Ibilbidea
Toki guztiek erakarri ohi dituzte kanpokoen begiradak. Balirudike distantziak kultura ezberdinak gerturatzeko gaitasuna duela; nolabait, kilometro gehiagora egonik, gertuagoko sentitzen garela; finean, urruntasunak bat egiteko balio duela, dena lausotu eta denok antzekoago bihurtuko bagintu bezala.
Gainerakoek bezala, Baskoniak ere kanpokoen arreta deitu zuen, ia desira objektu bilakatu arte. Beste leku batzuk baino erakargarriagoa izan zen baieztatzea zaila den arren, hala izan zela esan daiteke, bere biztanleria urriari eta hedadura mugatuari begiratuta.
Zenbait administrazio eremutan banaturik zeuden Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia XIX. mendean zehar foru indartsu samarrak izatetik 1876ko indargabetzera igaro ziren. Bestalde, mugak muga, Nafarroa erresuma bat izatetik probintzia bat izatera igaro zen 1839an, aldaketari askatasun kutsua ematen saiatu arren. Bien bitartean, Lapurdik, Baxenabarrek eta Zuberoak beren instituzioen galera onartu beharrean hasi zuten XIX. mendea. Argi dago, ezinezkoa zen inork Baskoniari ez erreparatzea.
Gertuko autoreak (espainiar eta frantziarrak) eta urrunekoak (alemaniarrak, ingelesak, eta are amerikarren bat ere bai) haren historiaz, hizkuntzaz, legeez eta ohiturez arduratu eta kezkatu ziren. Funtsean, Baskonia eta gainerakoak bereizten eta berdintzen zuena ezagutu nahi zuten.
Heldu diren orrialdeetan Baskoniaz kanpoko 40 begirada bildu dira, eta hiru multzotan bereiz daitezke: Espainian jaiotako pertsonekin osatutakoa, Frantziako pertsonaiena eta gainerako autoreak biltzen dituena.
Lekukotasun eta begirada horiek ez dute, edo ez soilik, pentsamenduaren mundura mugaturik egon nahi, handik atera gabe. Baskonia behar zenaren edo behar ez zenaren kanpoko eredu izan zitekeen, baina aldatu beharreko adibide bezala ikusten zutenen begiradak ere erakartzen zituen.
Euskal auziari buruzko kezkari dagokionez, harritzekoa da autore espai- niarrengan sorturiko interes politiko handia, batez ere, beren kide frantsesenarekin alderatuta. Espainiarren interesa ezberdina berdintzeko nahiak edota ezberdintasunik eza aldarrikatzeko beharrak bultzatua zen. Agian, hemeretzigarren mendeko Frantzian ez zen beharrezkoa iparraldeko Baskoniara asmo uniformatzaileekin gerturatzea.
XVIII. mende bukaeran, Iraultza Frantsesak lortua zuen deuseztatu berri zen monarkiaren helburua; hots, iparraldeko euskal probintzien instituzioak eta autonomia indargabetzea. Hala, probintzia horiek beren historiaren eta zuzenbidearen ikuspegi propioa garatzeko behar zuten bultzada instituzionala galdu zuten. Ematen du, gainera, behin frantziar potentziarekiko berezitasuna galdu ondotik, alderdi kulturalak erakarritako autoreak soilik gerturatzen hasi zirela.
Pirinioen hegoaldean, aldiz, egoera oso bestelakoa zen. Lau lurraldeen berezko instituzioak indarrean zeuden oraindik, Frantziako garai berriak hegoaldera noiz iritsiko ote zain. Azkenean iritsi ziren, eta egoera berria 1876an ezarri zen, azken Karlistaldia bukatzearekin batera. Ordura arte, gerra, gose eta miseria garaia bizi izan zuen hegoaldeko Baskoniak. Garai horretan, ezegonkortasun politikoa zen nagusi, instituzioetan gorabehera handiak zeuden, eta, tarteka, euskal lurraldeen berezitasunak egonkortzen ari zirela ematen zuen arren, azkenean guztiz itxuragabetu ziren.
Guda zelaian, politikan eta historiaren zein zuzenbidearen alorretan gauzatzen ari zen borroka horrek Espainiako pertsonaia nabarmen askoren arreta deitu zuen, eta gure lurraldeari begira jarri ziren. Agian, horregatik mugatzen zen interes politiko espainiarra hegoaldeko lurraldeetara. Haien- dako ez zen euskal herririk existitzen, administratiboki bereizita egon arren. Haiendako, Espainia zen herrialde bakarra, eta Pirinioen hegoaldeko zatiari vasco, vascongado, vasco-navarro, navarro… eta antzeko adjektiboak ezartzen zitzaizkion. Espainia politiko horretan, hegoaldeko Euskal Herria existitzen zen bakarrik, eta askorentzat beren nazioaren zati bereizezina zen.
Aipatu bezala, badirudi Frantziako autoreen artean ez dagoela espainiarren interes interesatu horren arrastorik, eta are gutxiago urrunagotik etorritakoengan, arlo politikoak ez zituelako kezkatzen. Bestelako interesak zituzten: berezia zen herri hori ezagutu nahi zuten; ezberdintasuna aztertu eta miresten zuten; eta, batzuetan, haren antza izaten saiatzen ziren. Hori dela eta, euskaldunak herritzat hartzen zituzten, eta Pirinioak ez ziren ezberdina zena bereizten zuen mendikate bat, berdina elkartzen zuena baizik.
Iparraldea ezagutu zuten eta Hegoaldera hurbildu ziren; Iparraldera bidaiatu zuten, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bisitatu zituzten, eta Nafarroara abiatu ziren, Baskoniari izena ematen zion herria ezagutzeko asmoz. Haientzat, Euskal Herria etorkizuna argi zezakeen antzinako lekukotasun bizia zen, enigmak eta misterioak argituko zituen Rosetta harria.
Misterioek bere horretan iraun zuten, eta Espainian absolutistak instituzio pribatiboak goraipatzen hasi ziren, ustez eta Erregimen Zaharreko adibiderik argiena zirela; liberal moderatuek ohitura eta iraultzaren arteko formula perfektutzat hartu zituzten; eta aurrerakoienek euren izaera demokratikoa laudatu zuten.
Hala ere, positiboki dena beren baitan hartzeak, negatiboki ere dena betetzea zekarren berarekin. Absolutistek instituzio pribatiboen aurka ere egin zuten, haien ustez, progresismo demokrataren adibiderik garbiena zirelako; Liberal moderatuek ohitura eta iraultzaren arteko topaleku desorekatutzat hartu zituzten; eta aurrerakoienek tradizionalak eta zorrotzegiak zirela aldarrikatu zuten.
Onerako eta txarrerako guztia barne hartze hori izan zen bai kanpoko eta baita barneko ikuspegiak baldintzatu zituena. Horrek amarru historikoak baino askoz gehiago ekarri zituen Baskoniako errealitate bakarra aztertzeko garaian. Bereziki, espainiarrek orduko hartan behar zuten ikuspegiari laguntzeko, politikak historia egiten zuen eta historiak politika. Horren eraginez legeak sortzen ziren, eta Iparraldean euskal nortasuna deuseztatu zuten bezala, Hegoaldean betirako aldatu zuten.
Esanguratsua da, 1878an, garai historiko berri baten hasieran, Juan Mañe y Flaquer, Bizkaiko probintziako aita, El Oasis. Viaje al País de los Fueros argitaratzen hasi izana. Oasia, besteak ere desiratzen zuen paradisua, ezinbestean foruei lotua zegoen. Bigarren Karlistaldia bukatu berritan, Lege propioek euren momentu korapilatsuena bizi zuten, eta oasia balantzaka zegoen. Katalanek aspaldi galdua zuten oasi hori bera.
Baina ez gaitezen hain azkar joan. XIX. mendeak «bularra eman» zion Aro Garaikide sortu berriari, Iraultzaren eta Ohitura Zaharren arteko borrokaren guda zelaia izateko prest baitzegoen. Antza, guda horrek ez zuen inongo asmorik presoak egiteko, elkar topaketarako lekuak bilatzeko, edota atsedenik edo su-etenenik onartzeko.
Historiaren eta nazionalismo modernoen mendea izan zen. Historia nazio gisa gorpuztu zela ematen zuen, nazioak iraganaren indarra beharko balu bezala. Sortu berri zen nazionalismoak historiaren laguntza behar zuela zirudien, ikasketa historikoek aberria aurkitzen lagunduko zutelakoan-edo. Garai erromantikoetan, historiak eta nazioak bizileku ezin atseginagoa aurkitu zuten Euskal Herrian. Bertan, egonkortasun bila zebiltzan iraultza, ohitura zaharrak, historia eta nazioa; iragan mitifikatu eta bizi baten babesa zuten, eta baita geroz eta korapilatsuago bihurtzen ari zen oranaldi ahul baten laguntza ere. Erromantizismoak eta liskarrak, zeinek zein pizten zuen argi ez badago ere, lur emankorra aurkitu zuten Baskonian, eta batzuk eredu bila gerturatu ziren bitartean, beste batzuk etekin bila gerturatu ziren.
Eztabaida aspaldi sortua zen Hegoaldean, baina 1802. urtean kanpotik biziarazi zuten Godoyk helburu argiak zituen batzar bat sortu zuenean, indarrean egotera iritsi ez bazen ere: foruen jatorria, zergatia eta helburuak aztertu nahi zituen. Momentu hartan, Historiaren Errege Akademiak bere eskumenaren barnean zeuden lurralde guztiak hartuko zituen hiztegia sortzeko egitasmo zaharrari martxan jartzeko behar zuen bultzada eman zion. Diccionario geográfico-histórico de España (1802) delakoa izan zen horren emaitza. Lehen bi liburukiak Abellak, Martinez Marinak, Traggiak eta Gonzalez Arnaok idatzi zituzten, Nafarroako erresumari, Bizkaiko jaurerriari eta Araba eta Gipuzkoa probintziei buruz. Dirudienez, dokumentaziorik osoena zuten lurraldeak zirelako hasi ziren horiekin, baina testuak zuzenean kontra egiten zion adostutako foraltasunean jatorrizko subiranotasuna eta independentzia eusten zituen mitoari. Helburu politikoa lurraldeok Monarkian sartzea zen, eta ideia bera behin eta berriz errepikatu zen denboran zehar: foruak pribilegioak ziren, eta ez lurraldeen ordenamendu berezi, berezko eta jatorrizkoak. Hortxe bukatu zen Espainiako erakunde historiko gorenaren hiztegia, nahiz eta horien ondotik, eta zenbait urte geroago, beste liburuki bat atera zuen Errioxa eta Burgosko hainbat herriren ingurukoa.
Erregimen pribatiboen aurkako erasotzat hartua izan zen arren, obrak ez zuen erantzun bateraturik jaso Hegoaldeko instituzioen aldetik. Isiltasuna
«hainbat modutara» uler daiteke. Nafarroari dagokionez, artikuluak Aita Moreten kutsua zuela aipatu izan zen; XVII. mendean erresumako kronista izan- dakoa zen, eta «nahiko zentzuduna» zela esan ohi zen.
Gainerako Hegoaldeko probintzietan, Juan Antonio Llorentek 1806 eta 1807an Noticias históricas de las tres Provincias Vascongadas obraren bost liburukiak argitaratu izanak eragina izan zuela uste da, bertakoengan kezka gehiago sortu baitzuen. Errioxarraren obrak Godoyren Gobernuaren laguntza jaso zuen, euskal foruen indargabetzea funtsa zezan asmoz.
1807an, Bizkaiko jaurerriko Aldundiak Fray Domingo de Lerin y Clavijo kantauriarrari erantzun bat idazteko eskatu zion, baina orduko hartan ez zen argitaratu. Erasoei aurre egiteko bertakoek idatzitako erantzun ugari argitara- gabe geratu ziren garai hartan, zentsura zela-eta.
Berehala hasi ziren Llorenteren obra politikoki erabiltzen: Gaztelako Kontseiluak foruak berrikusteko asmoa agertu zuen 1807. urtean bertan, eta, 1815ean, Errege Ogasunaren Gehiegikeriak Aldatzeko Batzordea sortu zen Euskal Probintzietan, eta testua zerga-arloan laburtu zuten.
Hurrengo hamarkadan, Tomas Gonzalezek Llorenteren tesien alde egiten zuen dokumentazio guztia biltzeko errege agindua jaso zuen. Jasotakoa lau liburukitan eman zuen, Colección de cédulas… izenburupean. 1829-1830 urteetan argitaratu zen, eta hiru lurraldeei zuzendua zen. Haren jarraipena, berriro ere errege aginduz, Gaztelako hainbat herrik eta udalek jasotako pribilegioei buruzko bi liburukitan eman zuen. Helburu bera zuten biek: ideia foruzaleak teoria erregezaleen alde azpiratzea, eta euskal erregimen forala ez zela berezia frogatzea.
Hori gutxi balitz, Godoyk foruen jatorria aztertzeko 1802an sortutako komi- sioa birsortu zen. Talde berriko kideen artean Zuaznavar zegoen, Ensayo histórico-crítico sobre la legislación de Navarra idatzi zuen donostiarra. 1820an argitaratu zen lan horretan, gipuzkoarrak Nafarroako erregimenaren aurka egin zuen. Obrak nolabaiteko arrakasta izan zuen, zazpi urte geroago berreditatu baitzen. Nafarroako Gorteen aholkulari sindikoak, Sagaseta de Ilurdoz iruindarra, erantzunean parte hartu zuen, baina ekimena aurrera eramateko zama Yanguas y Miranda tuterarrak hartu zuen bere gain. 1829an, Diputazioak artxibozain eta historialari ofizial izendatu zuen, eta, Nafarroako autoritate gorenaren aginduz, Historiaren Akademiako artxiboetan bilaketak egiteari ekin zion. Tuterarraren erantzun zuzena 1833an ateratako refutación jocososeria izan zen.
Garai hartan ez zen dena hitza, armek ere bazuten beren tartea. Lehen Karlistaldia bukatzean, foruen auzia Espainiako ganberara iritsi zen, besteak beste, Alvarez Mendizabal aurrerakoiaren edota Arrazola moderatuaren eskutik. Horiek biek 1839ko urriaren 25eko Foruen Berrespenerako Legean parte hartu zuten. Azkenean, Monarkiaren batasuna aipatu izana aurrerakoien garaipentzat hartua izan zen, moderatuek foruak baldintzarik gabe berrestea nahi zutelako. Beste liberal aurrerakoi bat, Manuel Cortina, Nafarroa 1839ko legera eramatea lortu zuen politikari espainiarretako bat izan zen, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduaren bitartez.
1864ko Aurrekontuen Legearen harira Senatuan egon zen eztabaidak argi erakusten zuen hegoaldetik zetorren giroa. Tribunara hainbat pertsonaia igo ziren, tartean Sanchez-Silva aurrerakoi liberal ezaguna eta foruen kontrakoa. Hark berpiztu zituen Historiaren Akademiaren hiztegia, Llorenteren obra eta Tomas Gonzalezen bildumak.
Pedro Egaña Arabarra bere aulkitik jaiki zen sevillarrari erantzuteko, eta lehen aldiz esan zituen «euskal nazionalitatea» hitzak Gorte espainiarretan. Senatuko eztabaida hark oihartzuna izan zuen prentsan eta baita beste hainbat argitalpenetan ere. Hiru euskal aldundietako bakoitzak bere alea prestatu zuen (1864), eta Sanchez-Silvak Garcia Gonzalezi eskatu zion aipatu eztabaidaren berri emateko (1864). 1865ean, Truebak ere bere obra aurkeztu zuen jendaurrean, izenburu oso adierazgarriarekin, Defensa de un muerto.
Eztabaidak bere horretan iraun zuen 1867an ere. Orduko hartan Cayetano Manrique izan zen foruen alde altxatu zena. Autorea, politikari izateaz gain, Lege pribatiboen aldekoa izateagatik zen ezaguna. Eztabaida berriak inprentara jauzi egin zuen, berriz ere, Sanchez-Silvari (1867) eta Cayetano Manrique berari esker (1867).
Hitzek bertako instituzioak esnarazteko gaitasuna izan zuten, eta bertako zein kanpoko autoreen lanak argitaratzeari ekin zitzaion. Halaxe izan zen, adibidez, aipatu berri dugun Cayetano Manriqueren testuarekin: Tres rectificaciones forales a los discursos pronunciados por el señor Sánchez Silva en los días 28 y 29 de mayo. Bertan, Tomas Gonzalezen manipulazio eta gabeziak salatu zituen.
Era berean, sortu zen polemika baliagarria izan zen Espainiako Zuzenbidearen historiari buruzko lan nabarmenetako bat berpizteko: Historia de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España (1861-1872). Cayetano Manriquek eta Amalio de Marichalarrek idatzia izan zen eta bederatzi liburuki zituen. Baskonia hegoaldeko instituzioek oso interesgarritzat jo zituzten euren lurraldeari eskainitako orrialdeak, eta 1868an edizio handitu eta zuzendua sustatu zuten, liburuki bakarrean: Historia de la legislación y recitaciones del Derecho Civil de España. Historia de los fueros de Navarra, Vizcaya, Guipúzcoa y Álava.
1868ko Iraultzaren aurreko urte korapilatsuak ziren, eta ezegonkortasun politikoak Iraultza Loriatsuaren eztanda ekarri zuen, Isabel II.aren erbestealdi behartuarekin batera. Hegoaldeko Baskonian ezinegonez bizi izan ziren urte horiek, eta bertakoak kanpotik etorritakoari aurre eginen zion dike bat altxatzen saiatu ziren, horrelako ahuleziak foruen indargabetzea ekar zezakeela sinetsita. Nafarroako Diputazioa, orduan, gainerako euskal lurral- deekin bat egiten saiatu zen kanpotik iritsitako zurrumurru eta ekimenei aurre egiteko: Laurak-Bat izena eman zitzaion horri. Era berean, adiskide talde bat euskara babesteko elkarte bat sortzen saiatu zen, baina 1868ko Iraultzak lehenik, eta Karlistaldiak ondoren, egitasmo guztiak zapuztu zituzten.
Ez guztiak. Adiskide talde horrek, adibidez, Nafarroako Euskara Elkartea sortu zuen 1877an. Bestalde, 1876an Baskoniako zati batean erregimen orokorra ezartzen saiatu zirenean, Llorenteren mamua Espainiako Gorteetako eserlekuetan barrena ibili zen berriro ere; eztabaidak luze jo zuen.
Harrigarria da, bertakoaren eta kanpokoaren arteko lehia horretan, batzuetan paperak aldatu zirela. Manrique eta Marichalar bezalako kanpotarrek, esaterako, euskal instituzioak defendatu zituzten kanpoko pertsonaiek egindako erasoen aurrean; aitzitik, bertako zenbaitek, Zuaznavarrek bezala, foruen aurka egin zuten, bertako autoreen kontra.
Espainian askotariko iritzi eta argudioak biltzen zituen auzi politikoa zen. Canga Argüelles liberal moderatuaren iritziz, mendearen argiak ere antolaketa sozialaren oinarrien kontrako ohiturak indargabetzearen alde zeuden. Justo Caminorentzat absolutismo monarkikoak talka egiten zuen berak onar- tzen ez zuen Nafarroako erregimen instituzionalarekin.
Baziren neurritsuagoak ziren beste liberal batzuk ere. Segismundo Moretek eta Luis Silvelak zuzenbide orokorraren eta foralaren arteko elkarbizitzaren alde egiten zuten, haien ustez, lehenak gorde ez zituen familia ohiturak gordetzen baitzituen azkenak. Rodriguez Ferrer sevillarra, liberal kontserbadorea, erregimen forala mantentzearen eta barne deszentralizazioaren aldekoa zen. Rodriguez Garcia liberala ere foruen aldekoa zen. Pedro Sainz de Andinok, aldiz, Monarkia konstituzionala defendatzen zuen: tronurik ez kons- tituziorik gabe, konstituziorik ez tronurik gabe, eta konstituzioa, 1845ekoa.
Bestalde, Nafarroa Espainiarentzako eredu izatea nahi zuen Hermida ilustratuak. «Konstituzio zaharra» aurkitu zuen bertan, arrazoiak eta denborak hobetutako gobernu mota baten azken gotorlekua: erregearen eta erresumaren artean adostutako Monarkia moderatu bat. Erresumaren askatasuna Ingalaterrako Lege Nagusia baino zaharragoa zen. Kontua ez zen foru pribilegiatu batzuk defendatze hutsa: iraultzaren indarrari aurre egiteko, iraganaren hoberena bilatzen zen; Espainiako monarkiaren konstituzio orokorrarentzako eredua izanen zena.
Politikatik kanpo, baina Baskonia, objektu baino, eredu bezala ikusten zuten horien taldekoa zen Hervas jesuita. Eusko-iberismoaren defendatzailea zenez, euskara penintsulako lehen hizkuntza zela uste zuen, eta baita ere Espainiako eta Europa guztiko historia zaharra ezagutzeko giltza.
Datozen orrialdeek erakutsi eta frogatuko digute kanpoko ikuspegiak ere askotarikoak zirela, batzuetan berdintsuak izan arren. Lehen Karlistaldian, Espainiakoak ez ziren autore askok karlistekin bat egin zuten. Alderdi karlistan izen eman zuten Loning alemaniarrak, jatorri belgikarreko Frederick Henningsen ingelesak edota Alphonse Barres de Molard eta Alexis Sabatier frantziarrek. Gudako pasarte horiek gudari buruzko azterketetan eta Nafarroako eta Euskadiko foruei buruzkoetan jaso ziren. Karlisten aldeko Stephens guda berriemaileak egindako azterketak horren eredu dira; Gruneisen ingelesak ere Don Karlosen alde armak hartu zituen. Beste aldean, 1830 eta 1837 artean Bilbon Britainiako kontsul aritu zen Francis John Bacon dago, liberalen aldeko kanpotarren buru.
Cenac-Moncaut autore gaskoia ez zen hainbeste nahasi. Bere lanak lurralde guztia hartu zuen eta bere aurrera egin, baina ohitura zaharrak ohoratuz lemak hobeki ematen zuen euskaldunen askatasuna goraipatzean. Beretzat, askatasun hori hiritar guztiak hartzen zituen «nazio batzarretan» irudikatzen zen. Victor Hugok askatasun zaharren eta berrien arteko borroka aurreikusi zuen, eta baita estatu handiek txikiak irentsiko zituztela ere: historiak eta naturak hala erakusten zuten, hori zen legea. John Adams, Amerikako Estatu Batuetako bigarren presidentea izan zena, Europako gobernu motak aztertzen aritu zen, sistema politikorik onenaren bila, ondoren Estatu Batuetan ezartzeko. Bizkaia errepublika demokratiko aberats bezala deskribatu zuen. Euskoiberismoak ere Pirinioetako muga gainditu zuen, Baudrimont frantsesari esker.
Ondorio politikoak zituen eztabaida politikoa zen, eta historiak arrazoia eman edo kentzeko boterea bereganatu zuen; edo, agian, historiak arrazoia eman edo kendu ahal izatea bilatzen zen. Horretarako, baina, beharrezkoak ziren bitartekoak, ahalegina, interesa eta tokian tokiko elite trebe eta prestatua. Bertakoek kanpokoen mailan aritu beharra zuten.
Ikusi ahal izan dugun bezala, mende hasieran, euskal berezitasuna lurperatzeko asmoz sortutako ekoizpen historiografikoek, Historiaren Akademiaren hiztegia barne, bertako autore asko idazluma hartzera behartu zituen, etxekoa defendatzeko.
Mende erdialdera zenbait gauza aldatu ziren. Hala izan zen, behintzat, Historiaren Errege Akademiaren paperaz den bezainbatean, bere jarduna elitea bultzatzeko ezinbestekoa izan baitzen, baita Baskonia hegoaldean ere. Orduan, Espainiako instituzio historiko gorena Europako gainerako herrialdeetakoen erritmo berean berrantolatzen hasi zen, eta ordura arte izan ez zuen kanpoko eta barneko prestigioa lortu zuen.
Madrilen bizi ziren kide osoez eta atzerriko ohorezko akademikoez gain, erakundeak akademiko urgazleak zituen Espainiako eta kanpoko toki askotan. 1856an onarturiko Estatutuek eta Araudiak jasotzen zutenez, izendapen horiek «ospea» eta azterketa historiografikoekiko «zaletasun nabarmena duten norbanakoen» artean banatu behar ziren, betiere azterketaren bat argitaratu edo aurkeztu bazuten.
Berrantolaketa hori, gainera, Monumentu Historiko eta Artistikoen probintzia-batzordeen araudi berriarekin batera iritsi zen, eta, horren arabera, kide izateko aukera ematen zitzaien Historiaren Akademiako kideei eta San Fernandoko Arte Ederretako Akademiakoei.
Horri guztiari esker, 1865etik aurrera urgazleen kopuruak gora egin zuen eta hala egin zuen bertako elitearen bultzadak ere. Eliteak Europan hasia zen zientzia historikoaren profesionalizazioak markatutako erritmoaren eraginpean zeuden. Kutsu europar eta akademiko (instituzional) horri esker, beste toki batzuetako eliteekin harremanetan jarri ahal izan ziren, Espainiako erakunde historiko goreneko kide ziren aldetik, eta historiografia akademiko eta erudituaren barnean kokatu ziren, ospe kultural eta zientifikoa lortuz. Baliteke Historiaren Akademiako urgazle horiek garai berria bultzatu izana, edo bultzatzaile horietako batzuk Akademiako urgazle izatea lortu izana; argi dago, behintzat, kanpoko aintzatespena lortu zutela.
Garai berriak mugimendu historikoaren eta nazio kontzeptuaren arteko lotura estua ezarri zuen, eta aurreikus zitekeen bidegurutze politiko eta kulturalean eragina izan zuen elite berriengan. Baldintza materialak ez ziren egokienak, Bigarren Karlistaldia bukatu berri baitzen; gerra gehiegi urte gutxian. Agian, desio ez zen etorkizun baterantz bideratutako garai batean bizitzearen kontzientziak eraman zuen elkarteak, sozietateak, zirkuluak eta antzekoak sortzera, euskara sustatzera, kultur lehiaketak antolatzera, liburuak, aldizkariak eta egunkariak argitaratzera, historia, poesia eta eleberriak idaztera. Taldea indartzearekin batera, bertakoa defendatzeko mugimendua sortu zen, eta hura sortu zutenentzat aitzindaria zen.
Gerra bukatutakoan ireki zen garai berriari itxoin beharra izan zenez, momentu hori 1876an iritsi zen. Espainiako autore baten laguntza ezinbestekoa izan zen, eta urrutiagotik iritsitako beste batenarengandik oso desberdina. Canovas del Castillo politikari liberal eta historialari espainiarra eta Wilhem von Humboldt alemaniar polifazetikoa espainiarren eta urrutiagokoen arteko dikotomiaren adibiderik argiena dira, akaso.
Batak ederki irudikatzen zuen historia eta politikaren gorpuztea bere botere-posiziotik euskalduntasunaz zuen ikuspegia agertuko zuen pertsona batengan. Hegoaldeko euskalduntasunaz ari zen, noski, betiere Espainiako zati banaezintzat harturik, legeei, usadioei eta ohiturei dagokienez, behinik behin.
Canovasen Errestaurazioaren oinarria Espainia nazio bateratu, iraunkor eta banaezin bezala ulertzea zen; foruak indarrean mantendu nahi zituztenen eta indargabetu nahi zituztenen arteko oreka bilatzen saiatzea. 1841ean Nafarroarentzat baliagarria izan zen irtenbideak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan porrot egin eta gero, euskal foruak bertan behera utzi zituen 1876ko uztailaren 21eko Legeak. Ondoren, 1878an, Canovasek hiru probintzietan Kontzertu ekonomikoen erregimena ezartzea ahalbidetu zuen: foraltasun berria.
Besteak ideien mundura mugatu zuen bere azterketa. Kanpotik etorrita, politikari jaramonik egin gabe eta Baskonia herri bezala ulertuz hurbildu zen autorearen adibide ezin hobea da.
Euskaldunek herri bezala zituzten berezitasunak nabarmendu zituen Wilhem von Humboldtek. Herriaren nortasun «etniko» eta «nazionala» goraipatu zuen, bere «konstituzio politiko autonomoa»-ren bitartez Europako ilustrazioaren lorpen ugari erdietsi zituelako. Alemaniarra, ordea, ez zen oso baikorra; kanpoko eraginengatik herritarrek beren hizkuntza bazterturik zeukatelako, eta, harekin batera, baita euren «berezitasun nazionala» ere. Gobernu espainiarrak, gainera, foruak erasotzen zituen, eta horiek ziren herria- ren nortasunaren bermea.
Bere iritziz, euskal nazioa bitan banaturik zegoen, eta «kasualitate hutsagatik» zegoen bi estatu horien menpe. Guztiz arbitrarioa zen kanpo mugari baino, hizkuntzari eta kulturari erreparatzen zien, berarentzat hori zelako nazioen arteko muga naturala. Horrek erakusten zuen euskaldunak unitate berezi eta bereizia zirela. Argi adierazi zuen: «euskaldun guztiek nazio bakarra osatzen dute», nazio kulturala, ia naturala, estatuen sorkuntza politikoen aurrean.
Canovasetik Humboldtera, espainiarretik alemaniarrera, Baskonia ulertzen saiatu ziren kanpoko autore sorta handia bildu dira atal honetan. Autore horien iritzietan, horietako batzuk aski ezezagunak, xeheki jaso da kanpokoek herrialde honetaz zuten ikuspegia. Batzuengan begirada lasaia antzematen da, beste batzuengan ez hainbeste, baina guztiak ala guztiak dira interesgarriak.
Bibliografia
Historiaren Errege Akademiaren Estatutuak eta Araudia, Madril: José Rodríguez moldiztegia, 1856.
GOYENETCHE ETCHAMENDI, M., Historia general del País Vasco III: A las puertas de la sociedad moderna, Donostia: Ttarttalo, 2005.
HUICI GOÑI, M. P., «Las Comisiones de Monumentos históricos y artísticos con especial referencia a la Comisión de Navarra», Príncipe de Viana, 189 (1990), 119-209. orr.
LLORENTE GONZÁLEZ, J. A., Noticias históricas de las tres provincias vascongadas, Madril: Errege Moldiztegia, 1806-1808, 5 libk.
MINA APAT, M. C., Fueros y revolución liberal en Navarra, Madril: Alianza, 1981.
NIEVA ZARDOYA, J. L., La idea euskara de Navarra, 1864-1902, Bilbo: Sabino Arana Kul- tur Elkargoa, 1999.
RODRÍGUEZ GARRAZA, R., Tensiones de Navarra con la administración central (1778- 1808), Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, Vianako Printzea Erakundea: Ikerketa Zientifikorako Kontseilu Gorena, 1974. Berred. Iruñea: Pamiela, 2015.
SAGASETA DE ILÚRDOZ, A., Fueros fundamentales del Reino de Navarra y defensa legal de los mismos, Valentzia, 1839 eta Iruñea, 1840 (Hermilio de Olórizen erreprodukzioa.: Navarra en la Guerra de la Independencia: biografía del guerrillero D. Francisco Espoz (Espoz y Mina) y noticia de la abolición y restablecimiento del régimen foral, Iruñea: N. Arambururen moldiztegi, liburu-denda eta koadernagailua, 1910, 441-456. orr.).
SÁNCHEZ PRIETO, J. M., «El ser de Navarra, entre la historia y la política», Nafarroako Kondairaren III. Batzarre Orokorra, Iruñea: Vianako Printzea Erakundea, 1998, 1. diskoa (CD-ROM).
SÁNCHEZ PRIETO, J. M., «Los Correspondientes navarros en la Real Academia de la His- toria (1833-1900)», Príncipe de Viana, 180 (1987), 193-226. orr.
YANGUAS Y MIRANDA, J., La contragerigonza o refutación jocososeria del Ensayo histórico-crítico sobre la legislación navarra compuesto por don José María Zuaznávar Francia Cavero Mogico y Mauleón…, Panzacola, 1833. Berred. Iruñea: Vianako Printzea Erakundea, 1966.
ZUAZNÁVAR FRANCIA, J. M., Ensayo histórico-crítico sobre la legislación de Navarra, Iru- ñea: Radaren alargunaren moldiztegia, 1820-1821, 2 libk. eta Donostia: Ignacio Ramón Barojaren moldiztegia, 1827-1829, 4 libk.





