Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE PORTUGALGO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Filipe II.ak Portugal konkistatzean abiatu zen aldi historikoan, baretasuna izan zen nagusi errege horren eta haren ondorengo Filipe III.aren (Portugalgo II.a) erreinaldietan. Erregeordeak egindako kontrola kenduta, ez zen apenas egon Gaztelaren interferentziarik Portugalekin lotutako gaietan. Gaztelako merkatariak Portugalgo merkatariak metatzen ari ziren botereaz kexatu zirenean sortu ziren arazoak, xvii. mendearen hasieran, portugaldarrek gero eta presentzia handiagoa baitzuten Espainiaren Indietan, baina ahalegin guztiak egiten zituzten Gaztelakoak Ekialdeko Indietatik urrun egon zitezen. Horrez gain, Espainiaren inperioa gero eta ahulagoa zen; horrenbestez, Portugalgo noblezia, Espainiako monarkian zenbait kargu eskuratzeko zailtasunak izanik, Inperioaren barruan egotearen kontra agertzen hasi zen.

1630etik aurrera, Filipe III.a Portugalgoaren (Espainiakoa IV.a) erreinaldian, areagotu egin zen Gaztelaren interbentzionismoa Portugalgo politika eta administrazioan, eta horrek gero eta sumin handiagoa eragin zuen portugaldarren artean. Espainiak, gainera, Portugal Laurogei Urteko Gerran eta Ingalaterraren aurkako gerran sartu zuen, eta gerra horien ondorioz, hildako asko egon ziren eta merkataritza-trafikoaren zati bat galdu zen. Tentsioa areagotu egin zen Olivares konde-dukeak Armen Batasuna aldarrikatu zuenean. Olivaresen ustez, Portugalek ez zion diru-sarrera erregularrik ematen ogasun zentralari, ez zuen Penintsularen defentsarako ekarpenik egiten —Gaztelak ordaintzen zuen—, eta ez zuen Brasil eraginkortasunez defendatzen. Konde-dukeak Portugal Armen Batasunean sartzea nahi zuen, eta, horren truke, protagonismo handiagoa izango zuen Espainiako monarkian. Bi matxinada gertatu ziren (1634 eta 1637), eta, gero, independentziaren Berrezarkuntzarako altxamendua, 1640ko abenduaren 1ean. Altxamendu hori Antão de Almada eta Miguel de Almeida kapareek eta João Pinto Ribeiro doktoreak antolatu zuten, Espainiaren indar militarra Hogeita Hamar Urteko Gerraren ondorioz ahulduta zegoela aprobetxatuta, bai eta Kataluniako matxinada aprobetxatuta ere, konde-dukeak Portugaldik sei mila soldadu eta gudarako adinean zeuden noble gehienak bidali baitzituen Kataluniara. Kolpe militarraren eta Bragantzako duke Joan II.ak Joan IV.a Portugalgoa (1640-1656) izenez boterea eskuratzearen ondorioz, Berrezarkuntzaren Gerra hasi zen. Hogeita zortzi urte iraun zuen gerra garesti eta konplexu horrek, eta, azkenean, portugaldarrek irabazi zuten, eta Lisboako Ituna sinatu zen (1668), non Espainiak Portugalen subiranotasuna onartu zuen.

Portugalgo historialariak eta legegileak Espainiako monarkia unibertsaleko beste lurralde batzuetako errealitatea aztertzen saiatu ziren, Portugalen antzeko errealitate juridiko-instituzionala zutela pentsatzen baitzuten, batasun-formei eta monarkiako erakundeetan txertatzeko zailtasunei zegokienez. Joan IV.aren jarraitzaileetatik, esaterako, Francisco Manuel de Melok, Clemente Libertino ezizena erabiliz, Historia de los movimientos, separación y guerra de Cataluña (1645) lana idatzi zuen, eta João Salgado de Araújok, berriz, Baskoniako errealitatea aztertu zuen, Carta que un cavallero biscaino escrivio en discursos polyticos y militares, a otro del reino de Navarra lanean (1643). Rodrigo Méndez de Silva portugaldarrak, aldiz, gerrako urteak Madrilgo gortean eman zituen, eta kronikari orokor eta genealogista izan zen hor. Genealogiak landu zituenez, interesa izan zuen euskal nobleziaren gaian.

Bibliografia

Hespanha, A. M.: «As faces de uma Revoluçao» in Penélope: revista de história e ciencias sociais, 9-10 (1993), 7.-16. or.

Luxán Meléndez, S. de:La revolución de 1640 en Portugal: sus fundamentos sociales y sus caracteres nacionales: el Consejo de Portugal, 1580-1640, Madrid: Universidad Complutense, 1988.

Pérez Samper, M. A.: Catalunya i Portugal. El 1640: Dos pobles en una cruïlla, Barcelona: Editorial Curial, 1992.

Valladares Ramírez, R.: La rebelión de Portugal: guerra, conflicto y poderes en la Monarquía Hispánica: 1640-1680, Valladolid: Consejería de Educación Cultura de Castilla y León, 1998.

— A Independência de Portugal: guerra da Restauraçâo, 1640-1680, Lisboa: A Esfera dos Livros, 2006.

White, L.: «Guerra y revolución militar en la Iberia del siglo xvii» in Manuscrits, 21 (2003), 63.-93. or.

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 701-702.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP