Ibilbidea
Nafarroako erresuma izatetik le royaume de la Navarre deça Port izatera iragateko bide gorabeheratsuak markatu zuen Nafarroa Behereko lurraldearen aldaketa-prozesua. Nafarroaren konkistak, lurraldearen zatiketak eta erregetza-marko berri baten sorrerak baldintzatu zuten Estatu Modernoa deitu izan den horren ezarpena.
Eraldaketa hori ulertzeko, kontuan izan behar dira bortuz bestaldeko lurralde horren osaera ezaugarritzen duten zenbait baldintza. Ibar, lurralde edo pays —bertan hala esaten zitzaien— batzuek Nafarroako erresumarekin eratu zuten loturak zehaztu zuen Nafarroa Beherearen izaera. Lotura hori gabe, Nafarroa Beherea ez zatekeen sortuko, ez behinik behin orain ezagutzen dugun moduan, izan ere, ziurrenik sakabanatu eginen zen, lotura horretatik aparte geratu ziren botere-guneetan, alegia, Lapurdiko eta Akizeko bizkonderrietan. Prozesua luzea eta gorabeheratsua izan zen, kasu askotan feudalismoaren legeek baldintzatuta, eta haren emaitza egitura konplexu batean islatuko zen, lurraldearen tamaina txikia kontuan hartuta. Han batzen ziren errege-lurrak, elizgizonen nahiz nobleen jaurerriak eta hiribildu libreak. Erdi Aroan barna ez zen izan administrazio-formatu homogeneo bat, eta lurraldea hiru barruti desberdinetan eratu zen: Donibaneko jaurerria, eta Amikuze-Oztibarreko eta Bastidako udalerriak. Horiez gain, elizgizonen eta nobleen jaurerriak zeuden, azken hauek koroarekin lotuak, basailu-hitzarmenen bidez eta, batzuetan, babes-zerbitzuen bidez.
Interesgarria da Amikuze-Oztibarreko lurraldeen inkorporazioa aipatzea, Nafarroako erresumari lotu zitzaizkiolako, haien jaun Tartaseko bizkondeak Nafarroako Antso VII.ari fideltasun-omena eskainirik (1196), Biarnoko bizkondeak haren lurrak bereganatzeko asmoa zuela antzeman zuelarik. Leinu horrek gero Albret familiarekin lotura egin zuen eta azaldu zuen ezen, gaztelarren konkistaren unean, Amikuze-Oztibarreko herritarrek haien berezko jaunei fidel mantendu zirela, Fernando Katolikoak izendatutako ofizialen autoritateari muzin eginez. Eremu gotor horretan, Albret-Foix errege-erreginek ezarri zituzten handik goiti royaume de Navarre izanen zenaren hasierako egiturak, hegoaldetik Bortuez gaindikoak deitu izan ziren Ipar Euskal Herriko lurraldeekin osatu zirenak, Gaztelako armadak eremu hartatik alde egin zuenean, Frantziarekin Cambraiko bakea (1529) sinatu ondoren.
Garai batean agindupean zuten lurraldearen hondarra besterik ez zen lurralde txiki hark ematen zien Albreteko leinukoei Nafarroako erregetza-titulua erabiltzeko zilegitasuna. Albreteko etxeak, garai batean lurralde zabalak menderatu zituenak, eremu txiki eta pobretu hori zuen bakarra, ohorez eta duintasunez, Frantziako eta Gaztelako auzo monarken parean agertzeko aukera ematen ziena.
Bortuz bestaldeko eskualdea Nafarroako erresumatik berezi izanak behartuta, Albreteko etxeak doitu behar izan zuen ordura arte Iruñean zentratua egon zen «erresuma txiki» haren gobernu-aparatua. Errege-etxe berrirako funtzionarioak duintasunez hornitu behar izan ziren, justizia-auzitegi nagusi bat eratu behar izan zen, Estatuen ordezkariak batzarrera deitu behar ziren, eta finantzak eta eskubide subiranoak kudeatuko zituzten erakundeak osatu behar ziren. Orduan egiten zen interpretazioaren arabera, Nafarroa Behereko Estatu Orokorrak hegoaldeko Nafarroako Gortearen ordezko hutsak ziren, baina ezaugarri batzuei erreparatuta, Nafarroa Behereko batzarra osatu zen une hartan, instituzioak berritzeko asmo bat bazela pentsa liteke. Osaerak berak alde nabarmena ezarri zuen bien artean. Gorteetan hiribilduek gero eta garrantzi handiagoa zutelarik, bortuz bestaldeko eskualdean pisuzko estatus juridikoa zuen bakarra Donibane Garazi zen. Beraz, burgesiaren ordezkaritza eskasa zegoen batzarrean. Hutsune hori berdintzeko, jauntxoekiko loturarik ez zuten lur-jabeak (tiers état edo hirugarren estatua) deitu ziren batzarrera.
Nobleen taldea zen ugariena, oinetxe edo salha deitutakoen jabeek osatzen zutena; Martin Bizkairen arabera 1525ean, kategorien bereizketarik egin gabe, 105en bat ziren azkenean batzarraren kontrola bereganatu zuten oinetxeak. Estatu Orokorrek beraiek kontrolatzen zuten oinetxe edo salha berrien sarbidea, eskubideen oinordekotza eta salerosketa, eta beraz, uste izatekoa da ez zela eskakizun genealogiko handirik izaten, Gorteetako zorroztasun aristokratikoaren aldean, behinik behin. Beharbada, horregatik begiratzen zuten hegoaldeko batzarkide nafarrek nolabaiteko errezeloz Bortuez gaindiko euskaldunen parte-hartzea.
Estatuek beren funtzionarioak zituzten, —sindikoa, idazkari orokorra, diruzaina eta atezaina— haien ardura zela bilerak eramatea, proposamenak aurkeztea eta aktak jasotzea, baliabide propioen faltagatik zenbait funtzio galdu baziren ere. Diruzain-kargua, esaterako, hutsala bihurtu zen, boterea beste batzuek hartuta; sindikoak, adibidez, protagonismo politiko handia hartu zuen. Erregearen ordezkaritza bakarra antolatu zen Nafarroa Behere, Biarno eta Zuberoarako, erregearen gobernadore eta ordezkariaren bidez. Kargu horiek, xvii. mendearen erdialdetik aurrera, leinu bereko kideek bete zituzten, eta ohiko egoitza Pauen hartu zuten. Gobernadore-kargua Agramont familiaren esku geratu zen, eta errege-ordezkaritza Lons-eko markesen esku, Estatu Orokorretan bozkatzen zen zerbitzuaren parte handi bat beraientzat gordeta.
Erregearen eta herritarren elkarrekiko zin egitea ere ez zen izan Nafarroa Garaikoa bezalakoa. Ez dago argi Henrike II.ak foruen zina egin ote zuen Estatu Orokorren hasierako batzarretan, Donapaleun, baina Luis XIII.etik aitzina, behinik behin, foruen zina egiteko konpromisoa ezabatu egin zen. Nafarroa Behereko foruak 1611n argitaratu ziren, Fors et costumas deu Royaume de Navarre deça Ports izenarekin, Biarnoko hizkuntzan erredaktatuak, baina Estatu Orokorrek inoiz ez zituzten ontzat eman, betebeharrak herritarrengan soilik jartzen baitzituzten, alegia, erregeari zerbitzatzea eta aholku ematea, erregearengan inolako konpromisorik jarri gabe.
Bortuz bestaldeko Nafarroa Biarnoko printzerriarekin batera gobernatu zen, eta denbora iragan ahala Biarnoren baitan urtzen hasi zen: aduana berak, gobernadore bakarra, ondasun eta zergen administrazioa bat eta bera, baxenabartarren nortasun-ezaugarriak gero eta lausoagoak ziren. Azken euskarriak hizkuntza, justizia eta erlijioa ziren.
Justizia-epaitegi txikiek lanean jarraitu zuten, Nafarroako Monarkiara bildu zen garaitik egiten zuten bezala. Baina Nafarroa Behereko herritarrak apelazioko auzitegirik gabe zeuden, eta hutsune hori betetzeko Henrike II.ak Kantzelaritza bat sortu zuen Donapaleun (1524), Nafarroako Errege Kontseiluarekin loturarik ez zuena. Kantzelaria zen haren buru, eta sei kontseilarik osatzen zuten, erregeak berak izendatzen zituenak eta bertako hizkuntza ezagutu behar zutenak. Luis XIII.ak erakunde horren eskumenak Paueko Kontseiluaren eskumenekin batu zituen, Nafarroako Parlamentua eratu zuenean, 1624an. Baxenabartarrek, ordea, behin eta berriz salatu zuten horrek beren eskubide estimatuenetako bat kentzen ziela, alegia, beren epaitegiek epaituak izateko eskubidea. Bidegabekeria hori aski ez eta, Pauerainoko joan-etorrien kaltea gehitu behar zen, hara joan behar baitzuten apelazioak aurkeztera, eta hizkuntzarena ere bai, Parlamentuko kontseilariek euskaraz jakin ez eta, prozesua nahitaez frantsesez egin behar baitzen. Salaketak ugari izan zirenez, azkenean monarkak Seneskaltza bat ezarri zuen Donapaleun (1639), baxenabartarren apelazioak beren hizkuntzan ebatzi ahal izateko, betiere Paueko Parlamentuaren menpean. Epaileen erdiek biarnotarrak eta beste erdiek baxenabartarrak izan behar zuten, baina errealitatean gehiago izaten ziren jatorriz bearnesak eta erlijioz kalbinistak zirenak, eta baxenabartarren arazoa, Frantziarekiko batasuna baino gehiago, Biarnoren menpe geratzea izaten zen.
Baxenabartarrek beren nortasun-ezaugarri bakarrei eutsi nahi izan zieten Biarnoren aitzinean, alegia, hizkuntzari eta erlijioari. Joana III.a erreginak garbiketari ekin zion baxenabartar katolikoen aurka, eta buruzagi batzuek Pirinioak zeharkatu eta babesa bilatu zuten Iruñeko elizbarrutian. Orreagako enkomiendetako ondasunak bahitu eta banatu zituzten Etxauz, Beltzuntze, Lalanne eta erreginaren zerbitzari leialak ziren beste hainbat etxeren artean, baina ez dirudi, edo iturri demografikoetan, bederen, ez da ageri, erbesteratze nabarmenik izan zenik hego Nafarroarantz. Aldaketa erlijiosoak beldurra eragin zion Espainiako Filipe II.ari, kalbinismoa Nafarroan zehar sartuko ote zen, eta Aita Santuari eskatu zion antzinatik Baionako elizbarrutikoak ziren ibar nafarrak bertatik bereizteko. Espainiako erregeak egintza burutuen bidetik ekin zion eta Iruñeko apezpikuari agindu zion eskualde haren jabetza bereganatzeko (1567). Hala egin zen, eta Frantziako errege-erreginek erreklamazioa egin arren, ez zen berriz inoiz itzuli Baionako elizbarrutira. Horrenbestez, antzinako geografia eklesiastikoa aldatzen zen, eta Pirinioetako muga eratzen hasten zen.
Nafarroako erresumaren jabetza gordetzeko Albreteko etxeak hasieran egiten zituen ahaleginak ahultzen joan ziren, Frantziako Koroarekin bat egin ondoren. Frantziako erregearen arreba eta Henrike II.a Albretekoren emazte Margaritak Nafarroako Margarita izena hartzea nahiago izan zuen, eta Borboiko duke Antoniok berak ere, Nafarroako errege titulua erabili zuen Paulo IV.a aita santuaren aurrean zin egiteko. Henrike III.a bearnesa goitizenaz ezaguna izango zen, eta Frantziako Henrike IV.a izenaz koroatu zenetik (1589), Nafarroako kateak Frantziako lis-lore tradizionalei batu zitzaizkien, baina Pirinioetako erresuma txikiaren nortasuna gordetzeko interes gero eta txikiagoa antzematen da. Haren oinordekoek, beraien erregetzaz ziur, Borboiko etxearen zentralismoa hezur-muinetaraino sartua zutela, eta baxenabartarrekiko inolako sentiberatasunik gabe, erresumaren eskubideak galtzera utzi zituzten.
Euskaldunek beren foruei buruzko informazioa eskatu zieten Nafarroako erresumako Gorteei, monarka frantsesen absolutismoa eragotzi nahian. Iraganeko garaien oroimina erakusten zuten, eta nafarren estatutuaren onarpena lortu nahi zuten. Nafarroako autoritateek, ordea, behin eta berriz berretsi zuten Tuterako Gorteetako akordioa (1583), hark esaten baitzuen atzerritarrak zirela «Bortuz bestaldeko euskaldunak». Horrekin batera, egile frantsesen loraldi bat antzematen da, haien artean nabarmentzen direla P. Olhagarai, A. Favyn eta, batez ere, A. Galland. Haiek guztiek argudiatu zuten Nafarroako tronuaren usurpazioaren tesia, eta monarka frantsesek Nafarroako tronurako eskubidea zutela aldarrikatzen zuten, betiere etsaia zen Austria etxeko dinastiaren aurka egitearren. Nafarroako instituzioek errezeloz ikusten zituzten auzo monarken aginduz egindako lan historikoak, eta betoa jarri zieten egile batzuei, besteak beste Donapaleuko Estatu Orokorren abokatu Arnaut Oihenarti, Kontuen Ganberako artxiboa begiratzeko baimena eskatu zuenean (1684), Gaztelaren okupazioaren aurkako datuak bildu nahian zebilelakoan.
Frantses Iraultzaren hasieran, Nafarroa Beherearen gainbehera politikoa eta instituzionala nabarmena eta atzera-itzuli ezina zen. Ia eskumenik ez zutela, Estatu Orokorrak ez ziren biltzen, huskerien gainean mintzatzeko ez bazen. Donibane Garazin bilduta, 1789ko ekainaren 15ean, salaketarik gogorrenak egin zituzten Frantziako Estatu Orokorrei zuzenduta, batzar hartara hemengo diputatu ordezkaririk ez bidaltzea erabaki ondoren, beste erresuma bateko erakundea zela argudiatuz.
Bibliografia
Floristán Imízcoz, A., «Reino de Navarra en España y Royaume de Navarre en Francia: evoluciones diferentes (1512-1789/1839)», in Actas del VI Congreso de Historia de Navarra, Iruñea: Eunate, 3. libk., 2006, 121.-154. or.
Herreros Lopetegui, S., «La “Tierra de Vascos”. Irredentismos de doble dirección», in Martín Duque, A. J. (zuz.), Signos de identidad histórica para Navarra, Iruña: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 2. libk., 1996, 221.-234. or.
— Las Tierras Navarra de Ultrapuertos (siglos xii–xvi), Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1998.
Tucoo-Chala, P., La principauté de Béarn, Pau: Société Nouvelle d’Editions Régionales et de Diffusion, 1980.
Zink, A., «Le Béarn et la Navarre face à l’unité national», in Revue de Pau et du Béarn, 21 (1994), 157.-181. or.
— Pays ou circonscriptions. Les collectivités territoriales de la France du Sud-Ouest sous l’Ancien Régime, Paris: Publications de la Sorbonne, 2000.
Aipamen bibliografikoa
Herreros Lopetegui, S., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 583-586.





