Ibilbidea
Almorabideen kroniken aroa, v./xi. eta vi./xii. mendeetan, eta kronikari almohadeena, vi./xii. eta vii./xiii. mendeetan, bat datoz garaiko errege-erregina asturiar nagusien eta Gaztelako errege-erreginen kronikekin. Garaiko kronikari nagusiek transmititutako datuen ikuspegitik, aro hori oso garrantzitsutzat hartzen da literatura-genero historiko horri dagokionez; izan ere, kronikari haien ordezkari nagusietako bi, Ibn Ḥayyān eta Ibn Ḥazm, izan ziren ekarpen baliotsuenen egile. Dinastiaren gainbehera, gobernuaren zentraltasunaren haustura eta, ondorioz, taifa-erresumen indartzea xehetasunez jasotzen dira haien kroniketan. Mende haietan, iparraldeko herritarren aurkako kanpainak etengabeak izan ziren. Iruñerrian, Abd ar Rahman I.a eta Abd ar Rahman III.a Ordoño I.aren eta Ordoño II.aren aurka borrokatu ziren, hurrenez hurren. Banū Qasī dinastiako azken jaunen garaiak ziren; subirano musulmanak etengabe iparretik hegora lekualdatzen joan ziren, eta Ebroren ibarrean kokatu ziren, leku estrategikoa baitzen hura iparraldeko eta ipar-ekialdeko gazteluei eraso egiteko. Sajrat Qayseko gotorleku musulmana zen eraso haien muga, gaur egungo Uharte Arakil.
Ibn Ḥayyānek Kordoban v./xi. mendean gertatutako fitna edo iraultzari buruz eginiko deskribapena aintzat hartuta, lurraldea erabateko anarkiaren pean zegoen. Garai hartan, Abd ar Rahmaan Sanchuelo zen agintean, Antso II.a Gartzez Abarkaren biloba. Haren ekintzak eta erabakiak zirela eta, Sanchuelo arbuiatu egin zuten agintari kristauek; besteak beste, Sancho García Gaztelako kondeak. Denbora-tarte laburrean, hark eta haren ondorengoek behartuta, omeiatar dinastiaren berealdiko gainbehera etorri zen, eta al-Qāsim dinastia hamudia agertu zen Penintsulan.
Garai hartako kronikak askoz zehatzagoak dira; izan ere, egileek sarbidea zuten jauregiko artxiboetara, eta, horrez gain, aukera zuten garaiko gertakarien lekuko zuzenei eta berriemaileei galdetzeko. Inoiz, kronikariak berak gertakari historiko haietako batzuen protagonista ere izan ziren. Egileek, orobat, harreman estuagoa zuten administrazioarekin eta gobernu zentralarekin; izan ere, idazkari, eskribau edo bisir karguak betetzen zituzten, eta, hala, Penintsulako lurraldeetan gertatutako borroka eta gorabeheren berri zuten. Faktore horri esker kronikek deskribapen-teknika zorrotzagoa hartu zuten. Beste zenbait kronikari, historialari eta geografok, berriz, zerbitzuan jardun ondoren, boterearekiko erantzukizunak alde batera uztea erabaki zuten, aztergai zituzten iturriak egiaztatzeko, haien gainean hausnartzeko eta transkripzio-lana egiteko. Horri guztiari esker, kalifa-herria erori ondoren sakabanaturik geratu zen botere musulmanaren gobernari eta ordezkarien aurrean iparraldeko herritarrek elkar harturik eginiko erresistentziaren pasarteak jaso eta gorde ahal izan ziren.
Viguera Molinsen arabera, Granadako kronikarien etapa deritzonarekin amaitu zen fase hori. viii./xiv. mendean hasi eta ix./xv. mendean bukatu zen fase hori. Aro horretan al-Nuwayrī, Ibn Jaldūn eta beste zenbait egileren lana nabarmendu zen. Bizi ere aztergai izan zituzten mende haietan bizi izan ziren egile horiek; hau da, Behe Erdi Aroan.
Bibliografia
Lévi-Provençal, E., «La conquista y el emirato hispano-omeya», in Historia de España, IV.España musulmana hasta la caída del califato de Córdoba (711-1031 de J. C.), Madrid: Espasa Calpe, 1976, 3.-53. or.
Pérez de Urbel, J., «Los primeros siglos de la Reconquista (años 711-1038)», in Historia de España, dirigida por Menéndez Pidal, VI, Madrid: Espasa Calpe, 1976, 10.-16 . or.
Viguera Molins, M.ª J., «Fuentes de al-Andalus (siglos xi y xii). I: Crónicas y obras geográficas», in Codex aquilarensis: Cuadernos de investigación del Monasterio de Santa María la Real, 13. zk. (1998). Zk. monografikoa: Valdés Fernández, F. (koord.), La península ibérica y el Mediterráneo entre los siglos xi y xii (I), 10.-32 . or.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Almira, Mª. M. “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 281-282.





