Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROA BEHEREKO EGILEAK ETA OBRAK

SANADON, Barthélémy Jean Baptiste(Jean-Baptiste Sanadon, Dom Sanadon) (Eure, 1729 – Oloroe-Donamaria, 1796).

Karguak eta lanbideak

Apezpiku konstituzionala, politikoa eta historialaria

Ibilbidea

Saint Nicolas de Beaumésnil (Eure) herrian sortu zen, 1729ko otsailaren 5ean. Fraide beneditarra izan zen, Erretorika, Historia eta Literatura irakaslea, eta Paueko unibertsitateko errektorea izatera ere iritsi zen. Iraultzaren ideiak bere egin zituen, eta hiritartasunaren zina egin ondoren, Behe Pirinioetako elizbarruti berriko apezpiku konstituzionala izendatu zuten (1791ko martxoaren 2an). Apezpikutza 1791ko ekainean hartu zuen, tartean zirela Leskarre, Oloroe eta Baionako apezpiku ohien salaketak, Sanadonen izendapena  intrusiotzat jo zutelako. Haren ardura izan zen apaiz konstituzionalak izendatzea. Bi testu pastoral idatzi zituen, frantsesez eta euskaraz, Eliza-Estatua bereizketari buruz (1791 eta 1792). Behe Pirinioetako ordezkari izendatu zuten Konbentzio Nazionalerako, (1792ko irailaren 4an), eta moderatuen artean parte hartu zuen. Luis XVI.aren exekuzioaren aurka bozkatu eta erbesteratze-zigorra eskatu zuen harentzat. 1793ko abuztuaren 13an eman zuen dimisioa. Ondoren, Izuaren aldian, Baionako zitadelan atxilotuta egon zen zenbait hilabetez. 1794an aske utzi zuten eta Espainiara joan zen. 1795ean Oloroe-Donamarian lekutu zen, eta han hil zen, 1796ko otsailaren 9an.

Haren lanari dagokionez, 1785ean argitara eman zuen bere obra Essai sur la noblesse des Basques, Jean-Philippe Belaren paperen laburpena zena. Liburuaren lehenengo atalak gogora ekartzen zuen Nafarroa Behereko herritarrek Ogasun frantsesaren erasoa jasan zutela, eta «jatorri komuna dutela beraiekin konfederazioa osatzen duten herri guztiekin, alegia, historian zehar kantabriar, baskoi eta, ondoren, basko izen ospetsuez aipatzen diren herriekin», eta aitzinago zioenez, «gaur Bascos izena ematen zaie Nafarroa Garaiko herritarrei, arabarrei, gipuzkoarrei eta bizkaitarrei, haien erregetzat dutela Espainiakoa; baxenabartarrak, zuberotarrak eta Lapurdikoak Frantziako Koroaren menpeko herritarrak dira. Herri horiek guztiek hizkuntza bat eta bera dute, gaztelarrek bascuence, frantsesek basque, eta bertako herritarrek euskara edo huskara deitzen dutena. Beraien usadio eta ohiturak berdinak dira, eta euskaldun espainol eta euskaldun frantses baten arteko aldeak txikiagoak dira Espainiako edo Frantziako elkarren ondoko bi probintzietako herritarren artekoak baino. Hala ere, garai guztietan jatorri bera izatearen froga nabarmena kontsideratu izan da hizkuntza, usadio eta ohituren berdintasuna».

Sanadonek bere egin zuen garai hartan ospe handia zuen eusko-iberismoa. Belaren bitartez jaso zituen Gabriel Henao, Esteban Garibai eta Manuel Larramendiren tesi kantabristak, eta horiez gain, Arnaut Oihenarten eta Jose Moreten tesi baskonistak. Espiritu ilustratukoa izanik, haren ustez iparraldeko Euskal Herriaren errealitate historikoaren ezaugarriak kantabrismoa eta Nafarroan foruen gainean eratutako monarkia ziren. Forua «Nazioaren eta printzearen arteko ituna» zen, eta Nafarroa Behereko erresumara zabaltzen zen. Ezaugarri horiek partekatzen zituzten, halaber, Zuberoa eta Lapurdiko euskaldunek.

Sanadonen ustez, euskaldunen noblezia unibertsala eta kaparetasuna, berdin iparraldeko nahiz hegoaldekoak izan, berezkoak ziren eta etxeari lotuak ziren. Horregatik ez zuten frogarik erakutsi behar, familia euskaldun batean jaio izana ez beste. Euskaldunak basailutza eta betebehar feudal guztietatik libre ziren, eta orobat pertsonaren gaineko zama guztietatik, non ez ziren «Nazioaren Gorputzak adostuak bere Estatu Orokorren Batzarrean», adibidez, herrialdetik kanpora joatea zerbitzu militarra ematera gerra garaian, etab.

Jean-Philippe Belak bezala, kaparetasun unibertsalaren tesiekin aurre egin nahi zion, besteak beste, Frantziako Borboiko etxearen absolutismoari, autonomia politiko-administratiboa lortzeko Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lurraldeentzat.

Liburua argitara eman eta urtebetera, gaztelaniara itzuli zuen Diego Lazkanok, eta Tolosan argitaratu zen.

Obrak

Essai sur la noblesse des Basques… par un ami de la Nation, Pau: Impr. J. P. Vignancour, 1785. Gazt. itz.: Ensayo sobre la nobleza de los bascongados: para que sirva de introducción a la historia general de aquellos pueblos/compuesto en francés de las memorias de un militar bascongado por un amigo de esta nación; traducido por D. Diego de Lazcano, Tolosa: Francisco de la Lamaren Inprimategian, 1786.

Bibliografia

Estornés Zubizarreta, I., «Sanadon, Barthelemy Jean Baptiste», in Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/sanadon-barthelemy-jean-baptiste/ar-114191/ (2018ko urriaren 15ean egindako kontsulta).

Goyhenetche, M., Histoire générale du Pays basque IV: Révolution de 1789, Donostia-Baiona: Elkarlanean, 2002.

Vinson, J., «Pièces historiques de la période révolutionnaire en français et en basque», in Bulletin de la Société des sciences, lettres et arts de Bayonne (1887), 57.-103. or.

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., “Sanadon, Barthélémy Jean Baptiste”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 590-592.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP