Karguak eta lanbideak
Erlijiosoa, teologoa, Iruñeko apezpikua eta kronista
Ibilbidea
Gurasoak portugesak zituen, Fernando Tovar eta María Sandoval, eta bera Valladoliden jaio zen, 1553 aldera. Oso gazterik sartu zen San Benitoren ordenan. Ikasketak Alcalá de Henaresko Unibertsitatean hasi eta Salamancakoan jarraitu zituen. 1569an graduatu zen Teologiako maisuzkoan Iratxeko Unibertsitatean, eta Naiarako Santa Maria la Realeko monasterioko priore bihurtu zen. Historia aztertzeko zeukan interesagatik eta jardueragatik erregeak bere kronista ofiziala izendatu zuen (1599), Garibairen ondoren Espainiaren historiari buruzko kronikak idazten jarrai zezan. Liébanako San Juan de Naranco monasterioko priorea izan zen (1600), San Isidoro de Dueñasko abadea (1604), Tuyko apezpiku izendatu zuten 1608an, eta handik hurrena Iruñeko elizbarrutiko gotzain (1612). Kargu hartan zela, Espainiako Filipe III.a erregeak bere ordezkari gisa bidali zuen Arnegiko konferentziara (1612-1613), Frantziarekiko muga politikoa finkatzeko eztabaidetan parte hartzera. Bisita ad limina egin zuen Iruñeko elizbarrutian (1613), baina bera joan beharrean prokuradore izendatu zuen Los Arcosko Juan Sanchez de Heredia lizentziadun, presbitero eta Ganberako idazkaria. 1614aren amaieran moja karmeldar oinutsen monasterio berri baten sorrera sustatu zuen Zumaian (Gipuzkoa), eta 1615ean Errenterian piztutako sorginkeria kasu bat aztertu zuen. Iruñeko elizbarrutiko buru egon zen azken urteetan arazo larriak izan zituen Andre Mariaren katedraleko kabildoarekin, eta haiei akabera emateko zenbait apaiz eskumikatu, katedrala hertsi eta kultua bertan behera uzteko agindua eman zuen. Iruñean Unibertsitate bat sorrarazteko eginahala egin zuen, horretarako 6.000 dukaten dohaintza emateko konpromisoa hartuz, baina azkenean ez zituen eman, asmoa burutuko ez zelakoan. Lizarran hil zen, 1620ko martxoaren 12an.
Historiografiak azpimarratu izan du Sandovalen kronista lanak eskas duela sen kritiko eta objektiboa, eta haren kontakizunek, beraz, sinesgarritasuna galtzen dutela. Haren lana interes handikoa da, ordea, gaur galduta dagoen dokumentazio historiko ugari kontsultatu zuelako. Beharbada, haren lanik ezagunena Karlos V.aren bizitza eta egintzak jasotzen dituena da, baina Euskal Herriaren historiaren ikuspegitik, azpimarratu behar da hark egindako Catálogo de los Obispos de Pamplona (1614) lanaren garrantzia, originaltasun eskasez osatu zuena, Iruñeko kalonje batek 1575 aldera idatzitako Catalogus episcoporum ecclesiae Pampilonensis lanean oinarrituta.
Obrak
Chronica del inclito emperador de España, don Alonso VII deste nombre, rey de Castilla y Leon, hijo de don Ramon de Borgoña y de doña Urraca, reyna propietaria de Castilla. Madrid: Luis Sánchez, 1600.
Primera parte de las fundaciones de los monesterios del glorioso Padre San Benito, que los reyes de España fundaron y dotaron, Madrid: Luis Sánchez, 1601.
(itz.) La regla y instrucción que San Leandro arzobispo de Sevilla dio a su hermana Santa Florentina, Valladolid, 1604.
Historia de la vida y hechos del emperador Carlos V, Valladolid, 1604-1606, 2 libk. Berrarg. Seco Serrano, C. (arg. eta sarrerako azterlana), Madrid: Atlas, 1955-1956.
Antiguedad de la ciudad y Iglesia Cathedral de Tuy y de los Obispos que se saue aya auido en ella:sacada de los Concilios y Cartas reales y otros papeles, Braga: Fructuoso Lourenço de Basto, 1610.
Catálogo de los obispos que ha tenido la Santa Iglesia de Pamplona desde el año de 80, que fue su primero della el Santo Martyr Fermín, su natural ciudadano. Con un breve sumario de los Reyes que en tiempo de los Obispos reinaron en Navarra, dando reyes varones a las demas Provincias de España, Iruñea: Nicolas de Assiayn, 1614.
Historia de los reyes de Castilla y de León (también llamada Historia de los cinco Reyes), Iruñea: Carlos de Labayen, 1615.
Historias de Idacio obispo (también llamada Historia de los cinco obispos), Iruñea: Nicolás de Assiayn, 1615.
Noticias históricas del real monasterio de Nájera, Madrid, 1619.
Bibliografia
Goñi Gaztambide, J., Historia de los obispos de Pamplona. V, Siglo xvii, Iruñea: Eunsa; Nafarroako Gobernua, 1987, 108.-260. or.
Rico Arrastia, M.ª I., «Las visitas Ad Limina en la diócesis de Pamplona (1585-1725)», in Iura Vasconiae, 11 (2014), 459.-465. or.
Seco Serrano, C., Vida y obras de Fray Prudencio de Sandoval, Madrid: Atlas, 1955, VII.-XXXIV. or.
Zaragoza Pascual, E., «Cronistas generales de la Congregación de San Benito de Valladolid», in Boletín de la Real Academia de la Historia, CLXXXIX (1992), 89.-126. or.
Aipamen bibliografikoa
Adot Lerga, A., “Sandoval, Prudencio”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 523-524.





