Karguak eta lanbideak
Gorteen eta Nafarroako Erresumako Diputazioaren jurisprudentzia-aholkulari eta sindiko nagusia
Ibilbidea
Legeetan lizentziadun baten semea, lehen ikasketak Zaragozako Eskolapioetan egin zituen eta Valentziako Unibertsitatean batxiler-gradua lortu zuen. 1807an lizentziadun eta doktore graduatu zen Oñatiko Unibertsitatean. Ondoren, abokatu hartu zuten Nafarroako Kontseiluan. Joaquina Latreitare- kin ezkondu zen eta alaba bakarra izan zuen, Dorotea.
Frantziarrak Iruñetik alde egin ondoren, Sagaseta de Ilurdoz hiriko prokuradore sindiko izendatu zuten. 1814ko uztailean Nafarroako Foru Diputazioko aholkulari sindiko izendatu zuten. 1817-1818ko Gorteek Sagaseta de Ilurdoz bere sindikoetako bat zela berretsi zuten, eta, gainera, karguan betie- reko izaera eman zioten. 1816ko maiatzetik hirurteko liberalaren hasierara arte, Florencio Garcia Goyena izan zuen lagun sindikatuan. Hala ere, azken hori Madrilen bizi zenez Diputazioaren ordezkari gisa, 1816ko abuztuan To- mas Egurvide ere izendatu zuten sindiko bitarteko.
Nafarroako Gobernuaren Batzorde Nagusia 1820ko martxoan eratu zen, Konstituzioa argitaratzearen ondorioz, eta Sagaseta de Ilurdoz izendatu zuten idazkari. Honek ofizio bat aurkeztu zuen, eta bertan adierazi zuen ez zuela kargu hori bere gain hartuko Batzordeko kide batekin izan zuen hitzezko liskarragatik. Hala ere, batez ere absolutista moderatuek osatutako Probintziako Diputazio berriari aholkularitza ematen jarraitu zuen.
Laguntza errealistarekin, Sagaseta de Ilurdoz Iruñeko alkate hautatu zuten 1820aren amaieran, Gendulaingo kondearekin batera. 1821ean, El Patriota del Pirineo egunkari liberala auzitara eraman zuen difamazioagatik. Iruñeko epaileek arrazoia eman zioten. Urte hartako urtarrilean liskar publikoa ere izan zuen Espoz y Minarekin. «Abertzale deitzeagatik Konstituzioaren etsai gisa kanporatu beharko liratekeen Iruñeko pertsonen zerrenda» ize- neko 1823ko txosten batek, «1820, 21 eta 22ko udaletako zuzendari nagusia izan da, eta aldarrikapen kezkagarri guztiak jarri ditu» zioen berari buruz. 1821eko abenduaren 3an Gorteetako diputatuaren ordezko hautatu zuten, baina ez zuen aulkia okupatu. Hauteskunde-agiriak karlista, foruzale, aberats eta Zumalakarregiren ahaide gisa aurkeztu zuen.
1823aren ondoren, eta urte batzuetan zehar, Sagaseta de Ilurdoz izan zen sindiko bakarra. 1828-1829ko Gorteek, sindikoen betiereko izaera ezeztatzen zutenak, beragan zuten konfiantza berretsi zuten eta Xabier Maria Arbizu eta Blas Echarri ere aukeratu zituzten sindiko gisa.
Angel Sagaseta de Ilurdozek irizpenetan izandako jarrerek argi erakusten dute Nafarroako foru-erregimena erabat defendatzen zuela Fernando VII.aren gobernu absolutisten erasoen aurrean. Oraindik gutxi aztertu den gaia izan arren, Nafarroako sindikoa erresuma zaharraren iritzi publikoaren sektore baten adierazle izan zen, erabateko antiliberalismoa, Gorteak Nafarroako Foruak murrizteko egindako saiakerak gaitzesten zituena.
Argitaratu ez ziren txostenetan, Nafarroak Espainiako gainerako lurral- deekiko duen berezitasuna azpimarratu zuen. Hala, 1818ko martxoaren 11n, leku-aldatzea probetxuzkoa balitz ere, eta kalterik aurreikusiko ez balitz ere, Hiru Estatuak libre izango lirateke aldaketa hori eskatzeko edo ez eskatzeko» esan zuen aduanei buruz. 1828-1829ko Nafarroako Gorteetan gai berari buruz izandako eztabaidari dagokionez, Sainz de Andino ministroak Nafarroako legeria kontuan hartu gabe lekualdatzeko eta Nafarroako mandatarien eta lekualdaketaren aurkako sektoreen ekintza neutralizatzeko hainbat neurri gomendatu zituen, Sagaseta de Ilurdoz, besteak beste, bereizita konfinatzeko.
Gizon maltzurra, bihozgabea eta burugogorra izatea leporatzen zion, eta Nafarroako Gorteetan argi eta garbi desobeditzaile eta harro agertzea.
1833an Karlistaldia hasi zenean, Sagaseta kargutik kendu zuten. Eta 1834an Valentziara erbesteratu zen, Diputazio, Gorte eta Udaletako goi-funtzionarioen artean karlisten aldekoen purgaketa-prozesuan. Ez dago jakiterik karlisten matxinadaren aldekoa ote zen, baina argi geratu da Marqués del Moncayo erregeordea erresumari bakarrik zegozkion gaietan muturra sar- tzearen aldekoa zela. Sagaseta de Ilurdozen erbesteratzea, liberalismoaren kontrako ideiengatik ez ezik, Zumalakarregirekin zuen ahaidetasunagatik eta Juan Antonio de Zaratiegui militar karlistarekin zuen harremanagatik ere izan zen, bere etxean egiten zituen tertulietan ohikoak baitziren biak. Nafar sindi- koa Filipinetara kanporatzen saiatu arren, saihestu egin zuen, baina Turiako hiriburuan egon behar izan zuen gerra amaitu arte.
Sagaseta de Ilurdozek argi eta garbi kritikatu zuen Espainiako konstitu- zionalismoak abian jarritako Nafarroako erresumaren foruen kontrako prozesua. Lehenik, 1834ko Errege Estatutuan, Erresumako Gorteak deuseztatzen zituena. 1839ko urriaren 25eko Legea onartu ondoren, Fueros fundamentales del reino de Navarra y defensa legal de los mismos opuskulua idatzi zuen. Bi edizio egin ziren baina agintariek bahitu egin zituzten. Opuskulua garai hartako Nafarroako aldebiko itunen oinarrizko lantzat hartzen da.
Espainiako monarkiaren eta Nafarroako erakundeen arteko itun erradikalaren defentsa eta errege-xedapenek Nafarroako legeriaren baimena izatea ziren, lehenik eta behin, Sagaseta de Ilurdozek bere lanean garatu zuen pentsamendu juridikoaren ardatz nagusiak. Nafarroa Espainiako monarkiari «eqüe-funtsezko» izaera zuen batasun baten ondorioz lotutako «erresuma bereizi eta berezko» gisa hartzeak nahitaez eskatzen zuen hori. Bigarrenik, Nafarroako konstituzio historikoa Gaztelako konstituzio historikoarekin parekatzea.
Sagasetaren liburuxka bi zatitan banatzen da. Lehenbizikoan, Fueros fundamentales del reino de Navarra izenekoan, Nafarroako konstituzio historikoa- ren oinarrizko printzipioak berreraikitzen saiatu zen, alderdi desberdinei dagokienez. Bigarren zatiak, Defensa legal de los Fueros y constitución del reino de Navarra izenekoak, aldebiko alternatiba planteatzen zuen, erresumatik erresumara, eta foru-aldaketarako negoziazioari bidea irekitzen zion. Espainiako Gorteek, jabetza-printzipioaren arabera, osorik eta goitik behera onartu behar zituzten Nafarroako Foruak; hargatik eragotzi gabe foraltasunaren erabilerak espainiarren «askatasun nazionala» kontuan har zezan, eta «familia bera osatzeko» «kontu handiagoa» izan zezakeena kontuan har zedin Gorteek Nafarroako erakundeei errieta ematea.
Nafar sindikoaren aburuz, 1839ko legeak duen «Monarkiaren batasun konstituzionala eragotzi gabe» klausulak, Nafarroaren existentzia suntsitu egiten du berez eta erresuma independente gisa; monarkia hori eta haren hiru estatuak bertan behera uzten ditu, eta beste baten probintzia soil bilakatzen du. «Nafarroak erreformak behar baditu, bere Konstituzioa aldatzea eta Gaztelako Koroarekin beste lotura bat ezartzea komeni bazaio, hiru estatuek jakingo dute egiten: ez dago beste bitarteko zuzen, bidezko, egonkor eta politi- korik. Legez bildutako Nafarroako erresumak ez dio baimenik eman ez inori ez inolako korporaziori bere foruak aldatzeko: ez du behar inork hobekuntzarik sartzea, nahiz eta benetakoak eta eraginkorrak izan: bere kabuz gobernatzeko eskubidea du, eta mende honetako argiek eskatzen dituzten neurriak hartzen dakiela zalantzarik gabe frogatu du. Kontsultatu Gorteetako 1817 eta 1818ko eta 1828 eta 1829ko koaderno inprimatuak».
Sagaseta de Ilurdoz O’Donnellek 1841eko urrian Nafarroan egin zuen altxamenduan parte hartu zuen. Gendulaingo kondea ez bezala, ez zuten matxinada horrek abiarazitako gerra-kontseiluan kondenatu. Bai, ordea, isuna jarri eta Sevillara deserritu. Ustez tartean ziren 63 zibilen zerrendan agertzen zen. Iruñeko Udal Artxiboan gordetako zerrenda horretan «karlista nabaria eta harremanengatik eta aberastasunagatik eragin handia zuen gizona» bezala agertzen zen.
1843ko maiatzaren 23an hil zen 59 urte zituela. Iruñeko Abokatuen Elkargoko dekanoa zen orduan.
Obrak
Fueros fundamentales del reino de Navarra y Defensa legal de los mismos. Valen- tzia, 1839 eta berrargitalpena Iruñean: Francisco Erasunen inprimategia, 1840.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 816-818. orr.
ALLI ARANGUREN, J. C., «Pedro Sainz de Andino y el traslado de las aduanas del Ebro al Pirineo», Príncipe de Viana, 232 (2004), 539-540. orr.
DEL RÍO ALDAZ, R., Las últimas Cortes del Reino de Navarra (1828-1829), Donostia: Haranburu, 1985, 311-312. orr.
MIKELARENA PEÑA, F., «La sublevación de O’Donnell de octubre de 1841 en Navarra», Historia Contemporánea, 38 (2009), 239-275. orr.
MIKELARENA PEÑA, F., «El foralismo radical de Ángel Sagaseta de Ilúrdoz ante el absolutismo centralizador de Fernando VII», Tiempos Modernos, 34 (2017), 270-294. orr.





