Karguak eta lanbideak
Sendagilea eta kronista
Ibilbidea
Agaramontarra jatorriz, Nafarroaren konkista eta integrazioaren lekuko zuzena izan zen 1512tik aitzina. Haren bizitza, ikasketak, prestakuntza, lanbidea eta gorabehera garrantzitsuenak ongi ezagutzen ez baditugu ere, Nafarroa eta haren historia azaltzen zuten hainbat lan egin zituelako hartu zuen ospea. Garrantzitsuena Crónica de los Reyes de los Muy Excelentes Reyes de Navarra (1534) lana da, baina ospetsuak izan ziren, baita ere, Historia Cantabrica o Emunctorium Cronicarum a Jacobo Remirio Piscinino Abalino, circa ilustrissimam navarrorum regnum progeniem serio non minus quam diligenter editum (1526) lana, Karlos V.aren genealogia bat zena, non konkistaren argudioaren aurrean, egiazko erregeen oinordekoak tronua hartzeko zuen zilegitasuna aldarrikatu zuen, eta Catálogo de los Reyes de Navarra hecho por mandado del rey don Phelippe izenekoa, non argudio bera agertu zuen.
Crónica de los Muy Excelentes Reyes de Navarra edo Crónica del Val de Ilzarbe deitzen zen lanean, antzinako kroniketan agertzen zen diskurtsoa heredatu zuen, adibidez Carlos Vianakoaren edo Joan Lopez de Palacios Rubiosen kroniketako diskurtsoa. Are gehiago, Carlos Vianakoaren kronikaren jarraipen gisa sortu zuen, hura arrakastatsua izan zelako garai hartako egile espainiarren artean. Bake-testuinguru batean idatzi zuen, Nafarroako Henrikek bertan behera utzi zituelako erresuma berreskuratzeko saioak, eta Karlos V.ak barkamen orokorra eman zielako gerra galdu zuten agaramontarrei (1524). Obra idazten 1534an bukatu bazuen ere, ez zen inprimatu 1935ean Francisco Escaladak Iruñean argitaratu zuen arte. Hori baino lehen, ordea, ezaguna zen, eta haren zenbait eskuizkribu gordetzen dira gaur ere.
Hitzaurrea enperadoreari eskaini zion, eta abagunea aprobetxatu zuen Espainiako Monarkiaren eta erregearen ontasun aipagarrien gorespena egiteko. Hala ere, egilearen inplikazio pertsonalak ere ageri dira obran, 1512an Fernando Katolikoaren erasoari aurre egin zion alderdikoa izaki. Porrotaren ondoren, ordea, 1524ko barkamena onartu zutenen taldekoa izan zen, eta Koroarengana hurbildu zen, gizartean ongi kokatu beharrez. Ahal zuen neurrian, konkistan izandako gertaerak saihestu zituen. Adibidez, ziurrenik Luis Correaren Historia de la Guerra de Navarra (ca. 1513) lana ezagutzen bazuen ere, era horretako xehetasunetan ez sartzea erabaki zuen, eta nahiago izan zuen genealogia batean zentratu lana, berriz leku onera eramateko «beren erregea oso maite duten Nafarroako noble txikien ospea». Azken finean, agaramontarrak egoera arriskutsuan geratu ziren konkistaren ondoren, eta haren asmoa Gaztelako komuneroekin ez parekatzea izan zen.
Haren ohorearen aldezpena baliotsua zen Karlos V.aren babesa lortzeko eta agaramontarrek Joan eta Katalina errege-erreginen kausari emandako laguntza justifikatzeko. Errege-erreginekiko eta monarkia nafarrarekiko tradiziozko fideltasuna azpimarratu zuen, eta bandoen arteko borroka-prozesu luzeago batean kokatu zituen gertaerak. Fideltasun horrek, beraz, argudio aski izan behar zuen enperadoreak azken aldiko gehiegikeriak barka zitzan eta haiekiko konfiantza berreskura zezan.
Ramirez Avalosek Antso III.a Nagusiaren garaira jo zuen Karlos V.a «Nafarroaren ikur honezkero ahaztuaren zalduna» zela justifikatzeko, haren oinordekoa izanik. 1512ko leinu-aldaketa, beraz, gerrak markatutako konkista-prozesua baino, erresuma berriro berez zegokion monarkaren esku jartzea izan zen eta, horregatik, agaramontarrek lasai erakusten ahal zuten errege berriarekiko fideltasuna, inork salduak edo ez-fidelak deitzeko batere beldurrik gabe. Haren ikuspegitik, gerra ez zuten eragin Karlosen edo haren aitona errege katolikoaren asmoek, Joan II.a Aragoikoaren zilegitasun faltak baizik, hari buruz zioela erreginaren ezkontidea eta frantsesa zela. Izan ere, haren iritziz, «Doña Katalina tristeak erresuma galdu zuen, ondoan ez zuelako hura defendatzeko adore aski zuen gizonik», eta Leringo konde Luis de Beaumont izan zen ika-mika eta istilua piztu zuena erresumako gizartean. Alderdi horretatik, egile batzuk saiatu dira Avalos eta Palacios Rubios elkarren parean jartzen. Hala ere, xehetasun bati erreparatu behar diogu: biek ala biek 1512an gertatu zena Nafarroako erresuman legezko leinuaren berrezarpena izan zela irizten bazioten ere, Palacios Rubiosen interpretazioan Nafarroaren historian tronuaren etengabeko usurpazioa gertatu zen, egiazko leinuari kendu eta monarka ilegitimoak ezarrita. Ávalosen ustez, berriz, Karlos V.aren leinua antzinako errege-erregina nafarrekin lotzen zen, lehenagoko subiranoen zilegitasuna ezbaian jarri gabe.
Haren lanean defendatu zuen, baita ere, Nafarroako Erresumaren sorrera antzinakoa, ia mitologikoa. Sorrera hori godoen garaian kokatu zuen, figura berri bat aipatuz, Gartzea Semenez, Nafarroako hamabi gizon aberatsek hautatu zutena, haien ordezkari eta defendatzaile izan zedin. Beraz, zazpi belaunaldi atzera eginez, Bigorreko konderriaren buru Eneko Aritzarengana iritsi zen, harengandik hasi zelako osatzen monarkiaren erakunde politikoa. Gartzea Semenez hemen bizi zen garai berean, Asturiasen Don Pelaio zegoen. Ez zuen hemengoaren lehentasunik aldarrikatzen asturiarraren aldean, aitzitik ere, bi erresumak parez pare jarri zituen, eta inguruabar desberdinetan sortu zirela zioen, zein bere lekuan. Era berean, Foruaren garrantzia azpimarratu zuen, tresna horren bitartez kodifikatu eta gauzatu baitzen handikien artean erresuma sortzeko hitzartutako ituna.
Gauza horiek guztiek eragin nabarmena izan zuten ondorengo egileengan, besteak beste, Sancho Alvear, Martin Azpilkueta, Prudencio Sandoval, Juan Sada edo Jose Moretengan. Haiek guztiek haren ideiak birformulatu zituzten, testuinguru desberdinetara egokitzeko eta nafarren interes berriak defendatzeko.
Obrak
Historia Cantabrica o Emunctorium Cronicarum a Jacobo Remirio Piscinino Abalino, circa ilustrissimam navarrorum regnum progeniem serio non minus quam diligenter editum, 1526.
Catálogo de los Reyes de Navarra hecho por mandado del rey don Phelippe, d. g.
Crónica de los Reyes de los Muy Excelentes Reyes de Navarra (1534), Escalada, F. (arg.), Iruñea: H. Coronas Inprimategia, 1935.
Bibliografia
Floristán Imízcoz, A., «Ex hostibus et in hostes. La configuración de identidades colectivas como confrontación múltiple», in García García, B. J., eta Álvarez-Ossorio Alvariño, A. (argk.), La Monarquía de las naciones: patria, nación y naturaleza en la monarquía de España, Madrid: Fundación Carlos de Amberes, 2004, 327.-354. or.
Miranda García, F. eta Ramírez Vaquero, E., «De la cronística finimedieval a los Anales del reino», in Martín Duque, Á. J., Signos de identidad histórica para Navarra. I, Iruñea: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1996, 51.-60. or.
Torres-Pérez, J. M., «Un códice desconocido de la Crónica de los Reyes de Navarra», in Príncipe de Viana, 65. libk., 233. zk. (2004), 895.-916. or.
Aipamen bibliografikoa
Martínez Aznal, R., “RamirezAvalos de la Piscina, Diego”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 495-497.





