Karguak eta lanbideak
Apaiza, historialaria eta idazlea
Ibilbidea
Nekazari familia batean jaio zen, gurasoak Jean Saint-Pierre eta Catherine Anxuberro zituela. Bigarren mailako ikasketak Larresoroko apaizgaitegi txikian egin zituen, eta beranduago Baionako apaizgaitegi handian sartu zen. Haren dohain intelektualek arreta eman zieten haren gaineko arduradunei, eta Tolosako Unibertsitate Katolikora bidali zuten ikastera. Han Letretan lizentziatu zen (1906-1907), eta 1908an apaizgoan sartu ondoren, teologiako ikasketak egin zituen Erromako Unibertsitate Pontifikal Gregorianoan, eta doktoretza 1910ean lortu zuen. Lehen Mundu Gerraren aitzineko urteetan, ipar Euskal Herrian barna ibili zen misiolari diozesar gisa, eta eman zituen sermoi anitzetan euskarazko mintzalari dohaintsua zela erakutsi zuen.
1914-1918ko gerran mobilizatu zuten, eta fronteko bizipenak kontatuz euskaraz idatzi zituen eskutitz anitz argitaratu ziren Eskualduna astekarian. 1918ko urtarrilean preso hartu zuten, eta euskararen ikerkuntzan hasi zen, Schuchardt euskararen ikastun alemanaren lanen bidez.
Askatu zutenean, apaizgaitegi handian aritu zen irakasle. Garai hartan, prentsa euskaltzalearen irakurle grinatsua izaten hasi zen: Eskualduna, Revista Internacional de los Estudios Vascos (RIEV), Euzkadi egunkaria eta Euskal Esnalea aldizkaria.
1922an Baionako Gieure apezpikuaren idazkari izendatu zuten, eta haren eskuineko eskua izan zen 1930era arte, eta zalantzarik gabe, inspiratzailea ere bai, batez ere gotzainak euskararen alde egin zuen lanari dagokionez. Orduan erakutsi zuen gaitasun handia zuela arlo horretan.
Idazle dohainak ere bazituen, eta horiei esker irabazi zuen, 1922an, euskarazko artikulurik onenaren saria, Euzkadi egunkarian. Komunikatzaile peto hura, 1925ean, Eskualduna astekariaren erredakzio buru izatera igaro zen. Izenordetako, amaren abizena, Anxuberro, aukeratu zuen.
Garai hartan berean, Gure Herria kultur aldizkariaren sorreraren eta garapenaren sustatzaileetakoa izan zen, eta haren idazkari nagusi izan zen. Hark zuzendu zuen aldian, ipar Euskal Herriko poesiaren eta prosaren egiazko pizkunde baten erakusleihoa eta sorlekua izan zen aldizkaria.
Apezpikuak ematen zizkion eginkizun ugariek apenas uzten zioten denbora, eta ezin izan zuen nahi adina denbora eskaini idazteari. Hain zuzen ere, horregatik utzi behar izan zuen bertan behera «Euskaldunen historia» euskaraz idazteko asmoa, aitzinsolasa eta lehenbiziko zortzi atalak idatzi ondoren.
Literatura lanagatik edo are kazetari lanagatik baino, Jean Saint-Pierreren lana aitortu behar bada, euskararen zerbitzura izan zuen rol eraginkorragatik aitortu behar da. Baionako apezpikuaren lehenengo laguntzaile izanik, rol garrantzitsua izan zuen Gieure gotzainak, 1923an, bigarren mailako hezkuntza katolikoan, euskarazko ikasketen programa bat (gramatika, literatura eta historia) sortu zuenean. Apezpikuari eta haren laguntzaileei ez zitzaizkien oharkabean pasa Pierre Lafitte izeneko gazte baten gaitasun handiak, eta Tolosako Unibertsitate katolikora bidali zuten, literatura ikastera, programa horren irakaskuntzaren ardura eman aitzinetik, Uztaritzeko San Frantzisko Xabierren apaizgaitegi txikian. Hura izan zen lehenengo urratsa, gazte hura lehenik euskalaritzaren bidean, eta ondoren konpromiso politikoaren bidean, eskualerriste deitu zen mugimenduaren barnean, jarriko zuena.
Aldi hartan, artikulu anitz idatzi zituen Jean Saint-Pierrek Bulletin religieux du diocèse de Bayonne aldizkarian, alegia, apezpikutzaren komunikabide ofizialean; artikulu haiek eduki politiko argia zuten. Adibidez, 1925eko abuztuaren 30ean, 35. buletinean, Instrukzio Publikoko ministro Anatole de Monzie gogor kritikatzen zuen, hark errefusatzen zuelako «tokiko hizkuntzen» erabilera frantsesa ikasteko, edo «alsaziarren egonezinaz» egiten zuen azterketagatik, eskualde hartako autonomistek hauteskundeetan izan zuten gorakadaren karietara, eskualdea Frantziaren eskuetara itzuli ondoren, Lehen Mundu Gerraren amaieran. Jean Saint-Pierreren artikuluek argiro erakusten dute haren ideia «erregionalista» sendoak —erregionalismoa korronte intelektuala zen, Proventzako Félibrige elkarteak sustatu zuena, eta nolabaiteko arrakasta lortu zuena III. Errepublikaren garaian; haren iritziz, «aberri txikiak», hau da, Frantziako eskualdeak, ziren «aberri handiaren» sendotasunaren oinarriak, eta beraz, haien hizkuntzak eta kulturak errespetatu beharrak ziren—.
Beste alde batetik, Jean Saint-Pierreri ez zitzaion arrotza hegoaldeko Euskal Herriko mugimendu abertzalea, haren idazkietatik eta Euzkadi egunkariarekin izan zituen loturetatik ondorioztatzen denez. Ildo horretatik, aipagarria da abertzaleen mitin batean parte hartu zuela, Oiartzunen.
Cartagoko apezpiku laguntzaile eta Gorduseko titular izendatu zuten 1930ean, baina hierarkia katolikoan egiten ari zen gorako bidean eragozpena sortu zen, dirudienez, Tunisiako artzapezpikuarekin izan zituen desadostasunengatik. Herrialde hartan egon zenean, arabieraz eta bereber hizkuntzaz interesatu zen, eta orohar, hizkuntza mediterraneoez (artikulu bat dago «Basque et Berbère» izenburua duena, bi ataletan argitaratua Gure Herria aldizkarian, 1931ko azaroa-abenduan eta 1932ko urtarrila-otsailean). Milafrangara itzuli zen 1937an, eta lankidetzan aritu zen Courrier de Bayonne eta Eskualduna, aldizkarietan, eta eskualerriste delako mugimenduak sortutako Aintzina aldizkariaren ohorezko batzordeko kide izan zen. Frantziaren Liberazioaren ondoren, Herria astekariaren sorreran parte hartu zuen. Hainbat kargu bete zituen (Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Elkartearen buru eta Eskuararen Eguna batzordearen buru, eta Euskaltzaindiako kide), eta publiko desberdinen aitzinean mintzatzeko aukera izan zuen horien karietara (ikasleak, bertsolariak, eusko ikaskuntzen kongresuak, etab.) berriro ere lankidetza izan zuen Courrier de Bayonne egunkariarekin, eta 1949an berreskuratu zuen Gure Herria aldizkariaren argitalpena, gerran etenik egon baitzen. Ez zuen kargu garrantzitsu gehiago bete elizan, 1951n hil zen arte.
Obrak
(Hautatuak).
«Les Basques ont-ils été excommuniés?», Gure Herria, II (1922), 222-229. or.
«Le basque dans la littérature religieuse», Gure Herria, IV (1924), 415-422., 453-465. or.
«Le vieux génie de Tardets», Gure Herria, IV (1924ko iraila), 521-525. or.
«Le destin du peuple basque», Gure Herria, XXIII (1951), 328-345. or.
«Le duel de Bayonne et du Labourd au XIVe siècle», Gure Herria, XXII (1950), 193-200. or, 261-268. or.
Bibliografia
BEDECARRAX, J-M., L’Église catholique et la langue basque en France après la séparation de l’Église et de l’État (1905-1933), 2018, Historia garaikideko masterreko memoria, 2018, Caen-Normandiako Unibertsitatea. Kontsultatzeko eskura Baionako Euskal Museoan.
LAMARQUE, J., «Monseigneur Jean Saint-Pierre, évêque basque», Gure Herria, X (1930), 193-199. or
— . «L´écrivain, l´orateur, le journaliste», Gure Herria, XXIV (1952), 40-45. or.
Les meilleures pages de Jean Saint-Pierre, (Pierre Lafittek bilduak), argitaratzailea Le Courrier de Bayonne, 1952. Informazio anitz lan honetan (bereziki Larresoroko haren maisu Arnaud Abadiarenak eta Jean Iriart-Urrutirenak, Eskualduna aldizkariaren arima), kontsultarako eskura Baionako Euskal Museoan, bai J. Saint-Pierreren testuetan, bai aitzinsolasean.
TERRIER, L. A., «In Fraternam Memoriam», Gure Herria, XXIV (1952), 1-2. or.
XARRITON, P., Jean Saint-Pierre Anxuberro, Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Bidegileak, 31, 2003.
ZEPHURU, «Semenario handian, erakasle», Gure Herria, XXIV (1952), 16-19. or.





