Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE BIZKAIKO EGILEAK ETA OBRAK

SARRERA

Ibilbidea

Bizkaia, Erdi Aroaren zatirik handienean, bazterrean edo oso bigarren mailan utzi zuten kronikariek, eta ez zioten apenas arretarik jarri. Lurraldetik kanpoko egileek idatzitako kontakizunetan, eta Penintsulako erresumen historia orokorragoarekin loturik baino ez dira jasotzen Bizkaiari buruzko aipamenak. Idatzien zerrenda horretan lehena Crónica de Alfonso III da, ix. eta x. mendeen artean idatzia; ondoren datoz Alfontso X.aren (1252-1284) eta Alfontso XI.aren (1312-1350) aroetako kronikak, ahaztu gabe Pedro de Barcelos konde portugaldarraren (1282-1354) obra; amaitzeko, jada xv. mendean, hor dira Alonso de Palencia, Mosén Diego de Valera eta Hernando del Pulgarren ekarpenak.

Bitartean, azken mende horretan, Bizkaia bere memoria historikoa sortzen hasi zen. Kultura-garapen horren mugarri erabakigarria izen zen Anales Breves de Vizcaya lana. Ez dago argi nor den egilea, baina, lan horren editore Sabino Agirre Gandariasen arabera, bi hauek bederen ez ziren izan: Lope Gartzia Salazar —izan ere, pasarte batean haren aldekoak izan ez ziren gertakariak kontatzen dira— eta Diego de Aiala, kronologia aldetik ezinezkoa delako. Aipatutako aditu horren arabera, sinesgarriagoa da urte-liburu (Anales) horiek Bilbo Zaharreko Sancho Sánchez eskribauarenak direla pentsatzea. Urte-liburuak diren heinean, 1162tik 1452ra kronologikoki ordenatutako 318 gertakari azaltzen dira horietan —nolabaiteko irregulartasunez eta zehaztugabetasun batzuekin—, eta horietatik 247 xv. mendekoak dira. Nahiz eta albiste laburrak izan, Erdi Aroko historiografia-genero honetan ohikoak, informazio aldetik zertxobait luzatzen eta aberasten doaz testuak denboran aurrera egin ahala. Datu baliotsuak jasotzen dira liburu horietan, beste jatorri batzuetakoekin kontrastatu eta gurutzatu beharrekoak, Bizkaiko Jaurerriko bandoen gerrei buruz, baita bestelako hainbat gairi buruz ere, hala nola gertakari politikoei, leinuen gorabeherei eta naturako gertakariei buruz (eguzki-eklipseak, adibidez). Hirietako bizimoduari ere leku egiten zaio, eta behin eta berriro azaltzen dira Bilboko historiako pasarteak.

Panorama horretan, bada egile nabarmen bat: Lope Gartzia Salazar (1399-1476). Aurrerago emango dugu, xehetasun handiagoz, haren bizimodu gorabeheratsuaren eta haren obren ezaugarrien berri. Lanen artean, batez ere Buenas andanças e fortunas izango dugu aztergai. Aurreratu dezagun, nolanahi ere, haren obra trinkoa izugarri interesgarria dela xv. mendeko euskal gizartea eta garaiko barne gatazka konplexuak aztertu nahi dituen ororentzat. Azaldutako gertakari askoren protagonista, eta, beraz, lehen lerroko lekuko izan zen. Zorroztasun kronologikoa falta dute zenbaitetan haren idatziek, baina, hala ere, bizitasun eta aberastasun informatibo handia dute. Egileak, finean, Jaurerriko leinuetako kapareen ikuspegia, balioak eta helburuak islatzen ditu.

Bibliografia

Aguirre Gandarias, S. (arg.), Las dos primeras crónicas de Vizcaya, Bilbo: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1986.

Bazán Díaz, I., «La historiografía medieval vasca y su influencia en la obra de Garibay», in El historiador Esteban de Garibay, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2001, 75.-122. or.

Mañaricúa, A. E. de, Historiografía de Vizcaya (Desde Lope García de Salazar a Labayru), Bilbo: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca, 1973, 2. argit. Berrarg. handitua, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.

Munita Loinaz, J. A., «Fuentes cronísticas para el estudio del País Vasco en la Edad Media», in Barruso Barés, P., eta Lema Pueyo, J. A., Historia del País Vasco. Edad Media (siglos v-xv), Donostia: Hiria, 2004, 51.-110. or.

Aipamen bibliografikoa

Lema Pueyo, J. Á., “sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 

219-220.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP