Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

SADA, Pedro (Nafarroa, XVI. mendea – Nafarroa, XVII. mendea).

Karguak eta lanbideak

Errege Auzitegietako Abokatua eta Nafarroako erresumaren sindikoa

Ibilbidea

Ez dakigu asko Pedro Sadaren bizitza pertsonal eta profesionalari buruz, Nafarroako Gorteetako aktek azaltzen dutenaz harago. 1572ko urriaren 22an Gorteetako idazkari Miguel Azpilkuetak jakinarazi zion Pedro Sadari sindiko berria izendatu zutela, eta Gorteetara joateko dei egin zion zin egiteko, egun hartan berean, orduan hasten baitziren Gorteak, hain zuzen ere. Juan Etxalaz ordezkatu zuen karguan hura hil ondoren, eta zerbitzuan hasi zen erresumako beste sindiko Pedro Ximenez de Cascanterekin batera.

Ahala Pedro Sadari emanez, Gorteek beretzat gorde zuten sindikoak Gortetik Gortera izendatzeko eskumena, 1594ko Gorteetako autoan erabakitakoaren arabera. Baina 1572ko abenduaren 22an, haren zerbitzu onengatik esker onez, bi sindikoen izendapena luzatu zuten hurrengo Gorteak amaitu arte. Zerbitzu eta dohain onak eskertzeko kargu-luzapenak ohikoak izan ziren, onuradunen zerbitzua luzatuz hurrengo Gorteak bukatu arte. Horren ondorioz, garai hartan sindiko izendatutako pertsona anitzek, esaterako Pedro Sadak, luze eutsi zioten karguari. Haren kasuan, hain zuzen ere, Gorteen aldeko zerbitzuak luzatu zizkioten 1572, 1576, 1580, 1583, 1586, 1589-1590, 1593, 1600, 1604 eta ondorengo beste hainbat Gortetan. Sindiko karguan emandako zerbitzuen ordainetan Pedro Sadak urteko 50 dukat hartu zituen, karguan aritu zen urte guztietan ia berdin. 1585eko otsailaren 21ean hil zen Pedro Ximenez de Cascante, sindiko karguan aritu zena 1538tik. Haren ordez Gorteek Miguel Murillo jartzea erabaki zuten, erresumako Errege Auzitegietako abokatua baitzen, Pedro Sadarekin batera sindikatuaren zerbitzura jarduteko.

Pedro Sadak eta Miguel Murillok bien artean bildu zituzten Las Leyes del Reyno de Navarra, hechas en Cortes generales, a svplicación de los tres Estados del, desde el Año 1512 hasta el de 1612. Reducidas a svs debidos títvlos y materias, por el Licenciado Pedro de Sada, y Doctor Miguel de Murillo y Ollacarizqueta, Síndicos del dicho Reyno. Dirigidas al bien común, y buen gobierno de las ciudades, villas, valles, y lugares del mismo Reyno, por mandado de los tres Estados del izeneko lana. Erresumak eman zien bilduma egiteko agindua, Gorte nagusien batzarrean, eta laster zabaldu zen Recopilación de los Síndicos izenez. Beharbada, izen horregatik geratu dira askotan ezkutuan bi egileen izenak.

1614an eman zuen argitara erresumaren inprimatzaile Nicolas Asiainek. Obran jasotzen dira 1512 eta 1612 bitartean Nafarroako erresumako Gorteek emandako legeak, era sistematikoan ordenatuta gaien arabera, eta bost liburukitan banatuta (I: Nafarroako Erresuma eta haren Gorte nagusiei, salbuespenei eta loturei buruzkoa; II: Epaiketei buruzkoa; III: Hitzarmen eta azken borondateei buruzkoa; IV: Delituei buruzkoa; V: Gauza bereziei buruzkoa: eskupekoak, kofradiak, moneta, ehiza eta arrantza, etab.). Erresumaren onespena lortu zuen, baina monarkak ez zuen hura berretsi eta, horrenbestez, baliotasun ofizialik ez zuen izan.

Obrak

Sada, P., eta Murillo Ollakarizketa, M. (biltz.), Las Leyes del Reyno de Navarra, hechas en Cortes generales, a svplicación de los tres Estados del, desde el Año 1512 hasta el de 1612. Reducidas a svs debidos títvlos y materias, por el Licenciado Pedro de Sada, y Doctor Miguel de Murillo y Ollacarizqueta, Síndicos del dicho Reyno. Dirigidas al bien común, y buen gobierno de las ciudades, villas, valles, y lugares del mismo Reyno, por mandado de los tres Estados del, Iruñea: Nicolás de Asiáin, 1614.

Bibliografia

Galán Lorda, M., «El largo proceso para la consolidación de la Diputación navarra en el siglo xvi. Diputados, Síndicos y Diputación de Cortes a Cortes», in Anuario de Historia del Derecho español, 86 (2016), 223.-296. or.

Martínez Arce, M.ª D., Recopiladores del Derecho Navarro. Trayectorias personales y profesionales de los recopiladores de fueros y leyes de Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1998.

Monreal Zia, G., eta Jimeno Aranguren, R., Textos históricos-jurídicos navarros Vol. II. Historia Moderna, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 2011, 201., 388., 391. or.

Aipamen bibliografikoa

Lizarraga Rada, M., “Sada, Pedro”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 533-534.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP