Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Gerrak eta iraultzak, hau da, bi faktore horiek definitu zuten Gipuzkoan, gainontzeko euskal lurraldeetan bezala, bai Antzinako Erregimenaren krisi- prozesua, bai garaikidetasunerantz jotzeko bidea. Horren bezpera Konbentzio gerra izan zen (1793-1795). Izan ere, Frantziako Iraultzak eragindako gerra hark 1808tik aurrera biziko ziren garai politiko nahasiak iragarri zituen. Karlos IV.ak osasun-hesia ezarri zuen Frantziako ideia iraultzaileak Espainian ez sartzeko. Hesi hura, ordea, ez zen eraginkorra izan, eta propagandak aldez edo moldez muga gainditu zuen. Ideia iraultzaileak funtsezko bi faktorek eraginik sartu ziren: batetik, euskal lurraldearen kokapen geografikoak (Gipuzkoako kokapena, bereziki; kostaldeduna eta mugakidea) eta, bestetik, euskal mugimendu ilustratu emankor bat izateak. Donostiako kafe eta tertulien arrimuan, adibidez, eztabaida biziak izaten ziren auza herrialdetik iristen ziren denetariko idazkiez. Donostian, gainera, frantses jatorriko merkatari kolonia eragintsua bizi zen. Horrela, Konbentzioko tropek hiria 1794ko abuztuaren 3an menderatu zutenean (Hondarribia eta Irun uztailaren 25ean erori ondoren), bazen iraultzaren aldekorik bizilagunen eta agintarien artean, bai eta probintziako beste toki batzuetan ere. Hala ere, indarkeria agertu, lapurretak, janari konfiskazioak eta suteak gertatu (abuztuaren 29an, frantsesek Eibar erre zuten), zergak igo eta udal ondasunak saldu behar izan ziren gerra-gastuei aurre egiteko, zor handia eraginda. Bada, horrek guztiak eragin negatibo sakona sortu zuen herritarrengan eta, ondorioz, jende gehienaren artean fran- tsesen kontrako arbuioa agertu eta probintzian barna ere zabaldu zen.

Giro hartan kokatu beharra dago «Gipuzkoaren bereizketa» deritzon gertakaria, hau da, Fernando de Etxabe Romero eta Joaquin Barroeta Aldamar ahaldun nagusiek Konbentzioaren ordezkariei eginiko proposamena Gipuz- koak Errepublika independentea eratu zezan, «1200. urtera arte izan zen bezala», Frantziako Errepublikari elkartua, eta erlijioa, Eliza eta Forua errespe- tatuta. Azkenean, haiek berek beren jarrera justifikatzeko adierazi zutenaren arabera, hura luzamendutan ibiltzeko estrategia hutsa izan zen denbora ira- bazteko. Frantsesek ere horrelaxe ulertu, proposamena errefusatu, probintzia «herrialde konkistatu» gisa izendatu, eta Etxabe eta Barroeta atxilotu zituzten. Koroaren gobernuak, ordea, traizioaren susmoa ikusi zuen haien jarreran eta, azken ikerlanek frogatu duten bezala, susmo hura euskal elite guztiengana zabaldu zen, Etxabe eta Berroeta elite gipuzkoar gutxi batzuen ordezkari izanik ere. Gertakari hura, ordea, garrantzitsua izan zen, agerian jarri bai-tzuen, batetik, itunaren aldeko arrazoibidea barneratua zela euskal eliteen artean (hamarkada batzuk lehenago mamitzen hasia), eta, bestetik, foru kultura hura errotua zegoela, eta agerian jarri ere, elite horien arteko tirabirak, denborarekin areagotuak. Gertakari hura jazo bitartean, frantsesek hartu gabe zeuden Gipuzkoako hemezortzi hiribilduen ordezkarien Batzar Nagusi berezi batek Probintziaren ordezkaritza legitimoa bere gain hartu, Espainiako Koroarekiko fideltasuna berretsi eta erresistentzia armatua antolatu zuen «Erregearen, Erlijioaren eta aberriaren» alde. Konbentzioko tropek aurrera egiten jarraitu eta, 1795eko uztailean, Bilbo eta Gasteiz hartu zituzten. Frantziako gobernuak, berriz, Gipuzkoa lurralde konkistatu gisa mantentzeko aukera aztertu zuen. Berandu bada ere, Espainiako Koroa negoziazioetan hasi eta, az- kenean, Frantziako Errepublika aitortu zuen, urte hartako uztailean Basileako Bakea sinatzearen ondorioz.

Gerra-kontseilu batek Etxabe eta Barroeta epaitu zituen 1798an, baina azkenean indultua eman zieten.

Gerrak ondorioak izan zituen epe luzera. Izan ere, herrien zorpetze larria eragin izanaren ondorioz, herri-lurrak saldu behar izan ziren, gizartean ere tirabirak sortuta. Horrez gain, gerrak euskal lurraldeen eta Koroaren Gober- nuaren arteko harremana nahasi zuen (Bizkaiko Zamakolada matxinadak be-zala). Handik gutxira, Godoyk eraso intelektualari ekitea erabaki zuen euskal lurraldeen foru berezitasunaren aurka, Juan Antonio Llorenteren, Jose Vargas Ponceren eta Historiako Akademiaren idazkiak baliatuta, Foruak erregearen emakida hutsak zirela frogatzeko eta, halakoak zirenez gero, ezabatu zitezkeela erakusteko. Erasoak Koroaren boterea euskal lurraldean handitzea izan zuen xede. Independentzia gerrak, ordea, ekinaldi hura eten zuen.

1808an, berriro baioneta frantsesek —harako hartan, Napoleonen arma- dakoek— beste gerra-abagune bat eragin zuten Euskal Herrian, aurrekoa baino are garrantzitsuagoa. Okupazioak, administrazio bonapartistaren ezar- penak eta gerrak, izan ere, zatiketa sakonak eragin zituzten Gipuzkoan eta Euskal Herri guztian, bai gizartean, bai eliteen artean (eliteetan sektore fran- tsestu bat nabarmendu zen, Mariano Luis Urkijo eta Jose Mazarredo bilbota- rrek gidaturik), bai apezen artean, bai eta herri xehearen artean ere. Euskal apez gehienek frantsesen aurkako kanpaina gartsuari heldu zioten pulpitu- tik, ondoko hamarkadetan nabarmenduko zen jarrera antiliberala abiarazita, eta apez batzuek armak eskuan jo zuten inbaditzailearen aurka. Apez horiek bultzaturik, gerrillari taldeak osatu ziren. Gerrillariak bidez bide ibili ziren frantses dibisioen atzeguardiei eraso eginda eta haien tropen arteko komunikazioak eragotzita. Gaspar Jauregi gipuzkoarraren taldea nabarmendu zen, 1810eko uztailean osatua; hantxe aritu zen, konparaziora, Tomas Zumalakarregi, orduan gaztea.

1808ko maiatzean, Baionako Batzarrerako deia egin zen eta, geroago, Na- poleonek Batzar hartan Espainia gobernatzeko bere Estatutua aurkeztu zuen. Ekaineko Batzar Nagusietan, Gipuzkoako probintziak Jose Maria Lardizabal ordezkari izendatu eta Foruak bere osoan kontserbatzeko eskaera egiteko enkargu berezia egin zion. Gero, ordea, ikusi zuten Estatutuaren proiektu hura Estatu osorako funtsezko lege bakartzat pentsatua zela eta Foruak espresuki indargabetzeko artikulu bat zekarrela. Orduan, Lardizabalek berak, Mon- tehermosoko markesarekin (arabarra) eta Jose Maria de Yandiola bizkaitarrarekin batera, presioa egin zuen Estatutua atzera botatzeko. Azkenean, Urkixok bitartekaritza erabakigarria eginik, helburua lortu zuten eta Estatutuak hauxe xedatu zuen: «Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako probintzietako Foru bereziak lehenbiziko Gorteetan aztertuko dira, haien eta nazioaren intereserako komenigarritzat jotzen dena erabakitzeko». Gorte horiek ez ziren inoiz bildu, eta gerrak Estatutuaren aplikazioa eragotzi zuen. Espe- rientzia horretan, ordea, foralitatearen aldeko argudio-ildo garrantzitsuenak zehaztu ziren, euskal eliteek handik aurrera erabiliak eta foruzaletasunaren diskurtsoa taxutu zutenak. Azken buruan, eliteek esaten zuten foruak probin- tziako konstituzioa bezalakoak zirela, eredugarriak Estatuan ziren gainerako lurraldeetarako; gainera, hiru lurraldeen berezitasuna berresten zuten, tratamendu politiko berezia ere aldarrikatuta; horrez gain, haien argudioekin bat, Foruak eta Monarkia osorako konstituzioa bateragarriak ziren, eta, are gehiago, Foruetan aldaketaren bat onartzea posible zela eman zuten aditzera. Abagune hartan, halaber, foruzaleek etorkizunean erabiliko zuten argudio bat hasi zen taxutzen foru erregimenaren kontserbazioaz, hots, hura «herrialdea- ren barne administraziorako» sistema zela. Ideia hori, ordea, frantsesei zor zi- tzaien, Verdier jeneralari, hain zuzen. Hasieran, Jose Bonapartek foru erregimena formalki errespetatu bazuen ere, pixkanaka edukiz husten joan zen eta, 1810eko otsailaren 8an, Napoleonen Dekretu inperial batek Ebroz iparraldeko Probintzia hispaniarrak Josefen administraziotik bereizi eta zuzenean Frantziaren mendean jarri zituen. Horrela, Bizkaiko Gobernua sortu zen, hiru Probintzia Baskongadoak barnebildurik. Gobernua Thouvenot jeneralari eman zitzaion, eta foruak de facto ezabatu ziren.

1810eko urte hartan, Cadizen Gorteak ireki ziren eta, 1812ko martxoan, Espainiako lehen Konstituzioa onartu zuten. Cadizko Konstituzioa, beraz, abagune hartan sortutako subjektu politiko berriaren (nazio espainiarra) subiranotasunaren adierazpidea izan zen eta ez zekarren Foruak espresuki indargabetzeko artikulurik. Konstituzioak, ordea, aduanak kostaldera eta mugara eraman, gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri (zeharkakoa) eta ez zuen inolako salbuespenik aitortzen espainiarren betebehar fiskaletan eta militarretan. Gipuzkoako Batzar Nagusia 1813ko uztailean bildu zen Deban (Bizkaikoa eta Arabakoa baino hainbat hilabete geroago) Konstituzioaren zina egiteko. Bada, zina egitearekin batera adierazi zuen (lehenago, Bizkaikoak adierazi bezala) Konstituzioa erabat zela bateragarria Gipuzkoako Foruarekin, «pare- kotasun estua» zutelako eta «bereziki elkar osagarriak» zirelako. Horra beraz nola taxutu zen foruzaletasunaren funtsezko ideia: foru erregimena ezin hobeki dagoela txertaturik antolamendu konstituzionalean, biei esentzia liberal berdina darielako. Nahiz eta ideologia horrek hainbat urte behar izan zituen erabat ontzeko, haren ondorioz Foruaren gaineko interpretazio lerro bat hasi zen 1812an —XVIII. mendean aurrekariak izan zituena (Manuel de Agirre)—: hots, foruak mendetako eta antzinako askatasunak ziren, lurralde baskongado txikian mirariz kontserbatuak, Antzinako Erregimenaren logikatik erauzita.

Frantsesek euskal lurraldean galdutako azken gudua Irunen gertatu zen 1813ko abuztuaren 31n (San Martzialgo gudua), noiz eta Wellingtonen tropa- ingeles-portugaldarrek Donostia erraustu zuten egun berean —bostetik gora urtez militarki okupatua, iduriz erresistentzia handirik egin gabe—. Bada, behin frantsesak menderatu eta kanporatu ondoren, Fernando VII.aren be- rrezarpen absolutista gertatu zen 1814ko martxoaren eta maiatzaren artean, lehen esperientzia konstituzional labur eta badaezpadakoari amaiera emanda: beraz, ez zen behar adinako denborarik izan ordena liberal berria Gipuzkoako lurraldean ezartzeko. Ondoko urteetan, Fernando VII.a aldaketak egi- ten saiatu zen foru antolamenduan, euskal lurraldeak zergen arloan hobeki kontrolatzeko bidea izateko. Probintzia Baskongadek saiakerei erantzun eta foralitatearen aldeko kanpaina egin zen, Jose Agustin Ibañez de la Renteriaren edo Pedro Novia de Salcedoren lumen bitartez. Biek ere Foruak erregetza- antolamendu tradizionalaren kontserbazioarekin lotu zituzten; hortaz, Foruen aldeko argudioak garaian garaiko premia eta egoeretara egokitzen ziren.

1820ko martxoan, ordea, saiakera konstituzional berria abiatu zen, hots, Hirurteko Liberala, Cadizko Konstituzioa berrezarrita. Foruek, beraz, berriz ere harekin egin zuten topo. Harako hartan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek 1813ko argudio berberak erabili zituzten Foruaren muin liberala azpimarratzeko, baina orduan jada ez zuten bateragarritasun ezin hobe hura ikusi Konstituzioarekiko. Izan ere, erregimen konstituzionala ezartzeko xedapenen aitortza «birtuala» egin zuten, baina xedapenak erabat direnez Gipuz- koako foru sistemaren aurkakoak, haien aplikazioa honela ulertu behar da: «es y debe entenderse bajo la reserva de recurrir a la superioridad, elevando las correspondientes súplicas fundadas en el derecho que tiene la provincia de que se le guarden sus Fueros». Abagune hartan, behar besteko denbora izan zen erregimen liberala egiazki ezartzeko; horrek foru antolamenduaren deuseztapena ekarri zuen berekin, nahiz eta ez zen bere osoan indargabetu. Aduanak kostaldera eta mugara eraman ziren (hura oso onuragarria izan zen Donostiako merkataritzarako), Baskongadak eta Nafarroa banaketa fis- kaletan sartu ziren, haietan justiziaren administrazio orokorra aplikatu zen eta lurraldeak ere derrigorrezko soldadutzan sarrarazi zituzten. Gainera, erresuma 52 probintziatan banatu zen (1822), Gipuzkoako hiriburutza Donostian ezarrita, ordura arte hiriburu ibiltaria izan baitzuen Tolosa, Azpeitia, Azkoitia eta Donostia artean. Hiria berreraikia zegoen, bizilagun esan- guratsu gutxi batzuen jarrera saiatuari esker. Hiriburutza hori, dena den, 1822ko lurralde-banaketa bezala, laburra izan zen, eta 1854ra arte ez zen Donostia behin betiko bihurtu Gipuzkoako hiriburu. Hark guztiak hainbat erantzun eragin zituen gizartean eta jarrera politikoak ere argitu ziren. Ho- rrela, kultura ilustratuan hezitako gizon batzuek mugak markatu zituzten, Foruen aldeko beren jarrera zehaztuta. Gizon haiek zain eta adi egon ziren lehen liberalismoa sartu zenean eta, are gehiago, karguak ere bete zituzten Hirurtekoan ezarritako erakundeetan. Horietako bat Jose Manuel Zabala izan zen, Villafuertesko kondea, urte haietan Gipuzkoako buru politikoa izanikoa. Hirurtekoaren ibilbidea 1823ko urrian bukatu zen, Fernando VII.a errege absolutu gisa berrezarriz. Orduan irekitako Hamarkada Doilorraren hasieran jazarpen politikoa zabaldu zen, liberalismoaren aldekoa izateaz susmatzen zen jende oro soka motzean lotzeko.

Gipuzkoako lehen liberalismoa XIX. mendearen hasieran egituratu zen Collado familiaren Donostiako tertuliaren inguruan eta Ignacio Ramon Barojaren inprimategiaren arrimuan. Gero, Hirurtekoko urteetan, La Balandra ter- tuliaren edo El Liberal Guipuzcoano kazetaritza-enpresaren inguruan (1820 eta 1823 artean argitaratua). Gizon andana bat aritu zen, haien artean, Joa- quín Calbetón, Eustasio Amilibia, Joaquin M.ª Ferrer, Claudio Anton de Luzuriaga, Fermin Lasala Urbieta, Joaquin Mendizabal, Jose Antonio Fernandez Garaialde, Miguel Antonio Zumalakarregi (karlisten jenerala izango zenaren anaia), etab. Donostian liberal gipuzkoarren lehen belaunaldiaren gunerik garrantzitsuena bildu zen; haien artean asko merkatariak eta abokatuak ziren. Belaunaldi hura oso kritikoa izan zen Foruekin, bai eta Foruek haien karrera politikoan eta hiriko merkataritza garatzeko jartzen zituzten oztopoekin ere. Donostiako Udala aritu zen bozemaile eta Probintziari egin zion aurre, Foruen aldaketa bat defendituz, traba haiek guztiak amaitzeko aukera izateko. 1831ko Batzar Nagusietan idazki bat aurkeztu zuen, hiriko Merkataritza Batzordearekin batera, bertako merkataritza eta industria «espainoltzeko» desioa agertuta, bi jarduera horiek Estatuko gainerako lurraldeetan zuten bal- dintza berdinetan kokatze aldera —hau da, aduanak kostaldera eramanda—, nola halako mehatxu bat erantsita: «zilegi zaigu eta derrigorrezkoa ere gure osasuna beste alde batean bilatzea: foru sisteman babesa falta zaigu». Mehatxua berriz ere jaso zen hurrengo urtean plazaratutako foileto ezagun eta ez- tabaidagarri batean. Honatx izenburua: Memoria justificativa de lo que tiene expuesto y pedido la ciudad de San Sebastián para el fomento de la industria y comercio de Guipúzcoa. Foiletoari panfleto anonimo batek eman zion erantzuna: Un carnaval de San Sebastián y un consejo a los vascongados.

Enfrentamenduak oso une larrian jo zuen goia, hots, Fernando VII.aren heriotzaren ondo-ondoan eta Lehen Karlistaldia piztu zenean. 1833ko urriaren 2an, altxamendu karlista hasi zen Bizkaian, Valdespinako markesak gi- datua. Gipuzkoan, Oñati eta Azkoitia izan ziren lehenak Don Karlosen alde matxinatzen. Gipuzkoako Aldundiak, aldiz, Ignacio Sabas de Balzola buru zelarik, Isabel II.ari agertu zion atxikimendua, bai eta Donostiako hiriak ere. Matxinada berehala zabaldu zen probintzian barna, eta herritarrek bando ba- tekin edo bestearekin bat egin behar izan zuten. Sektore antiliberal guztiak karlisten alde jarri ziren. Deus aldatu gabe eutsi nahi zioten ordena tradizionalari, hau da, foru-antolamenduari, Antzinako Erregimenaren Erregetzari eta Elizaren botereari. Aldarearen eta Tronuaren defentsa izan zuten aldarri. Gipuzkoak euskal karlistarik ospetsuena eman zuen, Tomas Zumalakarregi jenerala, gerrilla karlistak eraldatzea lortu baitzuen armada eraginkorra osatzeko. Armada hark euskal lurraldearen gehiengoa kontrolatzea lortu zuen denbora laburrean. Jenerala, ordea, 1835eko ekainean hil zen, eta, horrez gain, karlistek Bilbon ezarritako setioak huts egin izanaren ondorioz, gerraren norabidea errotik aldatu, karlisten arteko zatiketak gertatu eta gerra galdu zuten.

Gerra giro hartan, goia jo zuen Donostiaren eta probintziako erakundeetan nagusi ziren eliteen arteko enfrentamenduak, Errege Estatutua 1834an alarrikatu izanaren harira. Estatutu hura, izan ere, inflexio-puntua zen, Antzi- nako Erregimeneko Erregetza moldea kentzeko eta, haren ordez, erregimen liberal ordezkagarria ezartzeko. Gipuzkoako Batzar Nagusiak Estatuturen zina egitea erabaki zuen Foruei kalte egin gabe. Erabakiak Donostia sumindu zuen, Foruen zina ez egiteko enkargu espresarekin bidali baitzituen hiriak bere prokuradoreak, Batzarrak Estatutua bere osoan onartu ezean —hau da, erresumaren lege orokorra Foruaren gainetik zegoela onartzea zen—. Proku- radore donostiarrek, Pasaiakoekin batera, bileratik alde egin zuten, eta era- baki horrek Donostiaren eta Probintziaren arteko haustura ekarri zuen behin betiko. Hiriak, izan ere, hamahiru urtean ez zion men egin Probintziari, Ba- tzar Nagusietako ezein bileratara joan gabe. Jarrera matxino horri esker, Gi- puzkoako liberalismoak protagonismo politiko handia hartu zuen mende har- tako 30eko eta 40ko hamarkadetan. Urte haietan, izan ere, Donostiak arau konstituzionalaren arabera izendatu zuen bere udala eta zuzenean izan zuen harremana Madrilekin, Probintzia bazter utzita eta bere ordezkariak bidalita; halaber, foru erregimena gogor kritikatu, 1837ko Konstituzioa txalotu, eta berritasun konstituzional oro aplikatu zuen prestasunez, antolamendu politikoa ordezkagarriagoa egiteko eta jauntxoei erakundeen kontrola kentzeko. Gor- teetarako diputatuak hautatzeari buruzko 1836ko maiatzeko Dekretuak hiria- ren mendean utzi zuen probintziako hauteskunde-batzordea, eta, horri esker, Gipuzkoan ildo liberal aurrerazalea izan zen nagusi 1840ra arte. Bizkaian eta Araban, berriz, hauteskunde orokorrak hautagaitza foruzaleek irabazten zituzten.

1834an, halaber, funtsezko idazki bat argitaratu zen: Observaciones sobre la necesidad de reformar el régimen administrativo de las Provincias Vascongadas. Hura foruzaletasunaren lehen adierazpen ondu eta sistematikoa izan zen, Isabelen erreginaldian Euskal Herrian nagusi izaniko ideologiarena, hain zuzen. Doktrina horrek Foruak ordena konstituzional liberalaren barnean man- tentzea defenditu zuen, erabat bateragarriak zirela adierazita, eta bestelako argudioak ere eman ziren Foruen alde: lurraldea administratzeko sistema era- ginkorra zirela, lurraldearen oparotasunerako eta bakerako bermea eta euskal herriaren nortasunaren adierazpidea. Horrekin batera, Estatu eredu jakin baten alde egin zuten, ikuskera unitaristen eta zentralisten aurkakoa, egoera juridiko mota asko barnebiltzeko modukoa, hartan euskal Foruak txertatze aldera. Proposamen politiko hura tradizioaren eta iraultzaren arteko erdibidea zela esanez, gizarte ideal berbera partekatu zuten Espainiako gainerako moderatuekin, printzipio hierarkikoetan eta ordenan oinarritua, bai eta klase-interes berberetan ere. Ildo horrek Gipuzkoan izaniko ordezkari nabarmenen artean, Villafuertesko kondea, Valentin Olano edo Ascensio Ignacio Altuna aipatu behar dira. Foruzaletasunak Bakea eta Foruak kanpaina eragin zuen, 1838ko apirilean abian jarria, Gobernuak bermatua, eta Jose Antonio Muñagorri eskribau gipuzkoarrak gidatua, kausa forala bando karlistatik bereizteko. Ziurtatu zuten Isabelen Gobernuak Foruak bermatuko zituela, bakea lortzen bazen (foruek gero eta pisu handiagoa izan zuten gerran, harik eta gerraren bukaeraren ardatz nagusia izan arte). Euskal lurraldeko gerra Bergarako Hitzarmena sinatuz bukatu zen, 1839ko abuztuaren 31n. Hitzarmenarekin bat, Esparterok «Foruak aitortzeko edo aldatzeko» proposamena Gorteetara eramateko konpromisoa hartu zuen.

Gerra garaian, matxinada militar bat gertatu zen Espainian (La Granjako gertakariak), Estatutuaren erregimenaren mugen inguruan liberalek zu- ten haserrearen erakusgarri. 1836ko abuztuan, Cadizko Konstituzioa berrezarri zen —Gipuzkoako Batzar Nagusiek berriro arazorik gabe haren zina egin zuten— eta, urte hartako urrian, Gorteak bildu, eta aipatu Konstituzioaren erreforma aztertu zuten, horretarako batzorde bat osatuta. Joaquin M.ª de Ferrer aurrerazale gipuzkoarra izan zen batzordekide. Gorte horiek Konstitu- zio berri bat ondu zuten, 1837koa, Cadizko testuaren eta Errege Estatutuaren arteko erdibidetzat joa. Artikulu batek hauxe xedatu zuen: «Kode berberak izango dira arau monarkia osoan, eta haietan Foru bat baizik ez da ezarriko espainiar guztientzat epaiketa komun, zibil eta kriminaletan». Hori zela eta, Gipuzkoako Aldundiak uko egin zion Konstituzioa zin egiteari, honakoa argudiatuta: «Hein handian Foru Konstituzioa funtsean aldatuko zuelako, eta probintziako biztanleei huraxe kontserbatzeko hitza eman zaie Erregearen izenean». Ukoa ikusirik, Bizkaiko Batzarrak ere adierazia (ez, ordea, Arabakoak), Gobernuak Aldundia ezabatu (Bizkaiko eta Arabako Aldundiak bezala) eta, haren ordez, diputazio probintzial bat ezarri zuen, arau konstituzionalarekin bat. 1837ko irailaren 16ko Legeak, neurri hori jasotzeaz gain, aduanak kostaldera eta mugara eraman, eta lehen auzialdiko epaitegiak ezartzea agindu zuen.

Testuinguru hartan, Bergarako Hitzarmena sinatu ondoren, Gorteetan Foruei buruzko eztabaida gertatu eta 1839ko urriaren 25eko Legea aldarrikatu zen, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako Foruak berretsita, «Monarkiaren batasun konstituzionalari kalte egin gabe». Foruak, gainera, Parlamentura bidali ziren, aldaketak egin zitzan, aipatu probintziei entzun eta gero. Bestelako irakurketak izan baziren ere, Lorenzo Arrazola Grazia eta Justiziako ministroak Estatuaren batasun konstituzionalaz egindako inter- pretazioa nagusitu zen, hots, bazen lotura monarkiko partekatu bat eta bazen Parlamentu komun bat, baina ez besterik. Lege horrek foralitatea ordena konstituzionalean txertatu zuen, foralitateari legitimitate-iturri berria emanda. Handik aurrera, foruzaleek lege hura etengabe aldarrikatu eta ontzat jo zuten. 1839ko azaroaren 16ko Dekretua eman zen legea garatzeko. De- kretuaren bidez, Foru Batzarrak eta Aldundiak berrezarri ziren; hori bai, Probintziako Diputazioak ere indarrean mantenduta, baina hauteskunde arloko eskumenekin bakarrik: horrela, sistema misto eta oso berezia eratu zen administrazio probintzialerako.

Probintzia Baskongadoek, trebetasun handiz eta baturik jokatuz, sine die luzatu zuten Foruak aldatzeari buruzko negoziazioa, hots, urriaren 25eko Legean aurreikusitakoa —Nafarroak, betiere, negoziaziori heldu zion 1841ean, eta bertako Diputazio probintzialak abuztuaren 16ko Legea sinatu zuen, lege itundua, erresuma zaharreko Foruei amaiera emanda—. Izan zen, hala ere, une bereziki korapilatsurik, 1841ean gertatutako hura bezalakoa. Urrian, adibidez, Esparteroren gobernuaren aurkako altxamendua gertatu zen, euskal foruzale nabarmenek parte hartuta —berriz ere agerian gelditu zen Donostiaren eta Gipuzkoako Probintziaren arteko zatiketa, hiria Esparteroren alde agertu baitzen—. Gobernuak, orduan, Foruak aldebakartasunez moldatzeari ekin zion: horrela, Gasteizko Dekretuak, 1841eko urriaren 24koak, foru erregimena aldatu zuen, sistema judizial orokorra ezarrita, eta aduanak kostaldera eta mugara eramanda; neurri horiek ez zuten atzera egiterik izango. 1852an, 1845eko Konstituzio moderatuak ezarritako erregimen konstituzional berri baten pean, Bravo Murilloren gobernu kontserbadorea foru moldaketa hura gauzatzen saiatu zen, urriaren 25eko Legean xedatutakoari jarraikiz. Arrakastarik gabe, ordea: hura egiten saiatu zen azken aldia izan baitzen. Izan ere, hala moderatuek nola aurrerazaleek foralitatean jarri zuten konfiantza euskal lurraldeak administratzeko; hori bai, pixkanaka punturik eztabaidagarrienak eraldatuta eta leunduta. Hura ez zen oztopo izan Gipuzkoan berritasunak sartzeko (bai eta Bizkaian eta Araban ere), hala nola Guardia Zibila, 1844ko maiatzean sortua, edota udalei buruzko 1845eko legea —1847tik aurrera Gipuzkoan aplikatua—, baina etengabea izan zen lurralde haietarako salbuespen-printzipioa, Estatuko arau oroko- rren aplikazioari dagokionez horrela egin baitzen lege batzuekin, haien artean daude desamortizazioari buruzkoa (1855eko maiatza), estatistikari buruzkoa (1857ko maiatza) edota instrukzio publikoari buruzkoa (Moyano Legea, 1857ko iraila).

Foralitatea ordena konstituzionalean txertatzearen ondorioz eta hura pixkanaka eraldatzeari esker (aduanen lekualdaketa, pase foralaren amaiera, justizia-sistema orokorra…), Foruen inguruan adostasun berriak sortu ziren Gi- puzkoan. Donostiako aurrerazaleek, hots, berrogeiko hamarkadan El Liberal Guipuzcoano egunkariaren bidez mintzatzen zirenek, kontrako jarrera bazter utzi eta, 1847an, Donostiako hiriak Batzar Nagusietara itzultzea erabaki zuen. Erakunde horrek 1852an ezabatu zuen abokatuak Batzarretan prokuradore izateko foru debekua. 1854an, gainera, Foru Aldundia hautatzeko erregela- mendua berritu zen, boterean parte hartzeko aukera handiagoa emanda klase ertainei (Bizkaian eta Araban antzeko erreformak ere egin ziren). Gipuzkoako liberalismoak foru erregimena kritikatzeari uztearekin bat, haren baitan biraketa kontserbadorea gertatu zen. Horrela, gizartean Foruen inguruko adostasuna sortu zen eta, foruzaletasunaren diskurtsoak esaten zuen bezala, Foruak ordurako euskal identitatearen erreferente nagusiak ziren (erlijio katolikoare- kin batera). Foruei, hain zuzen ere, ereserki ezagun bat eskaini zien Jose Maria Iparragirre bardo gipuzkoarrak 1851n; Gernikako Arbola. Kantu hura, azkenean, erabateko ikur euskaltzalea izatera iritsi zen.

Seiurteko Demokratikoaren aro nahasiaren etorrerak (1868-1874) oasi foral bare hura inarrosi zuen. Euskal gizarteko sektore zabal batek eraso onartezintzat jo baitzuen aro hartan laikotasunaren alde eta elizaren aurka onetsitako lege oro (kultu-askatasuna, irakaskuntza-askatasuna, eliz foruaren ezabaketa, 1837 ondoren sortutako ordena erlijiosoen ezabaketa, Jesusen Lagundiaren kanporaketa, ezkontza zibila…), baita Amadeo Savoiakoa Espainiako errege izendatu izana ere, Aita Santuaren botereari aurre egindako dinastiako kidea baitzen. Karlismoak, urte haietan suspertua, haserre hori bere alde baliatu eta erlijio-arazoa foru-arazoari estuki lotua zegoela aldarrikatu zuen. Hau da, «Jaungoikoa eta Foruak; baina Jaungoikoa oroz gain» defenditu behar ziren, Gipuzkoako alderdi karlistako 1869ko urtarrilaren 4ko hauteskunde-manifestuak adierazi bezala. Karlismoak kanpainari ekin zion bai iraultzaren aurka, bai euskal lurraldean iraultza defenda- tzen zutenen aurka ere, jendea Don Karlosen edo petrolioaren artean hautua egitera premiatuta. Don Carlos o el petróleo, izan ere, Vicente Manterolaren foileto ezagun baten izenburua da, 1871n argitaratua—. Urte hartako politikagintza konplexuagoa egin bazen ere (anitzagoa, demokratak, errepublikanoak eta neokatolikoak agertu baitziren), karlismoa indartu eta bozetan garaile atera zen: 1869ko hauteskundeetan, karlistek Gipuzkoako lau dipu- tatuak lortu zituzten, —liberal donostiarrik garrantzitsuenak, Fermin Lasala Colladok, hauteskundeetan ez aurkeztea erabaki zuen, liberalen egitaraua erradikalegia zela iritzita—.

Baina karlismoak handik gutxira hartu zituen armak. 1870eko udan, izan ere, karlistek lehen saiakera egin zuten armak eskuan matxinatzeko (Escodada). Gipuzkoan, ordea, saialdiak oihartzun apalagoa izan zuen Bizkaian eta Araban baino. 1872ko udaberrian lehen matxinada orokorra gertatu zen. Karlistek, ordea, sekulako porrota izan zuten Orokietan tropa liberalen aurka eta, ondorioz, Karlos VII.a erregegaia Frantziara joan zen ihesi. Amorebietako Hitzarmenak (1872ko maiatzaren 24a) matxinatuei indultua eman zien, baina urte hartako bertako abenduan behin betiko altxamendua gertatu zen. Bada, bi hilabetean, hau da, Amadeo Savoiakoak abdikatu eta I. Errepublika 1873ko otsailean aldarrikatu zen bitartean, altxamendua zabaldu eta karlistek agudo hartu zuten kasik Gipuzkoa osoa, ia-ia Estatu txiki bat eratuta (dirua eta guzti egin zuten). 1874an, karlistek Donostia —1864ko Cortazar zabalgunearen ondorioz, harresiak eraitsiak zituena—, Irun, Hernani eta Getaria setiatu eta bonbardatu zituzten. 1876ko hasieran, ordea, armada liberalak egoerari buelta eman eta, urte hartako otsailean, Donostiako setioa altxatu zen. 1876ko otsailean ere, tropa liberalek Lizarra hartu eta, hil horren 28an, Karlos VII.ak Frantziako muga gurutzatu zuen.

