Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Erdi Aro Betean eta Behe Erdi Aroan, Nafarroako Erresuman pixkanaka garatuz joan zen bertako historiografia. xi. mendean, Ximena dinastiaren goraldia gertatu zen, dinastia horretako kideak gerora indar handia hartu zuten bi entitateren politika- eta lurralde-hazkundearen protagonista izan baitziren. Aragoiko erresumaren eta Gaztelako erresumaren goraldiaren eragile, hain zuzen. Gaztela eta Leongo dinastien eta Gaztela eta Aragoikoen arteko bat-egitearen eraginez, azkenik, penintsulako erresuma guztiak familia bakar baten esku geratu ziren, eta horien arbaso komun hurbilenak, hain zuzen, Iruñeko errege-erreginak ziren. Horri esker, Iruñeko Erresumak (gerora, Nafarroakoa) leku garrantzitsua izan zuen Aragoiko eta Gaztelako historiografietan, nahiz eta batzuetan erreferentziak genealogia-zerrenda hutsetara mugatzen diren.

Ximenatarrak Iruñean berrezarri zirelarik (1134), monarkia legitimatzeko eta sendotzeko egitasmo politiko eta kulturala abiatu zen, bizilagunen asmoei aurre egite aldera. Testuinguru horretan, diskurtso historiko berri bat sortu zen, eta x. mendeko kroniketatik lehen aldiz, Nafarroako monarkia bihurtu zen diskurtso horren ardatza. Horrela gertatzen da, adibidez, Fuero General konpilazioetan jasotako Coronicas Navarraslanean. Hala ere, xii. eta xiii. mendeetan, genero proto edo parahistoriografikoak nagusitu ziren (epika historikoa, hagiografia, heriotza-oharrak eta abar). Azken horiek, asmo historiko hertsirik izan ez arren, lehen mailako iturri izan dira erresuma zaharraren iraganeko zenbait pasarteren berri jakiteko. Horren adibide dira, Gilen Anelierren La Guerra de Navarra edota Libro de los Milagros de San Miguel lanak.

xiv. mendearen amaieraz geroztik, Nafarroako egiazko proiektu historiografiko bat sortu zen, kasu honetan dinastia berri baten eskutik eta hari estu loturik: Evreuxtarren eskutik, hain zuzen. Gartzia Eugikoaren (1409 inguruan hil zen), Gartzi Lopez Orreagakoaren (1437an hil zen) eta Karlos Evreuxkoa, Vianako printzearen (1421-1461) kronikak dira, hain zuen, Erdi Aroko Nafarroako hiruko historiografikoaren oinarria. Lehen aldiz, erresumaren iragana izaera historikoko obren aztergai eta ardatz izan zen, garrantzi eta munta nabarmenarekin. Lehen mailako iturrien eskasiagatik, edo egileek iturri horietara jotzeko agertutako ezgaitasunagatik, kronikariek sarri baliatu zituzten kondairak eta ahozko tradizioa, batez ere pasarte urrunekoenak narratzeko. Horri gehitu behar zaio joera alderdikoi eta legitimatzailea zutela, bereizgarri ohikoa Erdi Aroko kronikagintzan. Hala ere, balio ukaezineko testuak dira, dela haien eduki eta osaeragatik, dela idatziak izan ziren garaiari buruz erakusten dutenagatik. Behe Erdi Aroko kronika horien epilogo izan ziren Joan Jaso, eta jada xvi. mendean, Antso Alvear eta Diego Ramírez Ávalos de la Piscina.

Leku nabarmena merezi dute, halaber, jatorriz nafarrak izanik, erresumatik kanpo jardun zuten egileek, edo haien lanetan Nafarroatik kanpoko gaiak jorratu zituztenek. Haien artean nabarmentzen dira, obraren aberastasunagatik eta ondoren izan zuten eraginagatik, Benjamin Tuterakoa (xii. mendea), Rodrigo Ximenez Radakoa (1170-1247) eta Menahem ben Zerah (1310-1385).

Bibliografia

Miranda García, F., eta Ramírez Vaquero, E., «De la cronística finimedieval a los “Anales del reino”», in Martín Duque, A. J. (zuz.), Signos de identidad histórica para Navarra, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1996, 1. libk., 51.-60. or.

Orcástegui Gros, C., «La memoria histórica de Navarra a fines de la Edad Media: la historiografía nacional», in Homenaje a José María Lacarra, Príncipe de Viana, 47 (1986), 2. eranskina, 1. libk., 591.-606. or.

Pavón Benito, J., «La cronística bajomedieval del reino de Navarra: síntesis historiográfica y nuevos planteamientos de interpretación de los textos históricos», in Sarasa, E. (koor.), Monarquía, crónicas, archivos y cancillerías en los reinos hispano-cristianos: siglos xiii-xv, Zaragoza: Institución Fernando el Católico, 2014, 347.-376. or.

Aipamen bibliografikoa

 Ilundain Chamarro, J., “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 239-240.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP