Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE PORTUGALGO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Portugalgo Erresuman, xiii. mendearen amaieran eta xiv. mendearen hasieran, eragin handia izan zuen Portugalgo Dionisio I.aren (Dinis I.a) erreinaldi luzeak (1279-1325). Dionisioren aita Alfontso III.aren erreinaldian, musulmanek Portugalen zituzten lurraldeen konkista amaitu zen, eta, horren ondoren, Dionisioren erregealdia bake-aldia izan zen, eta Gaztelaren aurkako kanpaina txiki eta labur batzuk baino ez ziren izan. Gatazka horiek Alcañiceseko Itunaren (1297) bidez konpondu ziren. Itun horretan, bi erresumen arteko behin betiko mugak ezarri ziren. Ituna onuragarria izan zen Portugalentzat, Gaztelako ahultasuna baliatu baitzuen, Fernando IV.aren adin txikiaren garaian. Urte haietako lasaitasunak aukera eman zion erregeari merkataritzaren garapenean eta, batez ere, nekazaritzaren sustapenean oinarritutako ekonomia bultzatzeko. Merkataritza garatzeko, azokak eta merkatuak arautu ziren eta kanpo-merkataritza bultzatu zen. Nekazaritzari dagokionez, erregeak jabetza txikiak banatu zituen nekazarien artean, koroari errenta batzuk ordaintzearen truke. Halaber, basoak mozteko eta eremu zingiratsuak lehortzeko agindu zuen, Minho, Alentejo eta Algarve eskualdeetan, nekazaritzan erabiltzeko.

Dionisio I.ak monarkia sendotu zuen, nobleziaren eta goi-kleroaren kalterako, eta, horretarako, hiriekin aliatu zen eta klase herritarrak babestu zituen boteretsuen gehiegikerietatik. Portugalen ezarritako ordena erlijioso-militarrei dagokienez, haien gaineko kontrol handiagoa lortu zuen, Gaztelarekiko zuten mendekotasuna hausteari esker. Klemente V.a aita santuak tenplarioen ordena desegin zuenean (1312), Dionisiok ordena horren ondasunak —eta kideak ere— baliatu zituen, ordena berri bat sortzeko, Kristoren ordena (1319), hain zuzen ere. Ordena horretako fraide zaldunek leialtasunaren zina egiten zioten monarkari.

Dionisio I.aren erregealdia kultura-loraldi oparoagatik nabarmendu zen. Dionisio, aurreko monarkak ez bezala, errege ikasia izan zen, trobalariak babestu zituen, eta ehun eta berrogeita hamar kantiga inguru ere konposatu zituen. Lan asko itzultzeko agindu zuen, eta Dionisioren gortea Iberiar penintsulako literatura-gune nagusietako bat izan zen. Magna Charta Priveligiorum delakoaren bidez, erresumako lehen unibertsitatea sortu zuen, Coimbrakoa. Aita santuak 1290ean berretsi zuen unibertsitate hori, eta Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Kanonikoa, Arteak eta Medikuntza irakatsi zituzten bertan.

Elisabet Aragoikoarekin ezkondu zen —Aragoiko errege Petri III.aren alaba zen— eta bi seme-alaba izan zituzten. Baina Dionisio I.ak, halaber, sei seme-alaba izan zituen ezkontzatik kanpo, sei emakumerekin. Grácia Froesengandik  Petri Alfontso Portugalgoa jaio zen, Barcelosko kondea (1287-1354). Historialaria eta genealogista izan zen, eta, bere lanetan, Nafarroako eta Bizkaiko leinuak landu zituen.

Bibliografia

Catalán, D.: De Alfonso X al Conde de Barcelos: cuatro estudios sobre el nacimiento de la historiografía romance en Castilla y Portugal, Madrid: Seminario Menéndez Pidal-Gredos, 1962.

Ferreira, M. R. (arg.): O Contexto da Historiografia portuguesa nos séculos xiii e xiv (em memória de Diego Catalán), Coimbra: Imprensa da Universidade, 2010.

Monteiro, C.: Esboços de história da Literatura, Rio de Janeiro: Livraria Acadêmica, 1961.

Pizarro, J. A. S. M.: Linhagens medievais portuguesas (séculos. xiii-xiv), Porto: Universidade Moderna, 1999.

— D. Dinis, Lisboa: Círculo de Leitores, 2005.

Vasconcelos e Sousa, B.: «Medieval Portuguese Royal Chronicles. Topics in a Discourse of Identity and Power» in e-Journal fo Portuguese History, 5. libk., 2. zk. (2007).

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., Noain Irisarri, J.J,  “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 323-324.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP