Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

SAINZ DE ANDINO, Pedro (Alcala de los Gazules, Cadiz, 1786 – Madril 1863).

Karguak eta lanbideak

 Abokatu, suprefeta, fiskala, intendente, errege kontseilaria, kodifikatzailea, senataria

Ibilbidea

Jose Bonaparteren gobernuaren laguntzaile aritu zen Ecijako suprefeta karguan. Frantziara erbesteratu zen, eta 1816ko amnistiaren ondoren itzuli zen. Abokatu eta beste hainbat lanbidetan aritu zen Hirurteko liberala (1820- 1823) eta hamarkada absolutista (1823-1833) bitarteko garaian. Biurteko Progresistan (1836-1837) eta Esparteroren agintaldiaren garaian (1840-1843) erretiratu zen. Hamarkada moderatuan (1844-1854) birgaitua izan zen, baina ez zuen halako ospe publikorik izan Biurteko Progresistan (1854-1856) eta hu- rrengo urteetan, biziarteko senatari bazen ere, 1847tik 1863an hil zen arte.

Erbestetik itzuli zenean Tortosan ezarri zen bizitzen eta abokatu aritu zen han. 1820an bere jatorrizko abizenak erabilita, Andino eta Albarez, argitaratu zuen De la constitución y del derecho que tienen todos los pueblos a constituirse del modo que crean más conveniente izeneko lana. 1821ean Coloquio de Catón sobre la libertad y las virtudes políticas, puesto en lengua española y enriquecido con algunas notas y una noticia bibliográfica de aquel héroe izeneko lana. 1828an Elementos de elocuencia forense izenekoa.

Hirurteko liberalaren garaian Tortosako Epaitegiko sustatzaile fiskala izendatu zuten, eta karguan aritu zen 1821eko martxoaren 12tik 1822ko otsai- laren 24ra arte, eta Terrassan 1823ko urriaren 10era arte.

Zorigaiztoko hamarkada aboslutistan (1823-1833) Sainz de Andino berriro agertu zen bizitza publikoan, 1827an, Lopez Ballesterosen babesarekin, Erregeari eskainiz bere burua «Merkataritza kode bat, alegia, lehorreko eta itsasoko merkataritzaren Ordenantza orokorrak prestatzeko». Enkargu horrengatik, probintziako bigarren mailako Intendente izendatu zuten. Merkataritza Kodearen proiektuak erregearen onespena merezi izan zuen 1829ko maiatzaren 30an. Merkataritza Kodea idatzi ondoren, zuzeneko la- guntzailea bihurtu zen legegintza, kodifikazio eta Estatuaren beste hainbat eginkizunetan. Agindua eman zitzaion atzerriko jesapenek eragindako gatazkei buruzko eta garbikuntzen espediente orokorrari buruzko informazioa eman zezan. 1828ko apirilean prestatu zuen kuota finkoko errege kontribuzioen bilketa eta kobrantzari buruzko lege-proiektuaren azalpen analitikoa, Lege mailara eraman zena uztailaren 6an. 1828ko uztailean aurkeztu zuen Dekretu organiko baten proiektua, haren oinarrien azalpen analitikoarekin, Sustapenerako Zuzendaritza Batzorde Gorena sortzeko. Merkataritzaren negozioei eta kausei buruzko prozeduraren Legea prestatu zuen, eta 1830eko uztailaren 24an argitaratu zen.

1828ko azaroaren 28an, erregearen agindua betez, Legezko irizpen bat eman zuen Madrilgo kontsuletxeak proposatutako hauteskunde planari buruz, non frogatzen den kargu judizialak hautatzeko herri hauteskundeak le- gez kontrakoak eta desegokiak direla, eta haien izendapena erreserbatu behar dela Gure Jaun Erregearen agintaritza subiranoarentzat, erresumako oinarrizko Legeen eta gizarte antolamenduaren printzipio orokorren arabera.

Ebroko aduanak Nafarroaren iparraldeko mugara eramateari eta auzi horri buruz Gure Jaun Erregeari erresuma hartako Estatuek emandako azalpenei buruzko legezko txostena 1829ko otsailaren 12an eman zen. Andinok berak azaldu zuen dokumentuaren edukia «legezkoa, ekonomikoa eta politikoa zela, Ebroko aduanak Frantziarekiko mugara eramateari buruzkoa, neurri hagitz garrantzitsu hori gauzatzeko bitartekoak proposatuz, haren lana ministroen Kontseiluaren onespena zuela, eta ebazten zituela euskal probintziak eta Nafarroak beren foruetan oinarrituta eragin zituzten auziak». Defendatu zuen mugak hara eramatea egokia zela, arrazoi administratibo eta ekonomikoengatik, eta erregearen erabaki subiranoagatik, eta haren gaine- tik ezin zirelako egon erregeak bere borondatez emandako foruak, eta zalantzan jartzen zuen Gorteen eskakizunek nafarren borondatea jasotzen ote zuten.

Merkataritza Kodea ia amaituta zegoela, Fernando VII.ak 1829an xedatu zuen Zigor Kode berria presta zedin, eta agindua eman zion Grazia eta Justizia ministroari eginkizuna bete zezan. Kode kriminalaren proiektua 1831ko maiatzean entregatu zen.

Merkataritza Kodea indarrean sartu eta Zigor Kodea prestatu ondoren, erregeak agindu zion «Erresumako Kode zibil orokor berria osatu eta moldatzeko beharrezkoak diren oinarrizko aurrekari eta prestaketa lan guztiak izapidetu zitzan».

Errege Ogasunaren kontrako iruzur delituei buruzko zigor Lege-proiektua prestatu eta 1830eko martxoaren 6an entregatu zuen, eta erregeak berronetsi zuen urte bereko maiatzean. 1830eko ekainean hark prestatutako merkataritza auziei buruzko prozeduren legea eman zen argitara.

1829ko uztailaren 4ko Errege Aginduan xedatutakoa betez, Dekretu- proiektu organiko bat idatzi zuen Madrilen eratzeko deskontu, kobrantza, ordainketa, mailegu eta gordailuen banku bat. Hortik sortu zen San Fernando Bankua eta haren estatutuak sortu zituen Legea, 1829ko irailaren 3koa, eta horrenbestez kitatzen zen 1782an sortutako San Carlos Bankua. Emisio Bankuei buruzko Legeak, 1856ko urtarrilaren 28koak, haren izena aldatu eta Espainiako Bankua ezarri zion.

Berak idatzi zuen 1831ko irailaren 10eko Errege Zedula, Madrilen negoziazio publikorako burtsa edo lonja bat antolatzen zuena, frantziar ereduaren araberako «truke agenteak» figura ekarrita. Bilboko Ordenantzetako burtsako agenteen garaikideak izan ziren. Legea prestatu ondoren hainbat txosten eman zituen gaiari buruz, eta 1845an idatzi zuen, xedapen horren defentsan, Ensayo crítico sobre la contratación de la Bolsa de Comercio y las ventas simuladas de los efectos públicos; en que se analiza el proyecto de reforma de ley de Bolsa, presentado por el Gobierno a las Cortes en la última legislatura izenburuko lana.

1829ko uztailaren 22ko datarekin eman zuen Azalpena Erregeari erresumako egoera politikoari buruz eta berrezartzeko bitartekoei buruz. Lopez Ballesteroek proposatuta, 1830eko urriaren 30ean idatzi zuen Azalpena erregeari Barne Ministerio bat sortzeari buruz eta Estatuko errenta guztiak Ogasunean batzeari buruz.

1829ko uztailean izendatu zuten Ogasun Errege Kontseilu Goreneko fiskala, eta 1831eko ekainaren 3an Errege Kontseiluko hirugarren fiskala, Gaztelako Kontseiluaren eta Ganberaren fiskalaren mailara igoa, hura baitzen erresumako erakunderik garrantzitsuena, legegintza, politika-administrazioa, jurisdikzioa eta errege-erreginen aholkularitza arloetan betetzen zituen funtzioengatik.

1832an idatzi zuen dokumentu bat, Errege Ogasunaren eskubideak defendatzeko, Infantadoko dukearen asmoei aurre eginez, zenbait hiri eta herritako zergak bereganatu nahi baitzituen. Sari gisa Isabel Katolikoaren Gurutze Handia eman zioten, 1833ko uztailaren 21ean, eta dokumentua argitaratu zen.

1832ko maiatzaren 8ko Errege Aginduaren bidez agindu zitzaion Merkataritza epaitegien gobernamendurako ordenantza orokorrak idazteko, eta maia- tzaren 21ekoaren bidez, berriz, igorpen dokumentuei buruzko zigiluaren zergak antolatzeko.

La Granjako 1832ko gertaeren ondoren, azaroaren 14an erregeari bere leialtasunaren froga berri bat eman zion, igorri baitzion Fernando erregeari zuzendutako azalpen erreserbatua, erresumako egoera oso kritiko eta arriskutsuari buruz. Herrialdearen gaitzen gaineko diagnosia egin zuen, arrazoitzat jarriz espainiarrak banatzen zituen zisma politikoa, men ez egiteko espiritua, pobrezia eta gainbehera orokorra, eta justizia-administrazioaren egoera txarra. Ondorengotza arriskuan zegoen, eta gerra zibila, berriz, hurbil. Lege onak ematea proposatu zuen, Isabel printzesaren ondorengotza ziurtatzea, eta sistema politikoan hobekuntza handiak eta herriari ongizatea eta oparotasuna ekarriko zioten erreformak egitea.

Fernando VII.a 1833ko irailaren 29an hil zen. Sainz Andinok berehala adierazi zituen bere «tronuarekiko leialtasun sentimenduak», eta aukera ere izan zuen, monarkiarekiko atxikimendua erakusteko, 1833ko urriaren 27an boluntario erregezaleek armagabetzeagatik protagonizatu zuten gertaeraren karietara.

1833ko azaroan eta abenduan Pedrok Erreginari aurkeztu zizkion hainbat dokumentu, tartean zirela azalpenak eta irizpen erreserbatuak, hainbat auziri buruz, besteak beste, indar zibiko bat sortzea, atzerriko laguntza eta hobekuntzak Ogasunean. Azaroaren 28ko azalpenean aipatzen zuen Iparraldeko matxinadaren egoera, eta haren arriskua Valentziara zabaltzeko, iradokitzen zuelarik armada indartzea boluntarioak erabiliz, legeak ematea matxinadaren eta konspirazioen aurka, eta zorroztasun eta azkartasun bereziko epaitegiak sortzea. Abenduaren 4an, karlistei aurre egiteko baliabide militarren eskasia estaltzeko neurriak proposatu zituen, eta ogasuna erreformatzeko, behar ziren baliabideak eskuratzeko. Enkarguz egin zuen txosten bat, hartu beharreko neurriei buruz, «sorreratik gerarazteko alaba txit ohoragarriaren eskubideen aurka hastear zegoen gerra zibila».

Erregimen moderatuak berreskuratu zuen Sainz Andino, bizitza publikorako profesional gisa eta funtzionario aditua eta dinastiari leiala zen aldetik. Gonzalez Bravo ministroak 1844ko otsailaren 12an agindu zion Mendien legedia berrikusteko eta berrantolatzeko proiektuaren azterlana egiteko, eta Kontuen Epaitegi Nagusiaren legea. Martxoaren 7ko Errege Agindu baten bidez Ogasun Ministeriora sartu zen.

Klero sekularraren ondasunen salmenta eteteari buruzko Dekretuaren gaineko 1844ko apirilaren 11ko irizpen batean, auziaren egoera aztertu zuen, desamortizazioaren tentsioak baretuta zeuden une batean. Andinoren irizpenaren ondorioz, 1844ko abuztuaren 13ko Errege Dekretuak xedatu zuen itzuli beha- rrak zirela 1844ko irailaren 2ko Legea baino lehenago saldu ez ziren ondasunak, eta beste hainbat neurri itzulketarako eta errenta lagapenerako, esleipenen kenketarako eta Konstituzioaren 11. artikuluarekiko bateragarritasunerako.

Merkantilista eta burtsa auzietan aditua zen aldetik argitaratu zuen, 1845an, 1831ko irailaren 10eko Legea defendatuz, Ensayo crítico sobre la contratación de la Bolsa de Comercio y las ventas simuladas de los efectos públicos; en que se analiza el proyecto de reforma de ley de Bolsa, presentado por el Gobierno a las Cortes en la última legislatura izenburuko lana. 1845eko Errege Dekretuaren bidez izendatu zuten Errege Kontseiluko kide, eta Sustapen atalaren buru izan zen. Errege Kontseiluko kide izateari utzi zion 1847ko aben- duaren 23an, Erresumako Artxiboetako Zuzendaritza Batzorde Nagusiko buruorde izendatu zutenean. Batzorde hura ordeztu zuen Espainiako eta Itsasoz gaindiko Artxiboetako Zuzendaritza Nagusiak, eta haren zuzendari nagusia izan zen Andino, 1848ko abenduaren 2tik aurrera.

1848tik aurrera Lorenzo Arrazolarekin eta beste hainbatekin lankidetza aktiboan aritu zen Enciclopedia Española de Derecho y Administración, o Nuevo Teatro Universal de la Legislación de España e Indias lana prestatzen.

1848ko otsailaren 4an Andino Historiako Errege Akademiako kide postura igo zuten, ohorezko akademiakide antzinakoena zelako, horretarako izendatua izan baitzen 1833ko azaroaren 6an.

Biziarteko senatari izendatu zuten 1847ko martxoan, Madrilen 1863ko apirilaren 24an hil zen arte. Parte-hartze aktiboa izan zuen Ganberaren bizitzan, batzorde ugaritan eta gai garrantzitsuen inguruko eztabaidetan, adibidez, Koroaren hitzaldiaren erantzuna, 1847-1848 eta 1858 legealdietan. Ogasunaren eta Merkataritza Zuzenbidearen inguruko auziak izan ziren bere senatari jarduera trinkoan gehien landu zituen gaiak.

1858an, espainiar ospetsuei monumentuak eraikitzeari buruzko Legeproiektuaren inguruan Senatuan izandako eztabaidan, Sainz de Andinok laburbildu zuen bere pentsamendu politikoa honako hau esanez: «nire desioa da Espainian alderdi legitimo bakar bat onartzea, alderdi liberal monarkiko konstituzional handia, izan ere, guztiok dugu lema bat bera, guztiok erabiltzen dugu sinbolo bat bera, Monarkia konstituzionala, ez Tronurik Konstituziorik gabe, ez Konstituziorik Tronurik gabe, eta 1845ko konstituzioa, gaur indarrean dena, ez gehiago ez gutxiago, ez aurrera ez atzera».

Obrak

De la constitución y del derecho que tienen todos los pueblos a constituirse del modo que crean más conveniente, Tortosa: Josef Cid, 1820.

Coloquio de Catón sobre la libertad y las virtudes políticas, puesto en lengua española y enriquecido con algunas notas y una noticia bibliográfica de aquel héroe, Bartzelona: José Torner, 1821.

Elementos de elocuencia forense, Madril: Julián Vana Razola, 1828; 3. arg., Madril: José Palacios jaunaren inprimategia, 1839; 4. arg. Madril: Imprenta de la Sociedad de Operarios del mismo Arte, 1847.

Proyecto de Código de Comercio: formado de orden del Rey N. Sr., Madril: Julián Viana Razola, 1829.

Estructura de la Administración central (1808-1931), Hitzaurrea eta oharrak: J. M. García Madaria, Madril, 1982.

«Exposición sobre la situación política del Reino y medios para su Restauración», 1829, in El pensamiento administrativo de P. Sainz de Andino, Madril, INAP, 1982.

Proyecto de ley de enjuiciamiento sobre los negocios y causas de comercio, Madril: Amante, 1830.

Proyecto de código criminal, 1831, sarrerako azterlana eta argitalpena J. R. CASABO RUIZ, Murtzia: Murtziako Unibertsitatea, 1978.

Alegaciones por el Derecho de la Real Hacienda en los autos pendientes ante el Supremo Consejo de ella entre su Fiscal más antiguo el Ilustrisimo Sr. D. Pedro Sainz de Andino y el Excelentisimo Señor Duque del Infantado sobre Reivindicación por parte de la misma Real Hacienda de las Alcabalas de las Villas del Prado, Arenas y Alamin, y demás pueblos y despoblados de sus territorios, Madril: León Amarita, 1833. 

Ensayo crítico sobre la contratación de la Bolsa de Comercio y las ventas simuladas de los efectos públicos; en que se analiza el proyecto de reforma de ley de Bolsa, presentado por el Gobierno a las Cortes en la última legislatura, Madril: Vicente de Lalama, 1845.

Discurso pronunciado por el señor senador Don Pedro Sainz de Andino [sobre el proyecto de contestación al Discurso de la Corona presentado por la Comisión], Madril: Imprenta de la Sociedad de Operarios del mismo Arte, 1847.

 

Bibliografia

ÁLVAREZ ALONSO, C., «Sainz de Andino», Artola, M. (Zuz.), Enciclopedia de Historia de España, Madril: Alianza, 1991, 4. libk., 750-760. orr.

ALLI ARANGUREN, J. C., «Pedro Sainz de Andino y el traslado de las aduanas del Ebro al Pirineo», Vianako Printzea, 231, 2004, 509-542. orr.

ALLI ARANGUREN, J. C., «Pedro Sainz de Andino, reformista del Derecho y de la Admi- nistración», Reformistas y reformas en la Administración española, III Seminario de Historia de la Administración, INAP, Madrid, 14 a 16 de abril de 2004, Madril: Instituto Nacional de Administración Pública, 2005, 235-283. orr.

ALLI ARANGUREN, J. C., Derecho, Estado y Administración en el pensamiento de Sainz de Andino, Pamplona Iruña: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2005.

CASABO RUIZ, J. R., «Estudio preliminar y edición del Proyecto de Código criminal de Sainz de Andino», Murtzia: Murtziako Unibertsitatea, 1978.

GARCÍA JIMÉNEZ, R., Pedro Sainz de Andino: Vida y obra, Madril: Senatuko Idazkaritza, Argitalpen Saila, 2003.

GARCÍA MADARIA, J. M., «Introducción», El pensamiento administrativo de P. Sainz de Andino, Madril: INAP, 1982.

GARCÍA OVIEDO, C., «Sainz de Andino y la Administración pública de su época», Anales de la Universidad Hispalense, 10, 1949, 7-26. orr.

RUBIO GARCÍA-MINA, J., Sainz de Andino y la codificación mercantil, Madril: CSIC, 1950.

SUÁREZ, F. eta BERAZALUCE, A., Documentos del reinado de Fernando VII, V. Pedro Sainz de Andino, Iruña: Nafarroako Unibertsitatea-CSIC, 1968. 2 libk.

TOSCANO DE PUELLES, F., Sainz de Andino, el hacedor de leyes, Cadiz: Cadizko Diputazioa, 1987.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP