Ibilbidea
Pirinio mendien mendebaldeeneko herenean kokatuta, Baskonia ezinbesteko igarobide bihurtu zen Erdi Aroan, Europa eta Iberiar penintsula konektatzeko, mendikatearen altuerak beherantz egiten du-eta eremu horretan. Donejakue Bidea oso komunikazio-bide garrantzitsua izan zen, eta haren adarrek gure lurraldea zeharkatzen zuten; horrenbestez, erromes eta merkataritzan jarduten zuen jende asko eta asko ibili ziren bide horretan barrena. Kristautasuna, latina eta zuzenbide kanonikoa izan ziren estatu txikitan zatitutako Europa haren argamasa uniformatzailea. Erromako Elizak bere botere uniformizatzailea handitu zuen, Gregorio VII.a aita santuak, xi. mendean, erromatar liturgia besteen gainetik jarri baitzuen, eta aitasantutzaren botere espirituala enperadorearen botere tenporalaren gainetik zegoela xedatu baitzuen. Hala, bi botereen arteko lehia hasi zen, eta ez zen amaitu —aldi baterako, behintzat— Wormseko Konkordatura arte (1122).
Kristandade hark armak hartu zituen, gurutzaden bidez islamaren aurka borrokatzeko. Urbano II.a aita santuak aldarrikatu zuen lehenbizikoa, 1095. urtean, leku santuak berreskuratzeko deia eginez. xii. mendean, bigarren gurutzadaren testuinguruan, kultura islamikoa nolakoa zen jakiteko interesa piztu zen, kultura hori ezeztatu nahian. Pentsamolde hori Clunyko abade Petri Beneragarriak bultzatu zuen, Mahomari eta islamari buruzko lanak arabieratik latinera itzultzeko talde bat sustatu baitzuen Ebroren ibaiertzaren eskualdean. Ingeles batek, Robert Kettongoak, itzuli zuen Korana, Herman Karintiakoaren eta Pedro Toledokoaren laguntza izanda. Aurrerantzean, Kettongoaren bizitza Nafarroarekin lotuta geratuko zen.
Kristauen arteko gerrak ere izan ziren. Gerra-gertaerak errege-erreginen balentriak eta boterea azpimarratzeko deskribatu ziren. Horren adierazle da Nafarroako gudua lana. Lan hori poema epiko bat da, eta Nabarreriako Gerrako gertaerak kontatzen dira, xehetasun handiz. Proventzako trobalari Gilen Anelier Tolosakoak idatzi zuen poema hori, eta, aurrekari gisa, honako hauek ekarri zituen gogora: Navas de Tolosako Gudua (1212; Antso VII.a Azkarrak parte hartu zuen gudu horretan) eta Tibalt II.aren esku-hartzea Tunisiako gurutzadan (1270).
Bibliografia
Contamine, Ph.: La guerra en la Edad Media, Barcelona: Labor, 1984.
Ditchburn, D.; MacLean, S. eta MacKay, A. (argk.), Atlas de Europa medieval, Madrid: Cátedra, 2011, 4. argit.
Mitre, E.: Historia de la Edad Media en Occidente, Madrid: Cátedra, 2016.
Nieto Soria, J. M. (koor.): Europa en la Edad Media, Madrid: Akal, 2016.
Vauchez, A.: La espiritualidad del Occidente medieval (siglos viii-xii), Madrid: Cátedra, 1985.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 363-364.





