Ibilbidea
Aragoiko Koroa Kataluniaren eta Aragoiren batasun dinastikoaren ondorioz sortu zen. 1137an gertatu zen hori, Ramiro II.a Aragoikoak Aragoiko Erresumaren, Ribagorzako Konderriaren eta Zaragozako Erresumaren dohaintza egin zionean Bartzelonako konde Erramun Berenger IV.ari, kondearen eta Ramiro II.aren alaba eta oinordeko Petronilaren ezkontza-konpromisoa tarteko —1150ean bete zen konpromiso hori—. Erramun Berenger Osonako, Gironako eta Besalúko kondea ere bazen.
Musulmanek hartutako lurraldeak berreskuratzeko konkistak aurrera egin ahala, lurralde bakoitzaren eremua eratuz joan zen apurka-apurka, eta erakunde-egitura bereizietan islatu zen prozesu hori. xii. mendetik, antzinako konde–kuria Aragoiko errege-kurian eta Kataluniako errege-kurian bereizi zen —Gorteen jatorria izan zen hori—. Aldi berean, Erramun Berenger IV.ak, Alfontso I.ak eta Petri I.ak hedatze-politika egin zuten Okzitaniarantz, aurreko Aragoiko errege-erreginen eta Bartzelonako kondeen lotura feudalak eta ahaidetasun-harremanak baliatuta. Petri I.ak porrota izan zuen Mureteko Guduan (1213; gudu horretan hil zen), eta orduan gelditu zen Pirinioez iparralderanzko hedapen hori. Koroa hegoalderanzko proiekzio handia izaten ari zen: Teruel eta Albarracín konkistatu zituzten (1170); geroago, Jakue I.aren garaian, Mallorca (1228-1232) eta Eivissa (1235); Menorca ere meneko bihurtu zen (1232), eta Valentziako Erresuma ere konkistatu zuten (1232-1245).
Mallorcako (1230) eta Valentziako (1240) erresumak erakunde politiko autonomo moduan antolatu ziren. Jakue I.ak, gainera, Pirinioen iparraldean zituen lurraldeen subiranotasun osoa lortu zuen. Errege hori hiltzean (1276), Petri II.ak mendekotzat onartzeko eskatu zion Jakue II.a Mallorcakoari, eta 1278an egin zuen hori Jakue II.ak.
Petri II.ak Mediterraneoan hedatzen jarraitu zuen, Palermon bildutako Siziliako Parlamentuak eskaini zion koroa onartzean. Horren ondoren, zenbait uharte konkistatu zituen Mediterraneoan. Petri II.a hiltzean (1285), Aragoiko Koroako lurraldeak Alfontso III.aren eta Jakue II.a Mallorcakoaren artean banatu ziren. Alfontso III.ak Mallorca eta Eivissa Koroako gainerako erresumetatik ez bereizteko konpromisoa hartu zuen (1286). 1289an, Aragoiko Koroako erresumen lehenbiziko Gorte Orokorrak deitu ziren, Monzónen egiteko. Mallorcaren eta Kataluniaren arteko batasuna Bartzelonako Gorteetan berretsi zen, 1291n, baina Anagniko Itunaren bitartez (1295), Jakue II.ak Mallorca, Eivissa eta Menorca Mallorcako erregeari feudoan lagatzea onartu zuen, erregea Printzerriko gorteetara 1321ra arte joateko eta Sizilia aita santuari itzultzeko baldintzapean. Alderdi interesdun guztien oposizioa izan arren, Caltabellotako Bakearen bidez, Frederiko Siziliako subiranotzat berretsi zuten, bizi artean.
Bartzelonako etxeko beste kide batek, Fernando Mallorcakoak, Moreako Printzerria eskuratu zuen (1315-1316), eta, urte batzuk geroago, bere semea, Jakue III.a Mallorcakoa, subirano aldarrikarazi zuen.
Jakue II.ak Aragoik Kataluniako lurraldeen gainean zituen erreklamazioak honela ebatzi zituen: muga ezarri zuen (1305), eta erregimen juridiko misto katalan–aragoiar bat sortu zuen Ribagorzako Konderrirako (1322). Halaber, Murtziako Erresumaren zati baten (Orihuela, Alacant, Elx) subirano izatea lortu zuen, Torrellasko arbitraje-sententziaren bidez (1305). Lurralde hori, hain zuzen ere, Jakue II.aren tropek okupatu zuten, Gaztelako 1296ko gerra zibilaren garaian.
Aragoiko Koroa berez osatzen zuten erresumek konstituzio juridiko egonkor bat lortu zuten: erresuma bakoitzak erakunde bereizgarriak zituen, bai eta Gorte, lege, diru eta funtzionario propioak ere. Monarka zen elementu komun eta bateratzaile bakarra, eta honako hauek zituen laguntzeko: Errege Kontseilu bat, prokuradore orokor bat —gero, gobernadore orokor esango zitzaion kargu horri—, eta, kanpoan egonez gero, ordezkari orokor bat.
Jakue II.ak, bere aurreko erregeen ondorengotzek sortu zituzten liskarrak eragozteko, honako hau xedatu zuen 1319an: aurrerantzean, Katalunia eta Aragoiko eta Valentziako erresumak ezin izango zirela elkarrengandik bereizi, eta bere menekoek hori betetzen ez zuen erregearen aurka altxatzeko baimena zutela. Petri III.ak xedapen hori berretsi zuen 1344an, Mallorcako Erresuma xedapenera gehituta —okupatu berria zuen erresuma hori, eta errege koroatu zuten (1343)—.
Jakue III.a Mallorcakoaren erreinaldian, urrezko florina sortu zuten, -katalan-aragoiar Koroa osoaren lehenbiziko diru komuna (1346). Halaber, Kantzilertzaren eta Auzitegiaren errege-administrazioa berrantolatu zen, Koroako lurraldeen kohesio goreneko unearen ikur.
Korsikaren eta Sardiniaren okupazioa geroagorako utzita zuten xiv. mendearen hasieratik, eta horri ekin zion Alfontsoren seme zaharrenak 1323an. 1330erako, katalanek lurralde hori kolonizatuta zuten, eta beste erresumen antzeko antolamendu politikoa ezarri zen.
Kohesio hori berriz apurtu zen 1392an, subiranotasuna Siziliako erregeari berriz eman ziotenean. Siziliako Martin I.a Gaztea hiltzean (1409) —Siziliako Maria erreginarekin ezkondua zen 1392an—, bere aita Martin I.a Aragoikoak bereganatu zuen Siziliako koroa.
Ondorengotza-gatazka larria piztu zen, eta Caspeko Konpromisoa sinatzean amaitu zen. Horren ondorioz, Gaztelako Trastamara dinastiakoek bereganatu zuten Katalunia eta Aragoiko Koroa. Alfontso V.a, armen bidez, Korsikako erregearen titulua gauzatzen saiatu zen (1420), alferrik. Urtebete geroago, Alfontso berak Napolesen nagusitzeko borroka hasi zuen, baina ez zuen hori guztiz lortu 1442ra arte. Hurrengo urtean (1443), aita santuak Bi Sizilietako erregetzat aitortu zuen, eta, gero, Balkanetan jarraitu zuen bere kanpo-politika.
Alfontso V.a hiltzean, Napoles eta ekialdeko lurraldeak bere seme Fernando I.a Napoleskoak eskuratu zituen, eta Aragoiko Koroa, berriz, Nafarroako errege eta Alfontsoren anaia Joanek jaso zuen. Joan II.aren aurka piztu zen gerrak Koroaren batasunaren haustura eragin zuen berriz, Frantziak Roselló eta Cerdanya konderriak okupatu baitzituen aldi batean (1475-1493).
Aragoiko Koroako lurralde bakoitzak bere historiografia izan zuen. xii. mendean, katalanez idatzitako herri-historiografia bat sortu zen, narrazio-poemen edo gesta-kanten bidez gauzatu zena —oro har, oso leialak ziren errealitate historikoarekiko—. Historiografia-mota horren ostean, Lau kronika handiak deiturikoak izan ziren: Jakue I.aren, Descloten, Muntanerren eta Petri III.aren kronikak, ahozko informazioa eta dokumentazioa erabiliz osatuak. Horietako lehenbizikoa, Llibre dels fets delakoa, oso interesgarria da Antso VII.a Nafarroakoaren historiaren zenbait alderdiren berri izateko. Antzeko metodologia eta erudizio gero eta handiagoa baliatuz egin zituzten beren historiografia-lanak Pere Tomic katalanak, kronika nafar-aragoiarraren eta San Juan de la Peñako kronikaren egile aragoiarrek, eta Gualberto Fabricio de Vagadek. Obra eta egile horiek Baskoniari buruzko informazio garrantzitsua ematen dute.
Bibliografia
Sarasa Sánchez, E.: La Corona de Aragón en la Edad Media, Zaragoza: Caja de Ahorros de la Inmaculada, 2001.
— «España en las crónicas de Aragón en la Edad Media (siglos xii–xv)» in Norba. Revista de Historia, 19 (2006), 95.-103. or.
Sesma Muñoz, J. A.: La Corona de Aragón en el centro de su historia, 1208-1458, 2010.
Ubieto Arteta, A.: Creación y desarrollo de la Corona de Aragón, Zaragoza: Anúbar, 1987.
Utrilla Utrilla, J. F.: «Historia y ficción en las crónicas medievales aragonesas: cronistas y propaganda política» in Aragón en la Edad Media, 18 (2005), 83.-116. or.
Aipamen bibliografikoa
Vega López, F., “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 327-329.