Gerra garaian, euskal Foruen aurkako oso uste txarra osatuz joan zen Espainiako iritzi publikoan, gerraren erantzule zirela leporatuta. Antonio Canovas del Castillo Alderdi Kontserbadoreko buru, Berrezarkuntza sistemaren egile eta, 1874ko abenduaz geroztik, gobernuko presidentea zena, giro hartaz baliatu zen 1839ko urriaren 25eko Legean xedatutako moldaketari ekiteko eta Estatuaren batasun konstituzionala osatzeko; haren aburuz, hori lortuko bazen, espainiar guztiei eskubide eta betebehar berdinak eman behar zitzaizkien. Nahiz eta Baskongadetan kanpaina handia egin zen Foruen alde, bai prentsaren bidez, bai Gorteetako diskurtso gartsuen bidez, uztailaren 21ean onetsitako Foru Legeak derrigorrezko soldadutza zabaldu zuen Euskal Herrira, bai eta tributu-sistema orokorra ere. Legeak ez zituen Foruak berez indargabetu, baina kolpe latza eman zien: Foru Aldundiek (foruzaletasun zorrotz eta maximalistaren mendean) legea «indargabetzailetzat» jo zuten, «Probintzia Baskongadei inposatutako zigor-legea» eta ez zuten aplikatu nahi izan. Gipuzkoako Aldundia 1877ko azaroan ezabatu zuten, ez baitzuen aplikatu nahi izan urte hartako azaroaren 13ko Dekretua, hots, Baskongadek estatuko ogasunari ordaindu beharreko kupoa ezarri zuena. Ezabatutako Aldundien ordez eratutako Diputazio Probintzial berriak berehala hasi ziren gobernuarekin negoziatzen eta, ondorioz, Kontzertu Ekonomikoen erregimena sortu zen (lehena, 1878ko otsailean xedatua). Erregimen horrek aro berria ekarri zuen Euskal Herrira. Bada, aro berrian, foruzaletasuna azkenean desegin zen, indar politiko berriei ateak irekita.

Bibliografia

ARTOLA, M. (arg.), Historia de Donostia-San Sebastián, Hondarribia: Ne- rea, 2000.

AGIRREAZKUENAGA, J. (koor.), Historia de Euskal Herria. Historia general de los vascos. Vol IV: La crisis de la civilización de los vascos del Antiguo Régimen y estrategias de Revolución liberal e industrial: 1789-1876, Donostia: Lur, 2004.

BAZÁN, I. (zuz.), De Túbal a Aitor. Historia de Vasconia, Madril: La Esfera de los Libros, 2002.

DE LA GRANJA, J. L., DE PABLO, S. eta RUBIO POBES, C., Breve historia de Euskadi. De los fueros a la autonomía, Madril: Debate, 2011.

MONTERO, M., La construcción del País Vasco contemporáneo, Donostia: Txertoa, 1993.

PORTILLO, J. M., Los poderes locales en la formación del régimen foral: Guipúzcoa (1812-1850), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1990.

PORTILLO, J. M., Monarquía y gobierno provincial: poder y constitución en las provincias vascas (1760-1808), Madril: Centro de Estudios Políticos y Constitucionales, 1991.

PORTILLO, J. M., «Las Provincias Vascas y la Guerra de la Convención: Primer encuen- tro con la Revolución», Studia historica. Historia moderna, 12, 1994, 71-90. orr.

RUBIO POBES, C., Revolución y tradición. El País Vasco ante la Revolución liberal y la construcción del Estado español (1808-1868), Madril: Siglo XXI argitaletxea, 1996.

RUBIO POBES, C., La identidad vasca en el siglo XIX. Discurso y agentes sociales, Madril: Biblioteca Nueva, 2003.

RUBIO POBES, C., «¿Qué fue del oasis foral? (Sobre el estallido de la II Guerra Carlista en el País Vasco)», Ayer, 38 (2000), 65-89. orr.

RUBIO POBES, C. (arg. eta sarrerako azterlana), Memoria justificativa de San Sebastián para el fomento de la industria y comercio de Guipúzcoa (1832), Bilbo: Euskal He- rriko Unibertsitatea. Argitalpen Zerbitzua, 1996.

RUBIO POBES, C. eta DE PABLO, S. (koord.), Los liberales. Fuerismo y liberalismo en el País Vasco (1808-1876), Gasteiz: Sancho el Sabio Fundazioa, 2002.

URQUIJO, M., Liberales y carlistas: revolución y fueros vascos en el preludio de la última Guerra Carlista, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1994.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP