteko elkarlanari dagokionez, herrialdeak grazia garai labur bat bizi izan zuen, aniztasun handiko foru diputazioek zuten adostasunari esker. Kulturarekin lotutako adierazpen esanguratsu bat gertatu zen hurrengo urteko irailean. Lau diputazioen batzorde batek Eusko Ikaskuntzaren biltzarra deitu zuen Oñatin. 1918ko abenduan ere, garrantzi handiko ekimen autonomiko bat izan zen, eta autonomiaren aldeko indar politiko euskaldunen arteko nolabaiteko lankidetza ikusi ahal izan zen. Comunión Nacionalista Vascako (CNV) diputatuek urriaren 25eko Legea bertan behera uzteko proposamena egin zuten —proposamena gero aipatuko dugu—, eta Gobernuko presidente zen Romanonesko kondeak muzin egin zion. Egun horretan bertan, autonomien auzia bideratzeko Parlamentutik kanpoko batzorde bat sortuko zuela iragarri zuen, berehala egin ere (1918ko abenduaren 18ko Errege Dekretua). Batzordearen baitan, azpibatzorde euskaldun bat sortu zuen, eta bertan sartu zituen Jose de Orueta — liberal romanonesista—, Manuel Senante —integrista— eta Pedro Chalbaud —euskal nazionalista—. Txostena idatzi zutenek bi bideak jaso zituzten, forala eta estatutukoa, biak ala biak halabeharrezkoak garai hartako edozein autogobernu proposamenetan. Lehen bideari dagokionez, 1839ko Legea eta gainerako ezarpen arau osagarriak bertan behera uztea proposatzen zuten, eta garaiko egoerara egokitutako foru erakundeak berrezartzea; ondoren, Batzar Nagusiak berrezarri arte, foru diputazioei behar zuten boterea ematea. Parlamentuaz kanpoko batzordeak ez zuela proposamena onartuko aurreikusten zutenez, aurreko urtean diputazioek adostutako mezuan oinarritutako zortzi puntuko estatutu bide bat ere aurkeztu zuten, badaezpada. Parlamentuaz kanpoko batzordeak ez zituen ez bata, ez bestea onartu, eta onartu edo eraldatu zuten hori ez zen diputazioen interesekoa izan. Gobernu krisialdia handik gutxira sortu zen, eta horren ondorioz katalanek Parlamentuaz kanpoko batzordea utzi, eta Romanonesko kondeak dimisioa aurkeztu zuen 1919ko apirilean.
Autonomia lortzeko saiakerek eragindako frustrazioari, Aldundien lankidetza ezegonkorra gehitu behar zaio, politikoki ezberdinak izateaz gain, alderdi politikoen arteko lehia bizian murgildurik baitzeuden. Ekimenen benetako motorea CNV zen, eta 1917az geroztik Bizkaiko Diputazioaren jabe hegemonikoa. 1918an nagusitasuna lortu zuen Madrilen: bost diputatu eta hiru senatari. Jaurerriko eskuina taula politikotik kanpo geratzeko zuen arriskuaz jabetu zen, eta kontserbadoreak, liberalak eta mauristak bilduz, Bizkaiko Liga de Acción Monárquica sortu zuen. Horri esker, 1919ko probintzia hauteskundeetan Ramon de la Sotaren alderdiak baino diputatu bat gehiago lortu zuten. Euskal mugimendu autonomistak, Bizkaiko Diputazioan gehiengoa galdu eta gero, autogobernuaren aldeko ekimenak aurrera eramateko gaitasuna galdu zuen Bigarren Errepublikara arte, gehiengo berriak osatzea lortu zuen arte, alegia.
Interesekoa da orain Bizkaian izan ziren familia politiko handiak zein izan ziren jakitea, eta 1876-1877an Foruak desagertu zirenetik 1936ko urrian estatu autonomia politiko berria ezarri zen arte izan zuten garapenaren zirriborroa egitea. Kontraesanez jositako gizarte baten bilakaera da, arrakastatsua garapen ekonomikoari, hazkunde demografikoari eta zenbait kultura arlori zegokienez, baina gabezia demokratiko larriak eta erakundeak egituratzeko zailtasunak zituen. Azter ditzagun banan-banan korronte nagusiak.
1877an Canovasek foru erakundeak desegin zituenetik eta 1931. urtean Bigarren Errepublika iritsi arte, eskuinak agindu zuen antzinako Jaurerriko Aldundian, 1917 eta 1919 arteko parentesi nazionalista kenduta. Primo de Riveraren diktadurak iraun bitartean ere, agintean izan ziren. Ordura arte, bi alderdi liberal-dinastikoek eroso eta oztopo handirik gabe zuzendu zituzten erakunde bizkaitarrak. Laster hauteman zituzten erregimen orokorrak zekarzkien onurak, eta baztertu egin zituzten beren instituzioak galdu izanagatik traumatizaturik zeudenak, hasierako fasean erresistentzia foruzalearen edota bestelako proposamenen bitartez beraiei aurre egiteko gaitasunik izan ez zutenak.
Liberalismo dinastikoaren bi alderdien interes nagusia Bilboko eta itsasadarreko industria eta meatzaritza guneetako udalak, Aldundia —foral izena galdu zuen— eta Gorteetako Bizkaiko ordezkaritza bereganatzea zen. 1877ko maiatzean Madrilgo Gobernuak Diputazioko Jauregia hartzeko izendatu ondoren, hauteskundeak deitu zituzten militarki okupatuta eta berme konstituzionalik gabe zegoen herrian. Bizkaiko industrialariak estatu merkataritza babestuko zuen politika protekzionista baten beharrean zeuden laurogeita hamargarren hamarkadan. Politika fiskala eta aduanetakoa Madrilen erabakia zen, eta ez Batzar Nagusietan edo Bizkaiko Aldundian, nahiz eta, oraindik, Gortean eragiteko gaitasuna zuen. Hortaz, indargabe geratutako foruekiko interesa galdu zuten, eta gobernuak horiek aldarrikatzea karlisten kontua balitz bezala aurkeztu zuen jendartean. Gauzak horrela, nahikoa zitzaien foru Jauregiaren jabetzarekin eta Kontzertu Ekonomikoa kudeatzearekin, betiere negozioen alde.
1885eko El Pardoko Itunak Estatua zuzentzeko kontserbadore eta liberalen arteko txandakatzea ezarri baino lehen, handiki bizkaitarrek hauteskunde batzorde iragankorren bitartez parte hartzen zuten hauteskundeetan. Hauteskundeak deitutakoan jartzen ziren indarrean. Bizkaian zuten eragina argi ikusi zen 1874ko protekzionismoaren aldeko mobilizazioan, eta indar biziak Bizkaiko Ekoizleen Ligara biltzeko gai izan zirelako. Aurrerago, 1897an, hauteskunde elkargune arrakastatsu bat sortzea lortu zuten, Piña izenez ere ezagutu zen Union Liberal. Baina Canovas erail zuten eta Sagastaren lidergoa ere baztertua izan zen. Era berean, sozialisten presentziak edo nazionalisten antolatzearen hasierak ez zuen bloke dinastikoaren boterean eraginik izan (azkenak 1898an sartu ziren jauregian, probintzia diputatu batekin: Sabino Arana. 1907an Bilboko alkatetza eskuratu zuten. Eskuinak, indar berrien aurrerapausoak ekarriko zuen arriskuaz ohartzean, Bizkaiko alderdi kontserbadorea sortu zuen 1909an, oligarkiaren eta bere El Pueblo Vasco egunkariaren babesarekin. Handik gutxira zatiketa pertsonalista bat izan zen (mauristak).
Hurrengo urtean, aurkako alderdi liberaleko kide batzuek Bizkaiko Alderdi Liberala sortu zuten, El Sitio Elkarte beteranoaren eta El Liberal egunkariaren babespean. Diputazioek Gobernuari bidalitako mezua eta Parlamentuaz kanpoko batzordeko euskal azpiponentzia kenduta, 1917az geroztik Baskonian indarrean jarri ziren aldarrikapen autonomikoak babesterakoan abstentziorantz jo zuten. Antzeko jarrera hartu zuten identitate ekimenei edota hogeigarren hamarkadako euskal unibertsitateari zegokienez.
Sortzen ari zen nazionalismoaren baitako lehia giroa agerian geratu zen 1917-1919 legealdian. CNVk Bilboko Udala, Diputazioa eta Gorteetako ordezkaritza kendu zizkion bloke dinastikoari eta kezka zabaldu zuen ia berrogei urtez boterean egotera ohitua zegoen eskuinaren baitan, lurraldean politika nazionalista ezarri baitzuen. Nazionalisten garaipenak beldurra eragin zuen errepublikano eta sozialisten artean ere, Bilbon eta meatzaritza eta industria gunean zama elektoral handia zuten arren. Ideologiagatik eta hauteskundeetako norgehiagokagatik, sozialistek monarkikoekin bat egiten zuten nazionalismoa geldiarazteko asmoz. Gobernuaren antolaketa ulertzeko modua, hain ezberdina izanagatik ere, ez zen oztopo izan hauteskunde garaian bien artean halako elkarlan moduko bat sortzeko. Egia da liberal eta kontserbadoreek, mauristekin batera, aurre egin zietela eta 1919an Bizkaiko Liga de Acción Monárquica eraginkorra sortu zutela. Gainera, hurrengo legealdietan Diputazioa eta Gorteetako ordezkaritza berreskuratzeko gai izan ziren.
Esan beharra dago Bizkaiko eskuinak, aginte bloke formalizatua eta indar autonomoa zen aldetik, boterean jarraitu zuela 1923az geroztik, Primo de Riveraren Diktaduraren ondoren. Ezohiko garai hartan, Liga de Acción Monárquicako kide askok diktadoreak antolatutako Union Patrioticaren parte izaten jarraitu zuten.
Hainbat zertzelada emanen ditugu errepublikano eta sozialisten sektoreari buruz. Paraleloki aztertuko ditugu, 1910etik aurrera modu iraunkorrean elkarrekin aurkeztu baitziren hauteskundeetara. Bizkaiko aniztasun politikoaren erakusgarri harrigarria da hori. Urte hartan sortu zen bederatzi hauteskunde orokor iraun zituen uztarketa: sei 1923. urtea baino lehen, eta beste hiru Bigarren Errepublikan. Estatuko indar politikoen koordinazio edo elkar ulertzeaz den bezainbatean, oso berezia da bi alderdiek izan zuten jarrera, eta lurraldeko bizitza publikoan eragin handia izan zuen, bai Primo de Riveraren Diktaduraren aurretik, eta baita Bigarren Errepublikan ere.
Bizkaiko Errepublikazaletasuna 1865ean hasi zen, Cosme Echevarrieta bilbotarrak komite demokrata bat sortu zuenean. Isabel II.aren garaian, errepublika aldarrikatzen zutenek demokrata izena ematen zioten beren buruari, errepublikazaletasuna debekatuta baitzegoen. Aipatu datan, Echevarrietak sortze-artikulu bat argitaratu zuen «Foruekin bateragarria den bakarra demokrazia da» izenburupean. Bertan, herrialdeko erakundeak demokrazia eta errepublikarekin lotu zituen. 1868ko iraultza iritsi zenean, Estatuko demokrata zaharrak Alderdi Errepublikazale Demokratiko Federalean bildu ziren. Lurraldea bertan integratzeko, nola-hala homogeneoak ziren hainbat probintzia artikulatzeko itun federalak egitea proposatu zen, alderdia behetik gora antolatzeko proposamen pimargaliarraren bidetik. 1869ko udaberrian errepublikanoak Bilbon bildu ziren, eta Echevarrieta presidente izendatu zuten. Gauzak horrela, bera izan zen Eibarren Baskonia hegoaldeko lau lurraldeetako errepublikanoak koordinatuko zituen itun federala sinatu zuena. Estatuaren egiturari dagokionez, eta haren parte bezala baita Baskoniarenari ere, Espainiako Estatu federalaren barnean lau probintziak hartuko zituen Estatu bat sortzea proposatu zuten. Hala, XIX. mendeko beste momentu batzuetan gertatu bezala, Foruak lirateke Gobernuaren tresna, errepublikanoen interpretazioari jarraituz, noski. Emaitza esanguratsuak lortu zituzten Bizkaiko hiriburuko udal hauteskundeetan, baina, hala ere, alderdia sortzeko itunen formula erabiltzeak ez zuen harrera ona izan Estatu mailan. Gogoan izan behar da, bere alderdikideek mugimenduaren lidergoa onartzen ziotela, eta 300 matxinatu errepublikazale bildu zituen talde baten buruan jarri zela Cosme, Estatu mailan jarraitu beharreko kontsignarekin bat eginez. Gorbearaino iristea lortu zuten, eta Echevarrietak erbestera alde egin behar izan zuen.
Lehen Errepublika aldarrikatzearekin batera, mugimendua piztu egin zen, baina Baskonia eta Bizkaiaren zati handi bat matxinatutako Karlisten menpe zegoen. Errepublikanoek Bilbon bakarrik izan zuten eragina, eta haren defentsan parte hartu zuten. Garai labur horretan hiru aldiz lortu zuten Hiribilduko alkatetza. Nolanahi ere den, egoera goitik behera aldatu zen gerraren bukaeran herrialdea militarki okupatu zutenean eta Berrezartze kontserbadorearekin, Bilboko errepublikazaleak zokoratuak izan ziren. Setioaren ondoren, 1879ko alderdi bezala aurkeztu ziren hauteskundeetara. Alderdiari Unión Democrática izena eman zioten, Cosme Echevarrieta buru. Hasierako postulatu foruzaleak onartzen zituzten arren, pixkanaka Estatuaren baitako autonomismorantz aldatzen joan ziren. Alderdi barnean Ruiz Zorrillaren ideiek ere lekua izan zuten; hau da, boterea erdiestekotan, uztartu beharrekoak ziren administrazio deszentralizazioa, unitarismoa eta estatu kolpea. 1890ean, errepublikanismo bilbotarra Nicolas Salmeronen Centro Democráticoren inguruan bildu zen, unitarista eta legezkoaren bidea hartzearen aldekoa. Cosme Echevarrieta 1903an hil zen, eta Bilboko errepublikazaleentzat ikono bihurtu zen. 1937ra arte mugimenduaren aldekoek prozesio bat egiten zuten, urtero, Mallonako hilerrian zuen hilobira. Buruzagi bezala zuen nagusitasunaren ondorioz, bere alderdikideek hark markatutako bideari jarraitu zioten, hil ondoan ere.
Bizkaiko errepublikanismoaren sormenak behera egin zuen XX. mendean, eta, Estatuko gainerako lurraldeetan zegoen bereizteko joera bera erakutsi zuen. Hala, ez da erraza bere garapena xeheki ulertzea. Guztiarekin ere, Bizkaiaz ari garenean Bilboz ari garela esan liteke. Jon Pencheren ikerketa batean jasotakoaren arabera, Cosme Echevarrietaren heriotzaren urtea, 1903.a, erabakigarria izan zen antolaketa aldaketari dagokionez. Alderdikideen tokiko batzorde batek Salmeronek eta Lerrouxek Madrilen sortu berri zuten Unión Republicanan sartzeko erabakia hartu zuen. Harrera ona izan zuten lurraldean, eserleku bat Gorteetan eta gehiengoa Bilboko Udalean. Errepublikazaleen baitan ohikoa zen bezala, kasu honetan ere laster iritsi zen krisialdia, bai Estatu mailan eta baita Bizkaian ere. Orduan, PSOEri begira jarri ziren denak, dagoeneko 1910ean alderdi horrekin itun emankor bat sinatzeko asmoz. Aipatu berri dugun krisialdiak alderdia desegin zuen, eta errepublikanoek beste bat sortzea erabaki zuten. Izan ere, Estatu mailako erakunderik ez zegoenez, 1913an Bizkaiko Alderdi Errepublikazale Autonomoa sortu zen, eta berezko lurralde eta instituzio nortasuna eman zitzaion. Ezaugarri ezkertiarrak nabarmendu zituztenez, errazago izan zitzaien sozialistekin hitz egitea, baina Cosme Echevarrietaren mailako lider baten beharra zuten. Bere seme Horaciok ez zuen lortu aitarena bezain zuzendaritza nabarmen eta eraginkorra egitea, oinordetzaz plutokrata zelako eta batez ere bere negozioez arduratzen zelako. Nolanahi ere, sozialistekin bat egiteari esker, Horacio Echevarrieta Gorteetako diputatu izan zen 1910, 1914 eta 1916. urteetan. 1917ko greba iraultzailearen ondoren, bere jardun politikoa utzi zuen, eta ondorioz, elkartearen barruan errepublikanoak Indalecio Prietoren autoritate moralaren menpe geratu ziren. Aipa ditzagun bi datu, bata soziologikoa eta bestea politikoa: alderdiaren aginte taldea bertakoa zen, eta jatorriz Bilboko merkataritzarekin lotura zuen; baina botoa ematen zutenak Hiribilduko auzo altuetako langileak ziren, eta gehienak etorkinak ziren. Politikaz den bezainbatean, alderdiaren diskurtsoak antimonarkismoa zuen ardatz, eta ordezkari kopuruari esker hainbat udalerritan agintzen zutenez, Diputazioari autonomia eta baliabide ekonomikoak eskatzen zizkioten. Horrez gain, herri-hezkuntzaren eta maila apalenetako kideen interesen alde egin zuten. Foru-tradizioari eutsi zioten horrela, baina botere zentralak eman beharreko autonomiaren defentsa bezala ulertuta. Hala eta guztiz ere, aipatu dugun bezala, errepublikazale eta sozialisten taldeak hauteskunde fronte estu bat osatu zuen Ligako monarkikoekin euskal nazionalismoaren gorakadari aurre egiteko.
Diktaduraren bukaeran, errepublikanismoak garrantzi handia izan zuen denbora tarte labur batez, Bizkaiko Alderdi Errepublikazale Autonomoak Bizkaiko koalizio antimonarkikoa antolatzen izan zuen parte hartze handiagatik. 1931ko apirileko hauteskundeetan, Bilboko hautesleek zortzi zinegotzi eta Hiribilduko alkatetza eman zizkieten. Bi urte geroago, ordea, sozialistekin zuten elkargoan behar beste eragiteko gaitasunik gabe, Azañaren Acción Republicanaren osagai izaten bukatu zuen (1932). Bizkaiko elkargo errepublikazale-sozialistak Gorte konstituziogileetan zituen lau diputatuetatik bi errepublikanoak ziren: Vicente Fatras eta Ramon Maria Aldasoro.
Oro har, garai hartan ohikoak izan ziren errepublikazaleen arteko zatikatzeak, oso kaltegarriak ildo politiko horrentzat. Alderdi Errepublikazale Erradikalarekin eta bere aldaera gutxi asko bereiziekin gertatu zena aztertzea aski da hortaz jabetzeko: Sozialista (1929), Sozialista Independentea eta Ortodoxoa (biak 1933an). Kontuan izan errepublikanismoak euskal estatutismoarekin bat egin zuela 1932tik aurrera, sekula desagertu ez zen aurreko mendeko hirurogeita hamargarren hamarkada hasierako izpiritu autonomikoari jarraikortasuna emateko-edo. Zentzu horretan, Ramon Madariaga aipatu beharra dago, Eusko Ikaskuntzaren baitan sortutako Euskal Estatuaren Estatutu Orokorraren sortzaile esanguratsuenetakoa izan baitzen.
Ezaguna denez, sozialismo bizkaitarraren sorrera loturik dago, aski jakina denez, XIX. mendearen azken herenean gertatutako industria iraultzarekin. Berehalako garapen ekonomikotik sortu zen meatzeetako eta industria siderometalurgikoko langile klase berria. Kide gehienak etorkinak ziren, eta 1900. urtean bi sektore horietan 32.000 langile zeuden erroldaturik. 1886an sortu zen lehen elkartea, eta hurrengo hamalau urteetan kopurua hamarrera igotzeaz gain, Bilboko Federazio Sozialista sortu zuten. Sozialismo bizkaitarrak kultura politiko berezi batean murgildurik bizi izan zuen lehen garaia, hainbeste, non historiografiak bi garai desberdin bereizi dituen.
Lehena, askorentzat sortzetik 1914ra artekoa, Facundo Perezaguaren agintaldiari dagokio. Bere ibilbidearen lehendabiziko hamarkadetan, alderdiko kideak eta langile klasea oro har, tabernetan elkartu ohi ziren, eta, beranduago, Herriko Etxe delakoetan. Giro hartan erradikaltasun soziala nagusi zen, eta greba zen presiorako baliabidea. Garai hartan sei greba orokor deitu zituzten. Jarrera antimonarkiko eta antimilitarista oinarri, Kubako gerraren aurka agertu ziren eta baita Berrezartzearen gobernuek Marokon erabilitako esku-hartze politika kolonialaren aurka ere. Garai hartako Bizkaiko sozialismoaren ezaugarri bereizgarrienetako bat da sortzen ari zen euskal nazionalismoa zeharo errefusatzen zutela, etorkinenganako erakusten zuen jarreragatik, eta, hein handi batean, euskarak etorkinei eragiten zien talka kulturalagatik. Noski, estatu mentalitatea zuen alderdi batentzat oso zaila zen autogobernu aldarrikapena ulertzea. Estatu bateratuaren antolamendua naturala zen haientzat. La Lucha de Clases aldizkariaren izenburuak argi uzten zituen sozialista bizkaitarren ideologia eta praxia. Herrialdeko intelektualengan eragin esanguratsua izatera iritsi zen, eta, horregatik, Bizkaiko, eta are Estatuko, kultura sozialista aipatzean, ezinbestekoa da argitalpen hori aipatzea.
Bigarren fasea Bizkaiko errepublikazale eta sozialisten arteko hauteskunde elkargo berritzailea sortzean hasten da. Horri esker, PSOEk bere lehen diputatua lortu zuen Espainiako Parlamentuan: Pablo Iglesias. Hala ere, barne mailan, alderdiarentzat traumatikoa izan zen Perezaguak eta bere jarraitzaileek eragindako isolamendu eta erradikaltasuna gainditzea, errepublikazaleekin ituna sinatzearen guztiz kontrakoak baitziren. 1914an, ezbairik gabe, Bizkaiko PSOEren burua Indalecio Prieto zen. Izaera liberal eta demokratikoa zuen, erreformaren aldekoa zen eta zazpi hauteskundez, 1936ra arte, iraun zuen errepublikazaleekin sinatutako itunaren bultzatzailea izan zen. Zerrendak elkarrekin osatzeak aukera eman zion Prietori Probintzia Diputazioko kide (1911-1914) eta Bilboko Udaleko zinegotzi izateko (1915-1918). El Liberal egunkariak argi erakusten du nola pasa ziren klaseen arteko aurkaritza sistematikotik patronalarekin akordioak sinatzera eta erreformismora, Monarkiaren aurka egoten jarraitu zuten arren.
Berrezartzearen azken garaian, aipatzekoa da hain liberala ez den Bizkaiko PSOEren ezaugarri bat. Gorago esan dugun bezala, Monarkiarekiko zuen jarrera ez zen oztopo izan 1919an Liga de Acción Monárquicaren unean uneko hainbat akordio lortzeko, Bizkaiko eskuin guztia biltzen zuen arren. Garrantzi handiagoa zuen haientzat euskal nazionalismoari aurre egitea, aurreko legealdian, 1918-1919an, bere indarra argi erakutsi baitzuen, Aldundian eta Bilboko Udalean agitzen zuen bitartean, Gorteetan egotea lortu baitzuen. Bestalde, UGTk, ekimen sozialistaren alor pribilegiatua, geroz eta lehia handiagoa zuen Solidaridad de Obreros Vascos sindikatu abertzalearekin. Liga monarkikoarekin zuen elkar ulertzeak Kongresuan diputatu akta bat eskuratzeko aukera eman zion, eta 1923ra arte mantendu zuen. Azken lorpen hori baloratzerakoan, kontuan hartu behar da Primo de Riveraren diktadura iristean, Prietoren Estatuko gainerako alderdikideek harekin bat egin zuten bitartean, euskal sozialistak abstenitu egin zirela.
1910ean gertatu bezala, Bigarren Errepublika iristerakoan, errepublikano eta sozialisten arteko elkargoa Baskonian jarri zen indarrean Estatuan baino lehenago. Prieto bere izenean joan zen errepublikano eta katalanistek Donostiako Ituna (1930) sinatu zutenean, eta bertan adostutakoaz ongi jabetzeaz gain, Madrilen boterea erdiesteko periferiako nazionalismoek eman zezaketen laguntzaz ohartu zen. Alderdiak, errepublikazaleek bezala, 1931ko udal hauteskundeak Monarkia eta Errepublikaren arteko dilematzat hartu zituen. Elkargoak apustua irabazi zuen euskal hiriburu eta hiri garrantzitsuenetan. Errepublika garaian, Euskal Herriko PSOE masa alderdi bilakatu zen, eta bereziki indartsu agertu zen Bilbon eta Ezkerraldean. 1931 eta 1933 artean ildo moderatua jarraitu zuen, baina iraultzaile izan arte erradikalizatu zen orduz geroztik. 1934ko iraultzan parte hartu zuen eta langileen arteko elkartasuna bultzatu zuen 1935ean, Euskal Herrian errepublikanoekin zuen itunari eutsita.
Bigarren Errepublikak aurrera egin ahala, euskal sozialismoak, geroz eta gehiago, Euskal Herriaren Autonomia Estatutua onartzera egin zuen. Hasieran Lizarrako Estatutuaren aurka zeuden, batez ere, bi klausulengatik: erabateko eskubide politikoak lortzeko, bertan denbora luzez bizitzea eskatzen zuena —ezin da ahaztu alderdiaren bezero gehienak langile emigranteak zirela—, eta Baskoniari zuzenean Vatikanorekin harremanetan jartzeko eskumena ematen ziona. Guztiarekin ere, onartu egin zuten Batzorde Kudeatzaileen Estatutua eta bere onarpena Fronte Popularraren programan sartu zuten. 1934. urtean alderdiak aliantza estrategiko baterako konpromisoa hartu zuen isilpean EAJrekin. Izan ere, 1936ko urrian Gorteetan onartutako estatutua Indalecio Prieto eta Jose Antonio Agirreren arteko elkarlanetik jaio zen, Estatutu Batzordearen presidente eta idazkaria hurrenez hurren. Horren prezioa, ordea, 1933an herrialdean plebiszitatutako testuaren edukia ahultzea izan zen, bideragarritasunaren izenean. Prietori «estatutuaren gizona» esaten zioten.
Bestalde, 1935eko udaberrian Euzkadiko Alderdi Komunistaren Sorrera Kongresua egin zen Bilbon, Internazionalaren laguntzarekin, Fronte Popularrak bultzatzeko politikaren baitan. Aldi berean, Estatuko Gobernu eskuindarrak Asturiasko matxinada eragin zuen errepresioarekin jarraitzen zuen.
Euskal abertzaletasunaren funtsa 1872-1876ko guda baino lehen gizarte osoan hegemonikoa eta transbertsala zen korronte foruzalea izan zen. Ikusi ahal izan dugunez, bertatik atera zen liberalismoaren zati handi bat, pozik geratu zen hiru probintziei eskaini zitzaien Kontzertu Ekonomikoarekin eta Nafarroako erregimen fiskalaren eguneratzearekin, Tejada Valdosera hitzarmena ekarri baitzuen. Gorago aipatu dugu liberal dinastikoen atxikimendua lortzeko, Gobernuak ez zuela kontzesio autonomiko handirik egin behar izan, 1876ko uztailaren 21eko Legeak eskuzabalago jokatzeko aukera ematen zion arren. Liberal moldagarriak laster sartu ziren Estatuko politikagintzan, eta laster nazionalismo espainiar mota bat bereganatu zuten. Bertan, beren lider eta jarraitzaileen kultura politikoaren eraginez, lurraldearen pentsamenduaren korronte bat txertaturik zegoen modu naturalean: sortu berria zen sozialismo bizkaitarra.
Foruzaletasunari nola edo hala eusten zioten sektoreak geratzen ziren, baina zenbait egunkari eta aldizkarik herrialdean bultzatutako erresistentzia kulturala baino zerbait gehiago behar zuten. Galdutako autogobernua berreskuratzeko bideren bat irekitzeko beharra zuten. Euskal nazionalismoaren sorrera eta hedatzea ulertzeko, herritarren zati handi batek zuen hutsune politikoari erreparatu behar zaio. Sabino Arana-Goiri gazteak 1892. urtean egindako planteamendu batean oinarritu zen. Sortzailea handik hamaika urtera zendu zen.
Hiztegi honek eskaini duen Sabino Arana-Goiriren biografiak agerian utzi ditu bere bizitzaren gorabeherak. Guztiarekin ere, abian jarri zuen mugimenduak hasieran izan zuen izaera pertsonala kontuan hartuta, Euzko Alderdi Jeltzalearen sortzailearen obra eta bizitza baldintzatu zuten hainbat gertakari aztertzea merezi du. Esaterako, Abandoko adskripzioaren aldaketa, Bilboko auzo izatera pasa zenean. Bera elizate horretan jaio zen, eta bere aita bertako alkate izan zen. Beste gertakari esanguratsu bat bere familia 1876ra arte Baionara erbesteraturik joan behar izan zenekoa da. Canovasek abolizio Legea ezarri zuenean, Urduñako jesuitekin bigarren hezkuntza ikasten ari zen, eta Bizkaian bizi izan zen trauma kolektiboa aurrez aurre bizi izan zuen. Tuberkulosia zela eta, bere Abandoko etxean itxita egon behar izan zuen. Batxilerra izan zen hamasei urterekin, eta karlismo eta espainiartasunari buruzko eztabaida ezaguna izan zuen bere anaia Luisekin (1882). Anaien arteko eztabaida horrek osoki Bizkaiko komunitatearen biziraupena bermatzen saiatzera eraman zuen, eta handik gutxira euskal lurralde osora zabaldu zen. Zehazki, urte hartako Pazko garizumako egunean Jaurerriko hizkuntza galdua, historia eta legeak ikasiko zituela erabaki zuen. Egia esan, Sabino Arana-Goiriren ikasketa hamarkada Bartzelonan hasi zen, aita hil eta gero, hara mugitu baitzen familia osoa, 1883an. Hamazazpi urte zituen. Kataluniako hiriburuan, amaren asmoa bete ordez, Zuzenbidea eta Filosofia eta Letren lizentziaturak ikastea, alegia, Filologian aritu zen, eta Bizkaiko euskalkia ikasteari ekin zion.
1888an, bere ama hil ondoren, Bilbora itzuli zen, eta, bertan, alferrik, hizkuntzari buruz ikasitakoa erabiltzen saiatu zen. Bere garaikideak ziren Azkue eta Unamunorekin Aldundiak eskainitako euskara katedra bat eskuratzeko lehiaketan parte hartu zuen, Bilboko bigarren hezkuntzako institutuan. Bere ikasketekin jarraitu zuen, baina bide autodidaktatik. Historiografia izan zuen ardatz, modu instrumentalean, jaurerriaren izaera politikoari buruzko bere ikuspegia berresteko asmoz. 1892ko azaroan, Bizkaya por su independencia izeneko liburuxka bat argitaratu zuen, eskualdean Erdi Aroan gertatutako lau guda aztertzen zituzten lau artikulurekin. Testuaren izenburuak argi erakusten zuen obraren asmo programatikoa.
Sabinoren opuskulua proiekzio eta ekintza publikoz beteriko garai baten ataria izan zen. Filologia eta historia oinarri zituen doktrinak 1876-1877ko hondamendiaz geroztik foruzaleek mantendutako planteamendu ideologikoetatik bereizitako proiektu politiko bat hasteko aukera eman zion Abandoko gazteari 1893an. Arana-Goirik irudi publiko bezala emandako lehen urratsetan, 1893an jazotako bi gertakari aipatu behar dira. Lehena, Larrazabalgo Zina, Begoñako Zurbaran auzoko txakolindegi batean egin zen. Bertan, urte hartako ekainaren 3an, hogeita zortzi urteko gazte batek sutsuki aurkeztu zien bere doktrina Ramon de la Sotaren jarraitzaile ziren Euskalerria Elkarteko 17 foruzaleri, Bizkaya por su independencia argitaratu zela ospatzen ari ziren bitartean. Hitzaldiaren testua ez da gorde, baina badirudi ez zuela entzuleengan zirrara handirik eragin. Bigarren gertakaria, Bizkaitarra astekariaren agerpena izan zen, urte berean. Gobernuak argitalpena debekatu baino lehen, 32 zenbaki kaleratu zituen, sabindarren ideien agitazio eta propagandarako eta ezarritako alderdiei buruzko polemikak zabaltzeko.
Bi gertakari horiez gain, hurrengo urte parean gertatutako beste bi aipatu beharra dago, izan zuten sortzezko kutsuagatik: lehena, aisialdirako eta kriptopolitikan aritzeko, 1894an Euskeldun Batzokija elkartea sortu izana da. Bere arautegiari begiratzea oso lagungarria da herrialdea eta alderdia antolatzeko modua eta filosofia politikoa ezagutzeko. Gobernadore zibilak oso gertutik jarraitzen zuen elkartean gertatzen zena. Bigarrena, 1895eko uztailean Bizkai Buru Batzarra (BBB) hautatu izana da. Hori izan zen Euzko Alderdi Jeltzalearen lehen erabaki organoa, eta horregatik hartzen da data hori alderdiaren sorreratzat.
Bizkaiko humus politikoa oso egokia zen gizarteko hainbat sektorek Arana-Goiriren mezuarekin bat egin zezaten. Herrialdea garapen ekonomiko bizian murgildurik zegoen, eta bazirudien autogobernuari zegokionez erabat etsita zegoela, nolabait, Kontzertu Ekonomikoa zegoela ikusarazten zitzaiolako. Baina 1893an Gernikan izandako ospakizun foruzale batean gertatutako istiluek agerian utzi zuten gizartearen sektore batek zuen ezinegona. Gertakariari Sanrokada izena eman zitzaion. Era berean, Nafarroa eta herrialde osoa hunkituta geratu ziren Gobernuak statu quo fiskala aldatu nahi zuela jakin zenean. Mobilizazio hori Gamazada izan zen. Nafarroako Castejon herrira Euskalerria Elkarteko 30 bizkaitar hurbildu ziren Erresuma zaharreko erresistentzia foruzalearekin bat egiteko; artean, Arana anaiak.
Sortzen ari zen Arana-Goiriren nazionalismoaren ardatza ez zen hainbeste batasun konstituzionalaren aurka jotzea, nahiz eta, hein batean, gerraondoko foruzaletasun liberalarekin partekatzen zuen ezaugarria izan. Ardatza Erdi Aroaz geroztik indarrean zegoen Gaztelarekiko batasunari uko egitea zen, aldian-aldian berritu egiten baitzen, hain zuzen ere, Koroak eta Jaurerriko Batzar Nagusiek sinatzen zutenean. Gehiengoak herrialdeko instituzioei Foruak esaten zien, baina Sabinok izen hori baztertu eta ordainetan Lagi zarra erabiltzen zuen. Berarentzat, Foruen jatorria ez zen aldizka berritzen zen itun hori, eta are gutxiago erregeak emandako graziazko emakidak; berezko instituzio tradizionalak ziren, hizkuntzak, arrazak eta abarrek gainerakoengandik bereizten zuten herri baten barrenean sortuak ziren. Bere jarraitzaileak Jaungoikoa eta Foruak leloa erabili ordez, Jaungoikoa eta Lagi zarra erabiltzen hasi ziren. Izan ere, sezesioaren alde egitean, kontuan hartzen zuen Gaztelako erregeek ez zutela Foruak babesteko hartutako konpromisoa bete. 1876an, Alfontso XII.a errege zela, Gorteetatik ateratako indargabetze legea sinatu izana azken urratsa besterik ez zen. Independentzia aurrekoaren korolario hutsa zen. Ideia separatistek boterea urduritu egin zuten eta horrek errepresioarekin erantzun zuen zenbait unetan. Arana-Goiri bi aldiz sartu zuten kartzelan eta alderdiak sortutako egoitza eta hedabideek isunak eta ixteko aginduak jaso zituzten. Izan ere, artean bere sortzailea bizirik zela, zenbait momentutan alderdiak erdi-klandestinitate zelatatu batean egon behar izan zuen.
Printzipioz, galtzaile atera zen karlismoa familia foruzalearekin lotzen zen oraindik, eta, Arana-Goiriren ustez, beharrezkoa zen mugimendu hartako kide afiliatu eta jarraitzaileen begiak irekitzea, oraindik ongi kokaturik baitzegoen. Hamabost urte ziren bere nerabezaro goiztiarreko karlismoa atzean utzi zuenetik, eta 1897an 29 orrialdeko opuskulu bat argitaratu zuen El partido carlista y los Fueros vasko-nabarros izenburupean. Foruzaletasun karlistaren aurkako borrokari eman zion garrantziaren erakusgarri dira herrialde guztian, bereziki Bizkaian, banatu zituen 10.000 aleak. Jada lehenengo atalean «Foru izen okerraz ezagunak diren Bidasoaren alde honetako Euskal Herriaren erakunde tradizionalen izaera» definitu zuen. Bigarrenean, «alderdi karlistak herrialde horri eskaintzen dizkion Foruak» gaitzetsi zituen, hirugarrenean honako ideia garatzeko: karlistek eskaintzen dutena «ez dira erakunde tradizionalak, eta hark [erregegaiak] arrakasta lortuko balu, Euskal Herria Espainiaren menpe legoke, gaur bezala, eta gaur duen askatasun berarekin, ez gehiago eta ezta gutxiago ere». Azken atalean erakutsi nahi izan zuen «Don Karlosek ez du[ela] eskubiderik Bizkaiko Jaun izateko, ezta Gipuzkoako edo Arabako Errege izateko ere; gainera, ez da Nafarroako Koroaren oinordeko, haren usurpatzailea baizik». Arana-Goirik karlismoarekiko zuen jarrera irmoa ikusita, Euskalerria Elkarteko liberalek EAJn sartzeko zuten oztopo nagusia desagertu zen, eta 1898an sartzea erabaki zuten. Hainbat aldizkari sortu ziren orduan.
Azpimarratzekoa da Arana-Goiriren ikuspegi historiografiko sinplistaren aurrean, mende hartan bolo-bolo zebilen literatura eskasean oinarritua, Fidel Sagarminagak 1892. urterako El gobierno y el régimen foral del Señorío de Vizcayaren bost liburukiak argitaraturik zituela, XVI. mende erdian Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak sinatutako akordioak jasotzen saiatzeko. Hala, edozein irakurlek ezagutu zezakeen lurraldeko errealitate instituzionala, inolako bitarteko literariorik gabe. 1895ean Estanislao J. de Labayruk Historia general del Señorío de Bizcayako zazpi liburukiak argitaratzeari ekin zion. Sabino eta bere ingurukoentzat oso zaila izan behar zen Bizkaya por su independencia lanean aurkeztutako Jaurerriaren izanaren ikuspegia zuzentzen zuten lan horiei ez ikusiarena egin eta ez irakurtzea. Ziurrenik, lehen doktrina sabindarraren garapenean eragina izan zuten. Nolanahi ere den, nabarmendu beharra dago euskal fede nazionalistaren lana ez zela oztopo izan Teofilo Guiardek Bilboko Hiribilduari buruzko historiografia lan zehatzak idatz zitzan (1905-1912), edo bere Merkataritza Kontsulatuari buruz (1913-1914), edota Bizkaiko marinaz (1918). XX. mendearen lehen bi hamarkadetan, Gregorio Balpardak bestelako lan mardul bat prestatu zuen: Historia crítica de Vizcaya y de sus Fueros (1924-1945). Erudizio sendoan oinarritua izan arren, izenburuak iragarri eta Caro Barojak aipatu bezala, ad probandum lana da. Euskal nazionalismoak 1899. urtean Bilbon bere lehen hauteskundeak irabazi zituenetik, Portugaleteko politikari, abokatu, legelari eta historialariaren bizitzaren xede nagusia mugimendu horri aurre egitea izan zen.
Ikuspuntu praktikotik, liberalen ekarpenari esker, alderdia indartuta zegoen, eta pragmatismoaren bidea hartu zuen. Hurrengo urtean, EAJk Sabino Aranaren hautagaitza aurkeztu zuen probintziako hauteskundeetan, eta, hala, Aldundiaren jauregian sartzea lortu zuen, Bilboko barrutiaren izenean. 1899ko maiatzeko udal hauteskundeetan nazionalistek bost zinegotzi lortu zituzten Bilbon eta beste bost Bermeon. Hazkundea mehatxutzat hartu zuen Gobernuak, eta berme konstituzionala bertan behera uztea erabaki zuen, Euskal Zentroa eta alderdiaren aldizkariak ixteko. Erantzun errepresibo horren bidetik, hiru urte geroago talde unitarista batek aipatu zentroari eraso egin zion, Sabinok Roosvelti Kubako independentziagatik zoriontzeko bidalitako telegramaren ondoren. Larrinagako kartzelan espetxeratu zuten, eta, aldi berean, gobernadoreak Bilboko zinegotzi nazionalistak kendu eta alderdiaren aldizkariak itxi zituen.
Gero eta zailtasun gehiago zituztela ikusita, alderdiaren norabidea estrategikoki aldatu nahi zuela adierazi zuen espetxetik Sabino Aranak. Alderdi autonomista bilakatu nahi zuen, eta emeki, autogobernuaren bidean ahalik eta urrutien iristen saiatuko zen. Liga de los Vascos Españolistas izena eman zion, eta programa idazteko ardura, erakundea diseinatzekoa eta batzarra deitzekoa bere gain hartu zituen. Berak esan bezala, auzi «larri eta transzendentala» zen, eta afiliatuei galdetu zitzaienean, ez zuen aurrera egin. Hala ere, bidea zabalik utzi zuen alderdiak aurrerago onar zezan. Bera hil eta hiru urtera, Estatu mailan eztabaida gutxiago sortzen zuen, eta euskal gizartearen hainbat sektoretan onartzeko errazagoa zen ildoa hartu zuen. Sabino 1903an hil zen eta gauzak bere horretan geratu ziren. Angel Zabalak, berak izendatutako ordezkaria, aldatu gabe mantendu zuen lehendabiziko doktrina.
Joko politikoan parte hartzeko joera handiena zuen korronteak hasierako norabideari eutsi zion. Sabino Arana bizirik zen artean, alderdiak 1903ko apirileko Gorteetako hauteskundeetan parte hartu zuen: Urkixo hautagaiak bere babesa eskatu zuen eta Bilboren izenean hautatua izan zen. Harrigarria izan zen alderdiaren zuzendaritzak hautagaiari ezarritako baldintzen oinarrizko posibilismoa. Baina ahultasuna nabarmena zen: Angel Zabala ordezkari nagusiak Bilboko Euskal Zentroaren laguntza zuen bakarrik. Antolakuntzari adorea eman zion 1904an Euzko Gastedi (Juventud Vasca) eta Donostiako Euskal Zentroa sortu zituenean. Era berean, erabakigarria izan zen 10 afiliatu baino gehiago zeuden herrietan Udal Batzarrak sortzeko erabakia. Urte hartako bukaerarako hiru lurralde ordezkari zeuden, horietako bat Nafarroakoa.
1906an, alderdiak doktrina zalantzan jartzeko eta antolakuntza bultzatzeko beste une bat bizi izan zuen. Orduko hartan lortutako programa-konpromisoaren arabera, alderdiaren helburu nagusia Foruak berrezartzea zen, 1839ko urriaren 25eko Legea eta, nola ez, 1876ko uztailaren 21ekoa bertan behera utzita. Zehaztasunak liberalismo foruzalera hurbiltzeko aukera ematen zuen, Foruen jatorrizko izaerari buruzko iritzi desberdinek bere horretan jarraitzen zuten arren. Euskal nazionalistentzat euskal «Estatuen» legeak ziren, eta liberal foruzaleentzat Koroaren eta foru-lurraldeen arteko itunetik eratorritako autonomia handiko ordena politiko berezia. Biek ala biek bat egin zuten euskal nazioa subjektu politiko bezala ulertzen zuen kontzeptu indartsuaren baitan, «Euzkadi euskaldunen aberria da» lelopean. Orduan sortutako manifestu proiektuak hiru hamarkada iraun zuen indarrean, eta berdin antolakuntzakoak eta alderdiaren Estatutuak. Nabarmen dezagun beste behin foruen aldarrikapena lehendabizi jartzeak izan zuen garrantzia praktikoa. Batetik, Estatuarekiko elkarrizketa errazten zuen, foru erregimena 1837ra arte egon baitzen osoki indarrean, hau da, noizbait Espainiako kultura politikoan indarrean egondako zerbait zen; eta bestetik, ordura arte independentismo esplizitu berriarekiko uzkur zen gainerako sektore liberal foruzalea erosoago sentiarazten zuen. Foruen anbiguotasun politiko eta doktrinalak, lege propio hutsak ala erregeekin adostutakoak izan, elkar ulertzea errazten zuen. Eta foruen berrezartzea iritsi artean, alderdia Kontzertu Ekonomikoaren alde agertuko zen.
1906an alderdiaren zuzendaritza nagusiko organo konfederala sortu izana, EBBa, nazionalismoa hedatzeko lagungarria izan zen. Bost urte geroago, Eskualde Batzarrak sortu ziren probintzia guztietan. Hala, Batzar Nazionala eta Eskualdeetakoak alderdiaren giltzarri bilakatu ziren. Alderdia eskualdeko batzarrak eratzen zuen, beraz, eta azken hori udalbatza zuten herrietako afiliatuen ordezkariek osatzen zuten.
1907an EAJk Bilboko alkatetza eskuratu zuen, eta jarraian, beste hainbat antolakuntzarekin lotutako hainbat egitasmo esanguratsu iritsi ziren: alderdiak Euzkadi aldizkaria zuen dagoeneko (1905-1915); 1911. urtean Solidaridad de Obreros Vascos (SOV) sortu zen, langile klasea biltzeko sindikatu propioa, eta Euzko Gastedi (Juventud Vasca) ezarri zen. Baskoniako hainbat tokitan Batzokiak ireki ziren, afiliatu eta jarraitzaileak elkartzeko gune bezala, eta, aldizkariak bezala, Euzkadi izena zuen egunkaria zabaltzen hasi ziren (1913-1936). Antolakuntzan emandako aurrerapausoak gizartean azkarrago hedatzea ekarri zuen.
EAJ Bizkaiko lehen indar politikoa bihurtzeko bidean izan arren, zehaztasun taktiko eta estrategikoaren arazoak bere horretan jarraitzen zuen, eta, esan dugun bezala, ez zen Bigarren Errepublikara arte konpondu, eta orduan ere, partzialki konpondu zen. Metodoarekin eta alderdiaren funtsari buruzko barne desadostasunek Aranaren doktrina errespetatzea eskatzen zuten jatorriz. Doktrina hori, izan, independentista zen, baina saihestezinezko praxi autonomista eta kutsu kontzertista zituen. Posibilismoa eta zabaltzeko borondatea agerian geratu ziren 1916an, alderdiak Euzko JEL-Batza (Comunión Nacionalista Vasca) izena hartu zuenean. Bere argitalpen ofiziala dagoeneko existitzen zen Euzkadi egunkaria izan zen, 1906ko manifestua bere egin zuen, eta separatismoaz hitz egitea ekidin zuen. 1917-1919ko udal eta gorte hauteskundeetan lortutako erabateko arrakasta politikoak aukera eman zion CNV alderdiari Bilboko udala, Bizkaiko diputazioa eta Gorteetako ordezkaritza kontrolpean izateko. Posizio pribilegiatu hori lortuta, alderdiak autonomia lortzeko politika irmoari ekin zion, hainbat ekimen sustatuz eta babestuz.
Ekimen horietako lehena, 1917an Gobernuari gorago aipatu dugun mezua bidali zioten gainerako Diputazioekin batera bultzatutakoa izan zen, eta herrialdea mobilizatzeaz gain, hainbat indarren babesa erakarri zuen. Presidentziaren artxiboetan testua galdu izanak ez du ekimenaren balioa kentzen. Aurrerago, Romanonesko kondeak 1919an sortutako komisioko euskal azpiponentzian parte hartu zuen Pedro Chalbaud diputatuak. Egitasmoa bertan behera geratu zen, baina euskal nazionalismoari autonomiaren auzian beste alderdi batzuekin elkarlanean aritzeko eskarmentu erabilgarria eman zion, eta etekin handia atera zion hurrengo Errepublikaren garaian.
Aurreko elkarlanetan jasandako porrotak Kongresuan bere kasa aritzera eraman zuen 1918an zazpi diputatu eta hiru senatari zituen CNVk. Azaroaren 4an Domingo Epalza, Ramon de la Sota eta Anacleto de Ortueta diputatuek Lege proposamen bat aurkeztu zuten Gorteetan, 1839ko urriaren 25eko Legea indargabetzea eta euskal barne prozesu eratzaile bat irekitzea eskatzeko. Ziurrenik, asmoa lekukotasun bat uztea besterik ez zen. CNVko diputatuek Aranaren modura interpretatzen zuten arau hori. Ekimena Espainiako eta Europako koiunturak eragina zen. Zehazki, Woodrow Wilsonek 1918ko urtarrilean aldarrikatu zituen bere ordena europar berriari buruzko hamalau puntuak, eta Versaillesko Ituna sinatu berria zen. Lege proposamena abenduaren 13an eztabaidatu zen. Domingo Epalza diputatuari aski ezaguna zitzaion, eta hala adierazi zuen ganberan, herrialdean asko zirela foru bidearen alde zeudenak, baina bere hitzaldian nazionalitate bezala ulertuta azaldu zituen. Nazio bati eskatzen zaizkion ezaugarri guztiak dituztenez, euskaldunak nazionalitateen printzipioari lotzen zaizkio, eta horren arabera, herri guztiei, handi zein txiki, bere bizitzaren gainean erabakitzeko eskubidea onartzen zaie. Mundu Gerra bukatzeak herri kontzientzia azkarrago bereganatzen lagundu zuen. Agerian utzi zuen ganberari ezaguna zitzaiola euskaldunek independentziari zioten maitasuna, eta lege, zerga eta salbuespen militarra kudeatzen zuten erakundeen mende askotako jabetza. Bestalde, Epalzak ortodoxia sabindarrari men egin zion: Foruak ez dira erregearen emakidak edo pribilegioak, Baskoniako lurraldeen Konstituzio tradizionala baizik. Bere taldearen arabera, momentuak eskatzen zuena foruen botere eratzailea berreskuratzea zen, abertzaletasuna garatzeko, betiere Espainiarekin lortutako akordioaren baitan. Gogora ekarri zuen urriaren 25eko Legea herritarren nekearen eta sedukzioaren ondorio izan zela, eta euskal herritarrak Gobernu Zentralaren apeta politikoaren menpe utzi zituela. Haiek ordezkatzen zuten Baskoniako sektorearen helburua Espainian britainiar Inperioko herrien arteko integrazioaren moduko bat ezartzea zen.
Gobernu Kontseiluko presidenteak, Romanonesko kondeak, argi adierazi zuen gobernua nazionalisten ekimena kontuan hartzearen kontra zegoela erabat, eta ziurtzat ematen zuen, ganberan bozkatzera iritsiko balitz, ez zela inolaz ere aurrera aterako. Hartara, ez zuen zentzurik izapidetzeko onartzeak. Hori begi bistakoa zen, eta diputatu nazionalistek proposamena atzera bota zuten. Guztiarekin ere, Gobernuak «autonomiaren auzia modurik orokorrenean» eta berehala aztertuko zuela adierazi zuen Romanonesek, eta beharrezko lanak aurrera eramateko, Parlamentuaz kanpoko batzorde bat izendatuko zuela. Gorago aipatu dugu batzordeak porrot egin zuela Kataluniako eta Baskoniako arazo autonomikoa konpontzerakoan.
Nazionalisten kontrako erreakzioa 1919an iritsi zen, hainbestetan aipatu dugun Liga de Acción Monárquicaren eta PSOEren arteko hauteskunde ententearekin, diputatu batengatik CNV garaitzea lortu baitzuen Bizkaiko Diputaziorako hauteskundeetan. Bloke unitaristaren gorakadak, atzerapauso elektoralek, eta, horrekin batera, CNV alderdiaren ildo posibilistaren porrotak Aranaren jarraitzaileak altxatzera eraman zituzten, Euzko Gastedi (Juventud Vasca) baliatuz, Aberri aldizkariaren bitartez eta Euskeldun Batzokijaren bidez bide independentista berrartzea aldarrikatu zuten, autonomista soilik zena baztertuz. Alderditik kanporatu zituztenez, Euzko Alderdi Jeltzalea birsortu zuten, EAJ-PNV, bere argitalpenagatik Aberri izenez ere ezaguna, eta Irlandako ereduari jarraituz, asoziazionismo dinamikoa sustatzeari ekin zioten, hala nola, emakume erakundeak, mendi taldeak, antzerkia, etab.
Euskal nazionalismoari dagokionez, Primo de Riveraren diktadurak desberdin jokatu zuen moderatu eta erradikalekin, nahiz eta talde orori esplizituki politikan aritzea debekatu zien. CNV eta bere erakundeetako batzuk onartu zituen, sindikatua eta prentsakoa esaterako, eta baita kultura eta kirol jarduerak ere. Guztiarekin ere, EAJren egoitzak itxi zituen, eta burukideen aurka jo zuen. Berenguer jeneralaren 1930eko trantsizioan, euskal nazionalismoa indartu egin zen eta hamar urte iraun zuen CNV eta EAJren arteko bereizketa gainditzea lortu zuten. Urte hartako azaroaren 16an Bergaran egindako batzarrean gauzatu zen bat egitea. Elkarketaren ondorioz sortutako alderdiak ez zuen berrikuntza ideologikorik ekarri eta jatorrizko izen tradizionala hartu zuen, EAJ.
Liberala, akonfesionala, eta Euskal Herriko eta Estatuko ezkerreko mugimenduekiko gertukoa izateaz gain, alderdi berriaren doktrina iraungitzat jotzen zuen sektoreak Euzko Abertzale Ekintza (Acción Nacionalista Vasca) sortu zuen. Alderdi txikia izanagatik ere, eragin handia izan zuen Bigarren Errepublika garaian, talde errepublikano-sozialistaren solaskide bezala, estatutu prozesuaren baitan indarrak batzeko gaitasun handia erakutsi baitzuen, eta horrek prozesua bera bideratzen lagundu zuelako. Epe luzera, euskal mugimendu nazionalista berritzen lagundu zuen.
Oso bestelakoa izan zen Jagi-Jagi sektorea. 1932ko irailaren 17an agertu zen lehen aldiz izenburu hori zuen Euzko Mendigoxale Batzaren astekaria, eta izen hori bera eman zitzaion independentista talde txiki erradikal bati, Euzko Gastediko (Juventud Vasca) eta Bergarako bat egitearen aurreko abertzale sektore batzuekiko gertukoa. 1933 eta 1936ko hauteskunde orokorretara aurkeztea erabaki zuten, euskal obedientziaren aldeko indar politikoez osatutako Fronte Nazionala sortzeko asmoz. Beren burua ortodoxia sabindarraren babesletzat zutenez, eta independentziaren aldekoak zirenez, 1936ko Estatutuaren autonomismoaren aurka azaldu ziren. Gerra garaian bi batailoi osatu zituzten Euzko Gudarostean.
Euskal nazionalismoaren ardatz nagusia, EAJ berri eta sendoa, Baskonia osoarentzat Autonomia Estatutua erregimen berriarengandik lortzen saiatu zen Bigarren Errepublikak iraun zuen garaian. Idoia Estornesek nazionalitate politikoaren sorrerari buruzko bere lanean argi azaldu duenez, 1931ko udaberrian, eta Konstituzioa idatzi aurretik, Eusko Ikaskuntzak prestatutako Euskal Herriko Estatuaren estatutu testua babestu zuen EAJk. Hala ere, alderdiaren esku hartzea ez zen mesedegarria izan, eskuinarekin adostu baitzuten testuan klausula bat sartzea, zeinaren bitartez hauteskunde eskubide osoak izateko, gutxienez denbora tarte batez herrialdean bizi izatea eskatzen baitzen. Horrekin batera, zuzenketa bat ere aurkeztu zuten, estatutu eskualdeari Vatikanorekin harreman zuzena izateko eskubidea emateko. Lau lurraldeetako udalek Estatutuaren aldaera hori, Lizarrako Estatutua, masiboki onartu arren, bi klausula berriek ia gainditu ezinezko oztopoa ezarri zuten ezkerreko indarrek onartua izateko. Alderdiak, orduan, Estatuaren Konstituzioarekin bat zetorren beste bertsio bat babestu zuen, euskal nazionalismoaren eta lau probintzietan agintzen zuten Batzorde Kudeatzaile errepublikano-sozialisten artean 1932an idatzitakoa. Gauzak horrela, oztopoa udal nafarrentzat izan zen. Iruñean egindako udalen batzarrean Estatutu bateratuak ez zuen behar besteko babesik izan. Nafarroaren bereizketak, EAJren ikuspegi autonomikoa zela-eta, autonomia bateratuaren prozesua errotik moztu zuen. Gainerako hiru probintzietako biztanleen baietza jaso arren, Parlamentu zentralak blokeatu egin zuen 1936ra arte. Ordurako, hasia zen EAJren eta ezkerraren arteko elkar ulertzea. Fronte Popularrak Estatutuaren onarpena txertatu zuen bere hauteskunde programan urte hartako otsaileko hauteskundeetarako. Izan ere, hainbestetan aipatu izan den Indalecio Prietoren eta Jose Antonio Agirreren arteko akordioak ahalbidetu zuen Gorte errepublikanoetako Estatutu Batzordeak Euskal Estatutuaren aldeko irizpena ematea, eta, aurrerago, urrian, guda zibil bete-betean, ganberaren osoko bilkurak onartzea.
Arau horren ondorio nagusia Errepublikarekin bat zetorren Euzko Jaurlaritza bat sortzea izan zen. Gobernu hori ez zen soilik gerra bideratzen aritu, nazio eraikuntzarako neurritzat har daitezkeenak ere hartu zituen. Gerra garaiko euskal gobernuarentzat, eta baita ondorengo erbestekoarentzat erabakigarriak izan ziren Agirre lehendakaria eta bere alderdia.
Bestalde, nabarmendu beharra dago, 1933az geroztik Euzko Langileen Alkartasuna (Solidaridad de Trabajadores Vascos) izena hartu zuen sindikatu nazionalistari alderdiak emandako babesa, UGTren nagusitasuna kolokan jarri baitzuen. Era berean, euskal kultura hainbat esparrutan egonkortzeko egindako lana, bereziki hizkuntzaren ezagutzari eta Euskal Unibertsitatea sortzeari dagokienez. EAJk 28 batailoi osatu zituen guda garaian, eta erakunde militar propio baten menpe utzi zituen: Euzko Gudarostea.
Seiurteko errepublikanoak iraun bitartean, EAJ, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeetan nagusi izanik, Belgika bezalako herrialdeetan ezarritako demokrazia kristauaren planteamenduen baitan kokatzen hasi zen, bere zuzendaritzaren eraginez. Egia esan, gehiago zen mentalitate eta jarrera kontua, doktrina ofizial edo alderdiak definitutako programa baino.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. et al., Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1876-1939), Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 2007.
AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, J., «Génesis de la sociabilidad moderna en Bilbao (1800- 1876)», Bidebarrieta, 2 (1997), 233-252. or.
— La articulación político-institucional de Vasconia: Actas de las Conferencias entre los representantes de Álava, Bizkaia, Gipuzkoa y eventualmente Navarra, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995, 2 libk.
— Hermes, revista del País Vasco, Bilbao 1917-1922: la ciudad, el hombre, la revista = hiria, gizona, aldizkaria, Bilbo: Bilboko Udala, Bidebarrieta Kulturgunea, 2000.
— «El tránsito del discurso foral al autonomista: el vasco-catalanismo de 1917», in ARRIETA, J. eta ASTIGARRAGA, J. (arg.), Conciliar la diversidad. Pasado y presente de la vertebración de España: VII y VIII Seminarios Ernest Lluch, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2009, 113-140. or.
ALONSO OLEA, E. J., El Concierto Económico (1878-1937). Orígenes y formación de un Derecho histórico, Oñati: HAEE-IVAP, 1995.
ANTXUSTEGI IGARTUA, E., «Sabino Arana y su legado», in ARRIETA ALBERDI, J. eta ASTIGARRAGA, J. (arg.), Conciliar la diversidad. Pasado y presente de la vertebración de España: VII y VIII Seminarios Ernest Lluch, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2009, 99-112. or.
— El debate nacionalista. Sabino Arana y sus herederos, Mucia: EDITUM (Universidad de Murcia), 2007.
ARANA PÉREZ, I., El monarquismo en Vizcaya durante la crisis del reinado de Alfonso XIII (1917-1931), Iruñea: EUNSA, 1982.
ARPAL, J. eta MINONDO, A., «El Bilbao de la industrialización: una ciudad para una élite», Saioak, 2 (1978), 31-68. or.
ARRIEN BERROJAECHEVARRIA, G., Educación y escuelas de barriada de Bizkaia (Escuela y Autonomía. 1898-1936), Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1987.
CHACÓN DELGADO, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxular, 2015, 425-433. or.
CHAPA, A., La vida cultural de la villa de Bilbao 1917-1936, Bilbo: Bilboko Udala, 1989.
CORCUERA ATIENZA, J., Orígenes, ideología y organización del nacionalismo vasco (1876- 1904), Madrid: Siglo XXI, 1979.
DE LA GRANJA, J. L., Nacionalismo y II República en el País Vasco, Madrid: CIS/Siglo XXI, 1986.
DE PABLO, S.; MEES, L., eta RODRÍGUEZ RANZ, J. A., El péndulo patriótico. Historia del Partido Nacionalista Vasco, Barcelona: Crítica, 1999-2001, 2 libk.
DÍAZ FREIRE, J. J., La República y el porvenir. Culturas políticas en Vizcaya durante la Segunda República, Donostia: Kriseilu, 1993.
DÍAZ MORLÁN, P., Horacio Echevarrieta (170-1963). El capitalista republicano, Madrid: LID, 1999.
DÍAZ NOCI, J., Euskal prentsaren sorrera eta garapena (1834-1939), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1995.
— «Historia del periodismo vasco (1600-2010)», Mediatika. Cuadernos de Medios de Comunicación, 13 (2012), 261 or. Online arg.: http://www.eusko-media.org/PDFAnlt/mediatika/13/13001261.pdf (2023ko uztailak 17)
ELORZA, A., Ideologías del nacionalismo vasco, Donostia: L. Haranburu, 1978.
ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., La construcción de una nacionalidad vasca. El autonomismo de Eusko Ikaskuntza (1918-1931), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990.
FERNÁNDEZ SEBASTIÁN, J., «El despegue de la prensa en Bilbao, 1813-1914. Periodismo, política, información y sociedad», Bilbao, Arte eta Historia = Bilbao, Arte e Historia,., Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1990, 2. libk. 81-110. or.
FUSI AIZPURÚA, J. P., Política obrera en el País Vasco (1890-1923), Madrid: Turner, 1975.
— El problema vasco en la Segunda República, Madrid: Turner, 1979.
GARCÍA MERINO, L. V., La formación de una ciudad industrial. El despegue urbano de Bilbao, Oñati: HAEE-IVAP, 1987.
GARCÍA TRUJILLO, S., «Bilbao, nudo gordiano de la cultura vasca entre los siglos XIX y XX», Bidebarrieta, 19 (2008), 315-341. or.
GONZÁLEZ DE DURANA, J., Ideologías artísticas en el País Vasco de 1900. Arte y política en los orígenes de la modernidad, Bilbo: Ekin, 1992.
GONZÁLEZ PORTILLA, M. (zuz.), Bilbao en la formación del País Vasco contemporáneo (Economía, población y ciudad), Bilbo: Fundación BBVA, 1995.
— (zuz.), Los orígenes de una metrópoli industrial: la ría de Bilbao, Bilbo: Fundación BBVA, 2001, 2 libk.
HERRERO DE MIÑÓN, M. eta LLUCH, E. (arg.), Derechos históricos y constitucionalismo útil, Barcelona: Crítica, 2001.
LARREA SAGARMÍNAGA, M. Á. eta MIEZA MIEG, R., Legislación foral del Señorío de Bizkaia (1528-1877), Registro de los actos legislativos dispuestos por las Juntas Generales, sus Regimientos y Diputación General, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia eta Deustuko Unibertsitatea, 1992.
LARRONDE, J.-C., El nacionalismo vasco, su origen y su ideología en la obra de Sabino Arana, Donostia: Txertoa, 1977.
LETAMENDI GÁRATE, J. eta SEGUIN, J.-C., Los orígenes del cine en Bizkaia y sus pioneros: antecedentes precinematográficos en Bilbao, inicio y consolidación de las proyecciones en Bizkaia, Bilbo: Euskal Filmategia, 1998.
MADARIAGA ORBEA, J., «Los lugares de la sociabilidad en Euskal Herria, siglos XVIII y XIX», Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía, 33 (2003), 333-370. or.
MAINER, J. C., Regionalismo, burguesía y cultura: Revista de Aragón (1900-1905) y Hermes (1917-1922), Zaragoza: Guara, 1982.
MEES, L., Nacionalismo vasco, movimiento obrero y cuestión social, 1903-1923, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa, 1992.
MIRALLES, R., El socialismo vasco durante la II República, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1988.
MONREAL ZIA, G., «Fidel de Sagarmínaga. intérprete de la constitución histórica vizcaína y heraldo de una nueva época política vasca de recuperación de los Fueros (1830- 1894)», Notitia Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historikorako Aldizkaria, 1 (2002), 251-319. or.
— «El concierto económico, Génesis y evolución Histórica», Iura Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikorako Aldizkaria, 6 (2009), 647-708. or.
— «Codificación civil y legislación foral de Bizkaia», AHDE, 83 (2013), 151-261. or.
— «La ley abolitoria de Fueros de 21 de julio de 1876», Iura Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikorako Aldizkaria, 10 (2013), 39-192. or.
— «Los derechos históricos vascos: poder constituyente limitado o instituciones concretas», Iura Vasconiae. Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikorako Aldizkaria 16 (2019), 45-120. or.
MUR PASTOR, P., «Coleccionismo privado y mecenazgo en el Bilbao de principios del siglo XX», in ZENBAITEN ARTEAN, Bilbao, Arte eta Historia = Bilbao, Arte e Historia, Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1990, 2. libk.,153-165. or.
OLÁBARRI GORTÁZAR, I., Relaciones laborales en Vizcaya (1880-1936), Durango: Leopoldo Zugaza, 1978.
ORUETA, J. de, Fueros y Autonomía, Donostia: Nueva Editorial, 1934.
PENCHE GONZÁLEZ, J., Republicanos en Bilbao (1868-1937), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010.
PLATA PARGA, G., La derecha vasca y la crisis de la democracia española (1931-1936), Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1991.
RUZAFA ORTEGA, R., Vizcaínos rurales, vizcaínos industriales. Estudios de historia social contemporánea, Barakaldo: Librería San Antonio, 2002.
SAIZ VALDIVIELSO, A. C., Triunfo y tragedia del periodismo vasco (prensa política), 1900- 1939, Madrid: Editora Nacional, 1977.
SAN SEBASTIÁN, K., Jesús de Sarría: nacionalismo y heterodoxia, Bilbo: Alderdi Argitaldaria, 1985.
SÁNCHEZ EKIZA, K., Txuntxuneroak. Narrativas, identidades e ideologías en la historia de los txistularis, Tafalla: Altaffaylla, 2005.
TORRES VILLANUEVA, E., Ramón de la Sota, 1857-1936. Un empresario vasco, Madrid: LID, 1998.
ZABALA ALCÍBAR-JÁUREGUI, F. de, De los Fueros a los Estatutos. Los Conciertos Económicos, Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1976.
ZENBAITEN ARTEAN, Urbanismo en Bilbao, 1900-1930, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 2000.
Juan Madariaga Orbea eta Gregorio Monreal Zia





