Ibilbidea
Pirinioen iparraldeko Wasconia edo Gaskoiniaren lehen lekukotza 602. urtekoa da. Alabaina, askozaz lehenago, Garona ibaiaren eta Pirinioen artean hedatzen zen lurraldeak berezitasun etniko nabarmena zuen; izan ere, erromatar Inperioak bereizi egin zuen Novempopulaniako probintzia Akitaniatik. Galia-Erromako hamaika hiri hauek elkartu ziren, apezpiku-egoitza bihurturik, Gaskoiniako lehen hiri-sarean: Eauze, Bazas, Dax, Lectoure, Convenae (Saint-Bertrand-de-Comminges), Consoranni (Saint-Lizier), Bearnenses (Leskarre), Aire, Oloroe, Auch eta Tarbes. Antzinaro berantiarreko eta Erdi Aro goiztiarreko mendeetan izan ziren gertakari politikoen ondorioz, Gaskoiniako dukerria eratu zen ix. mendean. Lurralde horretan biltzen ziren mendebaldeko hiri hauek: Novempopulania, Agen eta, bereziki, Bordele.
x. eta xi. mendeetan, kultura-loraldi garrantzitsua izan zen Gaskoinian, hango monasterioen bidez. Haien artean Saint Severko abadia beneditarra nabarmendu zen. Gillen Santxo Gaskoiniako dukeak erosi zituen lurrak eta bultzatu zuen monasterioaren eraikuntza (988). Abadiak berehala zabaldu zuen bere eragina, eta jabego ugari eskuratu zituen; xi. mendean Médoc eskualdetik Iruñeraino hedatzen ziren jabego horiek. Goraldi hartan, Grégoire Montaner Clunyko ordenako abadea (1028-1072) zen agintean, eta, hain zuzen, garai hartan egin zen Beatus de Saint-Sever Beatoa edo kodex irudiztatua. Maisulan hori monasterioko scriptoriumean egin zuten hainbat kopistak eta irudiztatzailek, Stephanus Garcíaren zuzendaritzapean. ix. mendearen erdialdeko kodex ilustratu horrek San Joanen Apokalipsia kontatzen du.
Bibliografia
Collins, R., «The Basques in Aquitaine and Navarre: problems of frontier government», in War and Government in the Middle Ages. Essays in Honour of J. O. Prestwich, Woodbridge, 1984, 3.-17. or.
Goyhenetche, M., Historia General del País Vasco. I. Prehistoria, época romana, Edad Media, Donostia: Ttarttalo, 1999.
Le Blévec, D. (zuz.), Les cartulaires méridionaux: actes du colloque organisé à Béziers les 20 et 21 septembre 2002, Paris: École des chartes, 2006.
Mussot-Goulard, R., Histoire de la Gascogne, Paris: Presses Universitaires de France, 1996.
Aipamen bibliografikoa
Jimeno Aranguren, R., “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, p. 276





