Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE 2. Gipuzkoako egileak eta obrak

SANTOS LASURTEGUI [SANTOS LAZURTEGI], Alfonso de los (Gipuzkoa, d.g. – Madril?, 2002ko abenduak 1).

Karguak eta lanbideak

 Militarra, jurista eta Zuzenbidearen historialaria

Ibilbidea

Lan historiko bakar baten egilea izan zen, La Hermandad de Guipúzcoa y el corregidor doctor Gonzalo Moro, 1935ean argitaratua. Liburua garai hartako Madrilgo Unibertsitate Zentralean —egun, Unibertsitate Konplutentsea— aurkeztutako doktoretza-tesiaren emaitza da.

Liburuan, Gipuzkoako Ermandadearen 1397ko koadernoa dago aurkeztua eta transkribatua. Hogeita hamarreko hamarkadan Espainiako unibertsitatean nagusi zen Zuzenbidearen Historiaren arloko ikerlan baten gisa landu zen. Sarrerako azterlanean, ordenantzetako testua bere garaiaren testuingurura ekartzen saiatzen da. Horretarako, XIV. mendeko Gipuzkoako eta Euskal Herriko erretratua hartu zen oinarri, hots, Floranesek egindako deskribapenak eta Etxegarairen ikerlanak erabiliz; betiere, erretratuaren lehen planoan «bandoen gerra» direlakoek eragindako istiluak jarrita. Hortik abiatuta, lanak iradokitzen du monarkia eginkizun judizialak gainbegiratzen hasi zela, betiere inkisiziozko irizpideetan oinarriturik eta, ez, ordea, akusaziozko irizpide hutsena bermaturik. Monarkiaren eginkizunaz esaten da legea betearaztearen bermatzailea dela. Lana bukatzeko, egileak interpretazio hau dakar: «Gizartea borroka bizietan ari denean, aginpiderik eta ordenarik ez dagoenean, eta gizarte-loturak lasaituak daudenean, legedi zorrotza eta prozedura azkarra behar dira, legearen nagusitasuna azkartasunez eta eredugarritasunez berrezartze aldera, Justiziarekiko eta Zuzenbidearekiko konfiantza gizarte izutuan berpiztu dadin. Horixe zen Gipuzkoako kasua, aztertu dugun garaian; legeak herriaren borondatea islatu behar zuen; legegilea bere herriaren irrikari adi egon behar zitzaion. Izan ere, bandoen gerren ondorioz zeukaten egoera amaitzeko lege bat eskatzen zioten gipuzkoarrek erregeri, eta legea eman egin zen. Abagune hartarako legea eta, behin bere eginkizuna bete zuenean, desagertu egin zen. Legeek, izan ere, beren garaiaren araberakoak izan behar dute, kontuan harturik non bete behar diren eta norentzat ematen diren».

Roman Riaza tesiaren zuzendariak landutako Zuzenbidearen Historiaren arloan txertaturik dago liburua. Riaza, izan ere, Rafael Ureñaren dizipulua izan zen, eta Ureña hasi zen, hain zuzen, horrelako azterlanak berritzen, iragan mendeko hogeita hamarreko urteen testuinguruan, arreta jarrita bai berak bai beraren dizipuluak Zuzenbide hispaniar modernotzat jotzen zutenaren sustraietan. Riazak liburuaren hitzaurrean adierazi bezala, ikerlanaren bidez Espainiako zuzenbideak hobeki ezagutu nahi ziren, Europakoekin alderaketak egin ahal izateko.

Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian egile horren eskuidatzi bat dago gordea, Contribución al estudio de los Fueros de Vizcaya y de Guipúzcoa, y su comparación izenburukoa. Badirudi arestian aipaturiko liburuaren atariko azterlan bat dela.

Obra hori erruz erabili zen Erdi Aroko historiografiaren aldetik; batez ere, Gipuzkoako ordenantzen transkribaketa zekarrelako. Erabilera gainbehera etorri zen, Eusko Ikaskuntzak 1982an «Fuentes Documentales Medievales del País Vasco» bildumaren argitalpena inauguratu zuenean. Elena Barrena Osorok, izan ere, ordenantza-koaderno horretako jatorrizko agiriak aztertu eta transkribatu zituen, bai eta 1397 aurreko eta ondoko testigantzak ere, guztiak ere Gipuzkoako Ermandadeari zegozkionak. Zalantzarik gabe, Ordenanzas de la Hermandad de Guipúzcoa (1375-1463). Documentos lanaren edizioak ezagutza-bide berria ireki zuen.

Gerra Zibilean, Alfonso de los Santos Lasurtegi Arapiles 7 Ehiztarien Mendi Batailoian borrokatu zen. Gero, bere karrera juridikoa militar gisa garatu zuen Armadako zerbitzu juridikoetan. 1939an, behin-behineko teniente-auditore gisa jardun zuen. Armadako Kidego Juridikoko auditoreen lehen promozioko kidea izan zen, 1940ko abenduaren 20an, teniente izendatu zituzten, aurrez «behin-behineko tenienteak» izan eta gero. 1941ean, Itsas Armadako Ministerioko Aholkularitza Orokorreko eta Justizia Ataleko laguntzaile postua eman zitzaion. 1954rako, sei zerbitzu-hirurteko beteak zituen eta teniente koronel-auditore maila zuen.

1963an, Cartagenako itsas departamentuko auditore izendatu zuten eta koronel-auditore gisa ziharduen. 1971n, Kidego Juridikoko jeneral-auditore mailara igo eta Justizia Militarreko Kontseilu Goreneko Kontseilari Togadun izendatu zuten. 1972an, San Hermenegildoko Errege Ordena Militarraren Gurutze Handia eskuratu zuen eta, 1958tik, beste bat zuen, hots, Merezimendu Militarreko Ordenaren Gurutzea, hirugarren mailakoa, koronel-auditorearen maila zuenean. 1975ean, ministro togadun enpleguaren maila eman zioten eta Itsas Armadako Kidego Juridikoko ikuskari jenerala izendatu zuten, bai eta Itsas Armadako Ministerioko Aholkulari Jenerala ere.

Memoria historikoari eskainitako blog batean esaten da sarrera honetako pertsona omen dena partaide izan zela 1939an egindako Gerra Kontseilu bateko auzitegian. Kide txostengile gisa jardun zuen teniente-auditore probintzial mailarekin. Gerra Kontseilu hartan matxinada militarraz akusatu zitzaion 1936ko uztaileko altxamenduan Errepublikarekiko atxikimenduari eutsi zion marinel bati.

1969an, Espainiako Doktoreen Errege Akademiako Zuzenbide atalean sartu zen kide oso gisa. Garai hartan, arrisku nuklearra ere izan zuen aztergai, bai eta erantzukizun zibila ere. Horren lekuko dira horrelako arriskuez argitara eman zituen liburukiak eta Revista General de Marina aldizkarian idatzitako artikuluren bat, bai energia nuklearraren erabileraz, bai haren inplikazio juridikoez. Istripu nuklearraren inguruko erantzukizun zibilari buruzko tesi bat zuzendu zuen, 1968an, Unibertsitate Konplutentsean aurkeztu zena.

Loiolako Santutegiko artxibo historikoan gutun bat dago gordea, 1940ko maiatzean datatua, Santosek idatzia eta Nemesio Otañori eskainia, sari bat irabazi berria zuela-eta, zorionak emateko. Alfonso de los Santosek Cartagenako itsas departamentuko idazkari gisa sinatu zuen gutuna. Gutuna, ziur aski, Otaño Madrilgo kontserbatorioan aritutako garaikoa da.

Obrak

La Hermandad de Guipúzcoa y el corregidor doctor Gonzalo Moro, Donostia: Imp. de Ricardo Leizaola, 1935.

Problemas jurídicos de la energía nuclear. Tomo I: Doctrina, Madrid: Junta de Energía Nuclear, 1964.

Problemas jurídicos de la energía nuclear. Tomo II: Legislación, Madrid: Junta de Energía Nuclear, 1964.

Problemas jurídicos de la energía nuclear. Tomo III: Organismos internacionales, Madrid: Junta de Energía Nuclear, 1964.

Bibliografia

PÉREZ RAMÍREZ, E., Tribunal marítimo Central, 1963-2017, Madrid: Ministerio de Defensa, 2017. Online arg.: https://benitosacalugarodriguez.blogspot.com/2013/09/los-indecentes-consejos-de-guerra.html (2021eko urtarrilak 22).

ITURRIAK

Izendapena, 1971ko urriak 4, Boletín Oficial del Estado, 261 (1971ko azaroak 1), 17519. or. Online arg.: https://www.boe.es/boe/dias/1971/11/01/pdfs/A17519-17519.pdf (2023ko uztailak 26).


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP