Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAN BERTAKOTUTAKO EGILE BEARNES ETA FRANTSESAK ETA HAIEN OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Biarnoko bizkonderria ix. mendean sortu zen, eta bost dinastiaren agindupean egon zen: Centulle (1134 arte), Gabarret (1134-1173), Moncade (1173-1290), Foix-Biarnoko kondeak (1290-1472) eta Nafarroako errege-erreginak (1472-1572). Azken aldi horretan bizkonderriak protagonismo berezia hartu zuen, batez ere Nafarroaren konkistaren ondoren, Henrike II.ak Nafarroako erresumaren gortea Pauen ezarri zuenean. Karlos I.ak bortuz bestaldeko lurraldeen okupazioa bertan behera utzi ondoren, 1523an Henrike II.ak iparraldeko Nafarroako erresuma txikian hegoaldeko tradizio juridiko-instituzionala atxikiko zuen gobernu politiko bat eta administrazio bat eratu zituen. Erakunde garrantzitsuak berreskuratu zituen, besteak beste, Gorte Nagusia eta Nafarroako Kantzelaritza, alegia, justizia-auzitegi gorena, auzi zibil eta kriminal guztien azken epaia ematen zuena, eta Nafarroako Gorte Gorena ordezkatu zuena. Baina hegoaldeko erresuma berreskuratzeko aukerak zapuztu zirenean, Henrike II.a Pauen lekutu zen eta Kontseiluaren laguntzaz handik gobernatu zituen Nafarroako erresuma eta Biarnoko bizkonderria. Berdin gobernatu zuten haren alaba Joana III.a Albretekoak (1555-1572) eta biloba Henrike III.a Nafarroakoak (1572-1610), 1589az geroztik Henrike IV.a Frantziakoa izanen zenak.

Nafarroako errege-erreginen eta Biarnoko jaun-andreen zerbitzura aritu ziren jurista bearnesek gobernuko nahiz justiziako erakunde gorenetan parte hartu zuten kargu anitz betetzen, haietako batzuk garrantzitsuak, esaterako Nafarroako Errege Kontseiluko burutza, Nafarroako kantzelaritza eta Nafarroako kantzelariordetza. Beren eskumenen baitan, xv. mendearen azken herenetik hasi eta xvii. mendearen erdialdera arte, Nafarroako erresumaren barneko eginkizunetan ez ezik, testu historiko-juridikoak prestatu eta beraiek edo beste kontseilari batzuek aurkeztu zituzten nazioarteko eztabaidara. Izan ere, Nafarroa-Foix-Biarno-Albret dinastien (Joan III.a, Katalina I.a, Henrike II.a, Joana III.a) eta Borboi-Nafarroa dinastiaren (Henrike III.a Nafarroakoa eta Frantziako IV.a) agintaldietan, Frantziako eta Espainiako errege-erreginen eta Elizako aita santuen aurrean defendatu nahi izan zuten usurpazio bidegabea izan zela lehenik Fernando Katolikoak, eta ondoren Karlos V.ak egindakoa.

Jaun-andre prestu horiek, gainera, Nafarroako monarkiak bideratu zuen nazioarteko politikaren diseinuan parte hartu zuten, eta azpimarragarria da xv. mendearen amaieratik aitzina eratutako konfederazio nafar-bearnesa, bi lurraldeak uztarri berean jarriz nazioarteko diplomaziaren agertokian, Nafarroako errege-erreginen eta Biarnoko jaun-andre subiranoen zerbitzura.

Egile aipagarriak dira Jean d’Aule —Jean de La Salle izenez ezagunagoa—, Pierre de Biaix eta Bertrand d’Abbadie; haiek osatu zuten, besteak beste, konkista bidegabearen salaketa oinarritzeko argudio juridiko nagusiak zehaztu zituzten juristen taldea. Zuzenbide kanonikoan nahiz nazioarteko zuzenbidean oinarritu zituzten beren argudioak, eta ondoren ere baliagarriak izan zitzaizkien Biarnoko Bordenaveri , L´Hostali eta beste hainbat egileri. Azpimarragarriak dira, orobat, nazioarteko diplomaziaren agertokian plazaratu zituzten argudio historikoak. Hala atzeman zuen Jeronimo Münzer mediku alemaniarrak xv. mendearen amaiera aldera, Jean de La Salle elizgizonaren alderdi historialaria eta jakintsua goresten zituelarik.

Bibliografia

Adot Lerga, A., Juan de Albret y Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517), Iruñea: Pamiela, 2005.

Anthony, R., eta Courteaul, H., Les testaments des derniers rois de Navarre, Paris-Toulouse: Privat-Didier, 1940.

Desplat, C., eta Tucoo-Chala, P., Histoire générale du Béarn souverain Tome I, Des origines à Henri III de Navarre, Monein: Éd. PyréMonde-Princi Negue, 2007. Berrarg. 2010.

Tucoo-Chala, P., La Vicomté de Béarn et le problème de la souveraineté, des origines à 1620, Bordeaux: Bière, 1961.

Aipamen bibliografikoa

Adot Lerga, A., Álvarez Berastegi, A., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 613-614.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP