Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

Sarrera

Ibilbidea

Aro Modernoan, Nafarroan, hutsune bat antzematen da literatura politiko edo juridikoaren izana lukeen eta izena mereziko lukeen testugintzari dagokionez; Monarkiari buruz eta harekiko harremanari buruz erresuman dagoen ikuspegiaren berri emanen luketen testuen falta sumatzen da. Nafarroaren konkista eta ondoren Gaztelara inkorporatzea transzendentzia politiko eta juridiko handiko gertaera izanik, ez zen sortu haren inguruan doktrina nabarmenik xvi. mendeko goi-nafarren artean, eta azpimarratzeko moduko testu bakanetakoak dira Martin Azpilkuetak, Juan Martinez de Olanok eta Martin Lopez de Retak utzi zizkigutenak.

Historiografia-lanetan arakatu behar da eliteen pentsaera islatzen duten testu bakanak aurkitzeko. Ideia nagusi horien bila ibiliz gero, Gorteetako ebazpen garrantzitsuetan edo Diputazioaren Memorialetan isurtzen diren kontzepzioak ere aztertu behar dira, konstituzio-auziak ebazten dituztelako, foruen lehenagoko interpretazioetan oinarrituta.

Erresumaren konkistaren ondorengo traumak ez zuen ezabatu printzearekiko loturaren gaineko Erdi Aroko kontzepzioa, funtsezko harreman politikoa izanik. Erregearekiko leialtasuna, konkistaren ondorengo hamarkadan gizarte nafarra erdibitu zuena, artean ere pertenentziaren muin-muinean zegoen.

Egile nafarren artean zentralak diren zenbait gai, adibidez, Santiago Leonéren lanean ageri dira. Pentsamolde bakandu eta aldakor bat zen, denboran aurrera egin ahala gai desberdinak ukitzen zituena, eta xvi. zein xvii. mendeetako eztabaida historiografikoen karietara berriz piztu zena. Hurrengo ehun urteetan ere ez zen agertuko berrikuntza handirik. Argudio-gorputz xume bat diseinatu behar zen, erresumaren eta haren instituzioen estatusa aldeztuko zuena erregearen aurrean, Gaztelako Koroaren barnean eta, baita ere, Monarkia espainiarraren barnean.

Gehien landu ziren gaietakoak ziren, esaterako, legedia itun bidez eratzearen ingurukoa eta Nafarroako Gorteen edo Errege Kontseiluaren gailentasuna. Nafarroan funtsezko legeez osatutako gune hautsezina eta gobernu-moldea erregea baino lehenagokoak zirela zioen tesiari Moretek eman zion garapenik handiena. Horien iturriak ziren berezko askatasuna eta sortzezko ituna, baskoiek lehen erregea hautatu zutenean sinatu zutena, eta erregeari subiranotasun mugatua eman ziona, itundutako legeen bitartez. Gorteen eginkizuna —Foru Nagusiaren arabera, erregearen zina jaso zuten hamabi gizon aberatsen eta jakintsurik zaharrenen ondorengoak izanik—, legeen antolaketa ikuskatzea eta exijitzea zen, eta erregeari ematea «graziazko eta borondatezko zerbitzuak».

Egile nafarrek, beraz, behin eta berriro argudiatu zuten legediaren itun izaeraren eta Gorteen legeen lehentasunaren alde, Monarkiari aurre eginez, haren asmoa izaten baitzen erregearen organoek diktatutako legeak eta nafarren batzarrak eratutakoak parekatzea. Gainera, Gaztelako zuzenbideak Nafarroako erresuman indarra izan behar zuen, Zuzenbide subsidiario gisa besterik ez bazen ere. Nafarren irudiko, Forua itun batetik sortzen zen, eta hura aplikatzean hitzarmenaren legeei men egin behar zitzaien; eta hobetzea bazegoen, baina okertzerik ez.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi erresumaren antzinatasunaren inguruko auzia, Monarkiaren baitan aurrekaria ezartzen zuen osagaia baitzen. Ildo horretatik, azpimarratu behar da garai batean tubalismoaren eta kantabrismoaren mitoek izan zuten baliagarritasuna, Euskal Herriko beste lurralde batzuetan gertatu bezala. Antzinatasunaren inguruko aldarrikapena eginez, egile nafarren asmoa zen erresumaren konstituzio historikoa babestuko zuen titulu bat aldarrikatzea, Gaztelako gobernuaren edo atxikipena nahi zuen Koroaren nahikeriari aurre ginez, eta Monarkia espainiarraren barneko beste erresuma batzuen gogoari ere aurre eginez, haiek ere Monarkiaren barnean posizio onean kokatzea bilatzen baitzuten, haien sorreraren antzinatasuna erakutsiz.

xvii. mendean, Garcia Gongorak, Agramontek, Moretek, Chavierrek eta beste hainbat egilek defendatu zuten Nafarroa zela penintsulako erresumarik zaharrena, batez ere hizkuntzan oinarrituta, eta horrek mito tubalista —Tubal izan zen Nafarroako erresuma sorrarazi zuen aita—, onartzen lagundu zuen, eta gero kantabrismoaren mitoa —Kantabriaren erdigunea Nafarroa edo Baskonia zen—. Bi mito horien eraginez Nafarroako erresumak parte-hartze bizia izan zuen Aro Modernoaren hasierako bi mendeetako Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian indarra zuen kultura politikoan. Beraz, tubalismoa eta kantabrismoa baliagarriak izan ziren, alde batetik, erresumaren erabateko antzinatasuna eta gailentasuna frogatzeko eta, beste alde batetik, Nafarroan ere, beste hiru probintzietan bezala, nafarren noblezia orokorraren titulua sortzeko.

Beste gai mamitsu bat izan zen Nafarroako erresumaren lehentasuna Asturias eta Aragoiren gainetik. Aro modernoko historialari nafarrek egile gaztelarren lanak errefusatu behar izan zituzten, besteak beste Palacios Rubiosenak, edo aragoitarrenak, adibidez Briz eta Arguensolarenak. Egile horiek, izan ere, Nafarroako monarkiaren edo erresumaren antzinatasuna ezbaian jartzen zuten eta, beraz, bigarren mailako erresuma izanen litzateke, haien ustez, Monarkiaren agindupeko erresumen artean. Palacios Rubiosen esanetan, adibidez, lehenengo errege-erregina nafarrak kanpotik etorritako atzerritarrak ziren, eta beraz Fernando Katolikoa zen legitimotasunaren ordezkaria, monarka bisigodoen ondorengo zuzena zelako, eta gainera, aita santuak bere aitorpena eman zion, 1512ko konkistagatik. Erdi Aroko errege-erregina nafarrek Gaztelako errege-erreginei zegokien gobernua usurpatu zuten. Aragoitik heldu ziren arrazoibideei dagokienez, Nafarroako erresuma hangoaren menpekoa zela aldezten zuten. Izan ere, haien esanetan, hangoa zen zaharrena, Sobrarbeko erresuma Antso Nagusiaren garaira arte iraun zuelako. Alegazio horiek gezurtatu egin zituzten Garcia Gongorak eta beste hainbat egilek. Torreblancak, adibidez, eginahalak egin zituen erakusteko Monarkia nafarrak titulu jatorragoa eta osoagoa zuela asturiarrek eta leondarrek baino, espainiar jatorrenak eta primitiboenak nafarrak baitziren, godoak baino askoz ere leinargiagoak. Erudizio handiagoa erabiliz, Moretek egiaztatu zuen Asturias-Leongo monarkiaren azken gizonezkoa hil zenean, Fernando I.ak ezarritako dinastia berria nafar leinukoa zela, eta horregatik gailentzen zen Nafarroako erresuma gainerako erresuma hispanikoen gainetik. Sobrarbeko erresumari dagokionez, pasadizo historiko iragankorra izan zen, haren foruak ez baitzuen indarrik hartu Nafarroan, oro har, eta arrazoi horregatik ezabatu zen haren aipamena Foru Orokorraren sarreratik, Chavierrek atondu zuen edizioan.

Bibliografia

Caro Baroja, J., Los vascos y la historia a través de Garibay (Ensayo de biografía antropológica), Donostia: Txertoa, 1972. Berrarg. Madrid: Caro Raggio, 2002.

Castro Álava, J. R., «La Historiografía Navarra antes del P. Moret», Moret, J., eta Alesón, F., in Annales del Reyno de Navarra, V. libk., Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1969, 1.-85. or.

Floristán Imízcoz, A., La Monarquía española y el Gobierno del Reino de Navarra, 1512-1808. Comentario de textos históricos, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1991.

García Pérez, R. D., Antes leyes que reyes. Cultura jurídica y constitución política en la Edad Moderna (Navarra, 1512-1808), Milan: Giuffrè, 2008.

Leoné Puncel, S., Los Fueros de Navarra como lugar de la memoria, Donostia: Euskal Herriaren Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2005.

Madariaga Orbea, J., Apologistas y detractores de la lengua vasca, Donostia: Euskal Herriaren Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2008.

Miranda García, F., eta Ramírez Vaquero, E., «De la cronística finimedieval a los “Anales del reino”», Martín Duque, A. J. (zuz.), in Signos de identidad histórica para Navarra. I, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1996, 51.-60 or.

Monreal Zia, G., eta Jimeno Aranguren, R., Textos histórico-jurídicos navarros. II. Historia moderna, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011.

Aipamen bibliografikoa

Monreal Zia, G., Jimeno Aranguren, R., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 485-487.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP