Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARABAKO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Araba Goi Erdi Aroan hasi zen idatzizko iturri narratiboen arreta jasotzen, Alfontso III.aren Crónica lanean ikus daitekeenez. Gerora, aipamen gehiago badira, batzuk luzeago beste batzuk motzago, hainbat gertakariren inguruan: Arabaren konkista Alfontso VIII.aren eskutik (Rodrigo Ximenez Radakoaren Historia de rebus Hispaniae) edo Arriagako Kofradiaren desegitea 1332an (Crónica de Alfonso XI). Alabaina, aipamen soilak dira, eta ezin da lurraldeari berari buruzko Erdi Aroko historiografiaz hitz egin oraindik. Hain zuzen ere, arabartzat har daitekeen lehen historialaria Pedro Lopez de Aiala izan zen (1332-1407). Nolanahi ere, egia da haren jarduerak, arlo guztietan, gainditu egiten dituela lurralde horren mugak, sobera gainditu ere. Liburu asko irakurritako gizon jantzia izanik, haren kronikari-lana, xiv. mendeko Gaztelako errege-erreginei buruzkoa, literatura-obra askoz zabalago batean txertatu beharrekoa da. Obra hori funtsezko informazio-iturri izan da garaiko gorabehera politiko, militar eta dinastikoen berri jakiteko, bai eta nobleziaren ohitura, mentalitate eta jokamoldeak aztertzeko ere.

Baina noblezia arabarrak historiaren beste ildo bat ere landu zuen: genealogia, hain zuzen ere. Errege-erreginen familiak imitatuz, Europako goi-aristokraziak haien familia-segidak lantzeari ekin zion xi. mendean. Gaztelak xiv. mendearen erdialdera heldu zion jardun horri. Testuinguru horretan, goraipatzekoa da Aialatarrak zeinen goiztiarrak izan ziren, garai hartarako leinuaren memoriak idazten ari baitziren. Obra kolektibo hori familiako hainbat buruk denboraren joanean metatuz joandako lanaren emaitza izan zen. Fernan Perez de Aialak ekin zion lan horri 1371tik 1385era bitartean, eta semeak jarraitu zion, aipatutako Pedro López kantzilerrak, 1385etik 1407ra bitartean. Testuak beste hiru eransketa izan zituen. Lehena (egilea nor izan zen ez da jakin), Joan II.aren erregealdian (1406-1454) izan zen; bigarrena, 1470 inguruan agindu zuen Gartzi Lopez de Aialak, eta hirugarrena, xvii. mendeko testu anonimo bat da. Eranskin horien edukiak leinua justifikatzeko eta idealizatzeko bultzada nabarmena du, eta bi ildo nagusi nahasten ditu: batetik, genealogia-materia egiazkoa edo asmatua —ezkontzen eta ondorengoen segida lehorra— eta, bestetik, zenbait digresio; zehazki, lau errelato eta Fernán Perezen kodiziloaren transkripzioa (1378). Testu horiek argitara emateko eta ikertzeko lana irekirik dago oraindik ere.

Bibliografia

Bazán Díaz, I., «La historiografía medieval vasca y su influencia en la obra de Garibay», in El historiador Esteban de Garibay, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2001, 75.-122. or.

Dacosta Martínez, A., El «Libro del linaje de los señores de Ayala» y otros textos genealógicos. Materiales para el estudio de la conciencia del linaje en la Baja Edad Media, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2007.

— «Mecanismos y articulaciones discursivas en la construcción de la memoria genealógica: el caso de los Ayala», in Dacosta Martínez, A.; Prieto Lasa, J. R., eta Díaz de Durana, J. R., La conciencia de los antepasados: la construcción de la memoria de la nobleza en la Baja Edad Media, Madrid: Marcial Pons, 2007.

Munita Loinaz, J. A., «Fuentes cronísticas para el estudio del País Vasco en la Edad Media», in Barruso Barés, P., eta Lema Pueyo, J. A., Historia del País Vasco. Edad Media (siglos v-xv), Donostia: Hiria, 2004, 1.-110. or.


Aipamen bibliografikoa

Lema Pueyo, J. Á., “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 229-230.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP