Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

RUIZ DE OGARRIO ARAMBARRI, Tadeo (Tadeo Ruiz de Ogarrio Aranbarri) (Azkoitia, Gipuzkoa, 1809 – Donostia, 1887).

Karguak eta lanbideak

Abokatua. Donostiako alkatea, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia

Ibilbidea

Gipuzkoan eta Nafarroan kokaturiko hainbat metalurgia-enpresatako akzioduna izan zen familia-loturaren bidez. Tadeo Ruiz de Ogarriok abokatutza ikasi eta kargu publikoak bete zituen bai Donostiako hirian, bai Gipuzkoako Diputazioan.

Abokatu jardun zuen Errege Kontseiluetan eta, 1857tik 1860ra, Donostiako Abokatuen Elkarteko dekanoa izan zen. Ibilbide politikoaren hasieran, zinegotzi izan zen Donostiako Udalean, eta alkatea, berriz, 1854tik 1857ra eta, bigarren aldiz, 1865ean. Bestalde, 1858tik 1860ra, Erresuma Batuko ohorezko kontsula izan zen Donostian, Bilboko kontsul-barrutiari atxikia. 1846ko Azkoitiko Batzarretatik aurrera, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan zen, Donostiako txandari atxikia, eta 1854ko Donostiako Batzarretan berrautatu zuten. Azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiko presidentea izan zen, 1879tik 1880ra.

Donostiako alkate lehen aldiz izan ondoren, Manual descriptivo e histórico de la Ciudad de San Sebastián lana idatzi zuen. Urte haietan, 15.916 biztanle zi- tuen eta, 1856tik aurrera, hiriko pertsona itzaltsuak harresiak eraisteko ahalegin bizian ari ziren, hiria zabaltze aldera. Hain zuzen ere, Ruiz de Ogarriok berak ere xede hori adierazi zuen arestiko lan hartan: «harresiak nahitaez eraisteak eta kanpoaldeko eraikuntza askeak —guk nahi dugun bezala— oparotasun, handitasun eta zori mailarik handiena ekarriko du». Lanak hiria des- kribatu nahi izan zuen, hau da, bertako natura, klima, jendea eta biztanleen bizimodu bertutetsuak, bisitari nazionalei eta atzerrikoei informazioa emateko bai kualitate horiez, bai hiriaren historiaz. Itsasoan bainuak hartzera etortzen ziren kanpotarrei, batez ere. Horregatik du eskuliburuak gehigarri bat.

Egileak berak adierazi bezala, hura orduan klasikotzat jotzen ziren obra batzuen bilduma bat izan zen, hala nola Diccionario geográfico-histórico de España, 1802an Historiako Errege Akademiak plazaratua edo Historia de San Sebastián, Camino Doktoreak idatzia. Bisitarientzat eta kanpotarrentzat hiriaren gida historikoaren eta urbanoaren bilduma egitea izan zuen xede Tadeok. Lana, gaur egun, ikuspegi interesgarria da bai garai hari buruz, bai garai hartako jendeari buruz.

Obrak

Manual descriptivo e histórico de la Ciudad de San Sebastián. Con un apéndice sobre los baños de mar, Donostia: Ignacio Ramón Barojaren Inprimategia, 1857.

Bibliografia

ARTOLA, M. (arg.), Historia de Donostia San Sebastián, Donostia: Nerea, 2000.

ELÓSEGUI IRAZUSTA, J., «Diputados generales de Guipúzcoa (1550-1877), en rigurosa ordenación alfabética», Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, 3-4. koadernoa (1974), 363-421. orr.

HERRERAS MORATINOS, B., «Dos intentos de modernización de la siderurgia vasca: la fundición de Vera de Bidasoa y la fábrica de Iraeta», Vasconia, 5 (1998), 195-215.   orr.

RUIZ DE LA VILLA Y LÓPEZ, J., «Tadeo Ruiz de Ogarrio y Arambarri. Alcalde y promotor del San Sebastián Moderno», Hidalgos: la revista de la Real Asociación de Hidalgos de España, 548 (2016), 22-24 orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP