Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE ARAGOIKO KOROAKO EGILEAK ETA OBRAK

SAN JUAN DE LA PEÑAKO KRONIKA (Crónica pinatense, Aragoiko Koroako kronika orokorra, Katalunia eta Aragoiko kronika orokorra, Petri III.a Zeremoniatsuaren kronika orokorra) (ca. 1370

Ibilbidea

Hiru bertsiotan gordetako kronika da —latinez, katalanez eta aragoieraz—. Hizkuntza horietako lehenbizikoan hasi ziren idazten, 1342. urtea baino lehenago, Petri IV.aren gidaritzapean, San Juan de la Peña monasterioko aurretiko kronika batetik abiatuta. Egileei dagokienez, badakigu bat Tomás de Canellas izan zela; Petri IV.aren idazkarietako bat zen eta Aragoiko historiaren zati bat idatzi zuen, Kataluniaren eta Aragoiren batasunaren ostekoa, hain zuzen ere. Latinezko bertsioari jarraituz idatzi ziren katalanezko eta aragoierazko itzulpenak.

Crónica pinatense delakoaren helburu nagusia erreinatzen ari zen dinastia loriatzea zen, eta gertaera historiko eta datu genealogiko asko eta asko ematen ditu. Tubal Iberiar penintsulara iritsi zeneko gertaerarekin hasten da kronika, eta errege godoen historia kontatzen du, erresuma musulmanek konkistatu zuten arte, baina lanaren muina Aragoiko Erresumaren historia da, konderriaren jatorri antzinakoenetatik eta Iruñeko lehenbiziko erregeetatik hasita, eta Alfontso IV.aren —Petri IV.aren aita— heriotzarekin amaitzen da (1336). Halaber, atal batean, San Juan de la Peña monasterioaren sorrera azaltzen du, Aragoiko Konderriaren eta Iruñeko Erresumaren jatorriarekin lotuta, Espainiako lehen biztanleen historia alde batera utzi gabe —Tubal eta Ebro ibaiaren ibaiertzeko eremuetan bizi ziren iberiarren lehen belaunaldia—.

Hauek dira San Juan de la Peña monasterioko kronika zaharraren (gaur egun galduta dago) inspirazio-iturri nagusiak: 1305eko Kronika Nafar-Aragoiarra, Gesta comitum Barchinonensium, Rodrigo Ximenez Radakoaren eta Lucas de Tuyren lanak, eta Alfontso X.a Jakituna erregearen Estoria de España.

xvi. mendean, aragoiar kronikari Jerónimo Zuritak adierazi zuen Pedro Marsilio izan zitekeela Crónica Pinatense edo Crónica de San Juan de La Peña delakoaren egilea —geroago, Jerónimo de Blancasek ere hori esan zuen—, eta, geroztik, eztabaida izan da gai horren inguruan. Kronika hori monasterio horretan idatzi zen, xvi. mendearen erdialdera. Monasterio hori, bere aurrekariengatik eta antzinatasunaren ospeagatik, Aragoiko historiarako iturri dokumentalen gordailu aberatsentzat hartzen zen, eta, horregatik, kronika horrek harrera ona izan zuen hasieratik, eta berehala hasi zen hedatzen, kopien eta itzulpenen bitartez. Oso garrantzi handia lortu zuen eta izugarrizko interesa piztu zuen, eta horren adierazle da, adibidez, Olivares konde-dukeak eskuizkribua bereganatu egin zuela 1626an. Crónica Pinatense delakoak eragin handia izan zuen xv. mendeko egileengan (frai Gauberto Fabricio de Vagad, Pedro Tomic eta Vianako printzea nabarmentzen dira), eta, hurrengo mendean,  Jerónimo Zuritak zenbaitetan aipatu zuen Crónica hori bere Analeslanean, nahiz eta zuhurtzia handiz egin zuen, sinesgarritasun handirik eman gabe. Geroago, Jerónimo de Blancasek —Zuritaren ondorengoa Aragoiko kronikari gisa, eta hura baino sineskorragoa—, bere garaian Aragoiko Erresumaren jatorriari buruz zebiltzan kondairak eta asmakuntzak onartuta, Crónica Pinatense hori autoritatetzat hartu zuen, eta kronikako zenbait paragrafo kopiatu zituen bere lanetan. Geroago, Juan Brizek, Historia de San Juan de la Peña y del Reino de Aragón lanean (1620an argitaratu zen), kronikaren autoritatea aldarrikatu zuen. Egile horrek Pedro Marsiliori egotzitako lana are gehiago apaindu zuen, beste fabula eta kondaira batzuekin.

Zalantzarik gabe, xvii. mendean izan zen handiena Crónica Pinatense delakoak iturri historikotzat izan zezakeen autoritateari buruzko eztabaida. Hain zuzen ere, lan hori zalantzan jarri zuten Arnaut Oihenart historialariak, eta, batez ere, José de Moret historialari eta Nafarroako Erresumako kronikariak. Eztabaida areagotu egin zen, frai Domingo La Ripa fraide beneditarrak parte hartzean. La Ripak Aragoiko Erresuma Nafarroako Erresuma baino zaharragoa zela defendatzen zuen. Biek, La Ripak eta Moretek, gaitzespen, aurpegiratze, iseka eta sarkasmozko adierazpen ugari egin zizkioten elkarri. Nolanahi ere, La Ripak adierazi zuen kronikak kronologia-akats larriak zituela. Oro har, onartzen da kronikak sinesgarritasun gutxi duela, edo batere ez, antzinagoko garaiak jorratzen dituenean, eta sinesgarritasun handiagoa duela, berriz, idatzi zeneko garaietatik gertuen dauden gertaeretan.

Crónica Pinatenseak datu ez-zehatzak eta ageriko akatsak ditu Iruñeko eta Nafarroako lehen erregeei buruzko kronologian eta onomastikan. San Juan de la Peña monasterioaren sorrera aztertzean, Iruñeko lehenbiziko erregeei buruzko datu kronologiko ugari jasotzen ditu kronikak, bi erresumak Aragoiko lehenbiziko errege Ramiro I.arekin bereizi arte behintzat. Lanaren VI. eta XVII. kapituluen artean, kronikan errege eta erreinaldi hauek aipatzen dira, ordena honetan: Gartzea Semenez (757an Nafarroako erregea zela dio kronikak), Fortunyo Gartzea (erregea omen zen 903an), Antso Gartzea, Exemen Gartzea, Ennego Ariesta (Eneko Aritza; 839. urtean hil zela adierazten da), Gartzea Enekoez (961ean hildakoa), Antso Abarka (905ean hildakoa), Gartzea Abarka Dardartia (830ean hildakoa), Antso (1033an hildakoa) eta Antso Ramirez (1094an hildakoa). Halaber, interesgarriak dira nafar-aragoiar erregeen biografietako datuak; batez ere, Petri I.a eta Alfontso I.a Batailatzailea erregeei buruzkoak. Bestalde, euskal lurraldeetako historiako zenbait gertaerari buruzko aipamenak daude; esate baterako, aipatzen da euskal marinelak abiatu zirela Bartzelonako portutik Portfangósera, 1323an, Alfontso IV.a Aragoiko erregearen galeretan.

Obrak

Latinezko bertsioa: Ubieto Arteta, A. (arg.): Crónica de San Juan de la Peña: versión latina e índices, Valencia: Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Zaragoza, Aragón y Rioja, 1961.

Katalanezko bertsioa: Soberanas Lleó, A. J. (arg.): Crònica general de Pere el Cerimoniós, dita comunament Crònica de Sant Joan de la Penya, Barcelona: Alpha, 1961.

Aragoierazko bertsioa: Orcástegui Gros, C. (arg.), Crónica de San Juan de la Peña: versión aragonesa, Zaragoza: Institución Fernando el Católico, 1986.

Bibliografia

Ubieto Arteta, A.: «Historia de Aragón» in Literatura medieval I, Zaragoza: Anúbar, 1981, 25., 53.-55. or.

Utrilla Utrilla, J. F.: «Historia y ficción en las crónicas medievales aragonesas: cronistas y propaganda política» in Aragón en la Edad Media, 18 (2005), 103.-108. or.

Aipamen bibliografikoa

Noain Irisarri, J.J,  “San Juan de la Peñakoa kronikoa”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 332-333.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP