Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE LAPURDIKO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Ehun Urteetako Gerra amaitzearekin batera (1451), ingelesen nagusitasuna ere amaitu zen Lapurdin, eta Aro Modernorako aldaketa hasi zen. Erdi Aroan, bizkonderria gobernatzen zuen leinuak inguruko Akize (Dax), Biarno eta are Tolosako bizkondeekin zituzten etsaigoek baldintzatu zuten lurralde osoa. Gatazka horiek unerik gorenera iritsi ziren Lapurdiko bizkonde Arnaut Beltran Akitaniako Duke Rikardo I.a Lehoi-bihotzaren aurka oldartu zenean (1177). Ingelesaren erantzunak Baionaren okupazioa ekarri zuen, eta horren ondorioz, eskualdearen hiriburutza Uztaritzera eraman behar izan zen. Azken bizkondeak, Gillen Raimundo Saultek, Akitaniako dukearen kontrol zuzenaren pean utzi zuen (1193), Gaskoiniako seneskalaren agindupeko baile-lur bihurtuta.

Bestalde, azpimarragarria da Baionak lurralde osoaren gainean izan zuen eragin handia. Merkataritza nahiz tropak Uharte Britainiarretarantz itsasoratzeko portua zen, Aturri eta Errobi ibaien elkargune eta ibai-portua ere bai, gainera gotorlekua eta, oroz gain, Nafarroako mendialdeko ibar anitz gobernatzen zituen gotzaindegia. Nafarroako erresumarekiko harremanetan izan zen, noski, gorabeherarik. Lankidetza estuko uneak izan ziren, esaterako, Antso Azkarrak Baionako burgesekin hitzartutako ituna (1204); edo leinu batzuek Nafarroako koroaren kanpainetan izan zuten parte-hartzea, besteak beste Ezpeleta, Senpere, Garro edo Sault leinuek; eta ezin ahantzi elizbarrutia zuzentzeko hegoaldeko nafarrak ere aukeratu izan zirela. Baina harreman onen adierazgarri horien ondoan, liskar-une gogorrak ere izan ziren, adibidez Gaskoiniako bi kanpainak (1248 eta 1266), edo Arberoako eta Ortzaizeko auzo ibarretako bizilagunekin bazkaleku eta oihanen ustiapenagatik etengabe pizten ziren liskarrak, Donibane Garaziko agintari gaztelaua, ordena jarri nahian, behin eta berriz esku-hartzera behartzen zutenak.

Lapurdiko «foruen eta ohituren» liburua, frantsesez idatzia, 1514an onartu zen, eta han jasotzen da parrokietako ordezkariak elkartzen zireneko Biltzarrak egiteko ohitura zaharra. Ordezkari horiek —etxeko-jaunak— sindikoaren deialdiari erantzunez biltzen ziren. Lehenik, biltzarrean tratatu beharreko gaiak jakinarazten ziren, herrietako auzokideek biltzar nagusiaren aitzinetik elkarren artean eztabaidatzeko aukera izan zezaten. Bailea zen biltzar-burua, 1654tik aitzina behinik behin, eta auzi guztiak tratatzen ziren han, gai judizialak izan ezik, horiek baileak berak ebazten baitzituen, edo azken buruan, Bordeleko Parlamentuak. Dirudienez, nobleak eta klerikoak biltzar horietatik kanpo geratzen ziren, eta kasu puntualen batean parte hartu behar bazuten, sindiko nagusiaren bitartekaritzaz egiten zen hori. Biltzar horien eginkizuna, legegintzari zegokionez, araubideak egitea izaten zen, ordena mantentzeko edo ekonomiaren nahiz merkataritzaren garapenerako, oso estu lotuta egoten zena itsasoko jarduerekin nahiz Gipuzkoa eta Bizkaiko auzo-lurraldeekiko harreman onekin. Biltzar horietan ezartzen ziren «errege-zerga» ordaintzeko bilketa- eta banaketa-sistemak, errege-ogasunarentzat urteko hainbesteko bat eman behar izaten baitzen, diruzain nagusiaren eginkizuna betetzen zuen sindikoaren bitartez. Biltzar horiek ez ziren Frantziako beste Estatu probintzial batzuetakoak bezalakoak, ezta Nafarroa Beherekoak eta Zuberokoak bezalakoak ere, eta zalantzarik gabe, Lapurdiren nortasunaren ezaugarri izan ziren, 1789ko abuztuaren 11ko abolizio-dekretuak bertan behera utzi zituen arte.

Lapurdin erlijio-gerrek ez zuten izan inguruko lurraldeetan bezalako ondorio suntsigarririk. Izan ere, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Albret leinuaren menpekoak ziren, baina Lapurdi errito katolikoan mantendu zen. Hala ere, Joana Albretekoak lapurtar bati —Leizarraga— eman zion doktrina kalbinista Pirinio aldeko lurraldeetan hedatzeko agindua. Doktrina kalbinistaren hedapenak eskaintzen zion abagunea ez zuen alferrik galdu Espainiako Filipe II.ak, eta aita santuari eskatu zion Nafarroako ibarrak Baionako elizbarrutitik bereizi eta Iruñekoari atxikitzeko agindua eman zezan (1566). Une hartan hasi zen marrazten handik mende batera Faisaien uhartean berretsiko zen muga-lerroa.

xvi. eta xvii. mendeetan hainbat kanpainaren borrokalekua izan zen Lapurdi. Adibidez, Nafarroako Koroa Albret etxearen esku berriz jartzeko ahalegina (1522) izan zelarik, lapurtarrez eta germaniarrez osatutako armada batek Bidasoa zeharkatu zuen Nafarroako tronua Henrike II.a Albretekoarentzat berreskuratzeko asmoz. Frantzisko I.a Frantziakoak lagundu zuen armada hura errekrutatzen, erregegaia laguna, ondoren ezkon-anaia izanen zena, zuelako. xvii. mendearen hasieran ere borroka gogorrak izan ziren Lapurdin frantziarren eta espainiarren artean, batez ere Valparaisoko markesak erasoaldia jo zuenean, Guiena konkistatzeko asmoz, Baiona hartzera ere iritsi ez bazen ere.

Baina bake-itun garrantzitsuen lekuko ere izan zen lurraldea, esaterako Pirinioetako Ituna (1659) Faisaien uhartean sinatu zenean, Frantzia eta Espainiaren arteko gatazka luze bati amaiera emanez. Itun haren ondorioz, Luis XIV.a Frantziakoa 1660an, ekainean, Espainiako erregearen alabarekin, Maria Teresa Austriakoarekin, ezkondu zen, Donibane Lohitzunen.

Bibliografia

Goyhenetche, M., Historia de Iparralde, Donostia: Txertoa, 1991.

— Histoire générale du Pays Basque,2.Évolution politique et institutionnelle du xvie au xviiie siècle, Baiona: Elkar, 1999.

Lafourcade, M., «Les assemblées provinciales du Pays Basque Français sous l’ancien Régime», in Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Riev, 48. libk., 2. zk (2003), 589.-619. or

Veyrin, Ph., Les Basques de Labourd, de Soule et de Basse Navarre, leur histoire et leur traditions, Grenoble: Arthaud, 1975.

Zink, A., Pays ou circonscriptions. Les collectivités territoriales de la France du Sud-Ouest sous l’Ancien Régime, Paris: Publications de la Sorbonne, 2000.

Aipamen bibliografikoa

Herreros Lopetegui, S., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 599-600.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP