Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

RITOU, Etienne (Hazparne, Laburdi, 1873 – Baiona, 1923).

Karguak eta lanbideak

Abokatua, politikaria

Ibilbidea

Etienne Ritou Hazparnen sortu zen 1873an. Hippolyte-ren anaia zen (Hazparneko notarioa eta hura ere politikaria izan zena).

Ikasketak Larresoroko seminarioan egin zituen eta Bordelera joan zen zuzenbide-Lizentzia, eta ondotik doktoregoa, egitera. Bere tesia, «De la condition des personnes chez les Basques français jusqu’en 1789», 1897an burutu eta, Lamaignère inprimategiak urte berean publikatu zuen. Bere lanak zuzenbideren Historia eta antropologia uztartu zituen. Alabaina, Euskaldunen jatorri eta Historiari buruzko aurkezpen orokor bat egin ondoren, Ritou-k bere estudioa hiru zatitan banatu zuen. Lehendabizikoan, Aitzin-Aroa du aipagai (zehazkiago, Matriakartua eta «Couvade» deituriko balizko praktikaren aspektu juridikoak eta antropologikoak aztertu ditu). Ondotik, bigarren parteak «la condition des personnes en droit privée au Moyen-Age» tratatzen du (ezkontzak, oinordetza-eskubidea, aitaren potentzia, senarraren autoritatea eta tutoretza eta kuradoretza aipatzen ditu). Azken partean, «la condition des personnes en droit public au Moyen-Age» ikertu du : Nafarroako Erregea eta Populuaren arteko harremanak 1594 arte, feudalismoaren aplikazio berezia Iparraldean eta ohidura-zuzenbidearen bilakaera Erregimen Zaharraren amaieran (1594-1789) aipagai dira parte honetan.

Doktoregoa ukan eta, Etienne Ritou-k ikerketen mundua utzi zuen abokatu izateko. Baionako abokatuen elkarte buru izendatua izan zen hainbat aldiz.

Paraleloki, politikan sartu zen, erradikal-sozialista gisa. 1904an, Leo Pouzac-en Liste Républicaine taldearekin Baionako herriko bozak irabazi zituen. Ondoko hauteskundeetan, 1908an, Joseph Garat-en alkateordea izan zen.

1910ean, Baionako bigarren zirkunskripzioan, legebiltzarreko hauteskundeen karietara, bere burua aurkeztu zuen Leon Guichenne abokatu kontserbatzailearen aurka. Hauteskundeak galdu zituen bozen %45a bildurik. Jean-Claude Larronde historialariak estimatzen du bere emaitzak erradikalismoarentzat aurrerapauso bat markatu zuela.

1912an, Baionako hauteskundeetan berriz, Joseph Choribit diputatuarekin batera zerrenda bat muntatu zuten baina ez ziren hautatuak izan. 1919an ordea, «Liste Républicaine d’Action Economique et d’Union Sociale» zerrendarekin Baionako udaletxea berriz konkistatu zuen. Bere zerrendakideek alkate izendatu zuten baina Ritou-k ez zuen kargua onartu, denbora eskasa eta arrazoi pertsonalak aipatuz.

Etienne Ritou 1923an zendu zen Baionan, 59 urte zituela, gaixotasun luze baten ondotik.

Obrak

De la condition des personnes chez les Basques français jusqu’en 1789, Baiona: A. Lamaignère, 1897, 149 or.

Bibliografia

LARRONDE, J.-C., «Ritou Etienne», Auñamendi Entziklopedia [on line], 2021. (2021ko Urtarrilak 21). Eskuragarri hemen: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/ritou-etienne/ar-121334/

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP