Ibilbidea
Aro Modernoko mendeetan inoiz lanen batean Euskal Herriko lurraldeetako egoera juridikoaren edo historiaren gaineko interesa erakutsi zuten egile gaztelarretako asko mos italicus delako tradizio doktrinalean kokatzen ziren oraindik, mos italicusberantiarra deitu zen ildoan integratuta, haietako hainbatengan planteamendu humanista berrien nolabaiteko eragina antzeman badaiteke ere. Hori da, esaterako, Juan López de Palacios Rubiosen kasua, baina beste egile batzuk, Antonio de Nebrija, adibidez, erabat kokatzen dira ideia humanisten eta mos gallicus joeraren ildoan, alegia, korronte kultural zabalago haren bertsio juridikoan.
Grezia eta Erromako Antzin Arora hurbiltzeko era berri baten finkapenak humanismoa ekarri zien, eta joera berriarekin bat egin zutenak mundu greziar-latinora hurbildu ziren haren historia, literatura eta hizkuntza ezagutzeko. Horretarako, jatorrizko iturrietara itzuli ziren, teknika filologiko berriak zehaztu zituzten, eta historia klasikoaren ezagutza hobetzen saiatu ziren. Zuzenbidearen ikuspegitik, humanismo juridikoa mamitu zen.
Hala ere, mos gallicus delakoaren eta humanismoaren hedapena Gaztelako lurretan barna ez zen lantegi erraza izan, mugimendu horiek gizarteko zenbait sektorerengan pizten zuten mesfidantzagatik, tartean zela Inkisizioaren ingurua, eta arlo batzuetan begi txarrez ikusten zela Frantziatik, humanismo juridikoaren sorlekutik, zetorren oro. Hala eta guztiz, ideia haiek azkenean eragina izan zuten egile gaztelarrengan, eta hezkuntza humanista antzematen da haien lan askotan, hala nola Gipuzkoa, Bizkaia, Araba edo Nafarroako historia, geografia, edo egoera juridikoa aztertzen zituzten lanetan ere.
Aro Modernoan Euskal Herriaz kezkatu ziren egile gaztelarren gai ohikoenetakoa Nafarroako erresuma Gaztelako Koroara inkorporatu izanaren ingurukoa da. Talde horretakoak dira, besteak beste, Antonio de Nebrija, Juan López de Palacios eta Luis Correa.
Fernando Katolikoaren tropek Nafarroa konkistatu eta Erresuma Gaztelako Koroari atxikia geratu ondoren, Gaztelako egile batzuek arreta jarri zuten prozesu bikoitz horretan, gehienetan inkorporazioaren aldeko jarreretatik, Fernando Katolikoakerresuma bereganatu eta kontserbatzeko zuen eskubidea justifikatuz, eta konkista eta anexioa zilegi zirela defendatuz.
Doktrina gaztelauak berez Gaztelakoa zen eremu baten berreskurapen gisa aurkeztu zuen konkista; haien arabera, frantziarren eta espainolen arteko gatazka izan zen, Nafarroako errege-erreginek Luis XII.ari emandako laguntzagatik eta FernandoKatolikoak, Guienako lurraldeari eraso egin nahi izan zionean, Frantziara igarotzeko eskubidea ematen zioten kapitulazioak bete ez zituelako; gainera, errege-erregina nafarrek leialtasun falta eta esker txarra erakutsi zituzten, Frantziako erregearekin Bloiseko ituna sinatuta.
Nafarroako gaia alde batera utzita, zenbait egile gaztelarrek Euskal Herriko beste eremu batzuei eta garai hartan interes handia zuten beste gai batzuei buruz idatzi zuten: gaztelaniaren irakaskuntza euskal lurraldeetan (Elio Antonio Nebrija); bizkaitarrek kaparetasun unibertsalerako zuten eskubidea (Juan Gutierrez); sorginkeria, Zugarramurdiko sorginen prozesuaren ondoren (Alonso Salazar Frías); Tubalen iritsiera Iberiar penintsulara eta Euskal Herriaren jatorria (Gregorio Argaiz, Manuel Risco); Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren historia eta geografia (Gabriel de Henao, Luis Salazar Castro, Manuel Risco, Florián Ocampo, Juan de Mariana); euskal lurraldeak antzinako Kantabrian kokatzea (Padre Flórez, Pedro Peralta); eta euskal pribilegioak eta foruak (Rafael Floranes, Pedro Rodríguez de Campomanes).
Bibliografia
Floristan Imízcoz, A., eta Galán Lorda, M., 1512, la conquista de Navarra: historia y derecho, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2012.
García Pérez, R. D., Antes leyes que reyes. Cultura jurídica y constitución política en la Edad Moderna (Navarra, 1512-1808), Milan: Giuffrè, 2008.
Huici Goñi, M.ª P.,En torno a la conquista de Navarra, Jimeno Aranguren, R. (arg. eta hitz.), Iruñea: Pamiela, 2013.
Madariaga Orbea, J., Apologistas y detractores de la lengua vasca, Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2008.
Monreal Zia, G., eta Jimeno Aranguren, R., Textos histórico-jurídicos navarros. II. Historia moderna, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011.
— Conquista e incorporación del reino de Navarra a Castilla, Iruñea: Pamiela, 2012.
Pescador Medrano, A.; Anchustegui, E.; Adot Lerga, A., et al., Visiones poliédricas sobre la conquista de Navarra, Iruñea: Pamiela, 2013.
Aipamen bibliografikoa
Serna Vallejo, M., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 625-626.





