Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EGILE ETA OBRA MOZARABIARRAK

SARRERA

Ibilbidea

Merovingioen dinastiaren ondotik, karolingioen dinastia eseri zen frankoen tronuan eta, horren ondorioz, Galia berrosatu zen, politikoki zatituta baitzegoen. Karlomagno enperadore koroatzean jo zuen goia dinastiak (800), bai eta haren oinordeko Ludoviko Pioren erregealdian ere. Karolingioen goieneko aldi hura, ordea, gainbehera etorri zen, semeen arteko lehiek eraginda. Lehia haiek guztiak Verdungo Hitzarmenean zehaztu ziren juridikoki (843), eta inperioa hiru zatitan banatu zen. Karolingioen historiaren amaiera, hala ere, ix. mendearen akaberan eta x.aren hasieran azkartu zen, bai normandoen ekinaldien ondorioz, bai karolingioen beraien arteko azpijokoek eraginda, eta haien mundua behin betiko desagertu zen.

Erregetza karolingioak feudalismoa izan zuen ezaugarri, eta kultur arloan, berriz, «pizkunde karolingioa» esaten zaiona, hau da, errege-erregina frankoek bultzaturik loratutako gertakaria. Horren ondorioz, historia- eta literatura-lan asko idatzi ziren, guztiak ere scriptoria haietan onduak eta liburutegi aberatsetan gordeak. Giro hartan, nabarmentzekoa da nola eraiki zuten historialariek nahiz literatoek errege-erreginen bizitza. Lan horien bidez, izan ere, Karlomagno, Luis Errukitsua eta Karlos Burusoila, hirurak ere, enperadore kristau idealaren eredu bihurtu ziren. Karlomagnoren gaineko elezaharra, adibidez, enperadorea bizi zelarik osatzen joan zen, kantu heroikoak konposatu baitziren haren balentrien erakusgarri; hura hil eta gutxira, Gesta Karoli Magni eta beste lan batzuk ondu ziren xede berarekin. Azken lan hori Notker Saint Gallekoa izeneko monjeak idatzi zuen. Karlomagnoren zerbitzuko soldadu izana, zahartzaroan enperadorearen kanpaina militarrak kontatu zituen. Molde bereko lana da Vita Karoli Magni biografia, Eginhardok idatzia. Biak ere kalitate handikoak izan ziren, bai eta Nithardok eta Astronomoak ondutakoak ere. Finean, frankoen historia goresteko kontakizunak izan ziren, garaikideei erakuste aldera.

Kronika horiei esker, erresuma eta inperio karolingioak autoritate-irudia agertu zuen, bai aristokrazia feudalaren aurrean, bai herri guztiaren aurrean ere. Handik aurrera, errege-erreginen balentriak jendearen iruditeria kolektiboan txertatzen joan ziren. Karolingioen aldiko kronika eta urte-liburuez gain, literatur forma berriak sortu ziren, hala nola gesta-kantuak, Europa guztian agudo zabaldu zirenak.

Biografo karolingioetan, informazio ugari dago hala Akitaniako Dukerriaz eta Erresumaz, nola hegoaldeko Baskoniaz. Albisteen artean, Orreagako Guduan (778) gertatutakoa nabarmentzen da; hau da, Karlomagnok Zaragozaz jabetu gabe egin behar izan baitzuen atzera bere bidean. Iruñea txikitu eta Ibañetako mendatea zeharkatu zuen, Luzaiderantz jaisteko. Baskoien erasoak, ordea, armada karolingioaren atzeguardia sarraskitu zuen, Errolanen Kantuan erasotzaileak musulmanak izan zirela esaten den arren. Orreagakoa gertatu zenetik hainbat mendetara konposatua, hura Europako literaturan eragin handiena izandako testuetako bat izan zen, bai eta beste gesta-kantu batzuen inspirazio-iturri nabarmena ere. «Orreagako Gudua» lehenagotik ere jasoa zuten egile karolingioek, hala lan historikoetan —bereziki, Annales Mettenses priores, Eginhardoren Vita Karoli eta Astronomoaren Vita Hludowici imperatoris lanetan—, nola literarioetan. Literatur lanetan, adibidez, Poeta Saxoiak ondutako Annales de Gestis Caroli Magni aipatu behar da.

Bibliografia

Falkowski, W., eta Yves Sassier, Y. (argk.), Le monde carolingien: bilan, perspectives, champs de recherches. Actes du colloque international de Poitiers, Centre d’Études supérieures de Civilisation médiévale, 18-20 novembre 2004, Turnhout: Brepols, 2009.

Iogna-Prat, D., «La construction biographique du souverain carolingien», Henriet, P. (zuz.), A la recherche de légitimités chrétiennes. Représentations de l’espace et du temps dans l’Espagne médiévale (ixe-xiiie siècle), Madrid: Casa de Velázquez, 2003, 197.-224. or.

Jimeno Jurío, J. M.ª, ¿Dónde fue la Batalla de «Roncesvalles»?, Iruñea: Nafarroako Foru Diputazioa, 1973. Berrargk. Iruñea: Pamiela, 2004; De Valcarlos a Roncesvalles. Historia de una batalla, Iruñea: Pamiela, 2010, 179.-297. or.

McKitterick, R., History and Memory in the Carolingian World, Cambridge: Cambridge University Press, 2004.

Noble, T. (itzulpena, sarrera eta oharrak), Charlemagne and Louis the Pious. Lives by Einhard, Notker, Ermoldus, Thegan, and the Astronomer, Pennsylvania: The Pennsylvania State University, 2009.

Riché, P., Education et culture dans l’Occident barbare. vi-viii siècles, Paris: Ed. du Seuil, 1962.

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Sarrera”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 185-186.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP