Ibilbidea
Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, 1793 eta 1876 arteko garaia gorabehera askorekin hasi zen Araban ere: Antzinako Erregimenaren erorikoa, gerra eta iraultza, Konbentzio Gerrara (1793-1795) eraman zuena. Arabako Foru Aldundiak armada galiarrari aurre egiteko erresistentzia eraginkorra antolatu zuen, Prudencio Maria de Verastegui buru zela. Hari esker, frantsesek ez zu-ten Gasteizen sartzerik lortu 1795eko uztailera arte, hau da, gerra bukatu baina pixka bat lehenagora arte. Frantsesturen bat egon arren, Arabako elite ilustratuetan gerrak ez zuen Gipuzkoakoetan adinako Monarkiaren kontrako jarrerarik eragin. Hala eta guztiz ere, Valentin de Foronda ilustratu eta ekonomista gasteiztarrari frantsesen aldekoa izatea eta «Gipuzkoako bereizketa- rekin» ados egotea leporatu zioten. Horregatik espediente bat ireki zioten Inkisizioaren epaitegian (azkenean bertan behera geratu bazen ere). Nolanahi ere den, Gipuzkoako gertaerak erregeari sortu zion mesfidantzak eragina izan zuen Araban. Gerra bukatu ondoan, gobernuagintari gehiago bidali zituen bertara eta, horren ondorioz, Probintziaren eta Koroaren arteko ten- tsioak gora egin zuen. Testuinguru horretan gertatu zen 1802ko Modenesen matxinada. Euskal lurraldeen aduana egoeraren ondorioz (foru aduanak), geroz eta kontrabando gehiago zegoen, eta, horrekin bukatu eta Arabako merkataritzaren gaineko kontrolak areagotzeko, Carlos IV.aren eta Godoyren aginduak jarraituz, Juan de Modenes, Kantabriako Errenta ordezkariordea, etengabe aritu zen Arabako agintarien aurkako salaketak jartzen, herritarren gorrotoa piztu zen arte. Gorroto horrek haren kontrako altxamendua eragin zuen, eta etxea inguratu zioten, urka zezaten eskatzen zuten bitartean. Tokiko agintarien esku-hartzeari esker, ez zen kalte larririk izan, baina mo- narkiaren Gobernuak ahaldun nagusiaren boterea murrizteko baliatu zuen egoera: 1803an, hari errege ogasunarekin zerikusia zuen informaziorik ez emateko agindu zuen, eta, lehen aldiz, Arabara korrejidore bat bidaltzeko aukera aztertu zuen (Bizkaiak eta Gipuzkoak ez bezala, Arabak ez baitzuen halakorik, ahaldun nagusiak gobernu ordezkariaren lana egiten zuelako). Hori guztia Monarkiak salbuetsitako probintzien gaineko kontrol handiagoa izateari begirako kanpaina baten baitan egin zen. Probintzia horiek, gainerakoek ez bezala, euren Foruak mantendu zituzten XVIII. mende hasierako Ondorengotza Gerran Borboiei emandako babesagatik. Kanpaina horren osagarri, ofentsiba intelektual bat ere eraman zuten aurrera, eta haren baitan argitaratu zen Juan Antonio Llorenteren Noticia histórica de las tres Provincias Vascongadas (1806 y 1808).
Independentzia Gerra ez zen Antzinako Erregimenaren krisialdi politikoaren eragile bakarra izan, baina garrantzia handia izan zuen. Araba, gainerako euskal lurraldeak bezala, militarki okupatua izan zen, eta Gasteiz Gorte josefindar bilakatu zen 1808an. Montehermosoko Markesa, politikoki frantsestu izatera igaro zen euskal ilustratuetako bat, Gasteizen zuen jauregian hartu zuen Jose I.a, urte hartako irailean hirira iritsi zenean. Haren emaztea, Maria del Pilar Acedo y Sarria gipuzkoarra, bera ere Montehermosoko Markesa, errege berriaren maitalea izan zen. Familiak Jose I.arekin zuen harreman estuari esker, senarra Ganberako aitoren seme eta Espainiako Handiki izendatu zuten; gainera, bera izan zen, Arabako ordezkaria Baionako Batza- rrean, 1808ko ekainean. Yandiola eta Lardizabal Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariekin batera, eta Mariano Luis Urquijo bizkaitar frantsestu eragin handikoaren bitartekaritzari esker, Foruak indarrean mantentzea lortu zuten. Lehen aldiz, aurre egin behar izan zieten Foruek ikuspegi liberalari eta Monarkia osorako kode bakar gisa pentsatua zen arau juridikoari. Hala eta guz- tiz ere, azkenean indargabetu zituzten, frantsesek ordena politiko berri bat ezartzea erabaki zutelako. 1810ean bukatu zuten prozesua, hiru probintziak biltzen zituen Bizkaiko Gobernua sortu zutenean, Thouvenot jenerala buru. 1811. urtean, Gasteiz Gobernuaren hiriburu izendatu zuten (lehenago Donos- tia zen), eta 1810ean Donostian editatzen zen Gazeta de Oficio del Gobierno de Vizcaya prentsa-organo ofiziala ere bertara aldatu zuten. Horren aurretik ere, Gasteizen editatua izan zen prentsa frantsestuaren Gazeta de Vitoria egunkaria. Frantziar administrazioaren menpe, Araban —Gipuzkoan eta Bizkaian bezala— ordura arte ez bezalako aukerak eskaini zitzaizkion hiriko gizarte maila ertainari: botere lokal eta probintzialean sar zitezkeen (ordura arte Ordena foralak kanpo uzten zituen) eta ondare berriak sor zitezkeen, frantsesek 1808 eta 1810 artean desamortizatutako ondasunak erosita. Arabako kasuan, ehun anegatik gorako erosleak Gasteizko merkataritza korporaziokoak ziren.
Bizkaiko Gobernua ezartzen zen bitartean, Cadizko Gorteak sortu berri zuten subjektu juridikoaren adierazpena izanen zen Espainiako lehendabiziko Konstituzioa sortzeko lanetan murgildurik zeuden; nazio subiranoaren konstituzioa hain zuzen ere. Trifon Ortiz de Pinedok, gorte haietan zegoen Arabako ordezkariak, honakoak ohartarazi zituen «minez»: Konstituzio horrek «salbuetsitako probintziak ere barne hartzen ditu, eta, hortaz, baita bere eta bere Subiranoaren eskubideekin hain arduratsua den Araba ere»; «Arabako Konstituzioa errotik deuseztatzen du», eta, hortaz, Foruen erabat kontrakoa zela esan zuen. Foruak euskal lurraldeetako konstituzio berezitzat saltzen zituzten XVIII. mendeko foruzaleek eta euskal eliteek, hau da, ordena juridiko- politiko propiotzat; baina, guztiarekin ere, Arabako Batzar Nagusiak arazorik gabe sinatu zuen Cadizko konstituzioa 1812ko azaroan. Artziniegan elkarturik, batzorde horrek Miguel Ricardo de Alava ahaldun nagusi izendatu zuen, frantsesen aurkako borrokan gailendu zen jeneral gasteiztarra, eta Manuel de Arostegui Gorteetako ahaldun. Fernando VII.aren berrezartzearen ondoren, Alava jeneralari salaketak jarri zizkioten Arostegui Gorteetako diputatu izan zedin botereak faltsutzeagatik eta Arabako Aldundia Konstituzioaren zina egitera behartzeagatik.
Frantsesek euskal lurraldean jaso zuten Independentzia Gerrako porrota, Gasteizko guduan, 1813ko ekainaren 21ean. Bertan izan zen Alava jenerala eta Jose I.a erregeak orduantxe egin zuen Frantziara ihes —eta harekin batera bere maitale Montehermosoko Markes anderea ere, ondoko herrialdera erbesteraturik—. Cadizko Konstituzioa indarrean egon zen denbora tarte labur hartan, haren aldeko jarrera zabaldu zen Correo de Vitoria egunkariaren bitartez. Egunkaria 1813ko abenduaren eta 1814ko apirilaren artean argitaratu zen, eta bere orrialdeak baliatuz, «Konstituzioarekiko maitasuna» hedatzen saiatu ziren, haren edukia azalduz eta zekartzan askatasun berriak defendatuz. Arabako lehen liberalismoa hedabide horren baitan antolatzen hasi zen, besteak beste, Miguel Ricardo de Alava, Casimiro Javier Egaña, Jose M.ª Aldama, Pablo de Jerica, Manuel Gonzalez Campo edo Vicente Ventura Cigaran bezalakoen laguntzaz. Hirurteko Liberalean (1820-1823) garatu zen, eta erdigunea Gasteizen ezarri zuen.
1820ko urtarrilean Riego jeneralaren altxamenduak Cadizko Konstituzioa berrezarri ondoren, Arabako Batzorde Nagusiak haren testua zin egin zuen, berriro, inongo arazorik gabe —ez hala Gipuzkoakoak, ordurako, mesfidantza adierazi baitzuen—. Hala, erregimen liberala Probintziaren luze-zabalean ezarri zen, zenbait instituzio berriren babesean, esaterako, 1821eko maiatzean sortutako Milizia Nazionalarena, Pablo de Jerica buru zuena, edota 1821ean eraturiko Gasteizko Elkarte Abertzalea bezalako hainbat elkarte liberalena. Arabako hiriburuan nagusi zen joera liberalaren aurka, Probintziako barnealdean Gobernu Konstituzionalaren aurkako herri erresistentzia antolatu zen, apaiz antiliberalek sustatuta, hainbat talde armatu sortuz. Garrantzitsuena, 1821eko apirilean, tradiziozko ordena defendatzeko Agurainen sortu zena izan zen, matxinada Araba guztira, Gipuzkoara eta Bizkaira zabaltzen saiatu baitziren «gora erlijioa, gora Erregea eta zulora Konstituzioa» aldarriarekin.
Hirurteko Liberala bat-batean bukatu zen frantsesak berriro sartu zirenean. San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioa deitu zitzaion horri, eta Fernando VII.aren Monarkia absolutua berrezarri zuen. Horren atzetik iritsitako errepresio liberal bortitzak Arabako erdigune liberala ia osoki deuseztatu zuen, bere ordezkari nabarmenenak erbestera bidaliz. Kolpe horren ondoren, sekula ez zen berriro osatu, eta Arabako liberalismo aurrerakoia betirako ahul geratu zen. Errepresio horren buru zorrotza Valentin de Verastegui izan zen, Konben- tzio Gerrako heroiaren semea. Hainbat ardura kargu izan zituen bere bizitzan zehar: besteak beste, Araban osatu ziren batailoi errealistetako bat zuzendu zuen Hirurtekoan, Arabako Batzar Nagusiek diputatu teniente izendatu zuten 1823an eta ahaldun nagusi 1826an. Urte horietan, Monarkiaren menpeko gainerako lurraldeetan bezala, Araban Fernando VII.aren aurkako hainbat matxinada izan ziren. 1826tik aurrera Estatu absolutuaren erorikoa ekiditeko hartu zituen neurri erreformistak zirela-eta, sektore kontserbadoreenek libera- len eraginpean egotea leporatzen ziotelako. 1827ko irailean, Ullibarri Ganboa herri arabarrean, Arabako eta Gipuzkoako zenbait militar erretiratu matxinatu ziren, Lausagarreta teniente lizentziatua buru zutela, «gora Erregea, Erlijioa eta Inkisizioa» lemapean —malcontentsek Katalunian erabilitako bera—. 1829ko otsailean, konspirazio absolutista antolatu zen Gasteizen, hainbat mili- tar erretiratu eta apaizen gidaritzapean, Gipuzkoa eta Nafarroan «Gobernuarekin ados ez zeudenak» matxina zitezen saiatzeko, baina, harrapatu zituztenez, egitasmoa bertan behera geratu zen. Urte horietan, XVIII. mendetik zetozen tentsio sozioekonomikoek okerrera egin zuten, eta hala egin zuten ere mende horren bukaeran asaldaketak eragin zituzten tentsio politikoek. Era berean, gizarte bereizketak definitzen hasi ziren, eta 1833ko guda zibilean eztanda egin zuten, nagusiki Euskal Herrian. Gudan, alde batarekin edo bestearekin lerro- katzea ez zen garbi definitutako gizarte sektoreen arabera izan —askotan esan izan da alde batetik baserritarrak, elizgizonak eta jauntxoak izan zirela, eta, bestetik hiriko burgesia liberala—, baizik eta askoz modu konplexuagoan: al- daketa batere gustuko ez zuten sektoreak, nabarmenki antiliberalak eta elite erregezaleak ere barne hartzen zituztenak izan ziren alde batean; eta, bestean, Isabel II.a tronuan egonik euren interesak bermatuago zeudela uste zutenak, tartean elite transakzionistagoak edo argi eta garbi liberalak zirenak.
Verastegui euskal eliteek hogeita hamarreko hamarkadan erregezaletasun absolutistatik karlismora egindako jauziaren adibide garbia da. «Aldarea eta Tronua» «basati» liberalen aurrean defendatzeko beharrak armak hartzera eraman zuen, Hirurtekoan «gure Erlijio Santua sakrilegoki zapaldu dutelako, gure erregea bahitu eta gure Foruak eta askatasuna deuseztatu». Arabako Boluntario Erregezaleen buru zela, 1833ko urriaren 7an, agintean zegoen Ma- ria Kristina erreginaren Gobernuaren kontra altxatu zen eta gainerako arabarrei «gizatxar zital» liberal haren kontrako borrokara lotzeko deia luzatu zien, «Jainko santuarenganako gaitzespena, […] gure foruen eta pribilegioen indar- gabetzea, eta gure aberriaren askatasunen bahiketa» inposatu nahi zuelako, «hitz batez esateko, aldareen suntsiketa eta tronuen hondamena». Horren aurrean, Karlos jauna Errege izendatu zuen Gasteizen, hiriko udala desegin, mutil ezkongabe guztiekin armada bat osatzeko agindu, eta Iñigo Ortes de Velasco ahaldun nagusiak altxamendua legez kanpokotzat hartu eta ez zuenez bat egin nahi izan, Gobernu Batzarra osatu zuen, bera presidente zela, Gasteiz aginte karlistaren menpe utziz 1833ko urria eta azaroa artean. Sarsfielden armada kristinatarra azaroaren 21ean sartu zen hirian, eta Verasteguik erretiratu beste aukerarik ez zuen izan, bere soldaduak Zumalakarregiren esa- netara jarriz. Hala ere, 1834ko martxoan, karlistek Gasteiz inguratu zuten, 1833-1839ko guda zibilean Araban izandako gertakaririk esanguratsuena eraginez. Esparterok aurrera egin ahala, Zumalakarregik setioa bertan behera uztea erabaki zuen, baina Gasteiz mendean hartzen saiatzea oso garrantzi- tsua zelako ideia ez zuen baztertu, harik eta, 1835ean, Carlos erregeak Bilbo setiatzeko agindua eman zion arte. Gerra bitartean, Arabak beste bi aldiz zin egin behar izan zuen Konstituzio liberala: 1836an, Cadizko testu berritua, eta 1837an Konstituzio berria (1834ko Errege Estatutuarekin batera). Aldiro, arazo handirik gabe zin egin zuen, baina, 1837an, Arabako Aldundiak «betiere foruak kaltetu gabe» klausula gehituta onartu zuen (konstituziozaletasun liberalak eliteetan sortzen hasi zen mesfidantzaren erakusgarri).
Verastegui Arabako karlismoaren buru nabarmenena izan bazen —Arabako komandante jeneral izendatu zuten 1836an—, Iñigo Ortes de Velasco Probintzia honetako foruzaleen ordezkari nagusietakoa izan zen. Villafuer- tesko Kondearekin (Gipuzkoa), Pedro Pascual de Uhagonekin (Bizkaia) eta Jose Maria Vidarterekin (Nafarroa), Baionako Batzarreko kide izan zen. Zen- bait euskal handikik 1838an sortutako taldea zen, eta presidentea Vicente Gonzalez Arnao zen, Gobernuko ordezkaria. Haien helburua Jose Antonio Muñagorriren «Bakea eta Foruak» kanpaina babestea zen, foruzaletasuna karlismotik bereizteko urte hartako apirilean abian jarri zena. Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, Arabako foruzaletasuna gerra urte haietan gorpuztu zen —1834an argitaratu zen euren adierazpen sistematikoena: Observaciones so- bre la necesidad de reformar el régimen administrativo de las Provincias Vas- congadas—. Beren ordezkari ezagunena, eta euskal foruzaleen artean era- gin handiena izan zuena, Pedro de Egaña gasteiztarra izan zen. Itzal handiko legelarien familia aberats bateko kidea zen, eta Gorteetan Arabako ordez- kari izateko hautatu zuten 1839ko uztailean. Lehen Karlistaldiaren bukaeran agertu zen bizitza politikoan, eta 1839ko urriaren 25eko Legea onartzera eraman zuten eztabaidetan parte hartu zuen (Foruak berretsi zituen, «Monarkiaren batasun konstituzionalari kalte egin gabe», eta eraldatzeko gaita- suna Parlamentuari eman zion). Ordutik aurrera, euskal Probintzien ordez- karien burutzat hartua izan zen Madrilen, eta euskal herritarren interesen kudeatzaile nagusitzat Estatu Gobernuaren aurrean. Eragin handiko gortesaua bilakatu zen (Maria Kristina erregin-amaren laguna izan zen), espainiar liberalismo moderatuenari lotua, eta sutsuki defendatu zuen Foruak konstitu- zioaren barnean mantentzea; horretarako, behin baino gehiagotan egin behar izan zion aurre Manuel Sanchez Silva senatari aurrerakoi andaluziarrari, bera baitzen euskal-berezitasunaren kontra sutsuki aritu zen pertsonaiarik ospetsuena. Foruzaletasunarekin zuen konpromisoak hartaraturik, 1841ean Oc- tubrada izeneko altxamenduaren antolaketan parte hartu zuen, Esparteroren Gobernu progresistaren kontra.
Lehen Karlistaldia bukatu zenean, halaxe egin zuen Maria Kristinaren erregealdiak ere. Haren ordez, Espartero jeneralak hartu zuen agintea, 1840ko Udalen Lege polemikoak sortutako krisialdi politikoaren eraginez. Esparte- roren gobernu progresistak euskal foruzaleen mesfidantza piztu zuen, are gehiago, urriaren 25eko Legea jarraituz, Foruak aldatzeko proiektu bat egi- teko gobernu-komisio bat sortu zuenean. Agustin Fernandez de Gamboa arabarra komisio horretako kide izan zen. Egoerari aurre egiteko, Egañak, Iñigo Ortes de Velascok, orduko Arabako ahaldun nagusiak, eta beste foruzale batzuek Octubradarekin bat egin zuten. Esparteroren agintearen kontrako mugimendu horren atzean Maria Kristina eta moderatuak zeuden eta buruan zi- ren Narvaez eta O’Donnell jeneralak; azkena izan zen Iruñetik altxamenduari hasiera eman ziona. Urriaren 4an, Piquero jenerala altxatu zen Gasteizen, eta Arabako Foru Aldundiak, hura babesteko, minoiei armak hartzeko esan zien (Udalak, bestalde, parte hartzeari uko egin zion). Altxamenduak porrot egin zuenez, Pedro Egañak atzerrira ihes egin behar izan zuen, eta Parisen erbesteraturik egon zen agintea aldatu zen arte. Ondoren, bere ibilbide politikoarekin jarraitu zuen, eta, beste euskal politikari batzuk bezala, Estatu mailan aritu zen nagusiki (gobernu moderatuak indarrean zeudenean, bi aldiz izendatu zuten ministro).
Berrogeigarren hamarkadako lehen erdian, euskal foru erregimenek aldaketa txikiak izan zituzten. Aldaketok ez ziren Parlamentutik pasa, urriaren 25eko Legeak agindu bezala, baizik eta hainbat gobernu dekretutatik; besteak beste, 1841eko urriko Gasteizko Dekretutik, eta 1844ko uztailaren 4ko Pidal Dekretutik. Eragindako aldaketak, besteren artean, honakoak izan ziren: pase foralaren indargabetzea, aduanak kostara eta mugara eramatea, gobernadore zibilak sartzea, estatuko sistema judiziala ezartzea… Horrekin batera, baina, foru diputazioen boterea indartu zen, atribuzio berriak egin baitzitzaizkien (esaterako, 1845ean foru diputazioek udal finantzen kontrola eskuratu zuten). Edonola ere, foruzaletasunak bizirik jarraitu bazuen, foru- zaleek izan zuten gaitasun negoziatzaileari esker izan zen, eta Estatuaren agintea eskuratu zuten gobernu moderatu eta aurrerakoiek zuten egonkortasun beharrak ere lagungarria izan zen. Bereziki ongi moldatu ziren moderatuekin, biek ala biek gizarte katoliko porrokatua baitzuten helburu. Dena dela, 1852an, Arabako Batzar Nagusiek Foruak mantentzeko neurriak hartu behar izan zituzten, Juan Bravo Murilloren gobernuak urriaren 25eko Legearen arabera moldatzeko nahia agertu zuenean. Pedro Egañari eta Blas Lopezi, arabar foruzale ezaguna bera ere, Gobernuarekin elkar zitezen eskatu zieten, eta horretarako alegatu ospetsu bat idatzi zuten. 1870ean argitaratu zen Breves apuntes en defensa de las libertades vascongadas izenburupean, eta foruzaleen testurik garrantzitsuenetakoa bilakatu zen. Egoera beraren baitan argitaratu zen Mateo Benigno Moraza eta Ramon Ortiz de Zarateren Vindicación de los ataques a los Fueros de las Provincias Vascongadas (Madril, 1852). Foruak urriaren 25eko legeak markaturiko bidearen arabera moldatzeko saiakera bertan behera geratu zen hura bultzatu zuen gobernua erori zenean, eta ez zen 1876ra arte errepikatu: Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foruak, foru berri bihurturik, mendearen hirugarren herenera arte indarrean egotea lortu zuten.
Foruzaleek zabaldu zuten euskal berezitasunaren aldeko diskurtsoak biltzen zuen ideia nagusia honakoa zen: bazen historia eta kultura amankomun bat zuen Euskal Herri bat, eta bere identitatearen funtsa eta antzinako ondare sakratua Foruak ziren. Pedro Egaña 1864an izendatu zuten Arabako ahaldun nagusi, eta 1866ko azaroan, bertako Batzar Nagusiaren aurrean eman zuen diskurtsoan azaldu zuenez, «oroitzapenaren poesia da gure herrian da- goen politikarik larri eta garrantzitsuena. Euskal arrazarentzat, sentimendu eta fede handikoa baita, bere ohiturak aldi berean erlijio, historia eta armadura dira. […] euskal familia bizirik eta sasoiko dago […] bere ohitura patriarkalei eutsiz, bere askatasun legeak […]. Gurtza santu horiek babestu […] beharra dago». Politikari foruzale arabarrak Gipuzkoa eta Bizkaiarekin zituzten loturak estutzen saiatu ziren (Irurac Bat) eta noizbehinka baita Nafarroarekin zituztenak ere (Laurac Bat). Azken hori, batez ere, 1861 eta 1863 artean Arabako ahaldun nagusi izandako Ramon Ortiz de Zarateri esker (Gorteeta- koa 1858 eta 1882 artean), azkenerako, foruzale izatetik karlista izatera igaro bazen ere. Horretarako erabili zituzten tresnen artean, hiru euskal lurraldeentzat apezpikutza propioa eskatzea izan zen. Gasteizko Elizbarrutia 1862an ezarri zen, Ramon Ortiz de Zarate ahaldun nagusi zela.
Elizbarruti berriaren egoitza Gasteizen ezarri zen 1833az geroztik Arabako hiriburua zelako (Javier de Burgosen lurralde banaketarekin). Foru aduanak desagertzeak egoera larrian utzi zuen hiria, Probintziako merkataritza nukleo nagusia baitzen. Hiriburu administratiboa zela azpimarratzen zuen bitartean, bere ekonomia eraldatu behar izan zuen, hirugarren sektorerantz bideratuz —gainerako Arabako lurraldeetatik bereiziz, osoki nekazari izaten jarraitu baitzuten, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, mendearen biga- rren erdian industriagintzak ez baitzuen aurrera egin—. 1850ean Udalak Gas- teizko Aurrezki Kutxa sortu zuen, eta, 1864an, Ladislao Velasco buru zuen gasteiztar kapitalista talde batek Gasteizko Bankua. Hainbat hezkuntza eta kultur erakunde sortu ziren, Bigarren Hezkuntzako institutua (1841) adibidez; Irakasleen Eskola Normala (1847); Gasteizko Ateneoa (1866); Gasteizko Unibertsitate Librea (1869), Mateo Beningo Moraza foruzalea izan zen bertako lehen errektorea; La Exploradora elkarte geografikoa (1869), Manuel Ira- dierrek sortua; eta Cervantesen Akademia Espainiarra (1873), Fermin Herranena. Hiria hazi zen eta 1865ean hiri zabalgunea eraikitzeari ekin zion, nahiz eta 1888ra arte ez zen burutu. Berrogeigarren hamarkadatik aurrera, jarduera editorialak nabarmen egin zuen gora, hainbat kultura aldizkari eta aldizkako argitalpenekin: El Lirio (1845-1847), Revista Vascongada (1847-1848), El Por- venir Alavés (1863-1867), El Mentirón (1868-1869), etab. Horien artetik garrantzitsuena El Semanario Católico Vasco-Navarro izan zen, 1866 eta 1873 artean argitaratu zena. Vicente Manterolak sortu zuen, karlista gipuzkoar eta Gasteizko katedraleko kalonje magistralak.
1868ko irailean, iraultzak Estatu demokratikoa ekarri zion Espainiari, eta gizarte sektore kontserbatzaileenek aurka egin zioten. Erantzun hori bereziki gogorra izan zen Euskal Herrian, batez ere Elizaren aurkako legeengatik. 1839an garaitua izan zen karlismoak etekina atera zion aurkaritza horri, gobernu berria Espainia katolikoarentzat arriskutsua zela aldarrikatuz, eta, he- rritarren jainkozaletasun sakona baliatuz, babesa berreskuratu zuen Euskal Herrian, bertan, erlijioaren kontra egitea, Foruen kontra egitea zelako, irudi- teria kolektiboan banaezinak baitziren. Hala, 1872an lehertu zen Gerra Kar- listaren gune nagusia Euskal Herria izan zen.
Araban, 1870ean, Batzar Karlista klandestinoa eratu zen, matxinada armatua antolatzeko asmoz. Bertan izan zen Rodrigo Ignacio de Varona, Arabako karlisten buruzagi ospetsuenetakoa, 1871. urtean Gorteetako ordezkari hautatua Amurrioko barrutian. Talde gerrillariak sortu zituzten, eta zailtasun handirik gabe hasi ziren mugitzen. Hainbeste, non susmo txarra hartu zioten Francisco Maria de Mendieta buru zuen Aldundiak haien aurka izan zuen jarrera koldarrari, eta, horren eraginez, gobernadore zibilak miñoien taldea desegitea erabaki zuen. 1873. urte hasieran, iraultza herrialde guztira zabaldu zen, eta Varona izan zen karlistek Foru Aldundia ordezkatzeko sortutako Gerra Diputazioko buru. 1873ko abuztuan, aldarrikapen hau egin zuen: erakunde berriaren helburua «bere foruan berrezartzea zen, bertako herritarren zorionaren alde egiten zutelako, liberalismoaren dotrina pozoitsuek endekatu zituzten arte». Varonarekin batera, Arabako karlismoaren beste buruzagi esanguratsu batzuek ere herrialdean barrena altxamendua zabaltzen lagundu zuten. Guda zibila izanik, espero izatekoa da arabar gizartearen beste sektore bat aurrean izango zutela, eta hala izan zen, Ramon Ortes de Velasco foru ahaldun nagusi liberala buru.
Gerra bukatu zenean, Foruen gaineko eztabaida Gorteetara iritsi zen, hiru arrazoi nagusirengatik: ez zen Bergarakoaren antzeko konpromisorik lortu; Espainian, haienganako iritzi negatiboa zabaldu zen gerrak iraun bitartean; eta, euskal berezitasun fiskal eta militarrekin bukatzeko, Canovas del Castilloren Gobernuak izandako jarrera irmoa. Mateo Benigno de Moraza ordezkari arabarrak hitzaldi sutsuak eman zituen Gorteetan Foruen alde, eta bere Probintziaren oniritzia lortu zuen. Baina ez bere esfortzuak, eta ezta gainerako euskal diputatu eta ordezkarienak ere, ez ziren nahikoa izan 1876ko uztailaren 21eko Legea onartu ez zedin, eta Foruen funtsezko bi alderdi kimatuak izan ziren: fiskala eta militarra. Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuetan bezala, legea ezartzeko orduan erabilitako atzeratze estrategiaren ondorioz, Gober- nuak Arabako Aldundia desegin zuen. Dekretu bidez Aldundi berria izendatu zuten foruzale moldagarriekin. Arabako kasuan, diputatu foral ohi eta gobernadore zibila zen Benito Maria de Vivanco izan zen buru, eta hark negoziatu zuen kontzertu ekonomikoak zehaztu zituen foru ondoko agindua. 1878ko otsailaren 28an hasi zen, lehena onartuz, eta, ondoren, euskal probintzien autonomia fiskal eta administratiboa birformulatu eta bermatu zituen, eta garai berria ireki zuen Arabako historian.
Obrak
AGIRREAZKUENAGA, J. (koord.), Historia de Euskal Herria. Historia general de los vascos. Vol. IV: La crisis de la civilización de los vascos del Antiguo Régimen y estrategias de revolución liberal e industrial: 1789-1876, Donostia: Lur, 2004.
BAZÁN, I. (zuz.), De Túbal a Aitor. Historia de Vasconia, Madril: La Esfera de los Libros, 2002.
DE LA GRANJA, J. L., DE PABLO, S. eta RUBIO POBES, C., Breve historia de Euskadi. De los fueros a la autonomía, Madril: Debate, 2011.
MONTERO, M., La construcción del País Vasco contemporáneo, Donostia: Txertoa, 1993.
PORTILLO, J. M., Monarquía y gobierno provincial: poder y constitución en las provincias vascas (1760-1808), Madril: Centro de Estudios Políticos y Constitucionales, 1991.
RIVERA, A. (zuz.), Historia de Álava, Gasteiz: Nerea, 2003.
RUBIO POBES, C., Revolución y tradición. El País Vasco ante la Revolución liberal y la construcción del Estado español (1808-1868), Madril: Editorial Siglo XXI, 1996.
RUBIO POBES, C., «¿Qué fue del oasis foral? (Sobre el estallido de la II guerra carlista en el País Vasco)», Ayer, 38 (2000), 65-89. orr.
RUBIO POBES, C., La identidad vasca en el siglo XIX. Discurso y agentes sociales, Madril: Biblioteca Nueva, 2003.
RUBIO POBES, C., Pedro Egaña. Discursos y escritos, Bilbo: EHU PRESS, 2019.
RUBIO POBES, C. eta DE PABLO, S. (koord.), Los liberales. Fuerismo y liberalismo en el País Vasco (1808-1876), Vitoria-Gasteiz: Sancho el Sabio Fundazioa, 2002.
URQUIJO, M., Liberales y carlistas: revolución y fueros vascos en el preludio de la última guerra carlista, Bilbo: UPV/EHU, 1994.
Bibliografia
Testua gaztelaniaz
Agirreazkuenaga, J. (coord.), Historia de Euskal Herria. Historia general de los vascos. Vol. IV: La crisis de la civilización de los vascos del Antiguo Régimen y estrategias de revolución liberal e industrial: 1789-1876, San Sebastián: Lur, 2004.
Bazán, I. (dir.), De Túbal a Aitor. Historia de Vasconia, Madrid: La Esfera de los Libros, 2002.
De la Granja, J. L.; De Pablo, S., y Rubio Pobes, C., Breve historia de Euskadi. De los fueros a la autonomía, Madrid: Debate, 2011.
Montero, M., La construcción del País Vasco contemporáneo, San Sebastián: Txertoa, 1993.
Portillo, J. M., Monarquía y gobierno provincial: poder y constitución en las provincias vascas (1760-1808), Madrid: Centro de Estudios Políticos y Constitucionales, 1991.
Rivera, A. (dir.), Historia de Álava, Vitoria: Nerea, 2003.
Rubio Pobes, C., Revolución y tradición. El País Vasco ante la Revolución liberal y la construcción del Estado español (1808-1868), Madrid: Siglo XXI, 1996.
— «¿Qué fue del oasis foral? (Sobre el estallido de la II guerra carlista en el País Vasco)», Ayer, 38 (2000), pp. 65-89.
— La identidad vasca en el siglo xix. Discurso y agentes sociales, Madrid: Biblioteca Nueva, 2003.
— Pedro Egaña. Discursos y escritos, Bilbao: EHU PRESS, 2019.
Rubio Pobes, C., y De Pablo, S. (coords.), Los liberales. Fuerismo y liberalismo en el País Vasco (1808-1876), Vitoria-Gasteiz: Fundación Sancho el Sabio, 2002.
Urquijo, M., Liberales y carlistas: revolución y fueros vascos en el preludio de la última guerra carlista, Bilbao: Universidad del País Vasco, 1994.





